Beste baterako


2023ko urtarrilaren 23an - 06:48

Gogoeta eta eztabaida interesgarria egiteko aukera bikaina izan zitekeena, azkenean, agitprop-ekitaldi okagarrian geratu da.

Egia esan, apenas har zitekeen albistetzat: urtearen hastapenarekin, Txinako Estatistika Bulego Nazionalak herrialdeko biztanleriaren zenbatespena argitaratu zuen pasa den astean: aurreko urtean baino 850.000 biztanle gutxiago zituen munduko herrialde populatuenak 2022 amaitzean. Bertako azken populazio-errolda nazionala 2020ko azaroaren 1ekoa izanik, kalkulua oso doitua dela pentsatu behar da.

Emaitza, bestalde, aspalditik egiten ari ziren aurreikuspenak berrestera zetorren: hazkunde negatiboko aro bati ekin dio Txinako demografiak. Horrelakoetan ohikoa ez ezik ezinbestekoa denez, urte dezente edo asko iraungo duena. Iazko populazio-galera horren zergati nagusiari erreparatu besterik ez dago: 10,62 milioi haur jaio ziren Txinan 2021ean, eta 9,56 milioi 2022an. Galera orokorra baino koska handiagoa legoke jaiotzetan.

Eta horren zergatiak ere ez dira batere misteriotsuak, gaingiroki: amatasunak betebeharra eta halabeharra izateari utzi dionetik, goi-hezkuntza egitate orokorra bihurtzen ari denean, etxebizitza garestia eta soldatak mugatuak direnean... jaiotzak bakandu egiten dira. Hemen eta Beijingen. Doitu liteke analisia, hala ere, beta hartuta. Aurreikusi baino lehentxeago (2025erako kalkulatzen zen usu, oraintsu arte) gertatu izana litzateke benetako albistea, izatekotan.

Horrek adieraziko lukeen abiadurari egin beharko litzaioke kasu, batik bat. Eta historian lehen aldiz, Txinako populazioaren murrizketa (hainbat aldiz gertatu dena) katastrofe natural nahiz artifizialen, goseteen, gerren eta antzekoen ondorio ez izateari. Edo Txinaren kontinente-tasuna (gizateriaren seirenaz ari gara) gogoan izanda, horrek iradokitzen duen mundu-mailako gogoetari. Eta azken batean, hori guztia ote den ona, txarra, axolarik gabekoa edo "auskalo", ematen zaion erantzunaren arabera. Eta zer ondorio izan ditzakeen epe motzera nahiz ertainera, gizartean, ekonomian, ideologian...

Horren ordez, seriotasun-itxurako agitprop-kanpainatxo batean amildu gaia, Txinaren betiereko katastrofe-igarleen eta hartarako dauden eledun txinatarren artean. Arrunkerien kopiatu eta itsatsi hutsa izan ez denean. Errematerako, Paul Krugman bezalakoek, abagunea aprobetxatu nahi izan dute betiko larrera itzuli eta noren alde eta noren kontra dauden gogora dezagun: Txinak emandako datuak ez omen dira sinesgarriak. Gustukoak ez zaizkien guztietan bezala.

Gogoeta, beste baterako geratu da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude