Luis Plaza Velez, Kolonbiako sindikalista

"Multinazionalek ahal duten guztia egingo dute bake akordioa bete ez dadin"

  • SAT sindikatuak gonbidatuta bi hilabete igaro ditu Luis Plaza Velez sindikalista eta irakasle kolonbiarrak Espainiako Estatuko sindikalismoa aztertzen. Euskal Herrira egindako bisita baliatu dugu Kolonbiaren gaurkotasunaz galdetzeko.

Xuban Zubiria @xubanzubiria
2017ko ekainaren 11

Gazte murgildu zinen mundu justuago baten aldeko borrokan.
Nire militantzia nerabezaroan hasi zen jaioterrian, Kartagenan. Animalien eskubideen alde atera nintzen lehen aldiz kalera. Geroago ikasle mugimenduan murgildu nintzen. Orduko ekintzek eta borrokek egin ninduten giza eskubideen aldeko militante. Kolonbian errealitateak bultzatzen zaitu militantziara. Asko dugu oraindik borrokatzeko eta irabazteko.

Kolonbian justizia sozialaren alde egitea arriskutsua da.
Kolonbiako historiari erreparatuz gero ikusiko dugu kolonialismoaren garaietan hasitako indigenen aurkako jazarpenak egun bere horretan dirauela. Ordutik eskubide urraketak aldatu badira ere, hauek ez dute etenik izan. Bizi eredu kapitalista basatiak jazarpena eta miseria gizarteko ia sektore guztietara zabaldu ditu azken hamarkadetan. Lehen eta orain gatazka guztien oinarrian lurraren jabetza dago. Kolonbian lurraren banaketa duina eskatzen duena beti egongo da arriskuan.

Sindikalismoak ere muturreko egoeretan dihardu.
Kolonbian hiru sindikatu nagusi daude: CTC, CGT eta CUT. Nik urte asko daramatzat CUT sindikatuan. Gure sindikatua da gobernuaren politika neoliberalari hortzak erakusten dizkiona. CUT izan da langileen eskubideen aldeko borroka kalera atera duena baita hildakoak jarri dituena ere. Sindikalistok, nekazariekin batera, talde parapolizialen jomuga nagusi bihurtu gara.

Legeak gure jardun sindikala erdi klandestinitatean egitera behartzen gaitu. Jabeek enpresetan sindikatuen presentzia sumatuz gero, langile guztiak kalera botatzeko eskubidea dute. Kolonbian errazagoa da talde kriminal armatu bat eratzea sindikatu bat sortzea baino. Langileen eskubideen alde jardun duten 3.000 burkide inguru hil dituzte azken 60 urteotan.

Biolentzia politikoaz ari gara, honek Union Patriótica ekartzen dit gogora.
80ko hamarkadan FARC eta Kolonbiako Gobernuak egin zituzten negoziazioen testuinguruan sortu genuen milaka herritarrek Union Patriótica alderdia. Negoziaketa eta bakea bultzatzeaz gain, ezkerreko alternatiba eraldatzaile bat sortzea zen gure asmoa. Bake negoziaketek porrot egin zutenean gobernuak gerrillaren jardun militarra aitzakia hartuta, Union Patrióticaren aurkako jazarpenari hasiera eman zion. Milaka izan ziren mertzenario taldeen eskuetan bizitza galdu zutenak. Genozidio politikoa izan zen hura.

Zu ere hiltzen saiatu dira.
2014ko maiatzaren 16an magisteritzako bilera batetik atera ostean saiatu ziren ni hiltzen. Sikarioak baino azkarragoa izan zen nire eskolta eta horregatik nago bizirik. Mehatxuen ondorioz bost alditan ihes egin behar izan dut Kolonbiatik. Oraindik ezin naiz familiarekin Kartagenan bizi. Segurtasunagatik Bogotan bizi naiz.

Fusilak atzetik edukitzeko arrazoi bakarra izan da urte askotan langileen eskubideen alde egin dudan jardun politiko eta sindikala. Estatuak laguntza eskaintzen dio mehatxatua dagoen orori baina inondik ere ez da nahikoa. Ultraeskuineko talde kriminalek urte luzez izan duten inpunitatea amaitu behar da. Izaera politikoa duten hilketen %95 epaitu gabe jarraitzen du.

FARC-en eta Kolonbiako Gobernuaren arteko akordioak biolentzia sistematikoari amaiera eman beharko lioke…
Kolonbiako gizarteak ez du hildako gehiago nahi. Zoritxarrez, boterearen zati batentzat gerra negozio bihurtu da. La Habanan lortutako akordioa oso pauso garrantzitsua da, baina asko falta zaigu oraindik. Lurraren banaketa eta herrialdea bakera emango duen bide orriaren inguruan adostasunetara heldu dira bi aldeak. Orain adostasun horiek errealitate bihurtzeko egin behar dugu lan.

Argi esan behar da ordea gobernua ez dela sinatutakoa betetzen ari. Gerrillarientzat eraiki behar zituzten 27 gune desmilitarizatuen arrastorik ez dugu oraindik. Gerrillariak beraiek ari dira guneak eraikitzen. Bizi baldintzak muturrekoak dira han. Janaria eta sendagaiak boluntarioen karabanek ekartzen dituzte, ur edangarririk ez da, gerrillari asko gaixotzen ari da...
FARC eta gobernua berriz elkartu dira akordioa indartzeko asmoz.
Kolonbiako gerra egoeraren azpian lurraren jabetza dago nagusiki. Akordioetan lurren eraldaketa ere jorratzen da. Kolonbiako lurren ia jabetza osoa duten multinazional eta korporazio handiek ahal dutena egingo dute gobernuak sinatutakoa beste ez dezan. Paramilitarismoaren mamua elikatzen jarraitzen dute eta horrek asko zailtzen du bakea.

Nekazarien aurkako jazarpena sistematikoa da. Gerrillarekin hitz egiteaz gain, berehalako neurriak hartu behar ditu gobernuak. Kolonbia guztiak sufritzen du talde kriminalen jarduna. Haien aurka egin ezean, ezingo da bake prozesua indartu.

Nola ikusten duzu etorkizuna, ezagutuko dugu bakea inoiz?
Leihoa erdi irekia ikustearekin konformatuko nintzateke. Esperantza ez dut galdu, baina ez naiz baikorra prozesuaren aurrean. Biolentzia guztien amaiera oraindik oso urruti ikusten dut.

Bitartean Kolonbiako ezkerreko mugimenduetan ez da lortu beharrezkoa dugun batasuna. Ezkerreko mugimendu eta alderdietan protagonismo nahi handiegia dago. Denek prozesuaren sustatzaile eta bozgorailu izan nahi dute eta hori ezinezkoa da. Bakearen alde gauden guztiok praktikan ere adostasunetara heldu behar dugu. Hori lortu ezean betiko neoliberalismoaren tesiak gailenduko dira eta hori hondamendia litzateke Kolonbiarentzat.

Kanal hauetan artxibatua: Kolonbiako bake prozesua  |  FARC  |  ELN

Kolonbiako bake prozesua kanaletik interesatuko zaizu...
Erresistentzia martxa koloretsua

Kolonbiako herri indigenetako milaka lagunek “lurraldea, bizitza eta herrien duintasuna” aldarrikatu dute Jamunditik Calirainoko martxan. Gobernuaren eta FARC-en arteko akordioaz geroztik 180 herritar indigena hil dituztela eta herri indigenen aurkako giza eskubideen urraketa etengabea dela salatu dute ondorengo komunitateetako kideek: Guainia, Meta, Guajira, Amazonas, Misak eta Chami. Amalurra defendatu eta babesteagatik beldurtzen, hiltzen edo herrietatik botatzen dituztela salatu... [+]


Hogei egunez luzatu dute FARC-EPren armagabetzea, bake prozesuaren atzerapenagatik

Hiru astez luzatu dute FARC-EPren armagabetze prozesua; maiatzaren 30ean zen amaitzekoa, hasierako akordioaren arabera, baina ekainaren 20ra arte luzatu dute epea. Gobernuak ez ditu bake prozesurako azpiegiturak burutzeko epeak bete, eta atzerapenak eragin ditu.


FARC-EP eta Kolonbiako Gobernua bildu dira Habanako akordioa berpizteko

Kolonbiako Gobernua eta FARC-EP gerrilla Cartagenan bildu dira asteburuan. Bake akordioa sinatu eta ehun egunetara, adostutakoaren inplementazioa gaizki eta berandu egiten ari direla jabetzean, konpromisoak hartu dituzte prozesua bizkortzeko.


Kolonbiako Gobernua ez da Habanako bake akordioa betetzen ari

FARC-EP gerrillako buruek, Bogotan egindako prentsaurrekoan, salatu dute Kolonbiako Gobernua ez dela betetzen ari Habanako bake akordioetan adostutakoa. Ez ditu eraiki desmobilizaziorako eta armagabetzeko beharrezko azpiegiturak, eta horrek prozesua atzeratzea eragin du. Gainera, FARC-EPren erretiratzearekin paramilitarren ofentsiba gogortzen ari da, eta gobernuak ezikusiarena egiten du horren aurrean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude