Teknologia alboratu, teknologiaz hausnartzeko

  • Urruñako San Frantses Xabier ikastetxean "10 egun pantailarik gabe" erronkari helduko diote aurten ere, ikasle eta helduek teknologiarekin duten harremanaz hausnartu, pantailari begira behar baino denbora gehiago emateak eskolako errendimenduan eragin negatiboa duela azaleratu eta bortizkeriaren banalizazioaz ohartaraztea helburu, besteak beste.


2017ko irailaren 05an - 07:40
Telebista, mugikor, bideo-joko, ordenagailu edota tabletak alboratu eta "elkarbizitza garatzen dituzten ekintzak" antolatzea du helburu ekimenak (Arg.: Dani Blanco)

“Kolpeak, irainak, hitz larriak… banalizatuak direla ikusten dugu, ez soilik helduen kolegioetan, baita Lehen Mailan ere, 11 urtez azpiko umeen artean”, kontatu zigun pasa den ikasturtean Eneko Jorajuriak, San Frantses Xabier ikastetxeko Lehen Mailako irakasleak. Adingabeak eta mugikorrak: Internetekoa ez da bizitza birtuala erreportajean jaso genuen ekimenaren berri. Jorajuriak azaldu zigun bortizkeriak presentzia handia duela telebistan, baita marrazki bizidunetan eta gazteei zuzendutako filmetan ere, eta horrek ekar dezakeela indarkeria dagokion tamainan ez neurtzea, ikasleek distantziarik ez hartzea, sarri ez dutelako bortizkeria gisa errekonozitzen. “YouTubeko hainbat bideorekin berdin; umore modu berria da haientzat”. Dioenez, geroz eta lehenago erosten dizkiegu mugikorrak umeei, eta zaila da kontrolatzea uneoro zer egiten duten. Gauez ohe ondoan uzten dituzte, eta goizeko ordu txikietan elkarri mezuak igortzen dizkiote, hirugarren bati buruz hitz egiten aritzen dira… Horrek guztiak eragina du harremanetan”.

Halaber, gosaltzeko tenorean edo oheratu baino lehen pantailari begira egoteak atentzio anitz eskatzen diela dio, ez duela laguntzen burmuina pausatzen, eta arreta gutxiagorekin doazela eskolara. Eskolaz kanpoko gailuak direnez ahal bezain gutxi erabili beharrekoak, gurasoen parte-hartze aktiboa ezinbestekoa da, eta zonaldeko eragileak ere inplikatzen dituzte, “sobera” geratzen zaien denbora hainbat elkarte eta eragileren jarduna ezagutzeko baliatzen baitute ikasleek.

Gainerako ikastetxeei gonbita

Ikasturte berriaren hondarrean gauzatuko dute egitasmoa, 2018ko maiatzaren 15etik 24ra bitartean, urrats bat harago joateko asmoarekin. "Indarra batasunak ematen du; beraz, beste ikastetxeak gurekin parte hartzea gomitatzen ditugu", diote San Frantses Xabier ikastetxetik. "Haurtzaindegiei, elkarteei, herriko etxeei, mediatekei, liburutegiei, artistei eta norbanako guztiei kolaboratzaileago izanen litzatekeen manifestazioan parte hartzea deia egiten diegu. Edozein iniziatibak eta sormenak bere tokia izanen lukete: artista horrek obra plastikoa eginen luke, elkarte horrek konferentzia bat antolatu, guraso elkarte horrek ateraldi bat antolatu, auzo horrek piknik partekatu bat, kultur gela horrek beherapen bat eskaini desafioan parte hartzen duten haurrei..."

Interesatuak direnek mezua bidali dezakete contact@10jourssansecransurrugne.org helbidera. Halaber, irailaren 21ean informazio eta lan bilkurara deitu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia
"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eten du, Poliziak ondorioak ikertu bitartean

Epaile Santiago Pedrazek iragan ostiralean eskatu zuen estatuan Telegram aplikazioa blokeatzea. Astelehenean blokeo hau etetea erabaki du epaile berak, lehenik neurri hori aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko.


Eguneraketa berriak daude