"Alemaniako gobernuak barkamena eskatu zuen bezala, Espainiakoak ere eskatu beharko luke"

  • Emilio Aperribai 8 hilabeteko haurra zen Gernika bonbardatu zutenean. Amak besotan Lumoko baserri batera eramanik, bizirik ateratzea lortu zuen. Berak eta alaba Monikak gutun bat idatzi zioten iaz Espainiako Gobernuari eta Urkullu lehendakariaren bidez helarazi. Bertan, bonbardaketagatik barmakena eska dezala galdegin diote. Ez dute erantzunik jaso.


2022ko apirilaren 26an - 10:26

Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dituzte Gernikako bonbardaketa biziraun zuen Emilio Aperribai eta bere alaba Monika. Aperribaik kontatu duenez, bonbardaketa hasi zenean, bere aita eta anaia arma fabrikaren ondoan zegoen babesleku batera sartu ziren eta ama berriz, zortzi hilabeteko Emilio txikia besoetan hartuta, korrika abiatu zen Foruarantz-ko errepidea hartuta.

Aperribaik bere amak egin behar izan zuen ibilbide beldurgarria kontatu du: hegazkin alemanak bonbak eta metrailak jaurtitzen ari ziren etengabe eta bere ama zuhaitzen atzean gordetzen zen hegazkin bat ikusi orduko, "eta balen txistua entzuten zuen bere ondotik pasatzen. Hegazkinak hain zihoazen lurretik gertu, nire amak pilotu alemaniarren irribarreak ikusten zituela kontatzen zidan". Amak kamioneta bat ikusi zuen errepidean, eta horren pean ezkutatzea pentsatu. Ama-semeak bertarantz abiatu ziren eta iritsi baino bost metro lehenago, bonbat batek zartarazi zuen kamioneta.

Foruara iritsi ziren ama-semeak. Hiru orduko bonbardaketa atertu zenean, amak semearekin Lumora igotzea erabaki zuen. Ia gaua zen dagoeneko, eta semea besotan bi kilometroko bidean joan zen. Gaueko hamabietan Lumoko baserrian elkartu ziren berriz ere etxekoak. Izan ere, baserri hura ezagunena zen: etxera esnea ekartzen zieten esnesaltzaileena, hain zuzen ere.

Babeslekuan gorde ziren aitak eta anaiak zorte okerragoa izan zutela azaldu du Aperribaik: "Gordeleku hau erabat beteta zegoen. Oso luzea zen eta denak etzanda zeuden elkarren gainean. Eta apaiza zutik, errezatzen. Aita ez zegoen eroso eta semearekin hamabost metro hurrundu zen, babeslekuaren barruan, lasaiago egoteko. Bonba batek zeharkatu zuen hormigoizko horma lehenago egon ziren lekuan, eta 8-10 lagun hil zituen. Aitak, nire anaia estaltzen ari zela, bizkarra erre zuen. Eta nire anaia oraindik bizi da, ni baino bi urte zaharragoa da, eta oraindik ere buruan urratua du, burura salto egin zion metraillarena". Bi egun eman zituzten Lumoko ezagunen baserrian eta ondoren Errioxara joan ziren, aitaren familiakoengana. Errioxan hutsetik hasi behar izan zutela azaldu du Monika alabak, eta euskara galdu zutela, Gernikan hitz egiten bazuten ere, Errioxan ez baitzen egiten eta geroztik debekatu egin baitzuten. 1953an itzuli zen familia Bilbora.

Espainiako Gobernuari deia, barkamena eska dezan

Emilio Aperribaik nabarmendu du 1997an Roman Herzog Alemaniako lehendakariak ofizialki barkamena eskatu zuela alemaniarren izenean, "eta logika berean, Espainiako Gobernuak barkamena eskatu beharko luke".

Monika Aperribaik hala azaldu du: "Errekonozimendu keinu bat eskatzen dugu. Gertakari haiek kondenatzea. Joan ziren biktimentzat eta oraindik bizirik direnentzat arindu handia litzateke. Haiek, sozialista ziren aldetik, kalte handiak jasan zituzten. Haiek ere erbestera jo behar izan zuten eta zanpatuak izan ziren. Horregatik dei egiten diogu gobernuari enpatiaz eta ausart joka dezan. Onartu dezatela hori gertatu zela eta Alemaniako lehendakariak egin zuena adibidetzat har dezatela. PSOEren edo PPren gobernuak izan, egungo belaunaldiek ez dute zerikusirik garai hartako Francorenarekin. Eskuak garbitzen dituzte eta hori iragana dela esaten dute. Baina iragana barkatu daiteke, baina ez da ahaztu behar. Aurrera egiteko modu bakarra, gertatu zenaren aitortza da. Eta ez da iragana, bizi direnek egun ere oso presente dute gertatu zen hura".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gernika 1937
Atzoko krimenak ahaztuta, gaurko gerrak nola saihestu?

Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]


Kondor Legioaren krimenak, Alemanian (ere) ahaztuta

Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: "Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa... [+]


Gernikako bonbardaketak 86 urte
Egitarau alternatiboa bonbardaketaren harira, fokuetatik kanpo

Sarraskiaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Igor Meltxor kazetariak 'Cabacas' liburua aurkeztuko du Astran. Elai Txiki aretoan, bestalde, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa ikusgai dago.


Eguneraketa berriak daude