Bilbao-Basurto ESIko zuzendaritzatik eskerrak


2020ko maiatzaren 18an - 11:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Osakidetza orain publikoki eskerrak ematen ari zaigu langileoi egin dugun lanagatik, bideo politekin, adibidez, Bilbao Basurto ESIan. Baina dena ez da arrosa kolorekoa, ez da kontatzen langileok benetan nola saritu gaituzten. Ez dute adierazten zuzendaritzari ondo datorkionean oporrak hartzera behartzen dituztela langileak, horrela haien lana kudeatzeko ez dute esfortzurik egin behar, langileen bizitza nahierara antolatzen dute gauzak ganoraz eta talentuz antolatu beharrean.

Zuzendaritzatik aitortu dute jokabide batzuk ez direla egokiak langileentzat, baina hitz hutsak dira. Osakidetzako langilea bazara zuzendaritzari men egin behar diozu, ez daukazu bizitza pertsonalik, gainera eskerrak eman behar dizkiozu lana izateagatik, nahiz eta zure bizitza arriskuan jarri jasaten ari garen krisi honetan argi geratu den bezala.

"Osakidetzako langilea bazara zuzendaritzari men egin behar diozu, ez daukazu bizitza pertsonalik, gainera eskerrak eman behar dizkiozu lana izateagatik, nahiz eta zure bizitza arriskuan jarri"

Ez zaie ardura langileak babestuta sentitzea, lana segurtasunaz egitea, edo merezitako atsedenaldia gozatzeko beta izatea. Benetan ardura zaiena da kalitatezko Q-a irabaztea, komunikabideetan itxura ona ematea, eta adieraztea izugarrizko ahalegina egiten ari direla.

Badirudi haien bulegoetan eroso daudela, handik gutxi ateratzen baitira langileengana hurbiltzeko, agian kutsatzeko beldur dira, edo benetan gertatzen dena ikusi nahi ez dutelako da? Langileei ez diezue uzten hurbiltzen haien ahotik entzuteko Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE) falta direla, edo zerbitzu batzuetan maskarak ukatzen zaizkiela, hobe da gor egotea, eta dena primeran doala saltzea, ezta?.

Nik, ordezkari sindikala eta lan arloko ordezkari moduan, adierazi nahi dut hauek direla langileek jasotako “esker onak” eta niri helarazi dizkidatenak:

-Zerbitzu batzuetan NBEak ukatu izana, eta bereziki kategoria batzuei.

-Mantalak zuloekin behar den baino gehiagotan birziklatu direla.

-Behin eta berriro maskara akastunak erabili direla. Haien erabileran konfiantza helarazteko eskatzen digute, baina ez digute fitxa teknikoa erakutsi nahi, horrela sindikatuok haien arduragabekerien partaide egin nahi gaituzte.

-Oporrak konfinamendu garaian hartzera behartu, horrela langileak aurrerago eskuragai izango dira haien interesak betetzeko.

Egoera zuzentzen denean, balkoietako txaloak benetako aldarrikapen bihurtzea espero dut, Osakidetzako langilea, uneoro eta ez bakarrik birusaren garai honetan, babesgabe baitago. Hau betiko kontua da zerbitzu publiko honetan, batzuek kortijo bezala hartzen dutena.

Guzti honengatik ea benetan eskerrak emateko gai diren langileoi aurpegira begiratuz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude