Gaur, apirilak 8, lau urte beteko dira euskal gizarte zibilak bakea eraikitzeko prozesuan hartu duen ekimenik garrantzitsuena burutu zuenetik: ETAren armagabetze zibila erraztea. Hamabi hilabete geroago Kanboko nazioarteko konferentzian ETAren desegitea egiaztatu ahal izateko urrats erabakigarria izan zen.
Ekimen arriskutsua, ezbairik gabe. Ipar Euskal Herritik Bake Artisauak eta Bake Bideak (Foro Sozialeko partaidea) elkarteek erraztatzaile lanak egin zituzten eta nazioarteko komunitatearen eta, bereziki, Nazioarteko Egiaztapen Batzordearen (CIV) babesa izan zuten.
2021ean 10 urte beteko dira Aieteko Nazioarteko Konferentziatik, Lokarrik antolatu zuena eta urte batzuk lehenagotik aktore asko egiten ari ziren lan diskretua azaleratu zuena. Une egokia da, beraz, gizarte zibilak prozesu honi egiten dion ekarpenean arreta jartzeko. Izan ere, gizarte zibilaren inplikazio-maila horren ondorioz, prozesu hau oso berezitzat hartzen da gatazken konponbidean aritzen diren nazioarteko eragileen ikuspegitik.
“Bakea eraikitzeko prozesuaz” ari gara —Paul Ríosek sortu zuen termino hori—, “bake prozesu” termino klasikoak ez baitu beharrezko adostasunik sortzen. Hain zuzen ere, ohiko bake prozesu gehienetan —negoziazio-mahaia, nazioarteko bermatzaileak eta akordio solemneak—, ondorengo balantzeetan behin eta berriz agertzen den alderdi negatiboetako bat gizarteari utzitako ikusle izaera da. Hala, prozesu horiek zailtasunak dituztenean, zuzeneko ondorioa da eragile sozialek jarrera pasiboa hartzen dutela.
"Gizarte zibilaren inplikazio-maila horren ondorioz, prozesu hau oso berezitzat hartzen da gatazken konponbidean aritzen diren nazioarteko eragileen ikuspegitik"
Honekin lotuta, hiru ikaskuntza nabarmendu nahi ditugu gaur:
Gizarte zibilaren eginkizuna
Euskal kasuan, Aiete-Oslo prozesuak huts egin ondoren, gizarte zibilak erabakitzen du ikusle izatetik aktore izatera pasatzea. Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako 2013ko Foro Sozialak utzitako gomendioen inguruan lehen akordio politiko eta sozial zabala lortu zen. Ipar Euskal Herrian, 2014. urtean, Baionako Akordioak ibilbide-orri propioa adostu zuen.
Gizarte zibila Aiete-Osloko prozesura iritsi ahal izateko baldintzak —objektiboak eta subjektiboak— sortzen lagundu zuen eragile aktiboa izan bazen, 2013az geroztik indarkeria zikloaren ondorioak konpontzen lagundu duen eragile bihurtu da.
Egin diren bost Foro Sozialen gomendioei esker prozesuaren motorrak martxan jarraitu ahal izan du, gripatuta geratzen zen une guztietan olioztatzen lagunduz. Laburbilduz: III. Foro Sozialak (2016) gizarte zibilaren eskutik etorriko zen armagabetze baten bidez blokeoa gainditzea proposatu zuen; Berghof Foundation-ek Gernikan aurkeztu zuen proposamen berritzaile honek, aurkezpen diskretuak egiten genituenean, zur eta lur uzten zituen nazioarteko aktoreak eta bertako eragile instituzional, politiko eta sindikalak. Beste aldetik, II. (2014) eta IV. (2017-2018) Foro Sozialetan ekarpena presoen, iheslarien eta deportatuen birgizarteratze prozesuari lotuta egon zen —gaur egun lehen emaitzak ikusten hasi gara—, eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari buruzkoa izan zen V. Foro Sozialak (2018) egin zuen ekarpena.
Aldebikotasunetik aldeaniztasunera, aldebakartasunetik pasatuz
Ohiko bake akordioak nazioarteko bermatzaileen partaidetzarekin egindako aldebiko akordio batetik abiatzen dira, baina hemen gure prozesua hiru faseetatik igaro da eta zerra hortzen forma hartu du.
Aiete-Oslo prozesua aldebikotasunaren ondorioa izan zen, baina ondoren sortu zen blokeoak alde bati bultzatu zion aldebakarreko urratsak ematera, ondoren beste urrats batzuk egin ahal izateko baldintzak sortzeko helburuarekin.
Eta dinamika horrek gaur egungo paradigmaraino ekarri gaitu, askatzeko geratzen diren hiru korapilotan: biktima guztien eskubideak; presoak, iheslariak eta deportatuak; eta memoria kritiko inklusiboa. Gaur egun, prozesu aldeaniztun batean gaude, zeinean eragile instituzional, politiko, sozial eta sindikalak ekarpen ugari egiten ari diren. Horren adibide dira aipatutako lehen bi korapiloei dagokienez instituzioetan eta adierazpen publikoen bidez egindako hainbat eta hainbat akordio.
2017az geroztik, ordura arte kanpoan geratzen ziren beste sektore politiko eta sindikal batzuk sartu dira akordio horietan. Horren adibide dira “Konpromiso Soziala” parte hartze prozesuan jasotzen ari garen ekarpenak.
Triangulaziotik mikro-akordioetara
Herri konplexu batean bizi gara, bakoitzak eraman behar duen motxilak pisu handia du, mesfidantzak gurutzatzen dira, eta horrek guztiak asko zailtzen du akordio sendoak lortzea.
Hala ere, armagabetze zibilarekin eta, neurri txikiagoan, desegitearekin, erakundeen, gizarte zibilaren eta nazioarteko komunitatearen arteko akordioen triangulazioaren bidez lortu zen arrakastaren bermea izatea. Lan honetan hiru aktore horiek, une batez mesfidantzak alde batera utzita, elkarrekin gauza handiak lor ditzaketela frogatu zuten.
Eta egoera horretan, 2018az geroztik, aurrera egiteko metodo positiboa da mikro-akordioen bidea. Duela lau urte, inork imajinatu al zezakeen alderdi guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak aitortzea biktima guztiei? Edo preso dauden pertsonei buruz dagoeneko finkatuta dauden akordioak? Edo Mikel Zabalzaren kasuari buruz orain egin diren akordioak?
"Asko aurreratu da. Eta garrantzitsuagoa dena, konponbide-metodo bat tresna egoki gisa finkatu da: eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen arteko adostasunak"
Jakin badakigu aktore batzuek baikorregiak izateagatik kritikatzen gaituztela, baina objektiboak izanik, asko aurreratu da. Eta garrantzitsuagoa dena, konponbide-metodo bat tresna egoki gisa finkatu da: eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen arteko adostasunak.
Adostasun horiek eraikitzea hari fin, zuhur eta diskretuz egindako ehungintza lan baten emaitza izan da, fokuetatik urrun, bai erakundeen barruan bai kanpoan, eta topagune eta elkarrizketa gune publiko eta pribatuak sortu ditu.
Elkargune horiek, zailtasunak zailtasun, konfiantza esparruak sortu dituzte, eta eragileek bereizten dituenaren aurrean batzen dituenari balioa ematen jakin dute. Adostasun horiek testuinguru egokian hainbat modutan eszenaratzeko baldintza objektiboak sortu dituzten espazioak izan dira.
Foro Sozial Iraunkorrak uste osoa du ezen, “sukaldaritzako” lan zuhur eta errazte luze hori gabe, zailagoa izango zela aipatutako puntuetan gaur egun dauden adostasunetara iristea.
Ez gara inozoak. Badakigu kontakizunaren batailak prozesua baldintzatzen jarraitzen duela, eta hirugarren korapiloan aurrerapenak egitea eragozten dituela, memoria kritiko inklusiboan, alegia. Esperientziaz dakigu desadostasunek oihartzun mediatiko handiagoa dutela akordioek baino.
Baina honaino iritsi gara, hain zuzen ere, gizarte gisa izan dugun pertseberantziagatik. Etsipena alde batera uzteagatik. 2021ean lanean jarraitzen dugu bakea eraikitzeko prozesuak urrats gehiago eman ditzan. Gizarte-kohesioak exijitzen digu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.
Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]
Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.
Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]
Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]
Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]
Ez naiz buruan ideia hau darabilen bakarra, asko gara munduan Whatsapp eta Telegram mezularitza aplikazioak hartzen ari diren botereaz kontziente bide hori jorratu nahi dugunak.
Familia, lagunak, komunitateak, lana, komunikabideak... Mezularitza aplikazioekin dena dugu... [+]
Hondakinak etorkizuneko material berriak dira. Iragarki marketineroa izan daiteke, baina diseinu eta eraikuntzaren ikerketa munduan sormen bideak irekitzeko aukerak ekarriko ditu, dudarik gabe. Europako hondakinen legedia zorrotz jarriko dela iragartzean, nolabait ulertarazten... [+]
Twerk klasean gertatu zen, Bilbon. Merkataritza-gune batean dago dantza eskola, eta gortinek ez dituzte kristalak erabat tapatzen. Emakumezko lau ikasleok eta irakasleak luzaketak egiten geundela, gure short labur eta top-ak jantzita, bi mutiko hasi zitzaizkigun kristalaren... [+]
Herria astekariaren ez hain aspaldiko aleak irakurtzea aski da antzemateko Mixel Garikoitzek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gizarte nagusiki katolikoan utzitako arrastoaren sakonari.
Ibarreko Garakoitxeko semea, bertze ordezkaririk ez du Iparraldeak Erromako... [+]
Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]
Semea futbol talde batean jolasten da eta, kurtso amaieran jokatutako hamaika torneoren artean, Athletic Cup-era gonbidatu dute bere ekipoa aurten. Txapelketak laurehun talde eta 5.000 futbolari inguru batu ditu; haur eta nerabe, senideak eta lagunak kontatu gabe. Itzelezko... [+]
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]
Gauzak ez dira horrela, baina horrelaxe daude, bai. Euskal erreferente politiko ofizialak Espainiara eta Frantziara begira daude Euskal Herrira bainoago. Estebanek eta Otegik etengabe kontseiluak ematen dizkiote Sánchezi gobernagarritasun modu berriaz eta Espainiako... [+]
Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.
Euskal Herrian ere... [+]