Euskadi Sariak: hamar urtez linboan

  • Saridunak ezagutzera eman baino lehen izan dira albiste Euskadi Sariak aurten, zenbait idazlek parte hartzeari uko egin diotelako. Aurreko esaldia ezaguna egiten bazaizu, normala da. 2007tik Eusko Jaurlaritzak urteko literatur uztatik ale batzuk nabarmentzeko ematen dituen sariak zalantzan daude, zenbait idazlek ez diolako sinesgarritasunik aitortzen. Hamarkada oso bat pasa ondoren egoera zertan den jaso dugu.

Edorta Jimenez ‘Utikan Euskadi Sariak’ manifestua irakurtzen 
2007an Donostiako Boulevardean, agiriaren beste sinatzaile batzuk atzean dituela (argazkia: Patxi Gaztelumendi).
Edorta Jimenez ‘Utikan Euskadi Sariak’ manifestua irakurtzen 2007an Donostiako Boulevardean, agiriaren beste sinatzaile batzuk atzean dituela (argazkia: Patxi Gaztelumendi).

Haustura baten eszena, lehen planoa: 2007ko otsailaren 16an idazle talde batek Donostiako Boulevardean adierazi du aurrerantzean ez dutela nahi beren lanak kontuan hartzerik Euskadi Literatura Sarietan. “Sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen”, dio kazetarien aurrean irakurri duten “Utikan Euskadi Sariak” manifestuak. Salatu dituzte sariak hautatzean izandako irregulartasunak; adierazi dute literatur sistema kudeatzen duen teknikari, kritikari eta epaimahaikideek ontzat ematen dituztela horrelako jokabideak; eta ondorioztatu dute, “Euskadi Sariek literaturaren kontzeptu murritz bat hedatzen” laguntzen dutela. 30 idazle baino gehiagoren babesa dauka testuak. Jaurlaritzak ematen dituen sari literarioen historia hein batean baldintzatuta geratuko da ordutik: hamar urte pasa dira, baina aurten bertan, Boulevardeko agerraldian ziren hiru idazlek, finalisten artean zeudela jakitean, uko egin dute publikoki –Josu Landak, Oier Guillanek eta Koldo Izagirrek–. Kinieletan agertzen ez zen idazle bati eman diote euskarazko literaturari dagokion saria, manifestu haren sinatzaileen artean zegoen Asier Serranori, Linbotarrak poema liburuarengatik.

Jon Alonso:
“Utikan manifestua izenpetu genuen gehienon jarrera bere horretan dago”

Ukoen zerrenda luzea da azken hamarkadan. Flash batzuk: 2008an Eider Rodriguezek, Uxue Alberdik eta Koldo Izagirrek esan zuten ezetz finalista zirela jakitean; 2009an Iñigo Aranbarrik; eta hor dago 2015ekoa ere: Su zelaiak nobelarengatik jaso zuen saria errefusatu zuen Mikel Peruarenak. Izan da hasieran parte hartzeari ezezkoa eman eta handik urte batzuetara jarreraz aldatu duenik. Eta bada orduko posturari are irmoago eusten dionik ere. “Iritzi berekoa naizela esatea gutxi da”, dio Jon Alonsok, zeinaren artikulu bat jo daitekeen “Utikan” manifestuaren aurrekaritzat. 2007ko ARGIAren Euskal Kulturaren Urtekarian publikatu zuen, kontatuz, besteak beste, Euskadi Sarietako epaimahaikide izan zen aldi batean, finalistak erabakitzerako orduan, Jaurlaritzako Kultura Saileko funtzionario batek nola manipulatu zituen botoak bere begien aurrean. “Hain zabarki eta lotsagabeki egindako tranpa baten aurrean isildu izan banintz, ez niokeen nire buruari sekula barkatuko”, azaldu du.

Hamar urte geroago, “Utikan”-ek eraginik izan ote zuen galdetuta, Alonsok baietz dio: “Izenpetu genuen gehienon jarrera bere hartan dagoela esango nuke”. Manifestuarekin bat egin ondoren saria hartu duten idazleak badirela aitortu arren, horrek ez du galarazi, bere ustez, aldarrikatu zenaren inguruan “nukleo koskor bat” eratzen joatea eta “euskal komunitate literario kontziente eta aktiboena” jabetzea nukleo horren existentziaz. “Harro nago beren orduko jarrerari eutsi dioten idazle guztiez, eta haiei zordun eta aldi berean eskertua natzaie”.

Errebobinatu 2007ra. Apirilean zerbait gertatuko da: manifestua aurkeztu baino lehen banatutako azken Euskadi Sarietako epaimahaiburuak, Jon Kortazarrek, erabaki du Espainiako Kritikaren Saria Alonsori ematea narratiba arloan Erretzaileen eremua liburuagatik; eta Koldo Izagirreri poesiakoan, Rimmel-engatik. Bi idazleak “Utikan”-en sinatzaileak direla kontuan izanda, sutea itzaltzen saiatzeko keinua dirudi. Hauspoa emango dio: Izagirrek publikoki adieraziko du Kritika Sariari ere uko egiten diola eta gainera salatuko du “Euskadi Saria bera baino mekanismo ilunagoz” aukeratzen dela –momentu hartan Kortazar da irabazlea aukeratzeko dagoen epaimahai guztia–.

Ezusteko notiziak ordura arte urtez urte errepikatzen zen zeremonia gutxi gorabehera errutinarioan: urte entretenigarria izango da kultura sailetan ari diren kazetarientzat.

Auzitegi Nazionala epaimahai literario gisa

Gernikako Arbolaren time-lapse bat, udazkenean hostoak erortzen, neguan elurtuta, udaberrian loretan eta udan eguzkitan; eta horrela buelta pare bat, 2009ra iritsi arte. Patxi Lópezek lehendakari makila hartuko du poesia errezitatuz, eta gobernu berriak erabakiko du Euskadi Sariekin zerbait diferentea egitea. Oinarriak aldatu eta aurrerantzean idazleek edo argitaletxeek aurkeztu beharko dituzte lanak baloratuak izan daitezen. Neurri hura hartu zen urteko produkzio osoa kudeatzea ezinezkotzat jo ondoren, orduko Kultura sailburu Blanca Urgellek esplikatu duenez: “Esperientzia positiboa izan zen, bai epaimahaientzat, baita saria kudeatu behar duten Jaurlaritzako langileentzat ere”. Bere esanetan, erabakiak ez zuen zerikusirik izan “Utikan”-ekin, honek “aurreko gobernuetan izandako gorabeherak salatzen baitzituen eta ziur naiz 2007an gu ere ados egon gintezkeela manifestuak esaten zituen gauza batzuekin”. Aldaketarekin administrazioak bere buruari aurreztu zizkion titular deseroso batzuk, tarte batez inork ez ziolako finalista izateari ezetzik esan, ez aurkeztearekin aski izanda.

Blanca Urgell:
“Bagenekien Sarrionandiaren sariak ekaitz itzela ekarriko zuela”

Baina gutxi fidatu sari literario batez: espero ez duzunean hasten da kapitulu polemiko berri bat. Igo musika topera, 2011. urtea: Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? jo du epaimahaiak urteko saiakera onentzat. Baina Kultura Sailak erabakiko du sariaren parte ekonomikoa ez ematea, “saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean”. Eta Espainiako Auzitegi Nazionalak adierazi arte Iurretako idazlearen kontra ez daukala ezer –esateko modu bat da–, ez zaizkio emango dagozkion 18.000 euroak.

“Bagenekien ekaitz itzela ekarriko zuela, eta mugimendu horrekin Sarrionandia deabrutzat zutenen amorrua pitin bat ematzea lortu genuen, heroitzat zutenen amorrua ezinbestean pizten genuen bitartean”, azaldu du Urgellek. “Okerrena zen familiaren mina berriztatzen ikustea hedabideetan izan zen alde bietako iskanbilagatik. Mundu anker batean bizi gara, betiere ‘nirekin’ edo ‘nire kontra’ kokatzeko agintzen dizun mundu batean”. Erabaki horren atzean izan ziren presioez galdetuta, ziurtatu du ez zela “X jaunik” izan. Eta legegintzaldiko une hunkigarrienen artean dauka polemikaren ondoren Sarrionandiaren familia sari-banaketa ekitaldian izan zen unea.

Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua), Asier Serrano (literatura alorreko irabazlea), Arantxa Urretabizkaia (saiakera alorreko Euskadi Sariaren irabazlea) eta Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea). Argazkia: Irekia.

Jokaldiaren errepikapena

Egin dezagun trantsizio suabe bat, amaitu da legealdi hura, itzuli da EAJ Jaurlaritzara eta buelta lehengo eskemara. Norberak lanak aurkeztu ordez, argitaratutako guztia baloratuko da berriz 2012tik. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak esplikatu duenez, “sari nazionala izatea” baita helburua; eta horretarako, produkzio osoa hartu behar da kontuan, bestela egiteak lehiaketa bihurtuko lukeelako.

Joxean Muñoz:
“Ez dut uste desadostasunak agerian egotea txarra denik, kultura ez bada debaterako eremua, gureak egin du”

Baina berriz ere agertuko dira ukoak, sonatuena 2015eko Peruarenarena, sariari ezetz esatearekin batera literaturgintza sustatzeko bestelako neurriak proposatuz. Muñozek defendatu du sariak produkzio literarioari ikusgarritasuna emateko politikaren parte direla, baina ez alor horretan egiten diren bakarrak. Aurten, adibidez, gazte-literatura sustatzeko deialdi berria jarri du abian EAEko Gobernuak. Helduen literaturarekin antzeko zerbait egitea aztertu duten arren, deialdiak urtebeteko epe-muga izateak zaildu egiten du halakorik martxan jartzea bere esanetan: “Normalean nobela bat idazteko, Twist bat adibidez, urtebete ez da nahikoa, askoz denbora gehiago behar da”.

Idazleek uko egiten dutenean sortzen den egoeraz, Muñozek honakoa dio: “Fokua jartzen denean liburu batzuen gainean eta literaturaren gainean oro har, fokua jartzen da hor egon daitezkeen desadostasunen inguruan ere. Eta nik ez dut uste txarra denik dauden posizio horiek, desadostasun horiek eta kritika horiek agerian egotea. Kultura ez baldin bada debaterako eremua, gureak egin du”. Idazle gehienek saria pozik hartzen dutela gaineratu du. Eta ez duela jaso kultur politikak diseinatzean mintzakide dituzten elkarteen aldetik sariak desegokitzat jotzen dituen mezurik. “Eragile batzuengandik bai –erantsi du– eta errespetuz hartzen dut, eskubide guztia daukatelako”. 

Kontua da, pelikulak segitzen duela, gutxi gorabehera, duela hamar urte zegoen bezala, errutinaren faktorea gehituz. Eskema batekin esplikatzeko, Euskadi Sarien ziklo berria da: 1) finalistak ezagutzea, 2) idazle batek edo batzuek uko egiten dutela adieraztea eta 3) urtearen arabera a) uko egin duen idazlea berdin-berdin saritzea edo b) beste bati ematea golardoa. Sorpresa gutxiko remake bat. Ez dago gidoi berririk, Jaurlaritzak horrela izango dela onartzen duenez eta parte hartu nahi ez duten idazleek ere bai, itxuraz –“ez zait interesatzen sariak eraberritzen edo hobetzen ahal diren edo ez. Ez da nire afera. Sariak literaturari buruzko kontzepzio jakin baten porrotaren irudia dira”, dio Jon Alonsok–.

“Hau da dena lagunok”, esan beharko. Sartu amaiera-kredituak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadi Sariak
Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte Getxoko Muxikebarrin

Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.


Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.


2023ko Euskadi sariak irabazi dituzte Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxek

Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.


2022-10-13 | ARGIA
Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat Euskadi Literatura Sariak

Euskarazko Literatura saria jaso du Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bildumak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Bilbaoren 'Barruko hotsak' albumak, eta Literatur Lanaren ilustrazioaren saria Mutuberriaren 'Irrimola' lanak.


2021-10-20 | ARGIA
Banatu dituzte Euskadi Sariak kategoria guztietan

Urriaren 14an jakianrazi zituzten sarietuetako zenbaiten izenak, eta asteazkenean eman dituzte ezagutzera gainontzekoak. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi, Joxan Elosegi, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz, Txani Rodriguez eta Javier de Isusi dira 2021eko edizioko sarituak.


Eguneraketa berriak daude