24 urteko zigorra ezarri diote Sorzabali, torturak zalantzan jarriz

  • Iratxe Sorzabal euskal preso politikoaren aurkako epaia eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak. 24 urteko espetxe zigorra ezarri diote, ETAk Gijonen (Asturies) egindako atentatu bat egotzita. Guardia Zibilak egindako torturen ondorioz bere burua inkulpatu zuela deklaratu zuen epaiketan Sorzabalek. Torturak erabat frogatuta ez daudela argudiatu dute epaileek. Kasuaren inguruko kezka adierazi du Europako abokatuen elkarte batek.


2022ko otsailaren 22an - 14:59
Azken eguneraketa: 17:27

2015etik dago preso Sorzabal, eta Frantziako Réau espetxean zegoen epai zezaten urtarrilean aldi baterako Espainaratu aurretik. 2015ean David Plarekin batera Baigorrin atxilotu zutenean 2001ean Hernanin Guardia Zibilak atxilotu zuenean pairatutako torturengatik Istanbulgo Protokoloa aplikatzeko eskatu zuen.

Mediku aditu batek ebatzi zuen tortura salaketek “sinesgarritasun osoa” zutela, eta trauma osteko estresa atzeman zion presoari. 2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak bertan behera utzi zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman zielako tortura testigantzei. Hirugarrenez eskatu ostean, baina, haren aurka Auzitegi Nazionalak jarritako euroagindu bat onartu zuen Frantziak.

Otsailaren 7 eta 8an egin zuten haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 36 urteko espetxe zigorra eskatu zuten 1996an ETAk Gijonen egindako atentatu bat eta burutu gabeko beste bat egotzita. Sorzabalek epailearen aurrean azaldu zuen akusazio guztiak faltsuak zirela eta akusazioaren oinarriko deklarazioak torturapean eginak: “Neure burua eta beste batzuk erruduntzat jo nituen. Guardia Zibilak torturatu egin ninduen eta deklarazio horiek egitera behartu”.

Epaiketan bertan Guardia Zibilaren perituek zalantzan jarri zuten Sorzabal torturatu izana, ETAk kideei torturak salatzeko agintzen ziela azaltzen zuen txosten bat aurkeztuz. Epaian Sorzabalek pairatutako torturen kontakizuna azaltzen bada ere argudiatzen du ezin direla torturak erabat frogatu. Hala eta guztiz ere, epaiak dio “torturak egon balira ere” ez duela kondena torturapeko deklarazioetan oinarritzen, baizik eta ustez Sorzabalek berak ETAri bidaltzeko idatzitako beste dokumentu batean, zeinetan onartuko lukeen Gijongo atentatuetan parte hartu izana, Berriak jaso duenez.

Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak (ELDH) kezka adierazi du epaiketaren inguruan, epaiaren berri izan aurretik. Sorzabalen aurkako froga bakarrak torturapean eskuratutakoak direla-eta. Sorzabalen tortura salaketa ikertzeko eskatu dio elkarteak Espainiari, eta torturapean edo konfiantzazko abokatu baten presentziarik gabe eskuratutako frogen bidez kondenatutako eta espetxeratutakoen kasu guztiak modu “inpartzial eta independentean” aztertzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude