Berlin 36: Jesse Owensek nazismoaren Joko Olinpikoak "zikindu" zituen

  • Berlin, 1936. Helena Mayer alemaniarrak zilarrezko domina irabazi du esgriman. Ikuslez lepo dagoen Berlingo estadioan zintzilikatu diote. Adolf Hitler ere bertan dago. Urrezko domina Elek-Schacherer hungariarrak irabazi du eta bere herrialdeko ereserkia jotzen hasi direnean podiumera igo diren hiru atletak (Schacherer, Mayer eta Ellen Preiss austriarra) Hungariako banderari begira jarri dira. Une horretantxe Mayerrek eskuin besoa altxa eta agur nazia egin du. Publikoak agurra errepikatu du. Estadioa bor-borka dago.


2006ko uztailaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
1936ko Berlingo Joko Olinpiarretako kartel ofiziala.

Beste edozein atleta alemaniar izan balitz normala litzateke. Alderdi Naziak ideal nazional-sozialistak harrotasunez zabaltzeko antolatu ditu Joko Olinpiar hauek eta Joseph Paul Goebbelsen gidaritzapean, aparatu propagandistikoak lan oso ona egin du. Baina besoa luzatu duen atleta Helena Mayer da. Alemaniako Offenbach herrian jaio arren Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, bere jaioterriko esgrima eskolatik bidali egin baitzuten. Judua da. Eta juduak arraza arioaren etsaiak dira; guztiok dakigu hori. Baina Joko Olinpiarretan nazismoak bere aurpegirik “zintzoena” erakutsi nahi du eta hainbat atleta juduri selekzioarekin parte hartzeko eskatu die. Trukean, herritar arioen moduan tratatuko dituzte. Mayerrek onartu du eta, nonbait, esker ona erakutsi nahi izan dio führer eskuzabalari.

Oscar Moreno eta Jordi Mayoral historialariek Kataluniako Sapiens aldizkarian idatzitako Jueus al servei de Hitler (Juduak Hitlerren zerbitzura) erreportajean dioten moduan, 1931n, Berlin 1936ko Joko Olinpiarrak jasotzeko aukeratu zutenean, inor gutxik espero zuen euren erabilera propagandistikoa zela-eta nabarmenduko zirenik, baina mundu osoko herritarrak aurki konturatu ziren etor zitekeenaz. 1919an sortutako Alderdi Nazia indarrez sartu zen politikaren esparruan 30eko hamarkada hasieran eta 1933an Adolf Hitler alderdiko burua kantziler izendatu zuten. Apurka-apurka, Estatuak eskaintzen zituen tresna demokratikoak abileziaz erabilita, Alderdi Nazia ideal nazional-sozialista bazter guztietan txertatzen hasi zen. Aberriarekiko harrotasuna lau haizetara zabaltzen zuen eta sentimendu horrek alemaniarrak erakarri zituen.

Dena den, munduaren begietara nazismoak bestelako irudia zuen eta Joko Olinpiarrak aitzakia ederra ziren Alemania Berriaren aurpegirik zintzoena erakusteko. Joseph Paul Goebbels aparatu propagandistikoaren burua arduratu zen horretaz. Alemaniak bere irudia apur bat garbitu zuen (juduei jokoetan parte hartzen utzita, adibidez), baina argi zegoen ekitaldi erraldoi horrek euren ideiak barreiatzeko eskaintzen zien aukera ez zutela alferrik galtzen utziko. Jokoen harira, eredu greko-erromatarretan oinarritutako artea berreskuratu zuen nazismoak, maila goreneko arrazaren erakusgarri; eta kirolariak ziren eredu horren isla: ilehoriak, altuak, indartsuak… ederrak. Jokoen kartelak ere (goiko irudian) nazismoaren idealak jasotzen zituen.

Nazismoaren aurkako jokoak, faxisten eskuetan hilda

Joseph P. Goebbelsek maisutasunez erabili zituen prentsa, irratia eta zinema. Herritarrak konbentzitzea zuen xede eta Alderdi Naziak bere mitinetan biltzen zuen jendetzak helburua lortu zuela erakusten du. Inperialismo alemaniarraren suspertzearen aurrean, AEB, Frantzia eta Britainia Handia beldur ziren eta Joko Olinpiarrek izan zezaketen erabilera propagandistikoaz jakitun, Alemaniak atleten segurtasuna bermatzeko eta arraza-segregaziorik ez izateko eskatu zioten Nazioarteko Batzorde Olinpiarrari (NBO). Artean, Hitlerrek Alemaniako antolakuntza batzordeko presidente Theodore Lewald kargutik kendu nahi izan zuen, sustrai juduak zituelako, baina NBO erakundeak halakorik egitea eragotzi zion. Bestalde, Bartzelonan Herri Olinpiadak antolatu zituzten. Izaera antifaxista zuten joko alternatibo horiek ordea, 1936ko uztailaren 19an hastekoak ziren eta egun bat lehenago Espainiako Gerra Zibila lehertu zen. Ondorioz, jokoak bertan behera geratu ziren. Ekimenak Kataluniako, Espainiako eta Frantziako Gobernuen babesa izan zuen eta orotara 23 herrialdetako sei mila kirolarik hartu behar zuten parte. Kataluniak, Galiziak eta Euskal Herriak ordezkaritza propioa zuten.

Edertasunaren eta nazioen festa

Erregimen nazia indar osoz ahalegindu zen Alemania Berriaren aurpegi onena erakusten. Hogeita hamar milioi dolar xahutu zituen: 110.000 laguntzentzako estadioa, kirol desberdinak jasotzeko instalakuntzak eta luxuzko hiri olinpiarra eraiki zituen. Gainera, helmugetarako argazki-sistema berria (foto finish) eta estadioan kamera-zirkuitu itxia estreinatu zituen, besteak beste.

Telebistaz eskaini zituzten aurreneko joko olinpiarrak izan ziren baina seinalea lokala zenez, irrati bidez zabaldu ziren gehien. Berrogei herrialdetara iritsi zen irratiaren seinalea. Berlingo etxeetan telebistarik ez zegoenez, hiri horretako antzokietan pantaila erraldoiak jarri zituzten. Bestalde, Leni Riefenstahl zinemagileak zinemagintzaren historiako maisulanetako bat filmatu zuen: Olympia. Filmak bi zati zituen –Fest der Schömheit (Edertasunaren festa) eta Fest der Völker (Nazioen festa)- eta ideologia nazia helburu propagandistiko nabarmenekin islatzen zuen.

Pierre de Coubertin baroiaren hutsunea

1936ko abuztuaren 1ean Adolf Hitlerrek ordura arteko joko olinpiko onenak ireki zituen. Hogeitamar tronpeten soinuaz lagundurik, Deutschland Über Allesen gerizpean sartu zen estadiora eta besoa altxatuz ‘Heil Hitler!’ agurtu zuten 110.000 ikusle suharrek. Une horretantxe sugar olinpikoa sartu zen eta hiru mila kantarik Richard Straussek konposaturiko Alemaniako ereserkia abestu zuten. Ondoren Alderdi Naziaren ereserkia interpretatu zuten eta amaitzean kanpai handi baten soinu hotsak entzun ziren. Hitlerren Gaztediaren desfilea hasi zen orduan. Palkuan agintari ugari zegoen baina hutsune garrantzitsuak ere bazeuden: Pierre de Coubertin baroia, joko olinpiko modernoen aita, ez zen azaldu, ekitaldia inguratzen zuen parafernalia ez baitzuen gustuko.

Arrakasta handia eta elementu erreboltari bat: Jesse Owens
Jesse Owens, erdian.

Kontuak kontu, Joko Olinpikoek antolaketa bikaina izan zuten eta sortu zuen ikusminari esker, nazismoa indartuta atera zen. Alemaniak, gainera, domina ugari lortu zituen: urrezko 33, zilarrezko 26 eta brontzezko 30. Inork baino gehiago. Hori guztia herritarrak sarean harrapatzeko gutxi balitz, Helena Mayerrek lortutako zilarrezko dominak ukitu ederra eman zien Joko Olinpikoei, Hitlerren gozamenerako. Führer-ak domina irabazi zuten kirolari guztiak zoriondu zituen, altuera-jauzian nagusitu zen Cornelius Johnson atleta estatubatuar beltza izan ezik. Hala ere, ez zion hark eman buruhauste gehien, Jesse Owensek baizik.

Alabaman (AEB) jaiotako atleta beltzak parte hartu zuen froga guztietan irabazi zuen: 100 metro, 200 metro, 4x100m eta luzera-jauzian. Jokoetan amateur bezala lehiatu arren arerio alemaniar guztiak umiliatu zituen. Estadioan bildutako jendetzak biziki txalotu zuen eta luzera-saltoan zilarrezko domina eskuratu zuen Carl Luz Long alemaniarrak bostekoa luzatu zion. Hitlerrek, ordea, haserrealdi galanta hartu zuen. Batzuentzat, Jesse Owensen garaipen horiek nazismoaren lehenengo porrot ideologikoa ekarri zuten.

Berlingo Joko Olinpikoei buruzko informazio gehiago:


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eguneraketa berriak daude