ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 04a

"Bolsonaro kanpora" egiten dute deiadar balkoietatik brasildarrek

  • Mundu osoa hartua duen pandemiari Brasilgo eskuin muturreko presidenteak emandako erantzunak herritarrak haserrarazi ditu. “Hedabideen asmakuntza” dela adierazi du presidenteak. Berrogeialdiak kaleak hartzea eragozten die herritarrei, baina balkoietatik bada ere, beren ahotsa altxatu dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate
2020ko martxoaren 25a
\"Bolsonaro kanpora\" dioen eraikina. Argazkia: The Guardian.

Egunero, gaueko 20:30ean Jair Bolsonaroren aurkako protestek hartzen dituzte Brasilgo zenbait eraikin. Izan ere, presidenteak koronabirusa hedabideek asmatutako kontua dela adierazi du, eta medikuek etxean geratzeko gomendatu bazioten ere, bere aldeko manifestazio batean hartu zuen parte, jende pilaketa handiak eraginez.

Kazerolada eta garrasiak koronabirusaren krisiaren aurrean izandako erantzun kaxkarra salatzeko dira. Baina ez hori bakarrik, dio Mauro Venturak The Guardianen. 56 urteko idazlearen arabera “gauzarik larriena koronabirusa da… Baina badago zerbait handi eta sakonagoa, bere gobernatzeko era, alegia”.

Aldaketa haizeak

Protesta horiek herrialdeko leku askotan zabaldu direla adierazi dute zenbaitek. Baita hauteskundeetan Bolsonarori botoa eman zioten auzo aberatsetan ere. Horren adibide da Rio de Janeiroko Leblon auzoa, hiriko aberetsenetakoa. “Ezustekoa hartu dut horrenbeste zarata entzutean, eta ez dut uste Bolsonarok ere espero zuenik”, dio Wilma Dutra de Oliveira bertako bizilagun eta hizkuntza-irakasleak.

Hainbat aditu bat datoz Oliveiraren analisiarekin, eta zalantzan jartzen dute Bolsonarok hauteskundeak berriz irabaztea. “Klase ertainak eta altuak esnatu egin dira”, dio Janette Bessa Neves soziologo erretiratuak.

Burugogor

Bereari eusten dio Bolsonarok, ordea. Koronabirusari garrantzia kentzen jarraitzen du, “gripetxo” bat dela eta jendea isolatzeko arrazoirik ez dagoela adieraziz. “Birusa heldu zen eta laster joango da”, esan du telebistan eta irratian emandako komunikatuan. Bizitzak eta lantokiek aurrera jarraitu behar dutela dio, familien diru-sarrerak mantendu behar direla.

Herrialdeko zenbait estatutako gobernadoreek isolamendua dekretatu dute, eta presidenteak horiek kritikatu ditu, Sao Paulokoa kasu. “Ez dago eskolak itxi beharrik”, dio presidenteak, gaixo gehienak 60 urtetik gorakoak direla argudiatuz. Bere gobernua neurriak hartzen ari dela adierazi du, “zenbait hedabidek zabaltzen duten histeria eta izurik gabe”, eta klorokinaren eraginkortasuna frogatzen dabiltzala.

Momentuz 46 hildako eta 2.201 kutsatu daude herrialdean eta azkeneko 24 orduetan biktimen portzentajea %35 hazi da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Brasil  |  Eskuin muturra

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude