Pablo Gonzalez kazetariak hiru egun daramatza inkomunikatuta Polonian

  • Elantxoben bizi den Pablo Gonzalez kazetaria eta EHUko doktoregaia otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik oso gertu. Aste batzuk lehenago Ukrainako zerbitzu sekretuek galdekatu zuten eta "errusiazale" izatea leporatu zioten. Hiru egun daramatza inkomunikatuta, inork haren berririk izan gabe.


2022ko martxoaren 02an - 12:54

Otsailaren hasieran Pablo Gonzalez Donbassen zegoen, kazetari gehiagorekin batera, hango egoeraz eta gerraz informatzeko. Artean, Errusiak ez zuen Ukraina osoaren aurkako erasoa abiatu. Orduan, Ukrainako zerbitzu sekretuak Gonzalezekin eta beste bi kazetarirekin harremanetan jarri ziren, Kievera ahalik eta lasterren joateko eskatu zieten galdera batzuk egiteko.

Kievera joan eta Ukrainako segurtasun zerbitzuek galderak eta zenbait akusazio egin zizkioten hiru orduz. Pablo Gonzalezi "errusiazalea" izatea leporatu zioten. Ukrainako Poliziak hiru eguneko epean herrialdetik joateko aholkatu zion, nahiz eta kanporatzeko agindurik ez zuen

Bitartean, Espainiako zerbitzu sekretuak Gonzalezen zenbait lagun eta senideren etxeetara joan ziren Euskal Herrian eta Katalunian.

Publico hedabideak jakinarazi duenez, Espainiako poliziek egiaztatu nahi zuten ea Gonzalez "errusiazalea" ote zen, baita "Errusiari informazioa pasatzen ote dion" ere. Senideei jakinarazi zieten Ukrainako agenteek kazetariari leporatu ziotela Garan lan egin izana, "ETAren aldeko hedabide bat, Errusiak diruz lagundutakoa".

Egoera ikusita, Gonzalezek Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, harik eta otsailaren 25ean Ukrainako gerra piztu zen arte. Orduan, Varsoviara joan zen migrazio-krisiaz informatzera; eta han zegoela, otsailaren 28an, Poloniako segurtasun-zerbitzuek atxilotu egin zuten Rzeszow hirian, Ukrainako mugatik gertu.

Ukrainara egindako bidaian Gonzalezekin batera zegoen kazetarietako batek Publicori adierazi dionez, Ukrainako inteligentzia-zerbitzuek Espainiakoei eta gero Poloniakoei egindako jarraipen-eskaeraren ondorio da atxiloketa. Oraingoz, "Poloniako Estatuaren interesen aurkako ekintzak" egotzi dizkiotela baino ez da ezagutzera eman. Pablo Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyeren ustez, inkomunikazioak atxilotuaren "borondatea haustea" eta informaziorik ez lortzea beste helbururik ez du.

Pablo Gonzalez aske uzteko eskatu du azken egunetan Euskal Herriko kazetari eta herritar andanak sare sozialen bitartez, Espainiako Gobernuaren isiltasuna salatzearekin batera. Kazetarien Euskal Elkargoak atxiloketa "demokraziaren aurkako irain barkaezina eta lanbide osoaren aurkako zapalketa" dela adierazi du, eta ildo horretan ere, nazioarteko hainbat kazetari-elkartek hitz egin dute, hala nola Informazio Askatasunaren aldeko Plataformak (PLI), Nazioarteko Prentsa Institutuak (IPI) edo Mugarik Gabeko Erreportariek.

"Polonian atxilotu duten Elantxobeko Pablo Gonzalezen egoeraren gainean dago Eusko Jaurlaritza", adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


2024-02-22 | Gedar
Absolbitu egin dituzte 'Cubainformación'-eko kazetari bat eta Euskadi-Cuba elkartea

Aurreko astean, Madrilen epaitu zituzten José Manzaneda kazetaria eta Euskadi-Cubako legezko ordezkaritza, artikulu baten harira: AEBen blokeoaz hitz egiten zen idatzian. Sei urteko espetxe-zigorra eta 70.000 euro inguruko zigor ekonomikoa eskatzen zituen akusazio... [+]


2024-02-16 | Axier Lopez
Pablo González kazetariari espetxealdia luzatu diote zortzigarren aldiz

Hilaren 28an bi urte beteko ditu Poloniako kartzelan Euskal Herriko kazetariak. Poloniako justiziak ostegun honetan erabaki du beste hiru hilabetez luzatzea behin behineko espetxealdia.


Cubainformación eta Euskadi-Cuba elkarteko kideei sei urteko kartzela zigorra ezarri nahi diete

Akusazio partikularrak 50.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu du Cubainformacióneko José Manzaneda kazetariaren aurka, erreportaje batean emandako edukiagatik.


Eguneraketa berriak daude