"Eman aukera bat herriko eskolari"

  • Andoaingo Ondarreta Herri Eskola ezagutzen al duzu? Herri erdi-erdian dagoen hori? Nirekin batera sarrerako atea zeharkatzen baduzu, patioan topo egingo duzu eskola publiko honetako 201 ikasleekin, guztien artean 24 jatorri eta 17 hizkuntza batzen dituztenekin. Barneratuko gara segregazioari aurre egiteko Jaurlaritzak martxan jarri berri duen matrikulazio dekretuaren pasilloetan; iritsiko gara hormak administrazioaren hitzak bezain zuriak dituen gela horietako batera eta bertan lasai eseri gaitezke etxetik euskaldunak diren umeek hutsik utzi dituzten aulkietan. Goazen. "Herri mailako arazo" honi buruz hitz egiteko gogotsu daude bertako kideak.

Andoain erdi-erdian dago Ondarreta, Bastero kulturgunearen ondoan. Herri osoak erabiltzen du bertako patioa, baina eskola bera herritarrek apenas ezagutzen dutela azaldu digute bertako kideek. Ezkerretik eskuinera: Helene Ariztimuño ikaslea, Henar Arranz
Andoain erdi-erdian dago Ondarreta, Bastero kulturgunearen ondoan. Herri osoak erabiltzen du bertako patioa, baina eskola bera herritarrek apenas ezagutzen dutela azaldu digute bertako kideek. Ezkerretik eskuinera: Helene Ariztimuño ikaslea, Henar Arranz gurasoa, Lorena Cabezas gurasoa, Elena Truchuelo idazkaria, Maite Petrikorena zuzendaria eta Leire Uralde ikasketa burua. Argazkia: Ibai Arrieta.

2023ko urriaren 08an

Dagoeneko ghettoa gara” kokatu du gaia konplexurik gabe Henar Arranz gurasoak. Bera Espainiako migranteen alaba da, Andoainen jaioa eta ikastolan ikasitakoa, eta egun bere seme-alabak Ondarreta herri eskola publikora daramatza. Maite Petrikorena zuzendariak honela azaldu du egoera: "Matrikulazioa jaisten ari da jaiotze-tasa txikia delako, baina Ondarretaren kasuan arazo horri gehitzen zaio etxetik euskaldun diren oso ikasle gutxi ditugula eta aldiz, migranteen seme-alaba diren ikasle guztiak pilatzen ari direla bertan". Arranzek jarraitu du: "Ume euskaldunak behar ditugu, benetako integrazioa gertatzeko. Gure seme-alabak oso ongi integratuta daude, baina herriko beste umeak ez". Petrikorenak nabarmendu du integrazioa herri mailako gaia dela: "Hau ez da Ondarretako arazoa, Andoaingo arazoa da. Eta mahai gainean jarri dugu, ez bakarrik Hezkuntzan, baita herrian ere. Guk bakarrik ezin dugu".

Ondarreta datutan

- D eredu hutsean ari den herri eskola da.
- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza (2-12 urte).
- Ikasleak guztira: 201. Andoainen 1.430 ikasle zeuden matrikulatuta 2021-2022an (datua: Eustat).
- 2 urteko ikasleak: herrian 87 haur matrikulatu dira 2023-2024 ikasturtean, horietatik 9 Ondarretan.
- Aniztasuna: 24 herrialdetako jatorria duten ikasleak daude Ondarretan eta denen artean 17 hizkuntza hitz egiten dituzte.

"Lehenik ezagutu eskola guztiak eta gero aukeratu"

Aurten Andoainen 2 urteko 87 haur matrikulatu dira; horietatik 9 soilik Ondarretan. Guraso euskaldunek zergatik ez dituzte beraien seme-alabak Ondarretan matrikulatzen? "Estigma" hitza jarri du mahai gainean Lorena Cabezasek. Bera Ondarretako gurasoa da, eta Espainiako migranteen alaba. Ondarretan ikasi zuen, B ereduan, eta egun etxean euskaraz egiten du alabarekin eta senarrarekin. Cabezasen hitzetan, "eskola hau oso estigmatizatuta dago, betidanik. Nire garaian erdaldunen seme-alabak etortzen ginen hona eta orain beste herrialde batzuetakoak etortzen dira".

Ikasturte honetako matrikulazio garaian, lehendik Ondarretako gurasoak ez ziren hiru familia baino ez dira gerturatu informazio bila. Petrikorena zuzendariaren ustez, "ez gara existitzen. Badirudi herrian matrikula egiteko bi aukera bakarrik daudela, edo kristau eskola edo ikastola". Arranzek esperientziaz daki hori: "Niri galdetu izan didate kalean, 'a, beste eskola bat badago?'”. Harrigarria egiten da eskolaren ezezagutza hori, herri erdi-erdian baitago: Bastero kulturgunearen ondoan du herri eskolak patio eder estalia eta arratsaldetan eskola guztietako umeak jolasten dira bertan.

Arranzek Andoaingo guraso guztiei dei egin die herriko eskolari aukera bat eman diezaioten, gutxienez ezagutu dezaten: "Nik ere hasieran ez nuen Ondarreta aintzat hartu. Haurrak haurreskolara joaten ziren eta han ezagutu nuen Cabezas eta berak galdetu zigun 'zergatik ez duzue begiratzen Ondarreta?'. Aukera bat ematea pentsatu genuen, ate irekietara joatea eta gero erabakitzea. Uste dut gutxienekoa hori dela, aukera moduan kontuan hartzea informazioa biltzeko garaian, eta gero erabakia hartzea". 

Arranzek ate irekietan Ondarretaren pedagogia eredua ezagutu zuen eta hori izan zen seme-alabak bertan matrikulatzeko arrazoia: "Pentsatu genuen Haur Hezkuntza behintzat bertan egitea, eta gero bazegoela aukera gustura ez bageunden Lehen Hezkuntza beste ikastetxe batean egiteko. Probatu genuen, eta gustura gaude, dagoeneko Lehen Hezkuntzan ari dira seme-alabak". Petrikorena zuzendariak nabarmendu du hezkuntza proiektua dela Ondarretaren indarguneetako bat: "Amara Berri sistema daukagu. Hemendik kanpo sekulako fama eta prestigioa dauka, eta hemen, berriz, jende askok ez daki badaukagunik ere".

Maite Petrikorena, zuzendaria: "Amara Berri sistema daukagu. Hemendik kanpo sekulako fama eta prestigioa dauka, eta hemen, berriz, jende askok ez daki badaukagunik ere". Argazkia: Ibai Arrieta.
Euskararen izenean

2019an 50 urte beteak ditu Ondarretak. Egun "Herri Eskola" izendatua dute, bere izaera herrikoia aldarrikatzeko. Petrikorenak eman du ikuspegi historikoa: "Nik 19 urte daramatzat eskola honetan eta ederki ikusi dut bilakaera. Garai batean B eta D ereduak zeuden eta euskaldun jendea etortzen zen D eredura, bai Andoaindik eta bai inguruko herrietatik ere, eta aldiz, B eredura joaten ziren euskara ez zekitenak. 2004 inguruan erabaki genuen B eredua ez izatea, euskarari bultzada emateko eta ikasle denak lerro beretik joateko, eta denak D ereduan batu genituenean, hor hasi zen etxetik euskaldun diren umeen beherakada. Geroztik itunpeko ikastetxeek indar handia hartu dute: kristau eskola Ondarretaren bikoitza da eta ikastola hirukoitza. Andoaingo jende askok pentsatzen du ez badoaz ikastolara ez dutela euskara ikasiko. Oraindik galdetzen didate ea hemen euskaraz egiten den. 20 urte badira D eredu hutsean ari garela, bada garaia uste okerrak alboratzeko!".

Ondarretan ikasita euskara segurtatuta al dago? –galdera egin beharra zuen kazetariak– "Bai, noski" berretsi du Petrikorenak. "Ni naiz horren adibide", gehitu du Cabezasek. Petrikorena bere bizipenetik mintzatu da: "Hizkuntza bat ikasten dugu beharra daukagunean. Nire gurasoak Nafarroatik etorri ziren eta aitak badaki euskaraz hitz egiten, baina gure etxean oso gutxi egin da, amak ez dakielako. Ikasketak ere gaztelaniaz egin nituen. Magisteritza egitera nindoanean erabaki nuen euskaraz egitea. Euskaldunberria naiz. Ondarretan ikasketa guztiak euskara hutsean ematen ditugu, eta noski ikasten dela euskara, baina erabilera da kaxkarra. Zergatik? Eskolatik kanpo ez dutelako euskara behar, beraientzat hirugarren edo laugarren hizkuntza da. Etxean beste hizkuntza bat erabiltzen dute, ez gaztelania eta ez euskara". Arranzek jarraitu du: "Eskola honetako umeentzat inguru euskalduna falta zaigu, euskaraz egiteko beharra sustatuko diena. Hori ezin dugu sortu etxetik euskaldun diren umeak ez badatoz". Horregatik, Andoaingo euskaltzaleei zuzendu zaie: "Euskararekiko benetako militantzia une honetan eskola honetan dago. Euskara zabaldu nahi duenak ez dakitenei zabaldu behar die, eta ez dakitenak hemen daude. Hemen sortu behar da euskararekiko maitasuna. Guraso euskaltzaleei urratsa emateko  eskatuko nieke, militantzia hori erakutsi dezatela, behar dugulako".

Aukeratzeko eskubidea vs integrazioa?

Jaurlaritzaren matrikulazio sistema berriak "zaurgarri" eta "ez zaurgarri" izendatzen ditu ikasleak eta eragin eremu bakoitzak, kasu honetan Andoain herriak, "zaurgarri" tasa bat dauka. Modu horretara egin nahi zaio aurre segregazioari, baina Ondarreta ikastetxean sistema berriaren kontraesanak ezagutu dituzte. Petrikorenak azaldu duenez, "guk dugun 'zaurgarri' kopuruarekin, luzez pasa egiten gara proportzio horretan eta printzipioz, epez kanpo matrikulatzen direnen artean 'ez zaurgarriak' soilik hartu ditzakegu, eta horiek ez zaizkigu inguratzen". Truchuelo idazkariak azaldu duenez, ikasturte honetan epez kanpo hiru familia matrikulatu dira, "baina horiek ez dira 'zaurgarriak', eta Ondarretan matrikulatzea egokitu zitzaien baina kexaka joan ziren Hezkuntzara eta ez dira hemen hasi".

Petrikorenari oso ongi iruditzen zaio ikasle "zaurgarriak" ikastetxeen artean banatzea, "baina ez dira horiek bakarrik banatu behar, besteak ere bai". Arranzek dilema planteatu du: "Familien 'aukeratzeko eskubidea' jartzen dute gizartearen ongizatearen gainetik".

Gero eta ikasle gutxiago jaiotzen da. Lehen ikastetxeetan beteta zeuden aulkiak eta gelak husten joango dira. Horregatik, gaiaren gakoa ikastetxe bakoitzak duen lerro kopurua dela azaldu dute. Arranzek galdetu du: "Zeren arabera banatzen ditu lerroak Jaurlaritzak? Gurasoen erabakitzeko eskubidearen arabera? Administrazioak Andoainen eskola publikoaren zerbitzu bat badu, zergatik ez du indartzen?". Petrikorenaren ustez, Jaurlaritzaren lerro banaketak eragin handia izan du Ondarretaren gainbeheran: "Duela 15-16 urte, bi lerro genituen eta bagenuen lekua ikasle gehiago hartzeko, baina Hezkuntzak une horretan baimena eman zuen hirugarren lerroa irekitzeko Andoaingo itunpeko bi ikastetxeetan. Gure bukaera izango zela esan genuen orduan; eta halaxe izan da. Hemen bi lerro osatzeko lekua aise daukagu. Oraindik maila batzuetan bi lerro ditugu, baina lerro bakarreko bihurtzen ari gara".

"Zaurgarri" ala aberats?

Truchuelo amorratu egiten du "zaurgarri" hitzak: "Nik egiten ditut matrikulak, eta orain galdetegi bat pasatu behar diet familia guztiei eta erantzunak ordenagailuan sartu orduko sailkatzen du aplikatiboak ikaslea 'zaurgarri' edo 'ez zaurgarri' den. Zenbaki hutsak gara". Galderak "oso materialistak" direla salatu du eta horrelako galderak egitea berari "oso bortitza" egiten zaiola: "Netflixik duten galdetzen da, zenbat gela dituzten etxean eta zenbat liburu... Etorri berri denak zenbat liburu izango ditu bada?". Familia batzuek galdetzen diote ea zergatik jakin nahi duen ikastetxeak hori guztia. "Zer erantzun behar diet? 'Jakin nahi dut ea zaurgarria zaren edo ez?'. Eta hurrengo galdera da 'eta zer da hori?' Guk hori egin beharra ez zait egokia iruditzen", dio Truchuelok.

"Zaurgarri" etiketa jartzen zaion arren, 24 jatorri eta 17 hizkuntza dituen ikasle taldea ez ote da kulturalki oso aberatsa? Petrikorena: "Noski dela oso aberatsa gure eskola, gozamena da zenbat gauza ikasten diren eguneroko praktikan, inon entzuten ez direnak. Elkar ezagutzea da oinarria. Aniztasuna altxorra da, baina jakin egin behar da kudeatzen".

Arranzen iritziz, "herrian ez da baloratzen hori aberastasuna denik. Gure umeak izugarri aberatsak dira, gurasook ere bai, baina etxetik euskaldun diren ume gehiago elkartzea falta zaigu". Andoainen bada bertako familiak etorri berriekin harremanetan jartzeko programa bat, Ongi-etorri izenekoa, baina Arranzek balioan jarri du Ondarretan egunerokoan egiten dutela elkarbizitza, programa berezirik behar izan gabe: "Ni berandu banator umea jasotzera, atean dagoen edonori deituko diot, berdin zait marokoarra, ukrainiarra edo Marfil Kostakoa den. Eta alderantziz. Hori da elkarbizitza". Leire Uralde ikasketa burua da eta gauza bera uste du "kulturartekotasunaz": "Ondarretan hori egunerokoa da, ez da ikasgelan landu beharreko gai bat edo ospatu beharreko egun bat, egunero bizi duguna baizik".

Henar Arranz, gurasoa: “Euskara zabaldu nahi duenak ez dakitenei zabaldu behar die, eta ez dakitenak hemen daude. Guraso euskaltzaleei urratsa emateko eskatuko nieke”. Argazkia: Ibai Arrieta.
Konponbideak

Ondarretaren etorkizuna kolokan ikusten dute bertako kideek eta egoerari buelta emateko eragile guztien laguntza behar dutela adierazi dute. Irtenbiderako neurri zehatz hauek proposatu ditu Cabezasek: "Udalak herri mailan marketin kanpaina egin behar luke herri eskolaren alde, bertako gurasoak gerturatu daitezen. 2 urteko umeak dituzten familiei gutuna bidali diezaieke udalak, herrian dauden eskola aukera guztien berri emanez". Arranzek gehitu du: "Haurreskolak ere egin dezake zubi lana, bertan dabiltzan gurasoak bideratu ditzake herriko eskola publikoaren ate irekietara".

Hezkuntza sailak "matrikula guztiak ongi banatu ditzala eta ikasketa lerroak orekatu ditzala" eskatu dute. Petrikorena: "Hezkuntza sailak defendatzen du sarearen %50 publikoa izatea eta %50 itunpekoa. Banaketa hori, teorian, oso erraz egin daiteke Andoainen, Ondarretak bi lerro izanda eta itundutako beste bi ikastetxeek lerro bana". Arranzek jarraitu du: "Zerbitzu publiko bat garenez, babesa behar dugu. Bai Hezkuntzatik eta bai udaletik. Gustatuko litzaiguke zaindua izatea, eta baita mimatua ere".
1980ko hamarkadatik udalak hitzarmen bidez bideratzen du herriko ikastetxe bakoitzarekin duen harremana, eta bakoitzari diru partida bat esleitzen dio, duen ikasle kopuruaren arabera. Orain arte, Ondarretak eraikinaren mantentze lanei hitzarmeneko diru horretatik egin behar izan die aurre, baina herri eskolako kideak ez daude ados funtzionatzeko modu horrekin. Petrikorena: "Guk ez genuke hitzarmenik behar, udalak egin beharko lukeena eskola publikoaren mantenimendua bermatzea da, hitzarmenik gabe. Eraikina Hezkuntzarena da baina udalari dagozkio mantentze lanak". 

Andoain erdian dagoen eskolako patiora irten gara argazkiak ateratzera. Era guztietako umeak ari dira jolasean, eta jakin-minez inguratu zaizkigu, euskaraz. Arranz: "Patioa udalarena da baina herrira irekita dago, beraz, zergatik ordaindu behar ditugu 'hitzarmeneko' Ondarretaren diru partidatik bere mantentze lanak?". Truchuelo gustura dago eskolako patioa, herriko azpiegitura izanik, asko erabiltzen delako: "Euria ari duenean bertan egiten dira herriko ekimenak, edozein ordutan, beti irekita dagoelako". "Andoaingo ikastetxe guztiek udalaren diru publikoa jasotzen duten arren, Ondarretakoa da beti irekita dagoen eskolako patio bakarra", ohartarazi du Arranzek. Patioa herriko umez beteta dago arratsaldetan. Eskola orduetan ere horrelaxe egotea nahi lukete Ondarretako kideek, herriko era guztietako umez beteta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola segregazioa
Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Eskola estigmatizaturik ez Judimendin: familia euskaradunek ere izena eman dute auzoko eskolan

A ereduko eskola D ereduko bihurtzea erabaki dute Gasteizko Judimendi auzoan, eta aurre-matrikulazioak emaitza nabarmena utzi du: orain arte profil erdalduna zuen eskolan, 2 urteko gelan izena eman duten 15 umeetatik erdia inguru familia euskaradunetakoak dira... [+]


Nerea Zubia Blazquez
"Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea"

Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta... [+]


Helburuetan kale eginda erditu da Hezkuntza Legea

Bilatzen zuen babes sozial eta politikoa lortu gabe argi berdea eman diote EAEko Hezkuntza Legeari, asteazken honetan Hezkuntza Batzordean. Hiru erronka zituen legeak: ikastetxe publiko eta kontzertatuen sistema duala gainditzea, ikasleen euskalduntzean jauzia ematea, eta... [+]


A eredutik D eredura igaroko da Gasteizko Judimendi eskola

A ereduko eskola D ereduko bihurtuko dute Gasteizko Judimendi auzoan, familia erdaldunen seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emateko eta familia euskaradunak erakartzeko. "Estigmatizatuta dagoen eskola da eta buelta eman nahi diogu, auzo-eskolaren izaera berreskuratu nahi... [+]


Eguneraketa berriak daude