Lehen akordioak negoziazioetan, zibilen ebakuazioekin eta lehengaien garraioarekin lotuak

Zuzeneko jarraipena
  • Ukrainako gerra egunetik egunera aldatzen doa. 2014an independentzia aldarrikatu baina linboan geratu ziren Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentziak onartu eta guda hasi zuen Errusiak. Mendebaldeak zigor ekonomikoen bidez erantzun du Ukraina ekialdeko errepubliken independentzia aitortzari.

    Atzo itxitako jarraipenera lotura hemen duzu.


2022ko martxoaren 03an - 00:27
Gakoak
Gaurko jarraipenaren amaiera
Gabon lagunok, hemen itxiko dugu zuzeneko orri hau. Horrek ez du esan nahi, ordea, jarraipenarekin amaitu dugunik.

Lotura honetan jarraitzen du ostiraleko jarraipenak.

Lehen akordioak negoziazioetan, zibilen ebakuazioekin eta lehengaien garraioarekin lotuak; iturri errusiarren arabera

Negoziazioak amaitu dira eta lehen akordio batzuk lortu dituzte, Inna Afinogenova kazetari errusiarrak jakinarazi duenez:

Korridore humanitarioak antolatzea adostu dute. Korridoreak gatazka guneetan antolatzen dira zibilak ebakuatu ahal izateko eta lehengaiak sartzeko inguratuta egon ohi diren guneetan.

Zibilak ebakuatzeko eremuetan aldi baterako su-etenak adostu dituzte.

Gatazka guneetara produktu eta medikamentuak garraiatzea.

Datarik zehaztu ez duten arren, hirugarren bilera bat egitea ere adostu dute. Azken puntu hau Reuters agentziak ere zabaldu du.

Twitterrek ARGIAko kontua blokeatu du eta albiste bat ezabarazi

Twitterrek @argia kontua blokeatu du gaur, arrazoi zehatzik eman gabe eta nazioartean sona izan zuen albiste bat ezabatuarazi.

Ukrainako gobernuak herritarrei molotov koktelak egiteko eskatu ziela eta nola egin azaldu.

Instagram eta Facebooken gertatuak ziren halako zentsura kasuak, batez ere, biluztasunak aitzakia hartuta. Baina Twitterren lehen aldia da halako eraso bat jasaten duela ARGIAk. Zentsura garaiotan ere, informatzen jarraituko dugu.

Euskarazko kazetaritza independentea estimatzen baduzu, babestu independentzia.

 

ANALISIA | Hirugarrenez mende honetan, zer egingo dugu mundu mailako krisi honen aurrean?

Macron eta Vonder Leyenek Europar Batasuneko multinazionaletako buruekin otsailaren 28an Parisen egindako bileraren kari, eta Pedro Sánchezek iragarritako "plan nazionala" dela-eta, analisia idatzi du Ainhoa Etxaidek.

Bere esanetan, Ukrainan lehertu den gerran ere klase interes kontrajarriak daudela ukatzen dute agintariek, "2008ko krisian bezalaxe".

 

 

Nuklearren kontrako ekintzak gelditzeko eskatu dio Errusiari energia atomikoaren agentziak

Mediapart egunkari digitalak argitaratu duenez, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) Ukrainako gune nuklearren aurkako «ekintzak geldiarazteko» eskatu du.

Nuklearren zaintza egiten duen NBEren erakundea den EANAko gobernu batzordeak, ebazpen bat onartu du ostegunean. Errusiari eskatu dio "berehala uzteko Ukrainako gune nuklearren aurkako ekintzak", gerrak arriskuan jarri baititu.

Poloniak eta Kanadak aurkeztutako testua gehiengo handiz onartu dute batzordean, iturri diplomatiko baten arabera.

 

Pablo Gonzalez kazetaria isolamendutik aterako dute

Pablo Gonzales kazetariaren atxiloketaren informazio ofiziala iritsi da Espainiako Kontsulatura: martxoaren 3 honetan atera behar luke isolamendutik, bere abokatua ikusteko aukera jasoz. Senideek jasotako informazioen berri eman du Radio Euskadi komunikabideak.

Elantxoben bizi den kazetaria eta EHUko doktoregaia otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik oso gertu. Aste batzuk lehenago Ukrainako zerbitzu sekretuek galdekatu zuten eta "errusiazale" izatea leporatu zioten. Lau egun daramatza inkomunikatuta, inork haren berririk izan gabe.

Bakerako Europako Funtsaren 450 miloi erabiliko dituzte Ukrainari armak bidaltzeko

Europako Batzordeak 450 milioi euroko inbertsioa bideratuko du armen erosketa finantzatu eta Ukrainara bidaltzeko. Hilgarria ez den materialerako 50 miloi gorde ditu. Eusko Jaurlaritzak bat egin du armak erosi eta bidaltzeko proposamenarekin.

 

Lavrov: "Hirugarren mundu gerra nuklearra eta suntsitzailea litzateke"

Ostegun honetan biltzekoa dira Ukraina eta Errusia, aterabide bat negoziatzeko eta atzemateko asmoz. Su-etena ukanen dute aipagaien artean, Errusiako ordezkariek baieztatu dutenez. Anartean, gerrak aurrera segitzen du eta nuklearraren mehatxua ere ez doa txikituz. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ondokoa adierazi zuen atzo: "Hirugarren mundu gerra nuklearra eta suntsitzailea litzateke". Gaur berriz ondokoa gehitu du, burutu berri duen konferentzian: "Denok dakigu hirugarren mundu gerra soilik nuklearra izan daitekeela. Hala ere, ohartarazi nahi dizuet Mendebaldearen politikan dagoela, ez Errusiarenean".

Joe Bideni ere zuzenean erantzun dio Al-Jazeera komunikabideari eskaini elkarrizketan: "AEBetako presidenteak esperientzia badauka, eta arras ongi daki zigorrei emandako erantzun bakarra dagoela: mundu gerra". Bidenek Putin "diktadoretzat" jo eta azken honek "behar den prezioa ordainduko" duela argi utzi zuen bezperan egindako hitz hartzean.

Iritziz aldatu eta Paralinpiar Jokoetatik kanporatu dituzte errusiar eta bielorrusiar jokalariak

Bihar hastekoak dira Pekinen Paralinpiar Jokoak. Asteazkenean parte hartzeko baimena emana zien Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak Errusiako eta Bielorrusiako kirolariei. Atzera egin eta martxoaren 3 honetan jakin da azkenean kanporatu dituztela. "Inor ez dago pozik, baina hau da erabaki hoberena",  Batzordeko zuzendari Andrew Parsons eta bere bozeramaile Craig Spencen hitzetan.

"Tronpatu gara. Fair-play-a segurtatu beharko genuen. Gerra kanporatzen dugu, kirola eta politika ez dira nahastu behar. Jokoak gerratik kanpo jarri nahi ditugu. Ofizial eta atleta asko jarri dira gurekin harremanetan. Ezin dizuegu zenbakirik eman, baina asko ziren. Batzuek jakinarazi ziguten ez zutela parte hartuko errusiarrak han bazeuden, baita bandera neutralean arituz gero ere [Paralinpiar banderakin, Errusiarena alde batera utziz]–.

Gaur erabakiko du Europako Batzordeak Ukrainako errefuxiatuei bideratuko dien harrera

Gaur biltzekoa da Europako Batzordea, Ukrainako errefuxiatuei buruz hartu beharreko jarrera finkatzeko. Baliteke lehen aldikoz irekitzea guztiei "denboran mugaturiko babesa", hau da, asilo eskaerarik gabe epe mugatu batentzat bertan egoteko baimena.

