“Aitak ikusiko balu zertan bihurtu den CCOO sindikatua, burua berriro lur azpian sartuko luke”

  • Mari Carmon Fernandez Pita (Ferrol, Galizia,1960) urte luze daramatza Laudion bizitzen. Manuel Fernandez Mourenteren (Ferrol, 1932) alaba da. Elektrikaria zuen aita Ferrol hiriko Bazan ontziolan eta ekintzaile sindikal ezaguna zen bertan. Hainbatetan atxilotua eta torturatua izan zen, eta jasotako kolpeen ondorioz  hil zen.

"Na nosa memoria" bloga sortu zuen Mari Carmen Fernandez Pitak bere nebarekin batera aitaren eta gainontzeko errepresialiatu politikoen memoria lantzeko. Argazkia: Aiaraldea.eus

2018ko abenduaren 07an - 14:34
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nor zen zure aita?

Nire Aita Manuel Fernandez Bazan zen, elektrikaria ofizioz. Ferrolen zegoen Bazan ontziolako Obras Civiles enpresarentzako egiten zuen lan. CCOOen afiliatua zen eta bitarteko sindikal lanak egiten zituen bertan. Ezaguna zen bere militantziagatik eta hainbat artikulu publikatzen zituen La Voz de Galicia egunkarian.

Artikulu horietako batean Obras Civiles enpresako zuzendariak enpresa deuseztatzeko zuen asmoa azaleratu zuen aitak. Horrek ugazabak bere aurka jarri zituen. 13 epaiketa izan zituen enpresaren aurka eta guztiak galdu zituen, noski. Azkenean Cartagenara bidali nahi izan zuten lanera desterratuta. Aitak ez zuen hori onartu eta kaleratua izan zen.

Manuel Fernandez Mourente

Orduan hasi zen jazarpen poliziala pairatzen?

Bai, Guardia Zibila etxera etorri eta atxilotu egin zuten. 1971. urtearen amaieran edo 1972aren hasieran izango zen. Guardia Zibilak aita jipoitu eta tinpano bat izorratu zion. Tortura kasu larriena ordea 1972ko maiatzean pairatu zuen.

Nolakoa izan zen kasu hori?

1972ko martxoaren 10ean greba handi bat egon zen Bazan ontziolan. Ehunka langilek Ferrol hiriko ASTANO ontziolara egin zuten martxa bertako beharginen elkartasuna eskatzera. Bidean zirela poliziak manifestarien kontra kargatu zuen bi hildako eta 200 bala zauritu baino gehiago utziz. Maiatzean mobilizazio horretan aritu ziren langileak atxilotzen hasi ziren.

Nolakoa izan zen aitaren atxiloketa?

Aita oso aktiboa zen Racing de Ferrol futbol taldean, masajista eta azpiegitura lanak egiten zituen bertan. 1972ko maiatzaren 1ean aita futbol zelaian lanean zela Polizia Nazionalak atxilotu eta kuartelera eraman zuen. 18:00ak aldera atxilotu zuten eta neba eta biok 22:00etan edo joan ginen aita bisitatzera, dagoeneko torturatu zuten eta ezin zuen ia hitzik egin.

Guztira 72 ordu eman zituen komisaldegian. Leku guztietatik zerion odola. Poliziek hilzorian zegoela ikusi zutenean taxi batean sartu eta etxera bidali zuten. Guk forentsea deitu genuen, honek ez zegoela ezer egiterik esan zigun, ezin baikenuen demostratu aita komisaldegira horrela sartu zenik.

Hor bukatu al zen dena?

Ez, maiatza bukaeran kartzelan sartu zuten, fiantzapeko askatasunarekin atera zen handik hilabete batzuetara baina kartzelan zegoela epaiketarako deia jaso zuen. Ez zen, ordea, epaiketara heldu, 1976an hil baitzen.

"Poliziek hilzorian zegoela ikusi zutenean taxi batean sartu eta etxera bidali zuten"

Torturen ondorioz?

Bai, jasotako tortura basatiak bi hematoma eta hiru koagulu utzi zizkion buruan, horietako batek tapoia egin eta hil egin zuen. Lanean zegoela gertatu zen, zutik jauzi zen metro bateko altueratik eta konortea galdu zuen. Hasieran ez zuen inor ulertzen zergatik gertatu zen, aita gizon indartsu eta osasuntsua baitzen. Ospitalean zegoela koman sartu zen.

Espainia mailako neurologo oso sonatu bat etorri zen bera aztertzera. Garai hartan mesfidantzaz aritzen ginen mundu guztiarekin, nik nire lanpostua galdu bainuen “gorri” baten alaba izateagatik. Baina neurologoak segituan atzeman zuen aita duela urteak buruan jasotako kolpe gogorren ondorioz hil zela, torturen ondorioz, hain zuzen.

­­

Nola aldatu zen zuen bizitza?

Aitak bizitako torturekin bizi izan naiz, aita torturatu zuten egunetik bertatik. Beldurrez bizi ginen, mesfidantzaz. Eta beldur hori oraindik dut gorputzean.

Polizia ere ondo arduratu zen gure familian beldur hori ez ahazteaz. Aita hil eta hilabete batzuetara etxera etorri ziren beragatik galdezka aise ondo zekitenean zendu zela. Ni ere atxilotu ninduten behin, ziegan sartu eta aita torturatu zuten ziega zela esan zidaten mehatxuz.

Madril, esaterako, hori da niretzat, sufrimendua eta beldurra. Gogoan dut nola seinalatu zidan aitak “Billy el Niño” torturatzaile famatua, Orden Publikoko Auzitegian Ferroleko 23en epaiketan laguntzera joan ginenean.

"Nire aita Galiziako bi polizia nazionalek torturatu zuten, Parentes eta Quintela zuten izena"

Ezagutu zenuen orduan “Billy el Niño”.

Bai, aise ezaguna zen gure artean, ezagun asko pasa ziren bere eskuetatik. 1975ean Ferroleko kideen epaiketara zetorren publiko artean geundenak zaintzera.

Zure aita berak torturatu zuen?

Ez, nire aita Galiziako bi polizia nazionalek torturatu zuten, Parentes eta Quintela zuten izena. Badakit nortzuk diren eta behin baino gehiagotan gurutzatu behar izan ginen kaletik beraiekin, askotan aita ondoan nuela. Hauek, Billy el Niño bezala, aise ezagunak ziren torturatzaile gisa betetzen zuten funtzioagatik.

Imaginatzen dut, beste asko bezala,  ez zirela epaituak izango.

Ez, inondik inora. Are gehiago, 1977ko amnistia legeak beraiek bezalako piztiei eta orokorrean Espainiar Estatuko faxistei egin zien mesede gehien. Beraientzako diseinatua izan zen, trantsizioa deitzen dena berdin mantendu zedin.

Espaniar Estatua gutxi aldatu dela diozu, orduan?

Estatu honetan zer toleratzen den eta zer toleratzen ez den ikustea besterik ez dago. Zenbat torturatzailek duten kondekorazioa gaur egun oraindik? Benetan sinistu behar dugu Espaniar Gobernuak ez dakiela nor den “Billy el Niño”? Ez zituela bere praktiak ezagutzen?

Bere praktikak toleratu egin ditu, frankismoa bukatuko zen baina hemen torturatzen jarraitu da. Boterean orduan jarraitzen zuten berdinek jarraitzen dute, non dago aldaketa? Franco omentzea erabat onartua dago…

Eta niri asko mintzen nau frankismoan gertatutakoa azaleratzen denean boterean daudenen partetik “zauriak ez irekitzeko” esaten dutela entzuteak. Zauriak ireki? Zauriak ez daude itxita! Ni honekin bizi behar izan dut 40 urtez eta jarraituko dut karga hori eramaten.

"Ez dut inork niri barkamena eskatzea nahi, ez naiz fededuna ez dut barkamenean sinesten"

Zerk itxiko lituzke zauriak?

Barkamenak ez, hori ziur! Ez dut inork niri barkamena eskatzea nahi, ez naiz fededuna ez dut barkamenean sinesten. Aitaren torturatzaileak ezagutzen ditut eta ez dut nahi hauek nigana barkamen eske etortzea, zertarako? Barkamenak ahanztura dakar eta nik ez dut ahaztu nahi. Nik aitortza bat nahi dut, gauzak izan ziren moduan kontatuak izatea.

Belaunaldi berriek ezagutu behar dute hemen zer gertatu den eta zer gertatzen ari den.

Baina aitortza gutxi espero dut nik Frankismoa ukatzen duen estatu batetik. Hona Argentinako entzutegiak etorri behar izan dira torturatzaileak epaitzera eta hauei ere trabak jarri zaizkie.

Zer da mingarriena?

Guzti hau zeozertarako baliagarria izan ote den pentsatzea da mingarriena. Aitak ideal batzuk zituen eta ideal horiengatik eman zuen bizia. Balio izan zuen gauzak aldatzeko? Ez dakit… Gaur egun galdu egin da langile kontzientzia, soldatapeko hutsak gara, ez dago sindikaturik, herriok ezin dugu gure etorkizuna demokratikoki erabaki… Egindako borroka guztia egoera honetan egoteko, pena ematen du. Aita CCOOko militantea izan zen, ikusiko balu zertan bihurtu den orain sindikatu hori... burua lur azpian sartuko luke berriro.

Elkarrizketa hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Beste bi torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.


Egoi Irisarri: “Grande Marlaskari torturak kontatzen nizkionean, primeran gogoratzen dut nola irribarre batekin entzuten zituen”

Beste 20 pertsonarekin batera, Guardia Zibilaren esku zegoenean pairatu zituen torturak aitortu dizkio Nafarroako Gobernuak. Urrats honetara heltzeko Torturatuen Saretik egindako lan kolektiboa azpimarratu du Euskalerria Irratian. Ziklo baten itxieratzat hartu du aitortza... [+]


Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


Iratxe Sorzabalen aldeko epaiari helegitea aurkeztuko dio fiskalak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Guardia Zibilak eragindako torturak onartu eta Sorzabal errugabetu zuen epaiaren aurka. Sorzabalek bere burua autoinkulpatu zuen gutuna torturen ondorioz idatzi zuela ebatzi zuen Auzitegi... [+]


40 minutu Iratxerekin

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]


Sorzabalen epaia oinarri hartuta tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak

"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


Espainiako Estatuaren “isiltasuna” salatu eta hori egitea “tortura estaltzea” dela azaldu du EH Bilduk

Giza eskubideen urraketa horietan duten erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dutela seinalatu du koalizio subiranistak.


Sorzabalen epai “historikoaren” aurrean torturaren izaera “sistematikoa” azpimarratu eta ekinbide judizialak iragarri dituzte

Larunbatean prentsaurreko bateratua eman dute Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek. Ostegunean ezagutu zen sententzia mugarria dela adierazi dute hirurek. Larrartek adierazi du Estrasburgoko epaitegira... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Torturaren beste bost biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Oraingoz Nafarroan, 53 izango dira estatuaren biktima aitortuak eta horietatik 27 torturaren biktimak. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira aitortutako torturatu berriak.


Eguneraketa berriak daude