Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura. Kasu hori izan zen El Salvadorko gerrarena (1980-1992), eta FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea oso jakitun zen informazioa arma bat gehiago zela, eta eurak izan behar zirela frontearen ideiak eta informazioa herrira zabaldu behar zituztenak. El Salvadorko armadaren eskuetan salvadortarrak jasaten ari ziren sarraskia nazioartera zabaltzeko, Salpress berri agentzia sortu zuten, baina aitortu gabe gerrillarena zela. Zer eta noiz ezkutatzen den ere estrategikoa baita beti.
Gema Lasarte (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) “26 urterekin dituzun indarrarekin eta buru-arinkeriarekin” eta kazetaritza ikasketak bukatu berri joan zen Erdialdeko Amerikara, martxan zeuden iraultza prozesuek erakarrita. Salpressen jardun zuen gerraren bukaerako hiru urteetan, batik bat Managuako (Nikaragua) egoitzatik: “Lotsa ematen zidan, uste nuen ez nuela ezer egin, ez nengoelako mendian frontearekin”.
Uste baino gehiago egin du, ordea: batetik, gerraren norabidea aldatzen erabakigarria izan zen albiste agentziaren kide izan; bestetik, agentzia horren memoria egin, Salpresseko 23 emakume eta gizon elkarrizketatuta. Felipe Vargas kazetari eta Salpresseko editore buru izandakoak Lasarteri 2017an eskatu zion ikerketan laguntzeko, El Salvadorko Unibertsitateko irakasle zela: “Denak zahartuta hiltzen ari dira, eta euren ahotsak ezabatuko dira laster”. Horretan ari zirela zendu zen Vargas bera ere, baina bazekien esku onetan utzi zuela memoria. Lasartek EHUren bidez egin du ikerketa, bertako irakaslea baita, eta Salpresseko kide ziren eta egun Mexiko, El Salvador eta Nikaraguako unibertsitateetako irakasle diren beste hiruk ere parte hartu dute, Vargasez gain; beraz, autoetnografia izan dela nabarmendu dute egileek.
Salpressi buruz apenas dagoen informazio edo dokumentaziorik, 1992an atentatu batean erre baitzieten dena, eta Lasarteren beraren eta hark elkarrizketatutako kideen gorputz eta gogoetan zegoen gordeta bizitakoa. Orain, El Salvadorko memoria historikoari beste pieza bat jarri dio errenteriarrak, eta kideok hiltzen badira ere, jasota geratuko da hamarkada hartan gerrillaren alde eta nazioarteari masakrea ikusarazteko egin zuten lana. 35 urte geroago, eta Salpressen memoria egiteko zortzi urtez Erdialdeko Amerikara joan-etorrian ibili ostean, Lasartek aitortza egin die orain bere buruari eta El Salvadorko historiari: “Hiru urte haietan Salpressen ibiltzeak balio izan dit memoria hau egiteko; sentitzen dut herrialdearen historian puska txiki bat jarri dugula”.
“Salpressek nazioarteari begiak ireki zizkion, gobernuetako aliatuak lortu zituen, eta gerra beste modu batera ikusten hasi zen”, Gema Lasarte
Lasartek garrantzia kendu izan dio El Salvadorko gerran egindako ekarpenari: “Emakumeok askotan aitzakiaren bat daukagulako esateko egiten dugunak ez duela balio”. Baina erreportaje hau irakurtzen duenak ikusi dezake ez zela nolanahikoa 26 urteko kazetari horrek El Salvadorko mugimendu iraultzailean egindakoa. “Momentu gogorrak tokatu zitzaizkidan, baina ez hainbeste. Beatriz Yarzaren eta Miren Odriozolaren [Euskal Herritik joandako gerrillariak] liburuak irakurri eta ikusten duzu benetan ze gogorra zen mendian egotea, edozein unetan hil zintzaketen. Gu Managuatik El Salvadorrera hegazkinez eramaten gintuzten frontera joan behar genuenean, baina sentsazioa nuen Managuan erregina bezala bizi nintzela, hainbesteko arriskurik gabe”.
Arriskuak egon bazeuden, azken finean, ezin da ahaztu ze odoltsua eta terrorezkoa izan zen gerra. 1992ko urtarrilaren 16an sinatu zituzten bake akordioak FMLNk eta El Salvadorko Gobernuak, eta ordurako ia hamabi urtetan 75.000 hildako eta 8.000 desagertutik gora eta milioi bat desplazatu baino gehiago eragin zituen gatazka armatuak. Giza eskubideen urraketa larriak egin zituzten, batik bat estatuko agenteek; heriotza eskuadroien torturak oso bortitzak ziren, baita nekazarien sarraskiak ere, 1981eko Mozotekoa kasu, non egun bakarrean ia mila lagun sarraskitu zituen armadak.
FMLNk bi irrati klandestino izan zituen, propaganda zabaltzeko, eta horien emisioak menditik bertatik egiten zituzten, “aparatu gerrillariak ziren”. Radio Venceremos eta Radio Farabundo Marti ziren, FMLNren barruan zeuden ERP Herriaren Armada Iraultzaileak eta FPL Askapenerako Herriaren Indarrak sortuak, hurrenez hurren. FMLNren eta armadaren arteko borrokaldiak nola zihoazen jakinarazten zuten zuzenean, besteak beste. Salpress ere FPLk sortu zuen, baina kanpoko lana egiteko, eta funtzio oso desberdinarekin: “Gerrillaren irratiak oso ezagunak ziren eta asko idatzi da horiei buruz; mendiko xarma zuten. Guk klandestinitatean eta hirian egiten genuen lana. Sakabanatuta geunden, baina oso estrategia onak genituen”. Hasieran El Salvadortik lan egitea oso arriskutsua zenez, inguruko herrialdeetan bilatu zuten babesa: Managuan eta Mexiko Hirian zituzten bi egoitza nagusiak, eta azkenik, San Salvadorreko korrespontsalia legeztatu zuten 1989ko gerrillaren ofentsibaren bezperetan. Costa Rican eta Panaman ere kontaktu garrantzitsuak zituzten.
Ikerlanean ondorioztatu dute Salpressek “gerra definitzen lagundu” zuela: “Hor ikusi zen informazioaren garrantzia, ordura arte informazio hesia itxita zegoen, eta pixkanaka joan ginen irekitzen eta informazioa bideratzen; armadaren aurkako zera bat bihurtu zen informazioa. 1989ko ofentsiba gakoa izan zen gerra amaiarazteko, baina horra iristen lagundu genuen”. Izan ere, gerra “aurrerabiderik gabe” zegoen, eta diskurtsoa erabat monopolizatuta zeukan El Salvadorko Gobernuak.“Kontakizun manikeoan militarrak eta segurtasun indarrak ‘onak’ ziren, aberria defendatzen zutenak komunismoaren nazioarteko erasoaren aurrean; azken hori ‘gaiztoek’ gorpuzten zuten, herri antolakundeek eta gerrillak”, laburtu dute memoria txostenean. Lasartek gogoratzen du diskurtso ofizialetan gerrilla “deabrutzen” zela eta nazioartera mezu hori iristen zela soilik, “hemen ETArekin egin zuten bezala, dena satanizatuta”. Diskurtso horiek zabaltzearen arduradun nagusia Coprefa zen, Indar Armatuen Prentsa Komitea, 1979an abiatutakoa indar iraultzaileen hazkundea geldiarazteko.
Diskurtso horiek aldatzeko, FPLren Conaprop Prentsaren eta Propagandaren Kontseilu Nazionalak ikusi zuen estrategia aldatu behar zela: irratiez gain beste informazio iturri bat sortuta, propagandatik urrunduta, batik bat nazioartera ikuspegi berri bat zabaltzea lortzeko. Horregatik jarri zuten martxan Salpress, eta Lasartek ziurtatu du FMLNk “informazio gerra irabazi” ziola armadari: “Nazioarteari begiak ireki zizkion, gobernuetako aliatuak lortu zituen, eta gerra beste modu batera ikusten hasi zen”.
Salpressen sorreran fronteak bidalitako mezua argia izan zen; nahiz eta agentziaren parte izandako hainbatek ez jakin FMLNren aginduak jarraitzen zituztenik, arduradun nagusiek bazekiten Salpressen eginbeharra eta proiektua nondik bideratu. “Komandanteak esan zidan bi helburu nagusi genituela: bata, informazio hesia apurtu eta nazioartean ikusgarri egitea El Salvadorko sarraskiak eta giza eskubideen urraketa larriak; bestea, gerrilla botererako alternatiba erreal gisa erakustea munduari, eta ez gaizkile batzuk bezala, gobernuko propagandak eta herrialdean nagusi zen prentsak egiten zuen bezala”, gogoratzen du Rubén Aguilar mexikarrak, Salpress martxan jartzearen ardura zuenak. Lasartek ziurtatu du hori guztia betetzea izan zela Salpressen “lorpenik handiena”.
Nazioarteko prentsa informatuta eta “aseta” izateaz gain, nazioarteko elkartasuna ere elikatu nahi zuten: “Gerrillak kristoren babes soziala zuen kanpotik, ehunka talde eta 40 bat nazio zeuden atzean, gerrillaren prozesua babesten, eta hor informazioa behar zen”. Ez hori bakarrik, barrura begira ere ezinbestekoa izan zen Salpressen lana. Izan ere, gerrillaren komandantziek (kanpotik ari zirenak gerrilla zuzentzen) askotan agentziaren bitartez jakiten zuten gerra nola zihoan, “aparatu oso estrategikoa zen”: “Komandantzia kanpoan zegoen artikulatuta; mendian batzuk zeuden, baina gehienak kanpoan. Bazekiten nola zihoazen gerra eta borrokaldiak, alde militarra, horretaz arduratzen zirelako Radio Farabundo Marti eta Radio Venceremos. Baina gainerako informazioa geuk ematen genuen: mugimendu sozialak eta sindikatuek zer zioten, gobernuaren erabakiak... gerraren eragin sozialak-eta jasotzen genituen”. Komandanteekin ere gertuko harremana zuten, eta zenbait iturri garrantzitsu zituzten inguruan, nahiz eta El Salvadortik kanpora izan.
Arrakastaren gakoetako bat izan zen inork ez zekiela Salpress gerrillaren bozgorailua zenik. Hasieratik zuten xede hori: propagandatik aldendu eta “kazetaritza profesionala” eskaintzea; horrek ahalbidetu zien sinesgarritasuna irabaztea, herrialdean zein nazioartean. Errenteriarrak oroitzen du mezua zela informazioa “ahalik eta argien, zehatzen eta objektiboen” eskaintzea, frontean egiten zuten “gerra kazetaritzaren” tonua jaitsita. Aitortzen du orain garai hartako dokumentuak irakurtzen konturatzen dela profesionaltasun handia erdietsi zutela, egoeraren krudeltasuna krudeltasun, lehenesten zutelako tonu hori zaintzea.
Inportantzia handia eman zioten estiloari, hizkuntzari. “Gerra humanizatzen saiatzen ginen, hainbeste hildakori aurpegia jartzen”. Gobernuko albistegietan “FMLNko terroristak” esaten zuten, ordea, Salpressek “indar errebeldeak” edo “indar iraultzaileak”. Gobernuko albistegietan zioten “identifikatu gabeko zenbait pertsonak hil zituztela beste zenbait”, baina Salpressek ez zuen egia ezkutatzen: “Guk heriotzaren eskuadroiak zirela azpimarratzen genuen”. Aldi berean, FMLNren irratien hizkuntzatik ere urrundu ziren: “armada errepresorea” esan beharrean, “El Salvadorko Armada” esaten zuten. Lasartek dioenez, ikasketa prozesua izan zen, eta hainbat tailer eta balorazio saio egiten zituzten: “Oso polita izan zen prozesua, astero taldean elkartzen ginen ikusteko zertan hobetu eta abar”. Azpimarratzen du Salpressen “jende oso formatua eta ona” zegoela, gaur egun idazleak, kazetari esanguratsuak, politikariak, historialariak, Erdialdeko Amerikako poeta handien ondorengoak, unibertsitateko errektoreak eta abar direnak. Eta Euskal Herritik iritsitako Gema Lasarte gaztea ere, haiekin elkarlanean. Memoriarako galdekatutakoek ziurtatu dute “kazetaritza modernoa, profesionala, eta sarean eta elkartasunean oinarritua” egin zutela.
Berebiziko garrantzia izan zuen Salpresseko kideen segurtasuna bermatzeak, eta Lasartek dio gakoetako bat izan zela komunikabidearen funtzionamenduan: “Gerrillak izugarrizko segurtasuna zeukan antolatuta, oso inportantea da hori”
Halere, jakina da informatzaileen jarduna arriskuz betea izan ohi dela; are gehiago gerra betean, eta gerrillaren parte izanda. Hortaz, berebiziko garrantzia izan zuen Salpresseko kideen segurtasuna bermatzeak, eta Lasartek dio hori gakoetako bat izan zela komunikabidearen funtzionamenduan. “Gerrillak izugarrizko segurtasuna zeukan antolatuta, oso inportantea da hori. Esaten da El Salvadorko gerrilla zela Latinoamerikan egon den gerrillarik indartsuenetakoa”. Emaitza zera izan zen: Salpressen aritu ziren 40 bat pertsonatatik bakarra hil zutela. Lasartek baieztatzen duenez, amaierarako jakin bazekiten nor zebiltzan agentzian lanean, eta arriskua bazeukaten armadak hiltzeko egun batetik bestera. Baina ezaugarri inportante bat zuten Salpresseko korrespontsal ugarik, segurtasuna ematen ziena: atzerritarrak ziren. “Nik pentsatzen nuen: ‘Zer ari gara gu hemen?’. Gero konturatzen nintzen gu babesa ginela”.
Galdetu diogu ea nazioarteko kazetari zuria izatearen segurtasuna sentitzen zuten. “Begi urdindun zuriei errespetua ziguten, nabaritzen zen. Baina halere beldur ikaragarria pasatzen genuen”. Une horretan ez zuten horrelakorik pentsatzen, baina perspektibatik badaki armadak eta FMLNk zuten “pultsu politikoak” ere lagundu zuela hilketa gehiago saihesten: “Bazekiten Salpresseko norbait desagertuz gero beraietako norbait ere desagertuko zela; gerra zen, haiek ere kontziente ziren kontuz ibili behar zutela. Adibidez, 1989ko ofentsiban gutako inori ez zitzaion ezer pasa, baina Coprefako kazetari asko akabatu zituzten. Gerrillak asko babesten gintuen”.
Salpressen esaten eta argitaratzen zenak bezainbesteko garrantzia zuen ezkutatzen zenak. “Informazioaren konpartimentazioaren estrategia izugarria zen”, alegia, bakoitzak bazekien bere eginbeharra zein zen, baina gauza oso zehatzak ziren; gertatzen ari zen gehiena ez zuten jakiten, eta inguruan zituzten pertsonak ere gertukoak bezain ezezagunak ziren. Segurtasun estrategia zen, eta goitik zetozen kontsignen bidez funtzionatzen zuten, galdera gutxi gehiago eginda. Lasarteren esanetan horri esker izan zen agentziaren jarduna esperientzia positiboa. Segurtasuna izanagatik, unean bertan beldur eta tentsio handia bizitzen zituzten. “Atzerritarrek, adibidez, kontsigna bat edo izaten genuen, baina ez genekien ezer gehiago; batzuetan informazioren bat eramaten genuen barrura. Ez genekien zer zen, baina bagenekien zeozer oso inportantea zela, eta beldur izugarria duzu, harrapatuko zaituztelakoan”.
Lasartek dio salvadortarrak zirela horri aurre egiten abilenak: “Eguneroko bizitzan, heriotza erabat naturalizatuta eta hiltzeari beldur gutxirekin. Gu pribilegiatuak gara. Haiek xinaurriak bezala akabatzen zituzten, palestinarrak bezala, eta ez da ezer gertatzen”. Lasartek dio berak heriotza eskuadroiei ziela beldurrik handiena. “Beti pentsatzen nuen zianuroan... zeren ezingo nukeen aguantatu eskuadroiek egiten zituzten basakeriarik. Terrorea nien”. Heriotzari baino, atxiloketei edo torturei zien beldur.
Halere, azpimarratu du gerrillak ematen zien segurtasuna hain zela handia, non Salpressen beste eginkizuna ere betetzea eskuragarri zutela: Italiatik, Kanadatik, Mexikotik, AEBetatik eta beste herrialdeetatik zihoazen korrespontsal entzutetsuak frontera eramateko bitartekariak ziren Salpresseko kideak, eta komandanteekin-eta elkarrizketak lortzen zizkieten. FMLNren ahotsa The Washington Post eta New York Times bezalako hedabideetan argitaratze hutsa lorpen handia zen, gerrilla humanizatzen baitzuen.
Salvadortarrek bizi duten egoeraren berri emateko, ordea, jadanik ez dago Salpress. Bake akordioak sinatu ostean desegin zen, nahiz eta batzuek, errenteriarra tartean, jarraitzeko gogoa izan, lortutakoa ezerezean geratu ez zedin. Baina barne mailan desadostasunak zeuden. Izan ere, 1989ko ofentsiba oso gogorra izan zen, eta milaka hildako eragin zituen; gerrilla akituta zegoen. “Ofentsiba eta gero, hainbeste maite nuen Jesús Rojasi [Salpresseko arduradun politikoa, bake akordioen ostean estatubatuarrek hil zutena enboskada batean] esan nion, ‘orain bai, gerra bukatuta, lasaiago gaude telebista bat sortzeko’. Eta bere erantzunarekin argi ikusi nuen egoera: ‘Orain? Lagunak botarik gabe daude eta’. Oraina ez zen existitzen, gerrillariek arnasa hartu behar zuten”.
Gainera, 1992an Salpressen egoitza nagusiak atentatu bat jasan zuen, eta dena erre zen. Memoria lanean ezin izan dute ondorioztatu nork egin zuen atentatua, barrutik edo kanpotik etorri zen, baina Lasartek dio memoria historikoa ezabatu nahi izan zutela. Testuinguru horretan eta hausnarketa askoren ostean, Salpress ixtea erabaki zuten, gerrako “funtzioa bete” zutelako jada. Dena den, Lasartek penaz dio FMLNren akatsetako bat izan dela komunikatiboki ez direla eguneratu eta ez dutela egokitzen jakin. Gerran piztu zutena eta emaitzak eman zituena, gerrarekin kiskali zen.
Une horretan Lasartek ikusi zuen bere egitekoa ere hor amaitu zela, baina aitortu du telebista proiektua martxan jarri izan balitz han geratuko zatekeela. Ez zen erraza izan atzerritar gisa urte horiek Erdialdeko Amerikan ematea: “Desleku batean nengoen, ez nintzen ez hangoa ez hemengoa, ez Reuters-ekoa ez gerrillaria; erdian nengoen, eta ezin nuen esan nongoa nintzen”. Errenteriarra eta nazioarteko beste kazetariak ez ziren Salpresseko akreditazioarekin joaten, amaieran Salpress ofizial egin zen arte. Batzuk Reuters bezalako agentzientzat lan egiten zuten “kamuflatuak” ziren, eta beste batzuk freelance bezala aurkezten zuten beren burua. Dolores Albiac kazetari espainiarraren kasua dakar gogora Lasartek; Radio Nacional de Españaren akreditazioa zeukan, baina Salpressentzat ere egiten zuen lan. “Ez zitzaidan bururatu ere egiten Dolores gure lankidea zenik, eta berak ere ez zekien ni zertan nenbilen, eta hori zen gure segurtasuna”. Ezkutatuta zeuden, eta horrek ematen zien segurtasuna. “Ez jakite horrek asko salbatu gintuen”. Memoria egiteko informazioa biltzen hasi arte askok ez zekiten nor zeuden Salpressen atzean.
Lasartek identitate falta azpimarratzen du, baina salvadortarren harrerak garai hartako zapore gozoa utzi dio. “Nire bizitzako urte ederrenak izan ziren, asko ikasi nuen gizarteaz, jendea beste begi batzuekin begiratzen, gure egoa, guk dugun guztia...”. Gertutik ikusi zuen Mendebaldea dela gerra horiek existitzearen errudun: “Hain argi ikusi nuen gu eta gure pribilegioak garela gerrak sortzen ditugunak... eta legitimatu egiten ditugu. Oraindik ere halaxe da”. Gema Lasarte askok ez dute Salpressekin lotuko oraindik ere, El Salvadorko gerran ez baitzen “inor”, gainerakoak bezalaxe. FMLNren borrokan esku bat bota eta benetako nortasuna ezkutatzen zuen bitartean, aldiz, gerraren beste aurpegi bat ikusarazi zion munduari. Memoria honekin bere “legatua” utzi du; ezkutatu zirenak azaleratu, eta Salpressen parte izan zirenei omenaldia egin.
Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]
Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]
Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]
1985. NATOn mantentzearen kontrako manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 10ean, tartean Donostian. Milaka lagun irten ziren kalera Koordinadora Antimilitaristaren deiari erantzunez, orduko agintariak karikaturizatzen zituzten mozorroekin. Kanpaina... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]
Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak,... [+]
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]
Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]