Hezkuntza Legea ahulduta iritsi da azken txanpara

  • Legegintzaldi honetan bertan onartu nahi duten EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea astearte honetan amaitu da. Lege akordioa sinatu zuten alderdietako bat jausi da dagoeneko, barruan jarraitzen dutenen artean desadostasun nabarmenak dituzte eta hezkuntza komunitateko hainbat eragilek gogor kritikatu du badatorren legea.


2023ko urriaren 03an - 08:25
Azken eguneraketa: 2023-10-04 16:00:04

Legegintzaldi honetako erronka anbiziotsuenetakoak 2022ko martxoan jarri zuen mugarria: EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk Hezkuntza Legea abiatzeko akordioa lortu zuten, alegia Eusko Legebiltzarraren %90eko babesarekin hasi zuen ibilbidea legeak. Akordio hura oinarri hartuta, legearen zirriborroa eta lege proiektua burutu dira, eta ez dira gutxi izan eragile ugarirengandik jasotako kritikak. Alderdi politikoen artean ere, izan da mugimendurik: Elkarrekin Podemosek adierazi du lege proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diola, egungo kontzertazio eredua betikotzen duela eta eskola-segregazioari aurre egiteko konpromisoa falta zaiola argudiatuta.

PSEren desadostasunak batik bat hizkuntza ereduari daude lotuta: egungo A, B eta D ereduak mantenduko direla espresuki jaso nahi dute legean, eta EH Bildu ez dago horrekin ados. Ez zirudien, desadostasunak gorabehera, PSE eta EH Bildu akordiotik eroriko zirenik, hainbat zuzenketa aurkeztu arren "aukera historikoa" baliatu nahi baitu EH Bilduk, hezkuntza lege bat aurrera ateratzeko. Baina azken momentuan PSEk EAJrekin adostu du legean hiru hizkuntza ereduak mantenduko direla. Horrek ataka estuan jarri du EH Bildu, hiru ereduak gainditzearen alde agertu baita beti. Hala ere, hurrengo egunean EH Bilduk esan du PSEk eta EAJk bertsio kontrajarriak eman dituztela adostutakoaren inguruan eta interpretazio bat eta bakarra emateko eskatu du. Hortik aurrera, hizkuntzen aferan "eztabaida modu eraikitzailean elikatzen saiatuko" direla gaineratu du koalizio abertzaleak.

Ikusi beharko da EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko botoak izango dituen legeak azkenean, baita Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziaketek beste norabide bat hartuko duten ere. Denbora askorik ez dirudi dagoenik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak behin baino gehiagotan adierazi dituen epeak betez gero: legegintzaldi honetan nahi da aurrera atera legea. Lege proiektua hasierako hezkuntza akordioarekiko "leiala" dela nabarmendu izan du Bildarratzek.

Alderdien zuzenketen ostean ikusiko dugu legearen azken bertsioa, baina hezkuntza komunitateak ere ozen hitz egin du eta hainbat eragileren kritikek kolokan utzi dute legeak duen babes soziala

Legearen babes soziala

Eusko Legebiltzarrean alderdi batzuek eta besteek aurkeztu, eztabaidatu eta onartuko dituzten zuzenketen ostean ikusiko dugu legearen azken bertsioa, baina alderdien arteko gorabeheretatik harago, hezkuntza komunitateak ere ozen hitz egin du eta hainbat eragileren kritikek kolokan utzi dute legeak duen babes soziala.

Astearte honetan amaitu da lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, eta bai euskalgintzatik bai hezkuntza komunitatetik aurkeztu zaizkio zuzenketak. Batzuentzat, zuzenean, legea goitik behera da desegokia, eta hori irudikatzeko elkarretaratzea egin du astearte honetan Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. Astearte arratsaldean jakinarazi du, halaber, legearen aurkako manifestazioa antolatuko duela urriaren 29rako, Donostian. Beraien hitzetan, "ez daukagu Hezkuntza Legea aldatzeko proposamenik, errotik aldatzea eskatzen dugu. Proiektu hau pribatuaren alde eta publikoaren kontra doa; euskalduntzean ez du aurrerapausorik ematen; parte-hartzeari buruz hitz egiten du baina ez dago hobekuntzarik; segregazioari aurre egiteko neurriak aurreko legedian ere jaso ziren, beldur gara sare pribatuari diru gehiago emateko aitzakia bihur ote daitezkeen; legea ontzat emateak sare publikoa murrizteari atea zabalduko dio".

Joan den ekainean, askotariko eragileek 46 agerraldi egin zituzten Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, Hezkuntza Legea hizpide. Besteak beste, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eredua arbuiatu dute (legearen oinarri nagusietakoa), sare publikoa eta pribatua parekatzen dituela eta sare publikoa lehenetsi beharko litzatekeela argudiatuz. Euskalduntzeak legean duen rolak ere kezka sortu du: legeak aipatzen duen "euskara ardatz duen sistema" zehazteko eskatu dute eragileek, izan dadin benetan ikas- eta irakas-hizkuntza orokorra. Eskola-segregazioari aurre egiteko neurri eta tresna gehiago ere eskatu du hainbatek. Eta legeak exijitzen duen laikotasunaren printzipioa Kristau Eskolak nola beteko duen ez du ulertzen batek baino gehiagok.

Batzordeko eragileen agerraldien laburpena, lotura honetan irakur dezakezu.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude