"Askok eskola hautatzeko eskubidea kohesio sozialaren gainetik jartzen dute"

  • Amelia Barquínek, Mondragon Unibertsitateko Kulturarteko Hezkuntzako irakasleak, sare publikoan eta pribatuan arrazoi sozioekonomiko edo kulturalengatik dagoen bereizketa handiaren arrazoiak eta irtenbide posibleak aztertu ditu.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2021eko urtarrilaren 28an - 09:52
"Garai honetan hezkuntza politika konprometituak behar ditugu; paper, txosten, dokumentu eta letra gutxiago eta ekintza gehiago". Argazkia: Alda.

Datuak jakinak dira, eskola eredu segregatzaile bat dugu, baina zeren arabera aztertu behar da? Maila sozioekonomikoa ala gurasoen jatorria (Eusko Jaurlaritzak erabilitako faktorea)?

Datu argiak eta ulergarriak (eta aurreko urteko datuekin konparatzeko modukoak) lortzea ez da erraza segregazioa salatzen duen gizarte zibilarentzat. Hezkuntza administrazioa ez dago desiratzen datuak emateko, urteetan zehar egindako hezkuntza politika segregazionista nabarmen uzten dutelako. Segregazioaren datuak erakundeetan eskatzen dira askotan, parlamentuan adibidez, lortu ahal izateko, eta gerta daiteke, hala ere, denbora asko pasatzea eman arte, eta gainera formatu nahasgarrian eskaintzen dira. Baina errealitatea ikusten da eta segregazioren dinamika areagotzen ari da. Eta duela 15 urte hasi zen salatzen!

Maila sozioekonomikoa eta gurasoen jatorria aipatzen dituzu, eta bi faktoreak hartu behar dira kontuan nire ustez, biak direlako diskriminaziorako ardatzak gure gizartean, eta, gainera, intersekzioa egiten dute ikasle eta familia askoren bizitzan (baina ez guzti-guztietan). Badakigu familien maila sozioekonomikoa faktore erabakiorra dela eta ikasleen errendimenduari lotuta dagoela. Esango nuke ikastetxe eta irakasle ugarik desberdinkeria horrekin sentsibilitate handia garatu dutela eta haien jardueran saiatzen direla desabantaila hori gainditzen laguntzen. Beste batzuk (ez gutxi), berriz, ez daude ahalegin horretan inplikatuta inondik inora, eta horrek ondorioak dauzka desberdinkeria jasaten duten pertsona horientzat.

Bestalde, hainbat ikasle ari dira diskriminazioa pairatzen, ez soilik desabantaila sozioekonomikoarengatik, baizik eta atzerritar edota “arrazialitatu” moduan ikusiak direlako. Baina ez soilik atzerrian jaio direlako, baizik eta hala iruditzen zaigulako besteoi, edo gurasoak atzerritarrak direlako. Izan ere, agian ume eta gazte horiek hemen jaio dira, baina haien izen-abizenak, janzkera, erlijioa edo ezaugarri fisikoen arabera atzerritartzat hartuak dira hemen edo “arrazializatu” moduan, eta diskriminatuak izaten dira horregatik. Gazte batzuk ez dira taberna edo diskoteka batzuetan onartuak, adibidez, haien ezaugarri fisikoengatik, nahiz eta dirua izan sarrera edo tragoak ordaintzeko. Halakoa da gure gizartea. Irakasle batzuek ere behin eta berriz galdetzen diete ikasle batzuei ea nongoak diren, zein den euren izena eta edo ezaugarri fisikoak. Hala, mezu argia transmititzen diete: ez zaituztegu bertoko gisa ikusten, eta ez zaituztegu inoiz hala ikusiko. Adibide pare bat jartzeagatik.

Zein funtzio jokatzen du eskolak gizartea egituratzen? Adiskidetasun sareak, auzo eta herrietako pertsonen arteko harremanak…

Eskolak rol handia jokatzen du. Alde batetik, hezkuntza sistema gizartearen isla eta produktua da, baina alderantziz ere bai: eskolan gertatzen denak gizartean eragin zuzena du. Gure hezkuntza sistema binarioa da momentu honetan: eskola batzuek aniztasun sozioekonomiko, kulturala eta jatorrikoari erantzuna ematen diete (batzuetan pobre, arrazializatu eta atzerritarren kontzentrazioak izateraino) eta beste batzuek soilik zuri autoktono eta klase ertaineko edo altukoak hartzen dituzte geletan, eta gizarte klasista, xenofoboa eta aporofoboaren isla dira.

Bitartasun horrek ondorioak ditu: ume eta gazte batzuek haien ezaugarri sozialak dituztenak baino ez dituzte ezagutzen; pribilegioa dutenek ez dute inoiz tratatu pribilegio horiek ez dituen beste bat. Desabantailan dauden askori antzeko zerbait gertatzen zaie. Gizarte kohesioari begira galera handia da. Bestalde, literatura zientifikoak azaldu du behin eta berriro desabantailan dauden ikasleen kontzentrazioetan ikasle horiek garatzen duten errendimendu akademikoa txikiagoa dela, ingurune heterogeneoago batean lortuko zutena baino. Eta ingurune horretan, abantaila egoeratik abiatzen direnen errendimendua ez litzatekeela horregatik txikiagoa izango. Beraz, ekitatearen kontra jotzen du segregazioak, argi eta garbi. Baina denboraren poderioz areagotzen ari bada, txikiagoa izan beharrean, izango da gizartearen parte handi batek –eta ordezkari politikoek– dagoen sistema ez dutelako aldatu nahi.

"Eskola batzuek familiak aukeratzeko moduak badituzte: nagusia kuota da, alegia, familiei hilero kobratzen zaien diru kopurua. Legeak dio derrigorrezko hezkuntza doakoa izan behar dela, baina legea ez da betetzen"

Zein elementuk ahalbidetzen dute segregazioa?

Eskola batzuek familiak aukeratzeko moduak badituzte: nagusia kuota da, alegia, familiei hilero kobratzen zaien diru kopurua. Legeak dio derrigorrezko hezkuntza doakoa izan behar dela, baina legea ez da betetzen ari eta bere “zaindari” politikoek ez-ikusiarena egiten dute. Eta hiritarrok erabat naturalizatuta daukagu ordainketa hori, “normala” balitz bezala. Sare kontzertatuen eragile batzuek azaltzen dute jasotzen duten dirua ez dela nahikoa eta falta den kopurua familiei kobratu behar zaiela. Kontu hori ganoraz argitu behar da. Bestalde, eskola batek zerbitzu osagarriak jartzen baditu abian, eta kobratu behar baditu, argi dago zer gertatzen den: modu ederra da zerbitzua aberasteko, familiei kobratzeko eta geruza sozial oso bat kanpoan uzteko. Erlijioaren trataera ere izan daiteke familia batzuk uxatzeko modu bat: katolikoak ez diren familiak ez dira ikastetxe kristau guztietan ondo hartuak. Baina ikastetxe publikoen artean ere badago zer hobetu: denek ez dute jarrera berbera eta eskola batzuek kultura inklusiboagoa dute beste batzuek baino.

Hizkuntzen trataera ere segregazio iturri izan daiteke, ikusten dugunez. Nafarroan, ingelesezko eredua kritika handiak jasotzen ari da, ez soilik ikasleak orokorrean ez direlako ingeles maila on bat lortzen ari eta administrazioa hein batean euskara baztertzeko erabiltzen ari delako; sozialki ere ondorioak dauzkalako eta atzerritar familien seme-alabentzat ez delako egokia ez inklusiboa.

Eskolen arteko lehiakortasuna, ikasle berriak lortzeko ahaleginetan. Nola atera dezakegu eskola logika horretatik? Zergatik ez da hau gertatzen hiri bateko Osasun Etxeetan (anbulatorioak)?

Anbulatorioen zerbitzua ez dugu aukeratzen: dagokigun anbulatoriora goaz. Eta ez zaigu gaizki iruditzen. Zergatik? Anbulatorioek eskaintzen duten zerbitzuak antzeko kalitatea duelako. Hori da, azken finean, Finlandian gertatzen dena, ezta? Auzo honetako eskolek eta beste auzo batekoek antzeko kalitatea eskaintzen dute eta orduan zure auzoko eskolara joatea da ohiko jokaera. Gure hezkuntza sisteman ez da hori gertatzen eta eskolek ospe edo irudi desberdina dute. Neurriak hartu behar dira eskola guztiek antzeko kalitate eta izen ona izateko. Ikastetxe bakoitzaren egoera aztertu behar da, baina aniztasunari bizkarra emateak ondorioak izan beharko lituzke ikastetxe horientzat. Eta alderantziz, pobreak, arrazializatuak eta atzerritarrak baino ez dituzten ikastetxeak ez lirateke egon beharko.

Askatasuna eta eskubideak denon ahotan daude. Eskola aukeratzeko eskubidea daukagu gurasook? Ala seme-alabak eskolatzeko betebeharra?

Eragile eta guraso batzuk ari dira “aukeratzeko eskubidea” beste eskubide guztien gainean jartzen, ekitatearen eta kohesio sozialaren gainetik, hain zuzen. Eskubide indibidual eta pertsonala da, nire umearen interesa lehentasun moduan, gizarte neoliberal honetan. Eskubide hori aldarrikatzen dutenak dira, nagusiki, eskola segregatzaileak aukeratzen dituztenak, noski, eta haien ordezkari politikoak. Diru nahikorik ez duen familiak aukeratzeko eskubiderik badauka? Batzuen askatasuna besteen desabantailaren gainean eraikitzen den pribilejio bat da.

Mundu guztiak ez du eskola publikoan sinesten, eta askok horrekiko mesfidantza erakusten dute.

Batzuetan badirudi sare bakoitzaren buruentzat norberaren sarea defendatzea dela lehentasuna. Posizioak ari dira hartzen, datorrenari begira indar jarrerak erakusteko. Zerbait aldatu behar badela esaten badute, sare hori bere horretan mantentzeko helburua du. Ulergarria da, noski. Sare publikoaren kasua, bestalde, apur bat etsigarria da, sarearen burua Hezkuntza Saila delako eta berari hezkuntza sistema osoa dagokiolako; izan ere, eskola publikoari batzuetan ez zaio iruditzen Hezkuntza Sailaren lehentasuna eskola publikoa denik ezta desabantailan dauden familien eta ikasleen babesa denik ere. Ea LOMLOErekin zer gertatzen den. Badirudi lege berri horrekin lotuta badagoela gaiari heltzeko asmoa, baina ikusi behar da benetan noraino heltzen den asmo hori eta, batez ere, euskal administraziotik nola kudeatuko den. Une honetan bertan kuotak kobratzea ez da legala, eta euskal administrazioak ez-ikusiarena egiten du.

Abian dauden lege-proiektuetan (Estatukoa, EAEkoa, Nafarroakoa…) zein neurri har daitezke segregazioa murrizteko?

Ikusiko dugu. EAEn hezkuntza lege berri bat egingo zela iragarri zen eta baliteke datozen urteetan ateratzea. Indarrean dagoen legeak dio derrigorrezko hezkuntza doakoa izan behar dela. Beste lege bat behar dugu gauza bera esateko? Gertatzen ari dena da ez dela legea betetzen ari gure agintariek –eta gizartearen parte batek– ez dutelako nahi. Ikasle etorkinak artatzeko hainbat plan egin dira (EAEn bosgarrena dugu, tituluan bigarrena dela esan arren) eta begira zertarako balio izan duten plan horiek guztiek: segregazioa areagotu da, segregazioaren kontra hitz egiten duten planak indarrean zeuden bitartean. Segregazioari dagokionez, garai honetan hezkuntza politika konprometituak behar ditugu; paper, txosten, dokumentu eta letra gutxiago eta ekintza gehiago. Nik neuk planei ez diet kasurik egiten jada, paperak dena aguantatzen baitu; errealitateak esango digu politikak egiten ari diren ala ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola segregazioa
Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Eskola estigmatizaturik ez Judimendin: familia euskaradunek ere izena eman dute auzoko eskolan

A ereduko eskola D ereduko bihurtzea erabaki dute Gasteizko Judimendi auzoan, eta aurre-matrikulazioak emaitza nabarmena utzi du: orain arte profil erdalduna zuen eskolan, 2 urteko gelan izena eman duten 15 umeetatik erdia inguru familia euskaradunetakoak dira... [+]


Nerea Zubia Blazquez
"Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea"

Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta... [+]


Helburuetan kale eginda erditu da Hezkuntza Legea

Bilatzen zuen babes sozial eta politikoa lortu gabe argi berdea eman diote EAEko Hezkuntza Legeari, asteazken honetan Hezkuntza Batzordean. Hiru erronka zituen legeak: ikastetxe publiko eta kontzertatuen sistema duala gainditzea, ikasleen euskalduntzean jauzia ematea, eta... [+]


A eredutik D eredura igaroko da Gasteizko Judimendi eskola

A ereduko eskola D ereduko bihurtuko dute Gasteizko Judimendi auzoan, familia erdaldunen seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emateko eta familia euskaradunak erakartzeko. "Estigmatizatuta dagoen eskola da eta buelta eman nahi diogu, auzo-eskolaren izaera berreskuratu nahi... [+]


Eguneraketa berriak daude