COVID-19 Bartzelonatik ote zebilen 2019ko martxoan?

  • Bartzelonako Unibertsitateko ikerlariek hauteman dituzte SARS-CoV-2 birusaren arrastoak Bartzelonako estoldetan 2019ko martxoan jasotako laginetan. Aurkikuntza berretsiko balitz, esan nahiko luke pandemia deklaratu baino urte bete lehenago iritsia zela birusa Kataluniara eta auzitan jarriko luke dena Wuhango azokan hasi zela dioen tesia.

Estoldetako uren laginak hartzen. (Argazkia: Monica Torres)

2020ko ekainaren 30an - 15:01

La Vanguardia-k eta beste zenbait hedabidek zabaldu dutenez, 2019ko martxoaren 12an Bartzelonako estoldetan jasotako laginetan aurkitu dituzte Bartzelonako Unibertsitateko (UB katalanezko sigletan) ikerlariek SARS-CoV-2 birusaren arrastoak. Harrigarria, jakinda pandemia justu urte bete beranduago deklaratu zela eta gaixotasuna ofizialki 2019ko abenduan abiatu zela Txinan, aditu gehienek onartutako teoriaren arabera Wuhan hiriko merkatuan abere basatietatik gizakietara jauzi eginda.

UBko ikerlariek Kataluniako hiriburuko estolderietako uren laginak astero hartu eta gorde izan dituzte, komunetan gizakiek utzitako kaketan birusen eta beste patogenoen genoma aurkituko zituztela ziur zeudelako. Azterketaren emaitzak ikusita, ekipoaren koordinatzaile Albert Bosch mikrobiologiako katedradun eta Espainiako Birologia Elkarteko lehendakariak zalantzarik gabe uste du hauteman dituztela SARS-CoV-2aren genomak 2019ko martxoko laginetan. Horrek esan nahiko luke garai hartarako birusa munduan barrena zebilela eta medikuek haren sintomak bestelako gaitz ezagunek ematen dituztenekin nahastu zituztela, gripearenekin bidenabar.

“Aurkikuntza harrigarri honek -esan du Boschek- erakusten du birusa Bartzelonatik zebilela COVID-19a bazenik munduan beste inon berretsi aurretik ere. Bartzelona negozio eta merkataritza gune garrantzitsua da eta baita mundu osotik iritsitako jendeak biltzen dituzten ekitaldi masiboen lekua ere. Posible da antzeko egoerak gertatu izana munduko beste leku batzuetan". Adierazgarria da 2019ko martxoan burutu zela Bartzelonan Mobile feria, teknologia berrien arloan munduan dagoen garrantzitsuenetakoa.

Ikerketaren balioa auzitan jarri dute berehala beste zenbait adituk, UBkoek froga txikiegiekin ondorio handiegiak atera dituztelakoan: fidagarritasun mugatua duten teknikak erabili dituztela, aztertutako laginen eduki genetikoa oso urria zela... Ikusita UBren ikerketa plazaratuz geroztik zein oihartzun gutxi izan duen, badirudi zalantza hauek nagusitu direla. Baina ikerlana osorik publikatutakoan komunitate zientifikoan egingo zaion harrerak erakutsiko du zer nolako sinesgarritasun maila duen.

UBren ikerlana dator COVID-19a 2019ko azaro-abenduan Wuhango azokan sortu zela dioen tesia auzitan jartzen duten beste informazio batzuen uberan. Italiako iparraldeko zenbait medikuk aspaldi zabaldua zuten beren eskualdean koronabirusa ofizialki azaldu baino lehenago ba ote zebilen susmoa, halako neumonia oso gogor eta berezi bat aurkitua zutelako hainbat gaixoren artean. Geroago Pariseko ospitale bateko erreanimazio buruak berretsi zuen froga eta guzti Frantzian abenduaren 27an gutxienez gaixo bat artatu zutela koronabirursa edukitzeagatik, pandemia deklaratu baino dexentez lehenagotik. Eta, gutxiago aipatu izan den arren, 2019ko udan AEBetan Maryland estatuan gripe bereziki gogorrak eta ohi baino goiztiarragoak gertatu ziren, COVID-19aren antzeko sintomekin.

Horrek guztiak daramatza zenbait aditu esatera, batetik, ezin dela ziurtasunez esan COVID-19 pandemia Txinan -eta Txinan bakarrik- sortu zenik eta, bestetik, SARS-CoV-2 saguzarretatik gizakietara Wuhango azokan era naturalean pasatu dela dioen tesi maioritarioa auzitan jarri behar dela eta horren ondoan aztertu behar dela gizakiek birusekin laborategietan darabiltzaten esperimentuek eduki dezaketen zerikusia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude