Astelehen arratsean aurkitu dituzte desagertutako hiru kolono israeldarren gorpuak. Israelgo Gobernuak Hamasi egotzi dizkio hilketak, talde islamistak publikoki kontrakoa adierazi badu ere. Benyamin Netanyahuren Gobernuaren erantzuna justiziatik baino militarren eskutik etorri da: Zisjordanian 18 urteko gazte bat hil, Hebronen ustezko bahitzaileen etxeak suntsitu eta Gaza bonbardatu dute.
Ekainaren 12an desagertu ziren Naftali Frenkel, Gilad Shaar eta Eyal Yifrach gazte israeldarren gorpuak astelehenean aurkitu ditu Israelgo armadak Zisjordaniako Halhul herriko inguruetan. MaanNews berri agentzia palestinarrak zabaldu duenez, aurkikuntza horrek alarma piztu ditu bart Palestinan. Askok aurreikusi bezala, militarren erasoak geratu ziren Zisjordania eta Gazako hainbat lekutan.
Mendeku deiak
Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahuk, Palestinako talde politiko eta armatu nagusienari, Hamasi egotzi dio errua eta hiltzaileak "giza animaliak" izendatu ditu. "Hamasek ordainduko du", adierazi du baita "mendeku" hitza aipatu ere. Ildo horretako mezuetako bat Michael Ben-Ari politikariarena izan da. “Mina arerio krudelari pasa behar zaio. Ramadan bilaka dezagun haien hilabeterik ilunena!”, eskatu du bideo bidez. Etxebizitza Ministro Uri Arielek Hamaseko buruzagien hilketa eskatu du eta Gobernuak "kolonia berrien eraikuntza masiboari ekin" beharko litzaiokeela adierazi du. Sare sozialetan mugimendu sionistaren mezuak harago joaten ari dira eta "arabiarrak akabatzeko" mezuak ugaltzen ari dira.
Gobernuaren erantzun militarra
Iluntzeko erantzuna prestatu bitartean, Israelgo segurtasun kabinetea bildu bezain pronto armadak Halhul eta Hebron hiriko sarrera guztiak itxi zituen. Gauean Marwan Qawasmeh eta Amer Abu Aishah, Hamaseko ustezko kideen etxeak suntsitu ditu armadak. Israelgo Gobernuak bi gizon hauek ditu susmagarri nagusitzat. Bestetik, 18 urteko Yusuf Abu Zagha palestinarra tiroz hil du armadak Jeningo errefuxiatu eremuan.
Hilik aurkitu dituzten hiru israeldarrak
Israelgo Armadak Jeninen hil duen Yusuf Abu Zagha
Israelgo armadak suntsitutako etxeetako bat, Abu Aisha familiarena.
Rafah hiria, bart
Bonbardaketa
Munduko kartzelarik handiena bezala ezaguna den Gazako zerrendan, 30 bonba eraso burutu ditu bart Israelgo armadak, airez eta itsasoz. Israelgo iturri ofizialen arabera eraso hauek Hamas eta Yihad Islamikoa erakundeen instalazio militarren aurka egin dituzte. Erasoan Jan Yunis herrian lau herritar zauritu dituzte eta beste pertsona bat desagertuta dagoela zabaldu dute hainbat hedabidek.
Kolonoen erantzuna Bahiketa Alon Shvut koloniatik irtetzen ari zirela gertatu zen eta, Times of Israel egunkariak dakarrenez, asteartean kolonia horretako biztanleek gazteen memoria oroitzeko beste kolonia bat sortu dute Jerusalem hegoaldeko lurretan. 'Givat Oz Gaon' izena jarri diote Gil-ad, Eyal and Naftali izenen laburdura hebreeraz.
Bahituen bilaketa lanen emaitza militarra
Hiru gazteen gorpuak aurkitu aurretik Israelgo armadak itzal luzea utzi du azken bi asteetan Palestinan: 8 palestinar hil, 560tik gora atxiloketa egin eta bi mila etxe baino gehiago suntsitu ditu.
Asteartean Netanyahuren segurtasun kabinetea berriz bilduko da, erantzun militarraren tamaina nolakoa izango den aztertzeko.
“Ez den herrian sortu ginen, eta geu ere, esan gabe, konprenitzen da ez garena garela”, Joseba Sarrionandia.
Askotan, nire buruari galdetzen diot zer gertatu ote zen Alemaniako jendarteak nazismoaren ondorioak ezagutu zituenean, hau da, horrelako komunitate... [+]
Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agur Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]
33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.
Palestina NBEko estatu kide gisa onartzeko ebazpena ostegun honetan bozkatu dute Segurtasun Kontseiluan. Gehiengoa –12 boto– alde agertu bada ere, bi abstentziorekin batera, AEBen ezetza nahikoa izan da proposamena bertan behera uzteko.
Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.