Gerra hasiz geroztik, milioi bat baino gehiago dira Ukraina utzi behar izan dutenak eta inguruko herrietan daudenak. NBEaren martxoaren 3 goizeko datua da. Hauetarik %50 Polonian dago.

Jarraipena abiatuko dugu

Egunon lagunok. Ukrainako gudari osteguneko jarraipena egiten hasiko gara. Orain arteko jarraipena kontsultatu nahi baduzu, lotura honetan daukazu guztia. Eta Ukrainako Guda kanalean, zuzeneko jarraipenetik harago atera ditugun artikuluak ere topatuko dituzu. Milesker konfiantzagatik.

Hilak eta zaurituak otsailaren 24tik martxoaren 2a arte

Gerra orotan legez, ez da erraza bortizkeriak hildako eta zauritutakoen kopuru zehatzak jakitea, are gutxiago borrokak bero dirauenean. Ukrainaren inbasioan ere alde bakoitzak bere kontabilitatea egiten du. Iturritzat hartuta datuak eguneratuta eta ondo dokumentaturik erakusten dituen Wikipedia, hona martxoaren 2ko ilunabarra arte iturri nagusiek emandako datuak.

Errusiak galdu dituen militarrak:
Errusiaren arabera, 498 soldadu hilak, 1,597 zaurituak
Ukrainaren arabera, 5.840 hil eta zaurituak, 200 preso hartua.
AEBen arabera, 1.500-2.000 hilak (otsailaren 28an)

Ukrainak galdu dituen militarrak:
Ukrainaren arabera, 110 baino gehiago hilak.
Errusiaren arabera, 2.870 hilak, 3.700 zaurituak, 572 preso hartuak
AEBen arabera, 1.500 hilak.

Ukrainako herritar zibilen artean hilak, zaurituak eta etxetik ihesi joanak:
Ukrainaren arabera, 2.000 baino gehiago hilak, 1.684 zaurituak
Nazio Batuen Erakundearen arabera, 136 baino gehiago hilak, 400tik gora zaurituak
NBEren arabera, 850.000 atzerrira ihes eginak eta milioi bat Ukrainan bertan ihesi joanak.

Horiez gain, 20 zibil atzerritar hilak.

Negoziaketen harira, ostegun goizean bilduko dira eta su-etena aipagaien artean izango dute

Ukraina eta Errusiaren artean berriz bilduko dira ostegun goizean Bielorrusian, aterabide bat negoziatzeko eta atzemateko asmoz. AFP berri agentziak jakitera eman duenez, su-etena ukanen dute aipagaien artean. Ukrainaren delegazioa bidean da eta Bielorrusian bilduko dira, "bi aldeen artean adosturiko leku batean, Poloniatik hurbil".

Otsailaren 28an ukan zuten lehen bilera, Errusia Ukraina inbaditzen hasi eta bost egunetara. Nagusiki, su-etena eta errusiar tropen joatea eskatzen dizkio Moskuri Kievek. "Krimearentzako errusiar subiranotasuna aitortzea, Ukrainaren desmilitarizazioa eta desnazifikazioa eta bere estatutu neutralaren bermea" nahi ditu Moskuk.

Piketty, zigor ekonomikoez: "Oligarkak jarri beharko lirateke jomugan"

Thomas Piketty ekonomialariari elkarrizketa egin dio Le Nouvel Observateur astekari frantziarrak. Ukraina inbaditzeagatik Errusiari ezarritako santzio ekonomikoak eraginkorragoak izan zitezkeela uste du. Irakurri albiste osoa beheko loturan.

 

Petrolio upela 110 dolarretan, azken hamar urteetako garestiena

Ukrainako gerra dela eta, azkarki garestitzen ari dira petrolioa eta gasa. Azken datuen arabera, Brent edota WTI petrolio upelak 110 dolarretan dira, eta gasa berriz 200 dolarretan MWh-a. 2013az geroztik ez zuen petrolio upelaren prezioak 110 dolarreko langa gainditu.

Petrolioaren sektoreari dagokionez, Mendebaldeko hainbat konpainiek zigortu dute Errusia, besteak beste, hango konpainia eta proiektuetan zituzten parte hartzeak salgai ezarriko dituztela jakinaraziz, baita hango petrolioaren erosketa geldituz ere. Errusia munduko hirugarren ekoizle handiena da, AEBen eta Saudi Arabiaren atzetik. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea martxoaren 2 honetan biltzekoa da –Errusiak parte hartuko du bileran–. Besteak beste, produkzioaren emendioaz eztabaidatuko dute, prezioak hein batean mantentzeko gisan.

Bestalde, gas iturriak ixtea izan daiteke Errusiak Mendebaldeari emandako erantzuna. Europar Batasuna Errusiako gasari dependente izanik kezka eragiten du aukera honek.

Zaporizhzhia zentral nuklearraren inguruko eremua kontrolpean hartu dute errusiarrek

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eman du informazioaren berri. Ukrainako zentral handiena da bere sei erreaktore nuklearrekin. Zentraleko zuzendariak dioenez zentraleko langileek lanean jarraitzen dute "segurtasun nuklearra ziurtatzen eta erradiazio mailak neurtzen, zentralak normaltasunez jarraitzen duen bitartean".

Errusiar tropei bidea mozten saiatu ziren ukrainarrak, baina halakorik ez dute lortu:

 

"Errusiar tropak kanpora, NATOren hedapena gelditu" lelo pean, manifestazioak martxoaren 6an

Milaka herritarren artean buruturiko bileran hartu dute erabakia: martxoaren 6a gerraren kontrako eguna izango da, "Ukrainako gerra gelditu. Errusiar tropak kanpora, NATOren hedapena gelditu" lelo pean. Mobilizazioak egingo dituzte larunbatean mundu mailako hamarnaka hiritan, Code Pink, Stop The War Coalition [Gerrari Stop Koalizioa], Desarme Nuklearrerako Kanpaina eta NATOren Aurkako Sareak deiturik. Ukrainan gertatzen ari denaren parean, gerraren aurkako mobilizazio "bateratu eta masiborako" deia egin dute hainbat talde bakezale ezagunek.

"Ukrainako gerra hondamendia da Ukrainako herriarentzat, eta mehatxu izugarria denontzat, batez ere gerra nuklear baten arriskua areagotzen duelako. Errusiaren inbasioaren aurka gaude eta tropa errusiar guztiak berehala kentzeko deia egiten dugu. NATOren handitzeak eta Mendebaldeko estatuen ikuspegi oldarkorrak krisia areagotu dutela diogu, eta NATOren hedapenaren amaiera eskatzen dugu", irakurri daiteke gerraren aurkako taldeen deialdian.

Informazio gehiago ondoko webgunean: https://www.peaceinukraine.org/

Pablo Gonzalez kazetariak hiru egun daramatza inkomunikatuta Polonian

Elantxoben bizi den Pablo Gonzalez kazetaria eta EHUko doktoregaia otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik oso gertu. Aste batzuk lehenago Ukrainako zerbitzu sekretuak galdekatu zuten eta "errusiazale" izatea leporatu zioten. Hiru egun daramatza inkomunikatuta, inork haren berririk izan gabe.

Irakurri artikulu osoa hemen: Pablo Gonzalez kazetariak hiru egun daramatza inkomunikatuta Polonian

Errusian ere komunikabideak jo-puntuan

Errusiako agintariek Echo Moscow irratiaren emisioak eta Dozhd telebista-katearen transmisioak blokeatu dituzte "informazio faltsua eta egiaztatu gabea zabaltzeagatik", Errusiako gobernuaren arabera.

Irratiaren kasuan, otsailaren 25ean, saio batean Nikolai Zvanidze analistak "nahita gezurrezko informazio garrantzitsua" zabaldu zuela egotz diote, "bereziki Errusiak Ukrainaren aurka egindako ustezko erasoari buruz".

Bi hedabide hauek Interneteko hainbat plataforma eta sare sozialetan lan egiten jarraitzea lortu dute.

Errusiako filmei boikota egingo die Europako Zinema Akademiak

Europako Zinemaren Akademiak, komunikatu baten bidez, Errusiaren aurkako askotariko zigor oldearekin bat egiten du, eta, zehazki, ondorengo ekarpena egin du zinemaren mundutik: Errusiako zinemagile guztien lanak boikotatzea, "Putinen ekintzak izugarriak eta guztiz onartezinak direlako, eta gogor gaitzesten ditugulako".

Film errusiarrak aurtengo Europako Zinemaren Sarietatik kanpo utziko ditu Europako Zinemaren Akademiak, eta Errusiako filmen emanaldiei boikota egiten lagunduko duela adierazi du. Agnieszka Holland zinema eta telebista zuzendari buru duen akademiak dioenez, "gerra honen aurka altxatzen diren Errusiako zinemagile ausartak estimatzen ditugu, baina eraso basati eta justifikaziorik gabekoaren aurrean, Ukrainako gure ahizpa eta anaiekin batera egon behar dugu, haien bizitzak arriskuan baitaude".

Komunikatuan gaineratu dute Akademiako kideen bihotzak zinemagile ukrainarren komunitatearekin daudela, jakitun direlako haien kide batzuk "erasotzailearen aurka armekin borrokatzen ari direla". Akademiak higuingarritzat jo du Errusiak Ukrainari egindako erasoa eta Ukrainako "herri heroikoarekiko" elkartasun "osoa eta erabatekoa" adierazi dute.

Cannesko Zinemaldi ezagunak ere boikotarekin bat egin du, baina zehaztu dute debekua ez dietela Errusiako zinemagile guztiei ezarriko: "Errusian Ukrainaren inbasioaren aurka protesta egitera arriskatzen ari direnen kemena agurtzen dugu, eta horien artean daude egungo erregimenaren aurka borrokatzeari inoiz utzi ez dioten artistak eta zinemako profesionalak. Horiek ezin dira Ukraina bonbardatzen ari direnekin parekatu".

Letonian ere "Errusiaren erasoaren aldeko mezuak" jazarri nahi dituzte

La.lv atariak jakitera eman duenez, Letoniako herritarrek Estatuko Polizia eta Estatuko Segurtasun Zerbitzuetara jo behar dute salatzeko sare sozialetan topatutako "desinformazio kasuak eta Errusiaren erasoari emandako babes mezuak".

Atariaren arabera, Letoniako zuzenbide penalak gutxienez lau artikulu ditu, Errusiaren erasoa babestea eta justifikatzea debekatzen dutenak. Horien artean, 74.1 artikulua, "Genozidioaren justifikazioa, gizateriaren aurkako krimena, bakearen aurkako krimena eta gerra-krimena" jorratzen duena edo "gorroto nazionala, etnikoa eta arrazazkoa bultzatzea" izeneko beste artikulu bat.

Letoniak, gerra hasi zen egun berean, hiru telebista-kate errusiar zentsuratu zituen: Rossiya RTR kateari bost urterako betoa jarri zioten, Rossiya 24 lau urterako eta TV Centr hiru urterako.

Txekiar Errepublikan espetxe zigor mehatxua Errusiaren aldeko mezuak zabaltzeagatik

Txekiako Fiskal Nagusiak atzo iragarri zuen Errusiaren inbasioari babesa ematen dion edo bere liderrak goratzen dituen edozein pertsonari 6 hilabete eta 3 urte arteko kartzela-zigorra ezarri ahal izango zaiola, Zigor Kodearen 365 eta 405 sekzioengatik.

Hurrengo egunerako, TN Nova hedabideak informatu du, dagoeneko dozena bat kasu ikertzen ari dela Txekiako Polizia.

Android eta Iphone-n erabiltzaileek ezingo dute RT eta Sputnik hedabideen aplikazioak deskargatu

Google-en Alphabet Inc konpainiak jakinarazi du RT eta Sputnik hedabideen aurkako zentsura mugikorretarako aplikazioetara ere eraman duela. Play Store-n blokeatu dituzte eta erabiltzaileek ezingo dituzte hedabide hauen aplikazioak kontsultatu.

Apple-k ere bere aplikazioen zerrendatik kendu ditu mundu mailan. "Aplikazioak pertsona edo talde zehatzak arriskuan jartzen dituen eduki gogaikarria duela finkatu da", argudiatu du Apple-ren taldeak.

 

Bidenek Putini buruz: "Ez daki zer datorkion gainera, ordaindu egingo du"

Ukrainako gudak protagonismo handia izan du AEBetako presidente Joe Bidenek bart Kapitolioan egin diskurtsoan. Besteren artean ziurtatu du Errusiako oligarkak jazarriko dituela eta herrialde horretako hegazkinei aire espazioa itxiko diela.

"Putinen gerra aldez aurretik pentsatua eta probokaziorik gabea izan zen. Uko egin zien ahalegin diplomatikoei. Uste zuen Mendebaldeak eta NATOk ez zutela erantzungo. Hemen, etxean, zatituko gintuela uste zuen. Putin oker zegoen. Prest geunden", esan du.

"Zuen bila goaz, zuen yateak hartuko ditugu, zuen jet pribatuak, zuen luxuzko apartamentuak", adierazi du. Errusiako ekonomia itoko dutela mehatxu egin du eta zuzenean Putin aipatuz esan du: "Ez daki zer datorkion gainera".

 

Errusiatik irteten diren pertsonek ezingo dute 10.000 dolar baino gehiago eraman

Errusiako Gobernuak hartutako neurri berriaren ondorioz, errusiarrek ezingo dute herrialdetik irteten 10.000 dolarren baliokidea baino gehiagorekin. Martxoaren 2an, gaur, sartzen da indarrean erabakia. Gobernua kapitala herrialdean mantentzen saiatzen ari da. Tass berri agentziak eman du albistea.

Arauak atzerriko dibisen mugimenduari ere eragiten dio eta badirudi Errusiatik irteten saiatzen diren pertsona ugarik beren aurrezki guztiak berekin eraman ez ditzaten ziurtatzeko diseinatuta dagoela araua.

Errusiak Kherson hiriaren eta portuaren kontrola eskuratu du, Ukraina hegoaldean

Errusiako Defentsa Ministerioak asteazkenean jakinarazi du bere armadak Kherson hiriaren kontrola eskuratu duela, Ukraina hegoaldean.

"Indar Armatuetako unitate errusiarrek Kherson eskualdeko hiriburuaren erabateko kontrola hartu dute", adierazi du Igor Konashenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak", Russia Todayk jakinarazi duenez.

 

Jarraipena abiatuko dugu

Egunon lagunok. Ukrainako gudari asteazkeneko jarraipena egiten hasiko gara. Orain arteko jarraipena kontsultatu nahi baduzu, lotura honetan daukazu guztia. Eta Ukrainako Guda kanalean, zuzeneko jarraipenetik harago atera ditugun artikuluak ere topatuko dituzu. Milesker konfiantzagatik.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
2024-04-28 | Axier Lopez
Propagandarako tresna berria Ukrainan

Ukrainako gerraren benetako izar bihurtu dira droneak, baina ez hainbeste ohiko gudu-zelaian, baizik eta gudari ere badagokion baina oso bestelakoa den eremu batean: gerra-propaganda. Moskuk eta Kievek erabiltzen dituzte tripulaziorik gabeko hegazkinek grabatutako bideoak beren... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude