Mario Zubiaga: "'Al-arma' iraunkorra"

  • Ez da gaurkoa. Alarma egoera iraunkorrean bizitzera ohitu gaituzte. Agamben-ek edo Bensaid-ek aspaldian deskribatzen zuten etenik gabeko salbuespen egoeran. Alarma meteorologikoekin hasi ziren. Oraintsu arte lasaitasunez edo atsekabe apur batez eta, beharrezkoa bazen, arretaz hartzen genituen egoera “normal” haiek –olatuak edo haizeteak, eurite eta beroaldiak–, “anormalizatu” egin dizkigute: “lau gradu zero azpitik Gasteizko urtarrilean, alerta gorria!” Eta arestian jakin edo axola gabe zihoazen alarma larriak –Kongoko Ebola edo Fukushimako isotopoak–, afalosteko kezkak dira mundu hiper-konektatu honetan.


2020ko martxoaren 19an - 11:45

Gaurkoa, alabaina, urrutiko eta gertuko izurritea da, benetako izurrite globala. Hainbat filmetan jada ikusita dugun pandemia global apokaliptikoa. Artean gidoia betetzen ari da  eta susmoa dut denok nahi dugula filmaren amaiera ikustea, normalean katarsi kolektibo zoriontsuan amaitzen baitira film horiek guztiak, asko sufritu eta gero, noski. Esango baligute bihar bertan etxetik atera gintezkeela ziur nago frustrazio galanta sentituko genukeela, azkenean denok izan nahi baitugu film katastrofista bateko heroiak.

Alarma aldarrikapena hobe beharrez egin dute, noski, gure segurtasunaren eta osasunaren izenean. Bizitza sakratua eta, aldi berean, sakrifikagarria dela dio Agambenek –homo sacer–, baina erabaki bata ala bestea hartzea ez dago jada gure esku. Gubernamentalitatearen aldarean sakrifikatu dugu bizitza duina, bizirik irautearen truke. Estatuak gure bizitzaz erabakitzeko eskubidea kendu digu, gure osasunaren zaindari ez ezik, jabe ere bihurtu da. Ezin gara etxetik irten eta ezin dugu neurri hori demokratikoki eztabaidatu. Isunak jarriko dizkigute bizikletaz banaka errepidera jotzen badugu, langile asko eta asko lan baztergarrietara hurbiltzen diren bitartean, egunero legez, beteta doazen garraio publikoetan. Biopolitika deitzen dute baina bio-kaosetik gertuago dago egun hauetako kudeaketa. Ez dakigu teknikotzat jotzen diren erabaki horiek zein teknikaren arabera hartuak izan diren: epidemiologia, neumologia, politologia edo ekonomia. Eta, batez ere, zein den erabakian “logos” bakoitzak duen pisua. Ez dugu egoeraren oinarrian dagoen eztabaida filosofikorik burutu: Boris Johnsonek onetsi duen utilitarismoari –bere aberkide Benthamen “gehiengoaren zoriontasuna, ahulenen gutxiengoaren kaltetan”–, eutsi behar zaion edo ikuspegi deontologikoari: egin ezazu “zuzena” dena, ondorioei kasu egin gabe. Ondorioak luzaroan larriagoak badira ere: gure konfinamenduak kolesterol tasan izango duen eragina, adibidez. Legebiltzarrak itxita, botere betearazlea jaun eta jabe. Ez da nobedadea, aspaldiko joeraren berrespena, besterik ez.

Izan ere, gure sistema politikoen sakoneko egia, miseria, biluzteko balio izaten dute horrelako krisi larriek.

Arlo sozioekonomikoan, esaterako, desberdinak direnen egiturazko desberdintasuna gordin-gordin ageri da: klase politiko guztiaren diagnostiko pribilegiatutik hasi eta 60 metro karratuko butano-bonbona duen etxebizitza konfinatuetara. Zein den osasunaren truke zaindu behar den logika –merkatuarena–? Zein da lanaren banaketa tradizionala pitzatzen denean, gainkarga hartu behar duena? Noren esku geratzen da zaintza, isolamendura kondenatzen gaituzten honetan, eta zein da herritar sakrifikagarria, nekropolitikaren erreinuan? Argi dago birusa bera dela honen kudeaketa baino askoz ere demokratikoagoa.

Biluzte horretaz harago, krisi honek ekarriko duen berrikuntza tele-lanarena izango da ziurrenik. Errendimenduaren gizarteak behar duen ekoizpen modu berria, auto-esplotazioaren hurrengo jauzi kualitatiboa: edonon eskuragarria, edonoiz ekoizle, edozeinen esanetara. Gure pribatutasuna pribatizatzeko bide are eraginkorragoa. Egun hauetan ezin garenez etxetik irten aisialdi bila, zenbait lanetan produktibitatea biderkatu egingo da. Gurean jada somatzen ari naiz asperdurak sortzen duen “mezurragia” hau. Egunerokotasunaren monoa izango da akaso. Ehunetik ia zerora egokitzeko zailtasunak. Kontsolamendu bakarra arlo honi dagokionean: zaintza-lanetarako sare komunitarioen antolaketa, langile batzuen erabakimena beharra uzteko unean eta, agian, arlo guztietan desazkundera jotzeko aukera.

Geopolitikari dagokionean, berriz, krisiaren kudeaketak erakutsi digu jada Ozeano Barean dagoela etorkizuna. Txinak zirt-zart bideratu du gaia, kosteak onartuz eta urbi et orbi onartaraziz. Hego-Koreak protokolo eraginkorrak ezarri ditu hasiera-hasieratik eta herri-depresioan murgilduta dagoen Japoniak ere ez du pairatu orain arte halako kalterik. Eta arrazoi bakarra ez da elkar ez ukitzeko ohitura. Italian bizi duten egoera ere asko ukitzearen tradizioak azaltzen ez duen moduan. Estatu-babesik ez zegoelako sortu zen mafia Italian eta Berlusconik ongi asko eman zion errematea ongizate estatuari. Azpiegituretan igarri da hori, erortzen zaizkien zubietan eta baliabiderik gabeko ospitaletan. Eta, Europa, ai Europa, zerbait izan bazen, ezer ez dela erakusten ari da, merkatu ahul eta moneta mitifikatuaz haratago. Pertsonen trafikoa kontrolatzeko duen gaitasuna –milaka lagun mediterraneoan itotzera kondenatuz–, ez da ageri birusaren aurreko erantzunean. Ahots bateraturik ez, koordinaziorik ez. Birusa oso txikia baita, edozein gizaseme afrikarra baino dezente txikiagoa.

Eta biluzte honetan txapelduna, Espainia. Alarma egoera deklaratu du, salbuespen egoera material iraunkorra formalizatuz. Noiz hasi zen salbuespen hori? 1939an agian, 1978an berretsi eta 155. artikuluak finkatu. Hitzaren etimologiak ere laguntzen du, alarma, “al arma”. Egoera kritikoan, salbuespenean ezagutzen baita nor den subiranoa, Carl Schmitt-ek ongi azaldu bezala. Eta subiranoaren azken hitza, arma da, indar armatua. Atzo Espainiako Gobernuak egindako agerraldi militarizatuan nabari zen hori. Arendt-ek esango zukeen bezala, haien erabakiak ez baitira boterean oinarritzen –askoren erabakia, elkarrekin hartuta–, indarkerian baizik, batek edo gutxi batzuk, askoren borondatea aintzat hartu gabe, erabakitakoan.

Estatu autonomikoa ezaugarri epidermikoa dela argi geratu da krisi honetan, Kataluniakoan bezala. Ez da elkarrizketa edo buruz-buruko harremana hobetsi, ez da hasieran eraginkorra zirudien elkarlana lehenetsi. Logikoa litzateke Estatuko gobernuak koordinazio lanak erraztea, ez bailitzateke zentzuduna izango Castron tabernak zabalik egotea eta ez Muskizen. Gurean hauteskundeak bertan behera geratzea eta Urruñan egitea zoramena den bezala. Berriro, Ai Europa! ai Euskal Herria! Estres sistemiko larria bizi dugu, oso larria, eta kultura politiko autoritarioa nagusi denean, tentuz hartu behar dira horrelako botere kontzentrazioak. Lehengoratzea ez baita inoiz itzultze hutsa. PSOEk eta Podemosek kudeatu beharko dute krisi hau baina orain arte egin bezala merkatuaren esanetara eta zentralizazioa areagotuz egingo badute, jakin dezatela soluzio bide horien markoan beraiek beti izango direla inoren “kopia” eta orijinalaren alde egiten duela beti jendeak, mandoek agindutako “mando único”-aren alde, alegia. Ia birusa ez ote den azkenean gobernu honen akabera izango. Eta, izatekotan, izan dadila hori ondoriorik larriena.

Azkenik, agintearen jitea ezagutzeko balio duen moduan, krisiak subalternitatea azalarazteko ere balio du, noski: euskaraz, zakurrari eta umeei, “las alarmas, también aquí, se gestionan en cristiano”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude