Elikadura eta Laborantza Kontseiluaren sortzearen alde bozkatu dute Euskal Elkargoko hautetsiek

  • Abenduaren 6an iragan da Euskal Hirigune Elkargoko osoko bilkura. 73 delibero baziren. Elikadura eta Laborantza Kontseiluaren sortzeko printzipioak du eztabaida gehienik sortu.

Artikulu hau lizentziari esker ekarri dugu.
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2025eko abenduaren 9an - 10:26
Deliberoak eztabaidak piztu ditu hor ziren hautetsien artean Irulegiko irratia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

92 alde, 78 kontra eta 31 abstentzio. Elikaduraren eta Laborantzaren Kontseiluaren sortzearen alde bozkatu dute Elkargoko hautetsiek osoko bilkuran, baina ez du gehiengo zabala bildu.

Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseilu bat, zerendako?

Hautetsi guziak ados ziren egoeraren analisiarekin: gaur egun laborantza mundua krisian da. Isabelle Pargadek eman ditu azken zenbakiak: 2020an 3777 etxalde ziren Ipar Euskal Herrian, baina aitzineko hamar urteetan, 600 bat etxalde dira desagertu. Horrez gain, etxalde ttipienak dira gehienik hunkituak. Hautetsi guziek argiki erran dute zerbait egin behar dela.

Baina zer da aterabidea? Elkargoko buru den Jean-René Etchegarayen arabera, Elkargoak laborantxaren konpetentzia hartu du eta zilegitasun osoz sortzen ahal du Elikadura eta Laborantza Kontseilu hori. Ideia da laborantxa munduko aktore guzien biltzea hortan, elkar trukaketaren sustatzeko: Elkargoko hautetsiak, sindikatu desberdinak, laborantza ganbarak, MSA bezalako egitura sozialak edota kontsumitzaileak.
Lucien Delgue edota Patrick Etchegaray, Armendaritzeko eta Landibarreko auzapezak, kontseilu berriaren kontra mintzatu dira. Uste dute ez dela hor aterabide ona, ez baitu elkarte berri horrek gauza handirik aldatuko. Patrick Etchegarayk oroitarazi du departamenduko laborantza ganbara jadanik lanean ari zela laborarien alde, eta egitura berri horrek ez zuela zentzurik. Elkargoan den laborantza komisioa azkartzearen kontra ez dela azpimarratu du Patrick Etchegarayk.

Elkarte bat ala erakunde publiko bat?

Juridikoki, elkarte bat izanen da Elikadura eta Laborantza Kontseilua. Erran nahi du ez dela egitura publiko ofiziala izanen. Isabelle Pargadek erran du momentukoz, legez ez zela posible erakunde publiko baten sortzea.

Baina beste batzuendako, argi da hori dela bidea: geroan kontseilu horrek beharko luke erakunde publiko bat bilakatu. Bil Gaiten taldearen barne den Ligiko auzapezak, Peio Quihillaltek, gure mikroan azpimarratu du helburua zutela erakunde publiko horren sortzea, eta buxet bat ukan dezan, Euskararen Erakunde Publikoa duen maneran.

Jean-René Etchegaray aldiz zuhurrago egon da: "momentuan elkarte bat sortzen da, ez dut erraten zer eginen den ondotik. [...] Ez da utzi behar pentsatzen nahi dugula egun batez sortu beste egitura berezi bat, indar juridiko berezi batekilan".

Nolako geroa kontseilu berri horrendako?

Estatus juridikoaren galdera pausatzen baldin bada Elikadura eta Laborantza Kontseilu berriarendako, praktikan nola ibiliko den ere galdezkatzekoa da. Erran behar da FDSEA eta JA sindikatua, departamenduko laborantza ganbara eta prefeta kontra posizionatu direla. Argi utzi dute ez zutela parte hartuko. Iritzi horren lekuko da, osoko bilkura aitzin departamenduko laborantxa ganbarak helarazi duen gutuna. Jakin behar da prefetak ere gutun bat idatzi zuela bere desadostasunaren erakusteko.

Ez da utzi behar pentsatzen nahi dugula egun batez sortu beste egitura berezi bat, indar juridiko berezi batekilan

Jean-René Etchegarayen eta Isabelle Pargaden ustez, orain arte entzun diren iritzi eta posizionamenduak aldatzen ahal dira. Kontseiluaren sortzeko printzipioa bozkatua izan baita, oraindik goiti gomita ofizialak igorri dituzte. Egitura desberdinek parada ukanen dute, nahi badute, parte hartzeko.

Peio Quihillalt Ligiko auzapezak ere uste du geroan hurbiltzen ahalko direla gaur egun kontra direnak, batez ere buxeta baldin badu kontseilu horrek edo biharko egiturak.

Larzabaleko lur desjabetzea aipagai?

Lartzabaleko herritar bar entseatu da hitza hartzen Elkargoko osoko bilkuran, azken punduetariko batean. Hirigintzari lotu delibero bat ze, Larzabaleko lur batzuer buruz. Baina Jean-René Etchegerayk ez du onartu bere mintzatzeko galdea.

Jean-Pierre Saldumbide du izena herritarrak, eta nahi izan du aipatu bere lur batzuk indarrez hartzen dituela elkargoak. Duela guti ere, Larzabaleko esnetegira hurbildu zen arma batekilan, tiroak airera botatuz.

Larzabaleko auzapeza den Christèle Caset-Urrutyk gure mikroan erran du negoziaketak izan zirela, eta nahiz eta proposamen ederrak eginak izan diren, negoziaketa horiek baina ez zutela deus eman.

Jean-Pierre Saldumbidek nahai izan du salatu bere egoera, baina hautetsiak argi izan dira gure mikroan: negoziaketa bururatua da, eta proiektuak aitzina segituko du. Jakin Jean-Pierre Saldumbide auzipetua izanen dela Baiona otsailaren 24an, pasa den buruileko gertakariendako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
Eguneraketa berriak daude