COVID-19aren aurrean jendeen talde immunitatea proposatzea ez da etikoa, dio Osasunaren Mundu Erakundeak

  • Tedros Adhanom Ghebreyesus, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusia, ohartarazpen zehatza egitera behartuta aurkitu da asteotan COVID-19aren kontrako ahaleginean hain polemikoa bihurtu den talde immunitatearen gaian: "Ez da onargarria ez zientziaren eta ez etikaren ikuspegitik". Zientzialari talde batek konfinamenduak bazterturik taldeko immunitatea lortzeko estrategia sustatu behar dela aldarrikatu eta beste askoren adostasuna lortu ostean berotu da eztabaida.

Ezkerretik hasita Kulldorff, Gupta eta Battacharya profesoreak Barringtongo Agiria sinatzen. (Argazkia: Great Barrington Declaration)

2020ko urriaren 15an - 12:50

"Mundu osoko milaka medikuk diote konfinamenduak kaltetzen duela herritarren osasun mental eta fisikoa" eta antzeko titular handiz iritsi da jendearengana COVID-19aren azken polemika handia. Barringtongo Agiria (Great Barrington Declaration) delakoak mobilizatuta mintzatu dira horrela zientzia, medikuntza eta beste osasun alorretako milaka profesional, Osasunaren Mundu Erakundeak eta planetako gobernu gehienek plantan jarritako estrategia kritikatuz. Alde batera utzita zehazki zenbat izan diren sinatzaileak eta nolakoak (Internetez bildutako sinaduren kalitate eskasa –anonimo, izen faltsu...– agirian utzi dute zenbait hedabidek) eta agiriaren sustatzailea dela American Institute for Economic Research think tank eskuindarra, klimaren aldaketa ukatzen duen erakunde sare bateko kidea dena... hori alde batera utzita ere, egia da agiriaren sustatzaileek bultzada berria eman diotela "talde immunitate" kontzeptuari.

Urriaren 4an Sunetra Guptak (Oxfordeko Unibertsitatea), Jay Bhattacharyak (Stanfordeko Unibertsitatea) eta Martin Kulldorffek (Harvardeko Unibertsitatea) sinatutako Barringtongo Agiriak proposatzen du konfinamenduak eta jardueren gainerako murrizketak etetea, horien ordainetan herritar bakoitzak hartzea bere gain arriskuen, jardueren eta murrizketen ardurak, COVID-19az hiltzeko arriskuaz norberak daukan irudipenaren arabera. Agirian diote konfinamenduek jendearen osasun fisiko eta mentalean kalteak eragiten dituela eta horren ordez arrisku handienean diren jendeak isolatzea izan behar dela bidea, gainerako herritarrei murrizketak gutxituta: taldeko immunitatea lortzean, hau da, populazioaren zati aski handiak birusarekiko immunitatea garatuta birusaren hedatzea geldituko denean, arrisku handienean diren jendeek birusarekin topo egiteko aukera gutxiago izango dutela.

Mundu osoan hainbat erantzun gogor piztu ditu Barringtongo Agiriak, azkena urriaren 14an osasun publikoko 80 ikerlarik The Lancet aldizkari zientifikoan zabaldu dutena, argudiatuz talde immunitarearena dela "gezur arriskutsu bat ebidentzia zientifikoan oinarririk ez duena". Idatzian diotenez, "ezein ebidentziak ez du erakusten berez SARS-CoV-2 birusaz [COVID-19 pandemia eragiten duenak izen hori dauka ofizialki] berez kutsatu izanak horrekiko immunitate iraunkorrik eragiten duenik", eta hori uste izateak arriskuan jarriko lituzke jende zaurgarriak.

Bigarren agiri horren sinatzaileek aitortzen dute gaur erabiltzen diren murrizketek eragiten dituztela jendearen arteko etsipena eta agintariekiko fidagaiztasuna, baina hala ere murrizketok beharrezkoak direla, gutxienez epe laburrean. "Murrizketon helburua da SARS-CoV-2 kutsaketak mugatzea ahalik eta maila apalenera, bizkor detektatu eta kokatu ahal izateko agerraldiak eta azkar erantzuteko; bilatu, testeatu, jarraitu, isolatu eta zaintzeko sistema eraginkor eta zabal batekin, murrizketa orokortuen beharrik izango ez den egoera ia-normal batera itzultzeko". Gaixotasun kutsagarrietan esperientza duten adituek diote taldeko immunitatea lortzen dela birusarekin harremana izandakoan gutxienez populazioaren %60ak. Gaur egun uste da gehienez ere munduko biztanleriaren %10a kutsatu dela koronabirusez.

Zalapartaren aurrean, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusi den Tedros Adhanom Ghebreyesus mintzatu da:

"Eztabaidak egon dira 'talde immunitatea' esaten diotena birusari zabaltzen utzita eskuratzearen inguruan. Talde immunitatea txertoen testuinguruan erabiltzen da aipatzeko nola populazio bat babestu daitekeen txertatuen portzentaia kopuru bateraino iritsi denean. Adibidez, elgorriaren kasuan, talde immunitatea lortzeak eskatzen du populazioaren %95 txertatuta egotea. Gainerako %5 babestuta egongo da txertatuta dauden gainerakoen artean birusa ez delako zabalduko. Bestela esanda, talde immunitatea lortzen da jendea birusaren aurrean babestuz, ez hark kutsatzeko moduan utzita. Bere kasa zabaltzen uztea birus arriskutsu bat, oraindik erabat ezagutzen ez duguna, argi eta garbi ez da etikoa. Ez da aukera bat. Baina badauzkagu beste aukera asko. Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du [kutsatuak] bilatzea, isolatzea, testeatzea, zainketa bihozbera, kontatuen jarraipena, berrogeialdia, fisikoki urruntzea, eskuak garbitea, musukoak, arnasteko arauak, aireztatzea, jende multzoak saihestea, eta abar. Herrialdeak egunero ari dira frogatzen horiek direla funtzionatzen dutenak".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude