Amillubi proiektuak lehen helburua gainditu du, herritar eta eragileengandik 180.000 euro batuta

  • Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste, abenduan ekin zion interneteko diru bilketa kanpainari eta maiatza bukaera arteko epea finkatu zuen. Helburuari zenbaki bat jartzerakoan, erronka handia planteatu zuen: 150.000 euro lortzea internet bidezko kanpainan, eta bide honetatik lortutakoa ez da makala: 132.604  euro interneteko plataforman (albiste hau idazteko momentuan). Epe horretan, beste hainbat herritar eta eragilek zuzenean Biolurrera jo du ekarpena egitera eta guztien artean (interneteko plataforma bidez zein zuzenean Biolurren ekarpena eginda), guztira 180.000 euro batu dituzte. Helburua oso goitik gainditu dute, beraz. Amillubi lantaldeak diru kopurua bezainbeste baloratu du proiektuari ekarpena egin dion komunitatearen zabala. Zenbakiak xehe azaldu dituzte.

Argazkian, Amillubi proiektua aurkeztu zuteneko argazkia, iragan abendu hasieran. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA.

2024ko maiatzaren 31n - 15:20
Azken eguneraketa: 20:58
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Interneteko diru bilketaren datuak

Guztira 795 diru ekarpen jaso dituzte internetez sei hilabete hauetan eta guztien artean 132.604 euro batu dituzte (albiste hau idazteko momentuan zeuden datuak dira). Ekarpena egin duten horien artean 36 eragile sozial eta ekonomikoak dira eta 759 norbanakoak. Lurraldetasunari begira, %74 Gipuzkoatik egin dira, eta gainontzekoa Euskal Herriko beste 171 herritatik; eta beste 32 ekarpen Espainiako estatuko hainbat lurraldetatik jaso dituzte.  

Interneteko diru bilketa Coop57Fundazioaren eskutik egin da, Amillubiko kideek esan dutenez: "Bai kanpaina sustatzeko eta baita ere horrelako ekimen batek eskatzen duen prozedura eta xehetasun guztiak zaindu ahal izateko". Epea beteta, internet bidezko diru biltze kanpaina amaitutzat ematen dute, baina hurrengo bi asteetan azken ekarpenak jaso ahalko dira (hemen) plataforma ixten den bitartean.

Proiektua 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuten Azpeitian, ekitaldi jendetsuan eta hilabete hauetan zehar Euskal Herriko komunikabide nazional eta tokikoetan oihartzun zabala lortu du, horretan Amillubi lantaldeak jarri duen indarrari eta komunikabideekin lotu duten elkarlanari esker. Horrekin batera, hainbat herri eta hirietan 12 aurkezpen egin dituzte herritarrei proiektua aurrez aurre azaltzeko. Gipuzkoan hainbat herritan eta Donostian ere egin dituzte aurkezpenak, eta Amillubiko Talde Eragileak adierazi duenez, Tolosaldea da oraindik proiektua aurkeztu ez duten Gipuzkoako bailara bakarra. Iruñean eta Algortan ere egin dituzte aurkezpenak, eta hurrengo hilabeteetan ere aurkezpenak egiten jarraitzeko asmoa dute.

Irudian, Amillubi proiektuak orain arte jaso dituen diru iturrien ehunekoak. Hauek dira kopuruak eurotan: crowfunding edo interneteko plataforma bidez 132.604 euro; Biolurrera zuzenean egindako ekarpenak 41.073 euro; zozketa eta bonolaguntzak 23.872 euro; Kooperatiben irabazien IPDK 74.000 euro eta beraz, baserria eta lurrak erosteko eta baserria konpontzeko biltzea falta den dirua 118.451 euro.
 
Guztira 390.000 euro biltzea helburu: beste diru iturrien balorazioa

Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 4 hektarea laborantza lur eta 5 hektarea baso dira, eta 500 metro koadroko baserria. Horiek denak erosteko eta baserria konpontzeko 390.000 euro batu behar ditu Amillubi proiektuak, 2025 urte amaierarako. Azaldu den moduan, diru iturrietako bat internet bidezko kanpaina izan da eta 132.604  euro batu dira oraingoz bertan. Baina Biolur beste diru iturri hauek ere lantzen ari da:

Oraingoz guztira 271.549 euro dira hainbat diru iturritatik batutakoak. Beraz, 118.451 euro dira lortu beharko direnak baserria eta lurrak erosteko eta konpontzeko beharrezkoak diren 390.000 eurotara iristeko.

Eragile eta norbanako batzuek beraien ekarpena ez dute internet bidez egin, Biolurrera jo dute zuzenean. Modu honetara 41.073 euro osatu dituzte. Ekarpen hori egin dutenen artean, 43 norbanakoak dira eta 13 arlo desberdinetako eragileak dira (sozialak, kulturalak, ekonomikoak, sindikalak…).

Horrez gain, Kooperatibek urteko irabazien zati bat gizarteko proiektuetan inbertitzen dute (IPDK gisa ezagutzen dena). Euskal Herriko 6 kooperatibek bideratu dute haien irabaziaren zati bat Amillubi proiektura (interneteko diru biltze kanpainatik kanpo) eta hauen bitartez 74.000 euroko ekarpena jaso dute.

Zozketa bat ere egin dute Amillubiren alde, eta txarteletan 17.592 euro eskuratu dituzte. Gainera, hainbat azoketan bono laguntzak jarri dituzte herritarren eskura, Amillubiri ekarpena egiteko modu gisa: bide horretatik oraingoz 6.280 euro bildu dituzte.

Maiatzean egin berri duten I. Udaberriko Festako diru kontuen itxiera oraindik zehaztu gabe dago baina horrek ere egingo dio ekarpena diru bilketari.

Bada beste diru iturri funtsezko bat: udalekin zein bestelako erakunde publikoekin hitzarmenak lotzea. Bide hori abiatu zuten proiektua martxan jartzean eta Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia eta Azpeitiako udalekin hitzarmena lotu dute. Amillubi eta Elikadura Burujabetza estrategia sustatzeko aurrera begira beste udal batzuk ere batzea espero dute.

Beraz, oraingoz guztira 271.549 euro dira aipatutako diru iturrietatik batutakoak. Beraz, gaur gaurkoz 118.451 euro dira lortu beharko direnak hurrengo hilabeteetan, beharrezkoak diren 390.000 eurotara iristeko.

Amillubiko lantaldea oso pozik dago, orain arte batutako diruarekin 2024ko ordainketa konpromisoei aurre egin ahal izango dielako, eta 2025ean egin beharko dituen ordainketetara iristeko denbora irabazi duelako. Amillubi lantaldeak adierazi du baserria eta lurra saldu dizkion familiak aukera eman diola ordainketa epeka egiteko eta beraz, proiektu hau martxan jartzeko ez dietela bankuei hipotekarik ordainduko, eta "erosketa zorrik gabe gauzatzearen helburua gertuago dagoela. Horrek oinarri egonkor eta sendoagoa eman ahal die" bertan abiatuko diren elikagaien ekoizpen proiektuei.

Asko da orain artean lortutakoa, baina Amillubi lantaldeak inurri lanean jarraitu beharko du, herriz herri eta eragilez eragile proiektua aurkezten eta kide berriak batzen. Orain artean jaso duen babes ekonomikoa bezainbeste baloratzen du proiektura batu den komunitatea, eta bere esker ona adierazi die denei: "Komunitate horren guztiaren lorpen gisa ulertzen dugu lortutakoa, eta kolektiboan, herritik eta herriarentzat posible da ekimenak lantzea. Zorionak denei!".

49 eragile eta 944 norbanakok eusten dute oraingoz Amillubi proiektu kolektiboa

Era batera zein bestera ekarpen ekonomikoa egin dutenak 993 kide dira: 49 eragileak eta 944 norbanakoak.

Diru ekarpena egiteaz gain, lankidetza adierazpena edo hitzarmena egin dute hainbat eragileekin. Azken hilabeteetan zabaltzen joan da eragileen sare hau eta hurrengo asteetan Amillubiren webgunean jarriko dute ikusgai Amillubiko Komunitatearen sarea.

Kide kopuru zabal eta anitz honek erakusten du Amillubi proiektuak bere sorreratik lortu duen atxikimendua. Amillubi lantaldearen hitzetan, "atxikimendu zabal horrek berresten du estrategikoak direla Amillubi proiektuak bere praktikarekin ezartzen dituen oinarriak: lurra ondasun natural moduan ulertu eta zaintzea, lurra kolektibizatzea, laborantza lurrak laborarien eskura jartzea, ingurumenarekin errespetuzkoa den laborantza egitea eta herritarrekin batera elikadura burujabetzara bidean urratsak ematea".

Orain arte proiektura batu diren eta ekarpen ekonomikoa egin duten kide guztiei eskerrak eman dizkie Amillubik, eta oraindik batu ez direnei dei egin die haziz doan komunitatera batu daitezen: "Norbanako edo eragile moduan ekarpena egiteko hainbat aukera daude zabalik ere hemendik aurrera, bai kopuru osora iristeko falta diren 118.451 euroak batzeko, eta baita ere Amillubi, Lurra taupaka ibilbidea indartzeko".

Ekarpenak egiteko zabalik dauden moduak

- Internet bidez diru ekarpenak egiteko plataforma martxan egongo da ekainaren 10 arte.

- Biolurreko kontu korrontera zuzenean ekarpena eginda: ES37 1550 0001 2400 1666 3726

- Biolurrekin harremanetan jarrita: www.biolur.eus

- Bolondres-sarean izena emanda. Auzolanetan lagundu nahi dutenei edo norberaren ezagutzak elkarbanatuz Amillubiko proiektuari lagundu nahi dutenei dei egin die Amillubi lantaldeak, haiekin harremanetan jartzeko: info@amillubi.eus helbidean edo 943 76 14 47 zenbakira deituta.

- Bonolaguntzak erosita. Azoketan, Biolurreko laborarien mahaietan egoten dira eskuragarri, baita Biolurreko laborarien ekoizpenak saltzen dituzten dendetan ere.

- Amillubi kamixetak erosita: Azoketan, Biolurreko laborarien mahaietan eta Argiaren dendan.

Amillubin lurra dagoeneko taupaka ari da

Diru bilketa egitearekin batera, Amillubiko lurra martxan jarri dute: baratzezain ekologikoek porru landarea gertu eskuratu ahal izateko landaketa egin dute Amillubin udaberrian. Horrez gain, hektarea erdi arto eta babarruna erein dute, eta hainbat azpiegitura egin eta hobetu dituzte; besteak beste, ur horniketa sistema berriztu dute eta ur grisak eta beltzak bideratzeko fitodepurazio sistema berria jarri dute martxan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Traktoreen protestak hasi zirela bost hilabete
Zerekin egiten dugu amets? Elikagaien merkatu globalizatuan bira egiteaz harago

Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]


2024-05-28 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuaren interneteko diru bilketa azken astean sartu da

Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzeko eta bertan elikadura burujabetzari loturiko Amillubi proiektu kolektiboa martxan jartzeko apustua egina du Biolur elkarteak: "Herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak bermatuta izatea izango litzateke mugimendu... [+]


2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


2024-05-13 | Estitxu Eizagirre
Lurra Taupaka festa
Amillubi martxan da

Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko. Maiatzaren 11n festa egin dute Amillubin: herritarrek proiektua bertan arnastu... [+]


2024-05-08 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


2024-05-07 | ARGIA
Berangoko Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak, eta lagun bat atxilotu dute

Ertzaintzak hirugarren saiakera egin du asteartean Otxantegi Herri Lurrak husteko, epaileak hala aginduta. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta teilatuan, lurrean zein dorretxean erresistentzian zeuden guztiak kanporatu ditu Poliziak. Hiru lagun zauritu dira... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
“Lurra taupaka” festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


Eguneraketa berriak daude