“Carrero Blanco neuk hil nuela ere sinatuko nuela esan nien”

  • Astelehen eta asteartean ari dira epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean Iratxe Sorzabal euskal presoa, 2001ean torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta. Sorzabalek ukatu egin du akusazio oro, eta guardia zibilek egindako torturak kontatu ditu.

Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzen ari da Iratxe Sorzabal. / Argazkia: Naiz-eko bideotik.

2022ko otsailaren 07an - 15:54
Azken eguneraketa: 17:01
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Fiskaltzak 46 urteko espetxe zigorrak eskatu du Iratxe Sorzabal Iruneko euskal presoarentzat. Madrilgo Espainiako Auzitegi Nazionalean Sorzabal epaitzen hasi dira astelehen honetan, eta asteartean jarraituko dute. 1996an ETAk Gijonen egindako atentatu bat leporatzen diote. Sorzabalek epailearen aurrean azaldu du akusazio guztiak faltsuak direla: “Neure burua eta beste batzuk erruduntzat jo nituen. Guardia Zibilak torturatu egin ninduen eta deklarazio horiek egitera behartu”. Izan ere, 2001eko martxoan torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta egiten ari dira epaiketa.

Guardia zibilek eginiko torturak kontatu ditu epaiketan, eta nabarmendu du sufrimendua bukatzeko edozein deklarazio sinatuko zuela esan ziela torturatzaileei: “Esan nien nahi bazuten sinatuko nuela Carrero Blanco neuk hil nuela. Barre egin zidaten, eta esan zidaten ezin zutela hori sinesgarri egin; baina lasai egoteko, beste asko sartuko zizkidatela”, Sorzabalen hitzak jaso ditu Naizek.

Istanbulgo Protokoloa abiatu zioten Sorzabali 2015an, eta mediku aditu batek ebatzi zuen tortura salaketek “sinesgarritasun osoa” zutela, eta trauma osteko estresa atzeman zion presoari. 2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak bertan behera utzi zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman zielako tortura testigantzei, Berriak argitaratu duenez.

Bost egun inkomunikatuta

Atxilotu zutenetik bost egun igaro zituen inkomunikatuta, eta tarte horretan era guztietako torturak egin zizkiotela salatu du epaiketaren lehen egunean. “Autoan begiak estali zizkidaten, deskargak eman, kolpatu, iraindu, ukituak egin, poltsa batekin ito”, gogoratu du. Sorzabalek jakinarazi du deklarazioak buruz ikasi behar zituela, eta guardia zibilek esaten ziotena egin ezean bazekiela torturatzen jarraituko zutela; azaldu du horregatik erabaki zuela bere burua erruduntzat jotzea: “Pasarazten ari zitzaizkidan infernuaren ostean, ezin nuen besterik aukeratu”.

Inkomunikazioaren bigarren egunean ospitaleratu egin behar izan zuten: “Hain nengoen txikituta bigarren egunean, pentsatzen nuela ezin zidatela egin zidatena baino gehiagorik egin”. Kontatu duenez, mediku forentseari erakutsi zizkion haragi bizian zituen zauriak, eta hark esan zion ospitalera eraman behar zutela. Inkomunikazioaren ostean Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari adierazi zion egindako deklarazioak faltsuak zirela, torturapean eginikoak. Salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zuten kasua, “beste hainbat bezala”, baina Sorzabalek dioenez, “ñabardura gehiago” topatu dituztenez kasua “berriro irekitzear” dago.

'Bi arnas' dokumentala

Urriaren 14an Espainiaratu zuten Sorzabal, epaiketaren harira, eta amaitutakoan Reauko espetxera itzuliko dute, Frantziara. Bertan ari da betetzen kondena. Iratxe Sorzabalen eta haren ama Nieves Diazen testigantzak bildu dituzte Bi arnas dokumentalean, eta era batera edo bestera torturak eragindako arnas falta islatu dute lan horretan, beste ahots batzuekin batera. Itsulapikoa.eus-en diru-bilketa abiatu dute dokumentala sustatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Beste bi torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.


Egoi Irisarri: “Grande Marlaskari torturak kontatzen nizkionean, primeran gogoratzen dut nola irribarre batekin entzuten zituen”

Beste 20 pertsonarekin batera, Guardia Zibilaren esku zegoenean pairatu zituen torturak aitortu dizkio Nafarroako Gobernuak. Urrats honetara heltzeko Torturatuen Saretik egindako lan kolektiboa azpimarratu du Euskalerria Irratian. Ziklo baten itxieratzat hartu du aitortza... [+]


Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


Iratxe Sorzabalen aldeko epaiari helegitea aurkeztuko dio fiskalak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Guardia Zibilak eragindako torturak onartu eta Sorzabal errugabetu zuen epaiaren aurka. Sorzabalek bere burua autoinkulpatu zuen gutuna torturen ondorioz idatzi zuela ebatzi zuen Auzitegi... [+]


40 minutu Iratxerekin

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]


Sorzabalen epaia oinarri hartuta tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak

"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


Espainiako Estatuaren “isiltasuna” salatu eta hori egitea “tortura estaltzea” dela azaldu du EH Bilduk

Giza eskubideen urraketa horietan duten erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dutela seinalatu du koalizio subiranistak.


Sorzabalen epai “historikoaren” aurrean torturaren izaera “sistematikoa” azpimarratu eta ekinbide judizialak iragarri dituzte

Larunbatean prentsaurreko bateratua eman dute Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek. Ostegunean ezagutu zen sententzia mugarria dela adierazi dute hirurek. Larrartek adierazi du Estrasburgoko epaitegira... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Torturaren beste bost biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Oraingoz Nafarroan, 53 izango dira estatuaren biktima aitortuak eta horietatik 27 torturaren biktimak. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira aitortutako torturatu berriak.


Eguneraketa berriak daude