"500 urte, ezer ez ospatzeko" protesta Txileko Patagonian Magallaes-Elkanoren mundu biraren harira

  • Magallaesek hasi eta Joan Sebastian Elkanok burututako itsas-espedizioaren V. mendeurrena omentzera doaz Txileko agintariak. Espresuki, Magallaes Itsasartearen aurkikuntzaren 500 urteak”. Euskal Herrian bezala, han ere harrabotsa eragin du. Horren adibide dira, hilabete honetan Patagoniako Punta Arenas hiriburuan egindako protestak.


2019ko irailaren 26an - 09:19
Argazkia: El magallanico

Sebastian Piñeraren gobernuaren politiken aurka mobilizazio deialdi orokorra izan zen irailaren 6an Txilen. Testuinguru horretan, Punta Arenasen –Txileko Patagoniako hiri nagusietako bat– ehunka lagunek manifestazioa egin zuten irailaren 5ean 500 arrazoi protestatzeko, 500 arrazoi elkartzeko lelopean, hiriko 30 bat mugimendu sozialek sustatuta. Manifestazioaren helburua zen herritarrak eta taldeak elkartzea “gobernuaren politikek eragindako arazo nagusiei” aurre egiteko, hala nola “etxebizitza bat lortzeko zailtasuna, kalitatezko hezkuntza publikoaren gabezia, ustelkeria, berdintasun eza” eta abarrak.

 

 

Magallanesen omenezko estatua protesten ostean. Argazkia: Radio Magallanes

 

 

Aldarrikapen horien artean zegoen Magallaes-Elkanoren lehen Mundu Biraren ospakizun ofizialen aurrean, ikuspegi antikolonialista kalera ateratzea. Hala, kalera atera zituzten aldarrien artean ondokoa irakur zitekeen: “500 urteko sarraskia, Jaungoikoaren eta garapen kapitalistaren izenean“. Izan ere, Magallaes-Elkanoren itsas-espedizio militarrekoak izan ziren lehenengo gizon txuriak egungo Txile eta Argentina hegoaldeko lurrak eta herritarrak ezagutzen. Ondoren ezaguna den Hego Amerikako kolonizazio prozesuaren lehen mugarrietako bat.

Manifestazioaren amaiera aldera, hiriak 1920tik Fernando Magallaesen omenez ezarri zuen monumentua pegatinez eta pintaketaz josi zituzten, "500 urte, ezer ez ospatzeko" bezalako mezuekin.

Antolatzaileen nahiaren kontra, istiluak ere sortu ziren manifestazioaren amaieran, aurpegia estalita zuten hainbat lagunen eta polizien artean. Bi lagun atxilotu eta bi polizia ospitaleratu zituzten, kaputxadunek kazetari bat ere zauritu zuten piper-hautsarekin.

Astebete lehenago, abuztuaren amaieran, Punta Arenaseko hainbat tokitan pintaketak egin zituzten, tartean udaletxearen aurrean ondokoa idatzi zuten: “500 urte, ezer ez ospatzeko”. Horren harira emakume bat atxilotu zuten.

 

 

Urkullu eta Txileko presidentea

Iazko azaroan Iñigo Urkullu Lehendakaria Txileko Presidente Sebastián Piñera –herrialdeko bosgarren pertsonarik dirudunena– eskuindarrarekin bildu zen La Moneda Jauregian. Interes eta asmo komertzial eta ekonomikoez  aritu ziren gehien bat, eta Urkulluk aukera baliatu zuen Piñera Euskadira gonbidatzeko “Euskadik eta Txilek”, biek, “Elcano eta Magallaesen bidaiaren V. mendeurrena ospatuko zutelako”.

Urkullu eta Piñera Txileko Santiagon. Argazkia: Irekia

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude