Bernedoko hezitzaileen aurkako salaketa publikoak zabaldu dira azken asteetan, besteak beste, nerabeak dutxa mistoak izatera "behartzeagatik". Hezitzaileek gezurtatu egin dute halakorik zein gazteekiko tratu okerrik, eta gaitzetsi dute "mezu transfoboak zabaltzeko udalekuetako jarduna" erabili izana: "Gure hezkuntza-proiektua balio transfeministetan oinarritzen da, eta identitate eta gorputz guztientzat gune seguruak sortzea du helburu".
Dutxak eta logelak mistoak izatera “behartzeagatik”, nerabeak “inkomunikatuta” edukitzeagatik eta “medikuarenera eraman nahi ez izateagatik”... Bernedoko (Araba) euskal udalekuetako hezitzaileei zenbait portaera leporatu dizkiete sare sozialetan, eta hezitzaileek euren irakurketa argitaratu dute orain, leporatutakoa gezurtatzeko, eta “haur eta gazteen ongizateari eta familien konfiantzari” ematen dieten garrantziagatik. Gogorarazi dute adin txikikoez ari direla eta “ardura” dutela “gaia tentuz tratatzeko”, izan ere, kritikatu dute zenbait hedabidetan “sentsazionalismoa eta morboa” sustatu dituztela gaia jorratzerakoan.
15 urteko alaba udaleku horietara eraman zuen ama baten salaketa publikoaren harira piztu dira hezitzaileen aurkako mezuak, eta sare sozialetan gero eta gehiago zabaldu dira salaketak. “Errealitatetik oso urrun dagoen kontakizun batetik abiatu da, udalekuetako jarduna mezu transfoboak zabaltzeko”, azaldu dute Bernedoko hezitzaileek ohar batean. Gaitzetsi egin dituzte komunikazio bide pribatu eta publikoetatik jasotako “hezitzaileen aurkako mezuak, erasoak eta difamazioa helburu zituzten diskurtsoak”. Batik bat eraso transfoboak salatu dituzte, dutxa mistoen harira “gorroto mezuak zabaldu direlako sare sozialetan zein hedabideetan”. Halere, eskerrak eman dizkiete babesa adierazi dieten haur, gazte eta gertukoei, eta nabarmendu dute mezu positiboak gehiago izan direla gorroto mezuak baino. Ziurtatu dute gurasoen behar eta zalantzei “erantzun indibidualizatuak” eman dizkietela uneoro.
Bernedoko hezitzaileek gezurtatu egin dute nerabeen aurkako tratu okerrik, eta berretsi dute euren lana “arduraz eta profesionaltasunez” egiten dutela, “haur eta gazteen beharrak erdigunean jarrita”: “Argitaratu diren gezurren aurrean, esan gabe doa haur eta gazteak etengabe edukitzen ditugula zainduta eta txanda bakoitzean hamaika bisita egiten ditugula medikuarenera”. Izan ere, nerabeak medikuarenera ez eramatea leporatu diete hezitzaileei, baita gazteak “inkomunikatuta” izatea ere. Azken horri lotuta, azaldu dute gurasoei eta gazteei aldez aurretik jakinarazten zaiela ez dela deirik egongo udalekuek irauten duten bi asteetan; gutunak bidaltzeko aukera dute, udalekuetan ohikoa den bezala. “Edonola ere, beharrezkoa den kasuetan berehala jartzen gara familiekin harremanetan, eta haur eta gazteei ere eskaintzen diegu horretarako aukera hala behar denean”, gehitu dute oharrean.
Dutxa mistoek eragindako “gorroto-mezuei” erantzunez, Bernedoko hezitzaileek oroitarazi dute euren hezkuntza-proiektua balio transfeministetan oinarritzen dela: “Espazio mistoekin haur eta gazte guztientzako leku seguruak bermatzea da gure egitekoa, aldez aurretiko genero-identifikazio beharrik gabe”. Gizarteko binarismoak eragindako diskriminazioa hautsi nahi dute horrela, eta “proposamen politiko, beraz, etiko” hori haur eta nerabeekin berariaz lantzen dutela eta hausnarketarako baliabideak ematen dizkietela ziurtatu dute; “haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta sakon lantzeko denbora hartzen dugu”.
Alegia, identitate eta gorputz aniztasunak sor dezakeen “deserosotasuna” heziketarako tresna gisa darabilte udalekuetan. Dutxen kasuan, “higienerako leku soil izateaz harago, gorputz guztiak normalizatzeko, estigmak apurtzeko eta lotsatik eta sexualizaziotik askatzeko aukera bat” direla sinesten dute Bernedoko udalekuetan. Jakitun dira gizarte honetan biluztasuna sexualizazioarekin lotzen dela, eta horregatik saiatzen dira hori ere lantzen, oharrean adierazi dutenez: “Biluztasunaren eta generoen arteko harremanaren desexualizazioa lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu hainbat biolentzia motatatik babesteko, eta sinesten dugu dutxa mistoak sexualizazio hori deseraikitzeko leku izan daitezkeela”.
Lanketa horren harira, Bernedoko hezitzaileei publikoki leporatu diete “15 urteko neskak mutilekin batera dutxatzera behartu” izana, baita hezitzaileak eurekin dutxatzea kritikatu ere. Hezitzaileek argitu dutenez, ez dute inor “behartzen” horretara, eta haur eta gazteen “segurtasun eta ongizaterako arduraz eta konpromisoz” aritzen dira: “Biluztasunak duen karga sozialak haur eta gazteengan deserosotasunak sor ditzakeela jakinda jarduten dugu. Espazio seguruak sortzeko bermeak jartzen ahalegintzen gara, dutxak ere, ekintza oro bezala, gainbegiratuz eta zainduz: ez dugu inor behartzen besteen aurrean biluztera, eta akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen ditugu kasu bakoitzean”, baieztatu dute.
Ertzaintza Bernedoko “gertakari batzuk ikertzen” ari dela jakinarazi zuen ostegunean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, baina ez zuen xehetasun gehiagorik eman, adin txikikoak tartean daudela argudiatuta. Ziurtatu du Ertzaintzan ez dela salaketarik jarri.
Bernedoko Euskal Udalekuen proiektuak jada 50 urteko ibilbidea du, eta azken asteetako salaketen aurrean, hezitzaileek beharra sentitu dute proiektuaren jatorria eta helburua gogorarazteko: “Gurea feminismoa, euskara eta auzolana oinarri dituen proiektu autogestionatua da. Euskal Herriko haur eta gazteei balio horietan oinarritutako udalekuak eskaintzen dizkiegu, ahalik eta preziorik eskuragarrienean, hezitzaileen urte osoko borondatezko lanari esker”.
Aisialdi parte-hartzailea eta hezkuntza eraldatzailerako eremua eskaini nahi dute, haur eta gazteen gozamena eta heziketa helburu. Azaldu dute udaleku hauetan ekarpen, kezka eta zalantza oro ongi etorria dela, “etengabe moldatzen den proiektu bizi bat izaki”. Proiektuarekin bat egin dutenei eta salaketen aurrean babesa eskaini dietenei eskerrak eman dizkiete. Bernedoko hezitzaileek berretsi dute proiektua aurrera ateratzeko lanean jarraituko dutela: “Komunitate osoaren konpromisoa ezinbestekoa da horretarako”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 60 gazte elkarte inguruk osatzen duten erakundea da Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Jaurlaritzaren barruan kokatua, eskubide publikoko elkartea baita. Ohar batean gaitzespena adierazi dute Bernedoko udalekuetan publikoki salatutako "ustezko gertakarien" aurrean. Gazteei eta haien familiei "hurbiltasun eta babes osoa" helarazi die EGK-ko presidente Iratxe Uriartek, eta azpimarratu du funtsezkoa dela "gertaerak zehatz-mehatz argitu arte itxarotea". Halere, adierazi dute pertsonen "segurtasuna, intimitatea edo duintasuna" ezin direla arriskuan jarri astialdi hezigarrietan.
EGKtik gogorarazi dute astialdi hezigarria balio hauetan oinarritzen dela: "Berdintasuna, autonomia, parte-hartze aktiboa, inklusioa eta aniztasuna". Uriartek berretsi du EGK-k konpromisoa duela espazio "seguruak, inklusiboak eta errespetuzkoak" sustatzen, eta haur eta gazteak babesteko begiraleen gainbegiratze eta prestakuntza protokoloak martxan dituztela EAEko talde gehienetan. Boluntario eta begiraleen lana goraipatu dute, espazio horiek eraikitzeko hartzen duten konpromisoagatik.