Altsasuko gazteen gurasoak Bruselara joango dira auziaren berri ematera

  • Altsasuko Auzia nazioartekotzeko bidean, Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak, atzera ere, Bruselarako bidea hartuko dute asteazken honetan eta ostiralera arte han izanen dira.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko martxoaren 20an - 11:13
Altsasu Gurasoak taldeko ordezkariak Europako Aliantza Libreko kideei bideoz esker ona azaltzen (argazkia: Guaixe).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteazken honetan prentsaurrekoa emanen dute eta hiru talde parlamentarioetako euro-parlamentariekin elkartuko dira. Ostegunean bi hitzordu izanen dituzte. Alde batetik, Belgikako barne ministro ohi Jan Jambonekin bilera izanen dute. Eta, ondoren, Europako Parlamentuan Altsasu Gurasoak taldeko kide batek estatu-indarkeriari buruzko ekitaldi batean parte hartuko dute Herrialde Katalanetako eta Korsikako ordezkariekin batera. ICEC, Europar Hiritarrern Nazioarteko Batzordeak, antolatu du ekitaldia. Eta litekeena da euren agendan giza eskubideen elkarteetako kideekin bilera egiteko aukera izatea.

Altsasu Gurasoak taldeko ordezkaritza Bruselara aurrenekoz San Pedro egun batez joan zen, 2017an. Handik 51 eurodiputatuk sinatutako adierazpena ekarri zuten. Bi hilabete geroago Europako Batzordeko lehen lehendakariorde Frans Timmermansek esan zuen gertutik segituko dutela Altsasuko auzia. Zigorren proportzionaltasuna eta oinarrizko eskubideak betetzen direla aztertuko zuela. Azken horrek Coviteren erreakzioa eragin zuen eta Altsasuko auziaren bere bertsioa emanez, Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerri gutuna bidali zion azaroan.

Foru administrazioaren erabakiari segituz, Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkari Mikel Irujok Eskualdeen Batzordeko European Alliance Taldeko presidente Karl Vanlouverekin bildu zen eta Altsasuko auziaren berri eman zion joan den urteko apirilaren erdialdean. Joan den asteazkenean, berriz, Amaia Izko abokatuak Nazio Batuen Erakundearen 40. Giza Eskubideen kongresuan Altsasuko auziaren berri eman zuen.

Onartutako mozioa

Eusko Alkartasunak Europako Aliantza Librearen batzar nagusian Altsasuko auziari buruzko mozioa aurkeztu zuen eta aho batez onartu zen martxoaren 8an. Espainiako Gobernuari “salbuespenezko kartzela neurriekin bukatzeko” eskatu zieten, baita preso dauden auzipetuen “berehalako askatasuna”. Aldi berean, Espainiako agintariei dei egin zieten, “botere banaketa errespetatu dezaten, eta estatu demokratiko baten baldintzak bete ditzan”. Aldi berean dei egin

zieten Europako Parlamentuari, Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari dei egin zieten “Europako Tratatuaren 7. artikulua indarrean jar dezaten espainiar estatuaren kontra, tratatu berean ezartzen diren 2. artikuluari dagozkion baloreak behin eta berriro urratzeagatik”.

Preso dauden auzipetuen askatasuna aldarrikatzearekin batera, Hungariarekin eta Poloniarekin egin den moduan Espainiari Batasuneko Tratatuaren 7. artikulua aplikatzeko eskatu zuen, “fundazio balioak etengabe urratzeagatik”. Azkenik, PPk eta Ciudadanos alderdiek Altsasuko auziaren inguruan “darabilten erabilera ankerra” salatu zuten, “euskal gizartea kriminalizatzeko asmoa duena”. Altsasu Gurasoak taldeko kideek bideo baten bidez esker ona azaldu zieten. 

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
2025eko martxoaren 26
Espainiako Guardia Zibilaren historia bat
Hemendik alde egiteko arrazoiak

2021eko urriaren 20
Anomaliak

2021eko martxoaren 2
Adur Ramírez de Alda, Altsasuko auzipetua
"Altsasuren karikatura egin nahi izan dute, baina gaizki atera zaie"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.