ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

AHTren planoak eta Lezetxikiko tuneleko irudiak ez datoz bat, Arrasateko Udalaren arabera

  • Arrasateko Udalak azalpenak eskatuko dizkio Adif sozietateari Lezetxikin Abiadura Handiko Trenaren obrek eragindako kalteengatik. Horrez gain, informazio eguneratua nahi du, esku artean dituen planoetan trenbidearen trazatua Leibar eta Lezetxikiko karstetik "urrun" ageri baita, "eta ez alboan, komunikabideetan agertzen diren argazkietan bezala"

Urko Apaolaza Avila
@urkoapaolaza

2023ko otsailaren 03a - 11:22
Azken eguneraketa:14:43

Lezetxikin AHTren obrek egindako kalteen inguruko eskandaluak erreakzioak sortzen jarraitzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adifek eta Eusko Jaurlaritzak berehala gezurtatu zuten asteazkenean hondamenaren berri jakin zenean historiaurreko aztarnategia kaltetua izan denik, eta lur-jauzia "distantzia askora" izan dela ziurtatu zuen AHTko lanak gainbegiratzeaz arduratzen den Mertxe Urteaga aldundiko arkeologoak.

Euskadi Irratian Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileari gai horretaz galdetu diote eta ezin izan du zehaztu babes eremutik zenbat metrotara izan diren kalteak, baina "babestutako leku horretan ez dago inolako kalterik, hori da azpimarratu behar duguna", esan du.

Hala ere, hainbat alderdik azalpenak eskatuko dituzte, besteak beste EH Bilduk, Elkarrekin Gipuzkoak eta Debagoieneko Ezker Anitza-IUk. Garagartza Auzoko Batzordeak ere salatu du haitzuloaren galeria bat suntsitu izana, eta Ekologistak Martxanek nabarmendu du haitzuloari egindako "hondatze larria" Adifek aurkeztutako Ingurumen Inpaktuaren Azterlan "urriaren" eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzak izandako "utzikeriaren" ondorio ere badela.

Arrasateko udal gobernuak ostegun goizean bilera egin du hainbat erakunde eta elkarteren ordezkari eta adituekin, baita Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta aztarnategiko zuzendari ohiarekin ere. Adierazpena egin du publiko udal gobernuak eta Adifi azalpenak eskatuko dizkiola jakinarazi du.

Planimetriak ez datoz bat

Udalak azaldu duenez Lezetxiki eta Leibar karstaren eremuan eragin du lur-jauzia AHTren tunelak, baina esku artean dituen planimetrien arabera, trenbidearen trazatua karstetik "urrun" egon behar luke "eta ez alboan, komunikabideetan agertzen diren argazkietan bezala". Horregatik, plano eguneratuak ere eskatuko dizkio Adifi.

Lezetxiki eta Leibar dauden mendia, AHTren obrak eta aztarnategiaren kokapenarekin, Googe Earth-eko irudi batean.

Gainera, jakin nahi du kalteak izan diren eremuan kontrol arkeologikorik eta ondare-peritutzarik egin ote den, eta txosten arkeologikoaren kopia bat eskatuko du.

Arrasateko udal gobernuak gogorarazi du Lezetxiki eta Leibar eremu osoa babes arkeologikoa duen mendi bezala izendaturik dagoela udal planemanduan eta bere "asaldura eta ardura" azaldu du gertatutakoarekin.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Abiadura Handiko Trena kanaletik interesatuko zaizu...
Iñigo Urkullu "kezkatuta", AHTk konexiorik ez duelako izango 2042 urtera arte

EAEko lehendakariak Kantabria, Asturias eta Galiziako presidenteak deitu ditu bilkura batera, besteak beste, egoera aztertzeko abiadura handiko trenak Hendaian oraingoz konexiorik izango ez duela-eta.


Nafarroako AHTren 13 zabortegik kaltetutako udalek "babesgabetasuna" salatu dute

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta IEk eskatuta zenbait alkate izan dira parlamentu batzordean egin duten lan saio batean. Espainiako Gobernuari eta talde politikoei lursail horiek ez galtzeko laguntza eskatu diete.


2023-02-17 | Hala Bedi
"Gurean kalteak eginak daude, ea oraindik obrak eginak ez dauden tokietan zerbait pizten den"

Arrasateko Lezetxikira sartzea lortu eta AHTak egin dituen kalte larriei argazkiak ateratzea lortu duen espeleologotako bat elkarrizketatu dugu Hizpidean.


Eguneraketa berriak daude