Anchoragetik Balira

  • Alaskako Anchoragetik Indonesiako Balira 11.000 kilometro daude, eta lurrik ukitu gabe egin daitezke zuzen-zuzenean joanda. Hori baino esanguratsuagoa da, ordea, egungo bi potentzia nagusien artean “hesi” bat (“harresia” esatea oker nabarmena izango litzateke; “ur-hesia”, agian...) ezarri behar balitz, hortxe nonbait marraztu beharko genukeela.

Argazkia: AFP

2022ko azaroaren 11n - 08:52

Hala ere, AEB eta Txinaren arteko harremanetan, badute konnotazio zehatzagoa Anchoragek eta Balik, ez pentsa.

Iazko martxoaren 18an elkartu ziren Alaskako hiriburuan Anthony Blinken eta Jake Sullivan, AEBko Estatu Idazkaria eta Segurtasun Nazionaleko Aholkularia, hurrenez hurren, alde batetik; eta Yang Jiechi, Txinako Alderdi Komunistaren Politburoko Kanpo-arazoetako arduraduna, eta Wang Yi, Kanpo-Arazoetako ministroa, bestetik.

Agian, biharko egunean, diplomazia-eskoletan (eta itzulpengintzakoetan) ikasgai izango den tren-talka bat izan zen hura... hogeita hamaika eskutik izan behar zituela zirudienak irabazi ez zuena. Bilkuraren jendaurreko atarikoaren transkripzioak berak baino hobeto islatzen dute bideoek Anchoragen gertatu zena. Biden administrazioak Txinarekin izan dituen harreman mikatzen hasiera izan zen.

Orain, ordea, G20ren Baliko gailurrean, Xi Jinping eta Biden beraren arteko zuzeneko solasa lortu nahi dute Estatu Batuek. Zergatia igartzea ere ez da zaila: irudia, ekonomia, fronte gehiegi aldi berean irakinean eduki nahi eza. Txinak ez du baiezkorik eman oraindik, baina arraroa izango litzateke uko egitea.

Bestelako kontua da horrelako aurrez-aurreko batetik zer espero dezakegun. Edo zer espero dezakeen alde bakoitzak. Ezer gutxi edo deus ez, nik uste. Irudiaz harago (eta ez da pagotxa, ez). Zelensky eta Putinen arteko talka posibleari distira kenduko lioke, behintzat.

Eta balizko irudi hori aurreikusten zain jarrita, argi dago Blinken eta Sullivan izango dituela alboan Bidenek. Eta haiek hitz egingo dutela Bidenek berak baino gehiago. Badazpada ere.

Mahaiaren beste aldean nortzuk eta nola esertzen diren izango da kontua. 20. Kongresuan Yang erretiratu eta Wang Yi Politburoko kide bihurtuz gero, argi dago hau egongo dela Xiren alboetako batean. Baina bestean? Oraindik Washingtonen enbaxadorea den Qin Gang-en izena entzuten da udaberrian Wangek libre utz dezakeen Kanpo-arazoetako ministro-posturako. Eta Blinken eta Sullivanentzat ez litzateke albiste atsegina izango.

Adi, nolanahi ere, Xiren maletatxoari. Eta itzultzaileari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude