Zaballatik irten dira Ramirez de Alda, Arnanz eta Unamuno Altsasuko gazteak hirugarren graduko lehen baimenarekin

  • Senide eta lagunak zain zituzten Arabako espetxe kanpoaldean. Gazteen gurasoek poza adierazi dute, baina espetxe barruan jarraitzen duten Cob eta Goikoetxea izan dituzte gogoan. “Oraindik ez da bukatu amesgaiztoa”, salatu dute.


2020ko uztailaren 3an - 15:39
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Atzo jakinarazi zieten espetxeko funtzionarioek hiru gazteei hirugarren gradua eskuratu dutela, eta gaur eman diete lehen irteera baimena. 09:15etan zeharkatu dituzte barrutik kanpora Zaballa espetxeko ateak, itxaroan zeuden lagun eta senideekin batzeko.

Espetxe atarian adierazpenak egin dituzte Koldo Arnanzek eta Antton Ramirez de Aldak, Oihan eta Adurren aitek. Pozik agertu dira, eta semeak espetxeratu zituztenetik pasatako hiru urte eta erdiak luze egin zaizkiela adierazi dute: “Hainbeste denbora barruan pasatu dute... Lapurtu dieten espazioa bete behar dute orain”.

2016ko azaroan espetxeratuta, hiru gazte horiek dira Altsasuko aferari lotuta espetxean egun gehien daramaten gazteak. Espetxe zigor handienak dituztenak dira gainera: Oihan Arranzek bederatzi urte eta erdi, eta Adur Ramirez de Aldak eta Jokin Unamunok zortzi urte eta erdi.

Amesgaiztoak dirau

Koldo Arnanz eta Antton Ramirez de Alda gurasoek Altsasuko gainontzeko gazteak izan dituzte gogoan. Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea espetxean jarraitzen dute, irteera baimenik gabe. Zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra jaso zuten. Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari iazko abenduan eman zieten hirugarren gradua. Ordutik ate bitartean goizean irten eta iluntzean bueltatzen dira espetxera, eta asteburua kanpoan ematen dute. “Oraindik ez da bukatu amesgaizto hau», adierazi dute Altsasuko gurasoek, eta lanean jarraituko dutela iragarri dute, “benetako askatasuna lortu arte”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
2025eko martxoaren 26
Espainiako Guardia Zibilaren historia bat
Hemendik alde egiteko arrazoiak

2021eko urriaren 20
Anomaliak

2021eko martxoaren 2
Adur Ramírez de Alda, Altsasuko auzipetua
"Altsasuren karikatura egin nahi izan dute, baina gaizki atera zaie"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!