Errusiaren eta Ukrainaren arteko guda, geroz eta gordinago

Zuzeneko jarraipena
  • Ukrainako gerra egunetik egunera aldatzen doa. 2014an independentzia aldarrikatu baina linboan geratu ziren Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentziak onartu eta guda hasi zuen Errusiak. Mendebaldeak zigor ekonomikoen bidez erantzun du Ukraina ekialdeko errepubliken independentzia aitortzari.


2022ko martxoaren 01an - 12:19
Gakoak
Jarraipenaren amaiera, gaurkoz

Gabon lagunok, hemen itxiko dugu zuzeneko orri hau. Horrek ez du esan nahi, ordea, jarraipenarekin amaitu dugunik.

Lotura honetan jarraitzen du asteazkeneko jarraipenak.

Negoziaketekin jarraitzeko bileraren bezperan, Donetsk-en bonbardaketak egin ditu Ukrainak eta Kiev-en erasoa egin du Errusiak

Astelehenean bildu ziren lehen aldiz Errusia eta Ukraina negoziaketei ekiteko, eta lehen bilkuraren egun berean adierazi zuten negoziaketekin jarraitzeko asmoa; asteazkenean egingo dute bigarren bilkura.

Hori adostuta ere, erasoek bere horretan diraute. Asteartean Ukrainak Donetsk-eko Kievsky barrutian bonbardaketa egin du. Sputnik-ek bideoan jaso ditu bonbardaketak eragindako kalteen irudi gordinak.

Errusiak, aldiz, Ukrainako hiriburua hartu du jo-puntuan. Errusiako Defentsa Ministerioak komunikatu bidez jakinarazi du “zehaztasun handiko” erasoak prestatzen ari direla Ukrainako “segurtasun zerbitzuen teknologia zentroen aurka” egin eta beste zenbait puntu estrategiko erasotzeko. Hargatik, herritarrei hiritik alde egitera dei egin die.

Aurreratutakoa bete du Errusiak, Kiev erdialdean telebista dorre bati egin baitio eraso. Suspline hedabideak jaso ditu erasoaren irudiak:

 

Ukraina, Txinaren bitartekaritza eske

Asteazkenean aurrera egingo duten negoziaketei begira, Ukrainak Txinari eskatu dio bitartekari lanak egiteko. Eldiario.es-ek jaso duenez, Dmytro Kuleba Ukrainako Kanpo-arazoetarako Ministroak Wang Yi Txinako Kanpo-arazoetarako Ministroari adierazi dio negoziaketekin jarraitzeko prest daudela, baina beren bitartekaritza espero dutela “su-etena erdiesteko”. Ukraina eta Txinaren arteko lehen hartu-emana litzateke Errusiak Ukrainaren aurkako erasoa hasi zuenetik.

“Txinak gatazka piztu izana deitoratzen du eta oso kezkatuta dago zibilei egindako kalteagatik. Herrialde guztien subiranotasuna eta osotasuna errespetatzearen alde gaude. Ukrainari eta Errusiari kontsulten bidez konponbideak aurkitzeko eskatzen diegu”, adierazi du Wang-ek. Bere hitzetan, baina, “herrialde baten segurtasuna ezin da beste batzuenaren kontura iritsi", ezta “bloke militarren hedapenaren bidez lortu".

Ukrainako mugatik heltzen ari diren diskriminazioa arrazista testigantzen aurrean kezka agertu du Afrikako Batasunak

Afrikako Batasunak publiko egindako idatzian kezka agertu du Ukrainako mugatik heltzen ari diren hainbat kontakizunen inguruan. Izan ere, azken egunotan Ukrainatik atera nahi izan duten hainbat pertsona arrazializatuk salatu du herrialdea uzteko jartzen ari zaizkien oztopoak, arraza eta jatorri arrazoiengatik.

Gisako kontakizunen aurrean arduraturik, idatzi bat argitaratu du Afrikako Batasunak, Senegaleko eta Afrikako Batasuneko presidente Macky Sall-ek eta Afrikako Batasuneko Batzordeko presidente Moussa Faki Mahamat-ek sinatuta. Bertan adierazi dutenez, gertutik ari dira jarraitzen Ukrainan gertatzen ari dena, eta kezkaturik dauzkate mugatik heltzen ari diren herritar afrikarren testigantzek, horietan Ukrainako muga segurtasunez gurutzatzeko eskubidearen urraketa antzeman baitaiteke.

Gogorarazi dute gatazka baten erdian pertsona orok duela nazioarteko mugak zeharkatzeko eskubidea, eta eskubide horri jarraiki inork ez lukela arazorik izan behar Ukrainatik ihes egiteko, "bere arraza identitatea edota nazionalitatea edozein izanik ere".

"Tratu ezberdina eta onartezina jasotzeko afrikarrak seinalatuak direla dioten kontakizunak eskandalagarri arrazistak lirateke, eta nazioarteko zuzenbidea urratuko luke", adierazi dute bi presidenteek. Hala bada, herrialde guztiei arreta eman die zuzenbidea bete dezaten, eta babes eta laguntza berbera adierazi diezaioten gerratik ihesi doan pertsona orori, arrazan erreparatu gabe.

 

 


 
Finlandiako Parlamentuan NATOn sartzeari buruz eztabaidatuko dute

Finlandia ez da NATOren parte, eta orain artean ez du agertu aliantza politiko eta militar horretan sartzeko asmorik. Hala ere, baliteke Errusiak Ukrainaren aurka hasitako erasoak jarrera aldaketa eragin izana. Uste horrekin, ekinaldi batek 50.000 herritarren sinadurak bildu ditu, NATOn sartzearen gaineko galdeketa posible egiteko. Ondorioz, Parlamentuak erabaki du asteartean NATOn sartzeko aukeraz eztabaidatzea.

Yle Finlandiako telebista publikoak egindako galdeketa baten arabera, finlandiarren %53 NATOn sartzearen aldekoa da, %28k kontrako iritzia du, eta %19k ez du argi bere iritzia. Ylek argitaratutako informazioaren arabera, 2017an ere egin zuen gaiari buruzko galdeketa, eta ordutik hona 34 puntu hasi da NATOn sartzearen alde daudela adierazi duten herritarren kopurua.

Mariupol hiria erasopean

Mariupol hiriko alkateak dio Errusiako indarrak hiriari etengabe eraso egiten ari direla eta erasoen artean zibilak hiltzeaz gain, azpiegiturak kaltetu dituztela. Mariupol Donbasseko eskualdean dago, baina Ukrainako armadak kontrolatzen duen eremuan.

"Bost egunez bonbardatu dizkigute jendea bizi den auzoak. Artilleriaz kolpatzen gaituzte, bonbardatzen gaituzte, aire indarrekin kolpatzen gaituzte", esan zuen Vadym Boichenkok Ukrainako telebistan zuzenean emaniko saioan.

"Azpiegitura zibilak kaltetuta ditugu: eskolak, etxeak. Zauritu asko dago, eta tartean, emakume eta haurrak hilik ere bai".

660.000 pertsona baino gehiagok egin dute Ukrainatik ihes, NBEko Errefuxiatuen Agentziaren arabera

Errusiak eraso egin zionetik 660.000 pertsona baino gehiagok utzi dute Ukraina, emakumeak eta umeak gehienbat, inguruko herrialdeetara joateko. UNHCR NBEko Errefuxiatuen Agentziak eman du datua asteartean.

UNHCRko bozeramaile Shabia Mantoo-k Suitzako Geneva hirian egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, Polonian sartzeko 60 ordu arteko ilarak daude eta Errumaniako mugan 20 km-ko ilarak daude.

Al Jazeerak infografia bat egin du herritarrak ihes nora egiten ari diren bilduz.

 

"Mendebaleko zigorrek ez dute aldaraziko Ukrainari buruz Errusiak duen jarrera"

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskov-ek esan du Mosku eta Kieven arteko negoziazio zuzenak hasi arren, ez dagoela bi herrialdeetako presidenteen arteko elkarrizketarik aurreikusita.

Peskovek faltsutzat jo du Errusiako zibilen aurkako erasoak egin izana, baita cluster lehergailuak eta hutsune-bonbak erabili zana ere, Reuters-ek jakinarazi duenez.

Uko egin du egoera militarraren baloraziorik egiterik, baina esan du Mendebaldeko zigorrek ez dutela aldaraziko Ukrainari buruz duten jarrera.

NBEaren Desarmearen Konferentzian Sergei Lavrov ministroak egin diskurtsoa boikotaturik

Ukrainari elkartasuna adierazteko burutu dute boikota NBEko kideen ordezkari gehienek. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren diskurtsoa hasi denean zutitu eta gelatik alde egin dute. Bideo bidez hitz egin du Lavrovek. Ministroaren azalpenei segi, Errusiaren kontrako zigorrak direla eta ezin izan du Genevara etorri.

Herri batzuk gelditu dira konferentzian, tartean, Aljeria, Yemen, Siria, Venezuela zein Tunisia.

 

Alemaniako gerra-hegazkinak aireko patruila armatuak egiten ari dira Polonian

"Polonia gaineko zerua babesten", adierazi du Alemaniako aire-indarrak Twitterren, aireratzen ari den guda-hegazkin baten argazkiarekin, bestelako xehetasunik eman gabe.

Bozeramaile militar batek Reuters berri agentziari esan dio Alemaniatik ateratako Eurofighter hegazkinak misioak egiten ari direla Polonian.

The Guardianek jakinarazi duenez, Errumanian A400M zisterna batekin aliatuen ibilgailuei erregaia hornitzen ari da Alemania eta Polonian ere misioak egiten ari dira.

Astelehenean Alemaniak iragarri zuen Tornado gerra hegazkinak eta itsas patruila bidaliko zituela Baltikoko eremura.

Karkhiv-en eraso gogorrak nagusi, tartean, administrazioko eraikin bat bonbardatua

Giro odoltsua eta gogorra da nagusi Ukrainan. Erasoak biderkatuz doaz, Kiev hiriburuan baita bigarren hiri handiena den Karkhiv-en ere. Tartean, Karkhiv hiriko administrazioko eraikin bat bonbardatu dute Errusiako tropek. Ukrainako Atzerri ministro Dmytro Kulebak ustez eztandaren uneko bideoa zabaldu du Twitter bidez:

Europako Parlamentuan hitza hartuko du gaur Ukrainako presidenteak

Ohiz kanpoko bilera eginen du Europako Parlamentuak gaur 12:30etatik 14:30etara. Hitza hartuko du bideokonferentziaz Volodimir Zelenskik. Parlamentuko presidente Roberta Metsolak eman du adierazpen-une horren berri.

Europari zuzenduko zaio beraz Ukrainako presidentea. Oroitaraztekoa da atzo, otsailaren 28an egin duela Ukraina Europar Batasunean sartzeko eskaera ofiziala. Hemen Zelenski, eskaera dakarren dokumentu ofiziala esku artean duela –ondoan ditu Ukrainako Parlamentuko presidentea eta Lehen ministroa–.

Total Energies enpresak Errusian dauzkan aktibitateekin segitzea erabaki du

Total Energies petrolio-enpresa erraldoiak bere postura argitu du: oraingoz Errusian dauzkan aktibitateekin segituko du. Haatik, Errusian dauden proiektu berrietara ez du gehiago dirurik bideratuko.

Total Energies ez bezala, petrolioaren sektoreko BP enpresa britainiarrak, Equinor norvegiarrak zein Shell herbeheretarrak erabaki dute Errusian dauzkaten inbertsio eta proiektuen gelditzea.

Hitzetan, Errusiaren "eraso militarra" deitoratu du Frantziako multinazionalak, zigorren posturarekin bat egiten duela argi utziz.

60 kilometro baino gehiagoko konboi errusiar bat ari da Ukrainako hiriburura gerturatzen

Satelite bidez hartu eta argitaratutako irudi batzuen arabera 60 kilometro baino gehiagoko konboi errusiar bat ari da Kiev hiriburura hurbiltzen. Maxar Technologies enpresa estatubatuarrak zabaldu ditu irudiak.

Otsailaren 24an hasi zen Errusia Ukraina inbaditzen eta hiriburuaren kontrol hartzea estrategikotzat dauka oso Vladimir Putinek. Parean, erresistentzia erakusten diote ukrainarrek.

Josep Borrell, Europar Batasuna: "Gerra batean gaude"

Europa Batasuneko Kooperazio eta Segurtasunerako ordezkariak adierazpen hauek egin ditu EBko Defentsa ministroen bileraren ostean: "Tabu bat hautsi da, Eb bezalako bake aliantza batek, ezin zituenik armak bidali hirugarren herrialde batera. Gerra batean gaude. Eta ez dut inongo informaziorik emango, aurre egiten ari garen aldeari balioko dionik. Ez dut zehatz mehatz azalduko nondik eta nola pasatuko den Ukrainiari emango diogun laguntza. Ziur naiz Errusia asko poztuko litzatekeela hori jakingo balu".

Ihesi doazenen mailakatzea

Ukrainako gerraz, errefuxiatuez eta Europar Batasunaren harrera politikaz Jenofa Berhokoirigoinen analisia: https://labur.eus/lemJB

Bukatu dute Errusia eta Ukrainaren arteko negoziazio bilera

Datozen egunetan berriz bilduko direla aurreratu dute ordezkariek, baina aurretik kontsultak egin behar dituztela. Belarus News-ek zabaldu duenez, "puntu komun batzuk" identifikatu dituzte, zeintzuen arabera "jarrera bateratuak" aurreikusi ditzaketen, Vladimir Medinski Putinen aholkulariaren arabera. Azken horrek jakinarazi du datorren bilkura Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan izango dela.

Zelenskik sinatu du Ukraina Europar Batasunean sartzeko eskaera ofiziala

Ukrainako presidenteak ofizialki sinatu du Ukraina EBren parte izateko eskaera; oraindik ez dute jaso eskaera EBko ordezkariek.

Putinek arma nuklearrak kudeatzen dituen taldeak alerta ezartzea, Erresuma Batuari erantzuna izan zen

Vladimir Putin presidenteak indar nuklearrak alerta egoeran ezartzea, Erresuma Batuko kanpo idazkari Liz Trussen adierazpenen erantzuna izan zen. Kremlinek adierazi du hori eta The Guardianen irakur dezakegu.

Interfax berri agentziaren arabera, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskov-ek ondorengoa esan du prentsaren aurrean:

"Maila ugaritako ordezkariek egin zituzten adierazpenak NATOren eta Errusiaren arteko liskar edota talka posibleen inguruan. Adierazpen horiek guztiz onartezinak direla uste dugu. Ez dugu izen abizenekin esango adierazpen horien egileak nor izan diren, nahiz eta Britainia Handiko Atzerri ministroa izan".

Errusiak aire-espazioa itxi die 36 herrialderi

Errusiak horrela erantzun die Europar Batasunari eta beren aire espazioak erabiltzea debekatu dieten herrialdeei. 36 herrialde horiei berea erabiltzea debekatu diete bueltan.

Ursula von der Leyenek igandean esan zuen:

"Errusiar jabetzako, Errusiako matrikulatu duten edo Errusiak kontrolatutako hegazkin guztiei gure aire eremua erabiltzea debekatzea proposatzen dugu. Hegazkin hauek ezin izango dute EBko lurraldean lurreratu, aireratu edo hegan egin".

Hauek dira herrialdeak:

Europar Batasunekoak: Austria, Belgika, Bulgaria, Hungaria, Alemania, Grezia, Danimarka, Irlanda, Islandia, Espainia, Italia, Txipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Finlandia, Frantzia, Kroazia, Txekia, Suedia eta Estonia.

Europar Batasunetik kanpokoak: Albania, Birjina britainiar uharteak, Kanada, Gibraltar, eta Jersey eta Noruega

Karkhiv-en dozenaka hildako eta ehunka zauritu, misilekin Errusiak eginiko erasoan

Dozenaka dira hildakoak Ukrainako bigarren hiririk handiena den Karkhiv-en, astelehen goizean Errusiak misilekin eginiko erasoaren ostean. Ukrainako Barne Ministerioak Facebooken zabaldutako oharrean adierazi duenez.

Bataila odoltsua libratzen ari dira Errusiako armada eta Ukrainakoa. Azpian zenbait bideo.

ADI: Irudi gogorrak dira ondorengoak, kalean herritarren gorpuak ikus daitezke, hil berritan.

Borrellen justifikazioa Errusiako hedabideen zentsurarako: "Desinformaziorako eta garun garbiketarako tresna dira"

Igandean eginiko prentsaurrekoan, Errusiaren aurka hartutako neurriak jakinarazi dituzte Europar Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta diplomazia europarreko buru Josep Borrellek.

Bigarren honek aipatu du Europar Batasunean zenbait hedabide zentsuratuko dituztela, hala nola, Russia Today eta Sputnik. El Diarioko artikulu honetan jaso dituzte bere hitzak.

"Desinformaziorako eta garun garbiketarako tresna dira eta ezingo dituzte beren gezurrak zabaldu Putinen gerra justifikatu eta gure Batasunean banaketa sustatzeko. Europan beren desinformazio toxikoa eta mingarria debekatzeko tresnak garatzen ari gara".

Txinak lasaitasuna eskatu du Errusiak bere potentzia nuklearra alerta egoeran jarri ostean

Txinako atzerri ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek lasaitasuna eskatu die alde guztiei. Errusiako presidente Vladimir Putinek bere herrialdea alerta nagusian ezarri ostean, txinatarrek eskatu dute ez eskalatzeko borroka metodoetan.

Wangek egunero hedabideen aurrean egiten duen agerraldian esan du herrialde guztiek beren segurtasunari buruz dituzten kezkak serio hartu behar direla. Aurretik ere aipamenak egin izan dituzte NATOren zabalpena dela eta, eta esan Errusiak honen aurka egoteko dituen arrazoiak ulertzen dituztela.

Europar Batasunak "mugarik gabe" hartuko ditu errefuxiatuak oraingoan

Europako Batzordeak igandean iragarri du berehala aktibatuko duela sekula erabili gabeko zuzentaraua, ahalbidetzeko Ukrainatik ihesean ari diren errefuxiatuak bere lurraldeetan hartzea. Neurri honekin, Europar Batasunean geratu ahalko lirateke gutxienez urtebetez, epea luzatzeko aukerarekin.

Europar Batasunera dagoeneko 300.000 ukrainar heldu direla eta, Bruselak adierazi du lehen aldiz kopuru mugarik gabe hartzeko araua aktibatuko duela. Nazio Batuen Erakundeak kalkulatu du guda luzatzen bada 4 milioi izan daitezkeela errefuxiatuak.

 

Hauxe da bake elkarrizketei buruz oraingoz dakiguna

Errusiako Sputnik hedabideak bi aldeen arteko elkarrizketak hartuko dituen Bielorrusiako lekuaren irudiak zabaltzearekin batera, adierazi du hitzordua 10:30etarako jarria dagoela, eta Ukrainako ordezkariak iritsi berri direla helikopteroz.

Hauek osatuko lukete Ukrainako ordezkaritza, beti ere iturri errusiarren arabera:

- Defentsa ministroa, Alexéi Réznikov.
- Kanpo Harremanetarako ministro-ordea, Nikolái Tochitski.
- Ukraniako presidentzia bulegoko aholkulari buruzagia, Mijaíl Podoliak.
- Zelenskiren alderdiak legebiltzarrean duen burua, David Arajamia.
- Rustem Umerov diputatua.
- Hiru aldeko harremanetarako taldeko Ukrainako ordezkaritzako lehen buruaren ondokoa, Andrei Kostin.

Zabaltzen hasi direnez, ordezkaritza ukrainarrarentzat, berehalako su-etena eta armada errusiarra Ukrainatik erretiratzea bi gako garrantzitsu dira negoziazioetan.

Hondakin erradioaktiboak gordetzeko gunea jo dute misilek Kieven, NBEk dioenez

NBEn nuklearrekin lotura duten gaien jarraipena egiten duten begiraleen esanetan, misilek hondakin erradioaktiboak gordetzeko gune bat jo dute Kieven. Halere, eraikinek ez dute kalterik izan, eta ezin daiteke esan material erradioaktiboa isurtzen ari denik.

Ohar batean Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusiak esan du Ukrainako agintariek jakinarazi diotela gertaera eta agentziak tokiko kontrol erradioaktiboaren emaitzak laster jasotzea espero duela. Aurreko egunean, Kharkiven transformadore elektriko bat kaltetu zen antzeko eraso batean.

Instalazio horiek normalean maila baxuko material erradioaktiboak gordetzen dituzte, hala nola ospitaleetako eta industriako hondakinak, baina Grossik dio bi gertakariek erakusten dutela "arriskua oso erreala" dela. Guneak kaltetzen badira "giza osasunerako eta ingurumenerako ondorio larriak izan daitezke".

Errusia eta Ukrainaren arteko bake elkarrizketak astelehen goizean, Bielorrusiako mugatik gertu

TASS berri agentziak jakinarazi duenez, Bielorrusiako mugatik gertu Ukraina eta Errusiaren arteko bake elkarrizketak izango dira astelehen goizean.

Ukrainako presidente Zelenskik Erresuma Batuko lehen ministro Johnsoni esan dio hurrengo 24 orduak "hil ala bizikoak" izango direla.

Ukrainako militarrek esan dute igandea "egun zaila" izan zela berentzat, eta Errusiako armadak norabide guztietan erasoan jarraitzen duela.

Ukrainako osasun ministerioak esan du Errusiako erasoa hasi zenetik 352 zibil hil direla, tartean 14 haur.

Errusiako errubloaren balioa %30 jaitsi da, eta beherantz jarraitzen du

Ukrainako erasoaren ostean AEBek eta Mendebaldeko herrialdeak Errusiaren aurka ezartzen ari diren zigorren ondorioz, astelehen goizean herrialdeko moneta den errubloaren balioa %30 jaitsi da.

Al Jazeeran jaso dute inbertitzaileak errubloa utzi eta "balio seguruko monetaetara" joaten direla, izan AEBetako dolarra edo Japoniako yena. Horrekin ere, Moskuren nazioarteko isolamendua handitzen ari da.

AEBek, Europar Batasunak, Erresuma Batuak, Japoniak, Kanadak eta Australiak iragarri dituzte Errusia zigortzeko zigor ugari. Besteren artean, Errusiako banku batzuk blokeatzea SWIFT nazioarteko ordainketa sistematik, Errusiako banku zentralari atzerriko erreserbak erabiltzea eragoztea, Errusiako hedabideen emisioak debekatzea eta Errusiako hegaldiei debekatzea Europako aire-espaziotik igarotzea.

"Vladivostoken negozioa irekitzen denean munduko inork ez du errubloak erosi nahi, ezta Errusiako Banku Zentralak ere". Errubloaren albistea kokatzeko, Sydneyko Teknologia Unibertsitateko Politika Publiko eta Gobernantza Institutuko ekonomialari nagusi Tim Harcourten adierazpenak jaso dituzte Al Jazeeran.

INFOGRAFIA | Nork kontrolatzen du zer Ukrainan?

Al Jazeerak astelehenean eginiko infografia honetan ikus daiteke Errusiako armadak noraino kontrolatzen duen Ukrainako eremuan.

 

Vatikanoak dio prest dagoela Errusia eta Ukrainaren arteko "elkarrizketa errazteko"

Errusia eta Ukrainaren arteko guda amaitzea laguntzkeo elkarrizketa errazteko prest da Vatikanoa, Estatu Idazkari Kardinal Pietro Parolinek jakinarazi duenez. Vatikanoko hierarkian soilik Aita Santua du gainetik, eta Italiako egunkariei adierazi die "Errusiak hasi arren Ukrainaren aurkako gerra" konbentzituta dagoela "beti dagoela negoziaziorako tartea".

Singapurrek iragarri ditu Errusiaren aurkako "zigor eta murrizketak"

Finantza- eta garraio-gune garrantzitsu den Singapurrek iragarri du Errusiari "zigor eta murrizketa egokiak" ezartzeko asmoa duela. Hala adierazi dio Vivian Balakrishnan Atzerri ministroak herrialdeko parlamentuari, Straits Times egunkariak jaso duenez.

Bere esanetan, esportazio-kontrolak ezarriko dituzte Ukrainan jendea kaltetzeko edo menderatzeko erabili asmo dituzten armei.

Hego Koreak debekatu ditu Errusiara esportazio estrategikoak eta Swift zigorrarekin bat egin du

Hego Koreak erabaki du Errusiaren aurkako esportazio kontrolak gogortzea, elementu estrategikoen esportazioak debekatuz, eta Mendebaldeko herrialdeen mugimenduekin bat egin du Errusiako banku batzuk SWIFT nazioarteko ordainketa sistematik blokeatzeko, Seulgo Atzerri Ministerioak adierazi duenez.

Errusiaren aurkako hainbat neurri hartu du FIFAk

Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA), Olinpiar Batzordearen (COI) gomendioei jarraituz, erdibideko neurriak hartu ditu: ez du Errusia nazioarteko lehiaketetatik kanporatuko, baina etxean jokatzea dagozkion partidak estadio "neutral" batean eta publikorik gabe jokatu beharko ditu (selekzioak bezala, baita Europako txapelketetan ari diren klubek ere), eta ezingo ditu erabili ez bere ereserkia, ez bandera ezta izena ere. Errusiako Futbol Batasuna izena baliatu beharko du.

Putinek "disuazio-indarrak" alerta gorenean jarri ditu, arma nuklearraren mehatxua zabalduz

Mendebaldeak bideratu zigorrei eta NATOko herrien agintariek plazaratu "adierazpen erasokorrei" erantzuteko hartu du erabakia Errusiako presidenteak: "disuazio-indarrak" alerta gorenean jarri ditu, arma nuklearraren mehatxua zabalduz.

Telebista bidez zabalduriko adierazpen baten bidez jakinarazi du pauso berri hau otsailaren 27 honetan. Ez da lehen aldia nuklearra erabiltzeko mehatxua zabaltzen duela Vladimir Putinek. Ostegunean jada ondokoa adierazi zuen: [Mendebaldearen jarreraren parean] "Errusiaren erantzuna berehalakoa izanen da eta inoiz ikusi gabeko ondorioak eragingo ditu".

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak gogorki kritikatu du igande honetako erabakia: jarrera "arduragabea" dela dio, "erretorika arriskutsua" dela gehituz.

Bizkitartean, Errusiak eta Ukrainak baieztatu dute elkarrizketak abiatuko dituztela. Ukraina eta Bielorrusiaren arteko mugan bilduko dira gaur berean.

Ukrainako Gobernuak baieztatu du Errusiarekin negoziatuko duela

Ukrainako Gobernuak jakinarazi du Errusiarekin negoziatzeko ordezkaritza bidaliko duela Ukraina-Bielorrusia mugara, Pripiat ibaitik hurbileko leku batera. Volodimir Zelenski presidenteak Telegram kanal ofizialaren bitartez eman du albistea.

Milaka lagun bildu da EAEko hiriburuetan, "bakearen alde eta errusiar inbasioaren aurka"

Ukraina-Euskadi elkarteak deituta, manifestazioak egin dira igandean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Bakearen aldeko oihuak izan dira nagusi. Parte hartzaileek "errusiar inbasioaren aurka" egin dute, eta Errusiaren aurka "zigor gogorragoak aplikatzeko" eskatu.

368.000 errefuxiatu, NBEren arabera

NBEren ACNUR agentziaren arabera, 368.000 herritarrek ihes egin dute Ukrainatik Polonia (150.000 lagun inguruk), Errumania (43.000), Hungaria, Moldavia eta beste herrialde batzuetara.

Kubako Gobernuaren oharra

Kubako Gobernuaren hitzetan, AEBek eraman dute Ukrainako egoera eszenatoki honetara, "tematurik dagoelako NATOren hedatze progresiboarekin, Errusiako Federazioaren mugetarantz". Habanak dio ez dagoela jakiterik honek guztiak zein ondorio ekarriko dituen, baina "saihestu ahal izan zela".

Bestalde, Europak bizi duen "krisiaren" gainean, konponbide diplomatiko "serio, eraikitzaile eta errealista" baten alde egiten duela adierazi du Kubako Gobernuak, "bitarteko baketsuen bidez, guztion segurtasuna eta subiranotasuna bermatuko duena, baita bakea, egonkortasuna eta eskualdeko zein nazioarteko segurtasuna ere".

 

Errusiar tropak Karkhiv hirian sartu dira

Karkhiv, Ukrainako bigarren hiririk handiena biztanle kopuruari dagokionez (1,5 milioi), Errusiako mugatik 30 kilometro ingurura dago. Duela bi egunetik leherketa gogorrak izan dira bertan, eta agintariek jakinarazi dute errusiar ibilgailuak jada barruan direla. Karkhiv-eko alkateak adierazi du hiriko kaleetan ari direla borrokan, baina kontrola Ukrainako gobernuaren esku dagoela oraindik. Herritarrei dei egin die babesean gorde eta kalera ez ateratzeko.

<< <
1 2 3 4
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukraina
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude