"Bilboko konpartsekin ez dut segurtasunaren inguruan hitz egingo”

  • Iazko jaietatik %50 bat igo dira atxiloketak, eta Bilboko alkateak “poliziaren presentzia handiarengatik” dela dio. Konpartsek polizia indarkeriaren ondorioz egindako salaketaren inguruan, Juan Mari Aburtok adierazi du ez duela haiekin hortaz hitz egin behar.


2023ko abuztuaren 25ean - 09:21
Azken eguneraketa: 11:45
Bilboko Konpartsek antolatutako elkarretaratzea. Argazkia: Kranba Konpartsa.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Polizien kopurua Bilbon inoiz baino altuagoa da segurtasuna herritarren kezka nagusiena delako”, adierazi du Juan Mari Aburtok Radio Euskadiko Boulevard programan egindako elkarrizketan. Aburtok Poliziaren presentzia “herritarrek hala eskatzen dutelako” igo dela adierazi du.

Bilboko Konpartsak polizia indarkeria salatu dute azken egunotan, eta alkateak horren inguruan adierazi du “konpartsekin ez duela segurtasunaren inguruan hitz egingo”.

Indarkeria Bilboko jaietan

Asteartean zerbitzuz kanpoko bi udaltzainek Kranba konpartsaren txoznan pixa egin zuten. Konpartsako bi kidek “errespetuz jokatzeko” eskatu zieten, baina ondoren, poliziak erasokor agertu ziren, mehatxuka. “Uniformea jantzita ezinezkoa egingo dizut bizitza, eta, uniformerik gabe, hilko zaitut”, esan zietela salatu dute konpartsakideek. Haietako bat zerbitzuz kanpoko polizia gisa identifikatu zen, eta ondoren 30 udaltzain inguru txozna inguratu zuten eta atxiki zituzten konpartsakideak ordu erdiz, erasotzaileak joaten ari ziren bitartean.

Elkarrizketan, Bliboko alkateak zerbitzuz kanpoko bi udaltzain zirela berrietsi du, baina ez dio gertatutakoari garrantzi handirik eman, “batzuek interesa dute gertatutakoa azpimarratzeko, gatazka egoera bat sortu zen eta Polizia hori konpontzera sartu zen”, adierazi du gertatutakoaren inguruan, konpartsen salaketei garrantzirik eman gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeriak
Eguneraketa berriak daude