Aberatsak eroso, pobreak lupapean

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzarik (DBL) ezingo da gehiago eskatu uztailaren 1etik aurrera Gipuzkoan –seme-alabak dituztenen kasuan, abenduaren 31ra arte luzatuko da epea–. Diputazioak dio prestazio ekonomiko honek ez duela gizarteratzeko balio eta kendu egin du, baina bizirauteko gutxieneko errenta bat eta politika integratzaileak elkarren osagarri direla uste dute arloko eragileek, batak ez duela bestea oztopatzen, alderantziz baizik. Garbi du Caritasek: “Ematen ez direnak dira laguntzen ez duten laguntzak”.

Hiru puntu nagusi hobetzeko beharra ikusten dute eragile sozialek: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta gutxienez lehengo baldintzetara bueltatzea, gizarteratzean eta gizarte zerbitzuen rolean indarra jartzea, eta oinarrizko errenta egungo lan merkatuaren log
Hiru puntu nagusi hobetzeko beharra ikusten dute eragile sozialek: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta gutxienez lehengo baldintzetara bueltatzea, gizarteratzean eta gizarte zerbitzuen rolean indarra jartzea, eta oinarrizko errenta egungo lan merkatuaren logikatik ateratzea. Irudian, ELAk antolatutako Prekarietatearen Trena.ELA sindikatua

Eztabaidan murgildu aurretik, jar ditzagun datuak mahai gainean: 1.371 familiek jasotzen dute laguntza hau Gipuzkoan; familia horien euskarri izateaz gain, 500 bat enplegu sostengatzen ditu –gertuko kontsumoa areagotzeko pizgarri delako–; eta Diputazioak 11 bat milioi euro bideratzen ditu prestazio honetara, hau da, 813 milioiko aurrekontua duela kontuan hartuta, aurrekontuaren %1,4 baino gutxiago. Hori guztia, pobrezia eta bazterketa egoera gero eta handiagoa denean: 2012tik 2014ra pobreziak %50 egin du gora EAEn; egun, biztanleen %20tik gora bizi da txirotasun eta bazterkeria arriskuan.

EAEko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteagatik hasi zen dena

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) dugu EAEn, politikariek hainbestetan famaturikoa, babes sozialerako eta pobrezia arintzeko erreminta eraginkorra dela baitiote datuek. Bada, 2011n Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen DBE jasotzeko baldintzak zorroztea –urtebeteko erroldatzea eskatzetik, EAEn gutxienez hiru urtez erroldatuta egon behar izatera pasa zuten eskaera– eta errentaren diru kopurua %7 murriztu zuten. Murrizketa horiei emandako erantzuna izan zen Gipuzkoako diru-laguntza, Aldundian EH-Bilduk gobernatzen zuenean: 1 eta 3 urte arteko tarte horretan babesgabe geratu zirenei estaldura emateko alternatiba izan zen –alegia, urtebeteko erroldatzea eskatzen zen Gipuzkoan prestazioa jaso ahal izateko, eta ez hiru urtekoa–.

Alfonso Lopez Martinez:
“Fiskalitate juxtuago eta progresiboagoa behar dugu, aberastasuna birbanatzeko era orekatuagoa. Garapen ekonomikorik ez dago garapen sozialik gabe, hori frogatuta dago”

Onena zer den argi dute eragile sozialek: DBE gutxienez lehengora itzultzea, EAEko herritar guztiek eskubide eta babes egokiak izan ditzaten, baina 2011tik halakorik egin gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, eta orain Gipuzkoan zuten adabakia ere ezabatu du Aldundiak. Erabakiaren aurka agertu dira sindikatuak, aurka mintzatu da Gipuzkoako Langile Sozialen Elkargo Ofiziala, eta salaketa gogorra egin dute Caritaseko hainbat kidek, ekintza “oso larria” dela, “penagarria” iruditzen zaiela eta “konpromiso etikorik eza eta behartsuekiko justiziarik eza” azpimarratuz: “Hor ikusten da bazterkeriaren kulturan bizi garela”. Gipuzkoako Afrikarren Batasuna elkartean ere kritikoak dira: “Familia askoren bizitzarekin ari dira jolasten”. Eta gehitu digute, elkarbizitzarako eta gatazka soziala saihesteko ere funtsezkoak direla halako prestazioak: “Lapurtzera edo gisako ekintzetara bultzatuko dituen egoerak saihesten ditu oinarrizko diru-sarrerak. Bizirauteko dirurik ez duenak eta lanik lortzen ez duenak zer egingo du ba, gosez hiltzen utziko du bere burua?”.

“Gipuzkoako Aldundiak dirua behar du, aurrekontuak koadratu, eta pobreen kontura egiten du, pobreek ez dutelako bozkatzen, aberatsek baino parte-hartze politiko txikiagoa daukatelako, eta sarri euren egoera administratiboagatik ezin dutelako euren burua defendatu”, dio Ander Rodriguez Lejarzak. Bera da prestazioa ezarri zuen Gizarte Politikako sailburu ohia. Egungo sailburuari ere, Maite Peñari, galdetu diogu laguntza kentzeko arrazoiez, baina ez digu erantzun; konfrontaziorik ez duela nahi argudiatu digute bere sailetik. Aurrera begira martxan jarriko duten politika sozialaz hitz egitea ere proposatu diogu, baina oraindik zehaztugabe dagoela adierazi digute. Laguntza ezabatzeko argudioak, dena den, agerraldi publikoan eman zituen. Goazen urratsez urrats.

Homogeneotasuna? Baldintza onenak izatetik, okerrenetara

Prestazio honek Gipuzkoa “irla” bilakatu duela eta laguntzak lurralde osoan “modu homogeneoan” eman behar direla adierazi du Peñak. Eredu bateratua litzateke onena, bai, baina esan bezala, EAEko DBEren baldintzak okertu egin zituzten, eta bere horretan jarraitzen dute. Horregatik, baldintzak gogortzearekin batera kanpoan geratu diren herritarrak berriz ere babes-sisteman sartzeko DBE hobetu behar dela aldarrikatu du Alfonso Lopez Martinezek, Pobrezia eta Giza Bazterkeriaren Aurkako Europar Sareko Euskadiko ordezkariak.

Ander Rodriguez Lejarza:
“Kanabera emateko, arraina lapurtu behar al diozu? Gizarteratzeko, lehenik duin bizitzea bermatu behar da”

Bitartean, homogeneotasun horren izenean, paradoxa bitxia emango da: Bizkaian eta Araban, prestazio sozialek 2 urte eta erditik 3 urterako erroldatze tartea estaltzen dute, eta Gipuzkoan, diru-laguntza ezabatuta, estaldurarik gabe geratuko dira 3 urte baino gutxiago erroldatuta daramatenak –3 urtetik aurrera, DBE jaso dezakete–. Beraz, baldintza onenak zituen diru-laguntza eskaintzetik, EAEko beste lurraldeak baino baldintza okerragoak eskaintzera igaroko da Gipuzkoa.

Argudioari ez dio ez hanka ez bururik ikusten Rodriguezek: “Mendekotasun laguntzekin ere gauza bera egingo du Aldundiak? Izan ere, Bizkaian eta Araban aplikatzen ez diren irizpideak aplikatzen ditu Gipuzkoak; murriztu egingo ditu? Beste zerbitzu batzuetan ere estaldura hobea eskaintzen da Gipuzkoan, homogeneizatu egingo dute, txarrerako?”.

“Migrazio artifiziala”, mezu arriskutsu bezain tranpatia

Gipuzkoako laguntza honek “migrazio isuri artifiziala” eragin duela ere arrazoitu du Peñak, “erakartze efektua” aipatuz. Migrazioak gora egin baino, ordea, jatorri atzerritarra duten baina dagoeneko bertan bizi ziren hainbatek aukera –eskubidea– baliatu du, urtebeteko erroldatzea nahikoa zelako. Egun, Espainiako Estatutik kanpoko nazionalitatea dutenak %6,5 dira Gipuzkoan, Araba eta Nafarroan baino gutxiago. Jakina, jendeak nahiago du lan eta bizi baldintza onenak eskaintzen dizkion gizartean, gizarte osasuntsuaren isla baita hori, herritar guztion eskubideak eta beharrak bermatzen dituen gizartearen isla. “Ez dugu ezer ulertzen –diote elkarte afrikarretik–, ahoa betetzen zaie, errefuxiatu siriarrak hartzeko prest daudela, baina gero bertan dauden etorkinak bota nahi dituzte?”. Caritaseko kideentzat, “askotan, gure solidaritatea itxura hutsa da”. Eta Rodriguez Lejarzarentzat, “krisiak gehien kolpatzen dituenak pobreak eta etorkinak dira, eta horiek berak zigortzen ari da krisiari erantzuteko sistema publikoa: bi bider dira biktima. Lehengo berdinera goaz: zergatik jarri dute kolektibo hau jomugan? Askok ez duelako bozkatzeko eskubiderik, eta badutenean, gutxiago direlako bozkatzera doazenak”.

Gizarteratzea, erronka handia

Oinarrizko laguntzak menpekotasun kronikoa sortzen duela gehitu du Peñak, eta ez diola herritarrari gizarteratzeko eta aurrera egiteko balio. Markel Olano ahaldun nagusiaren metafora berreskuratuz, “beharra duen pertsonari zer eman” erabaki behar da, “arraina ala kanabera, eta guk uste dugu hobe dela kanabera”. Bide horretan, Elkar-Ekin programa aurkeztu du Aldundiak: nagusiki, “bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako egoitzetan plaza gehiago eskainiko dira, eta lan munduan barneratzeko prestakuntza espezifikoa, hizkuntza ikastaroak eta enplegua eragingo duen ekonomia sozial eta solidarioa bultzatuko da”, dio programak.

Alfonso Lopez Martinez:
“Ez du zentzurik hainbat politikari eta hedabidek sortutako kezka mailak; badirudi DBEren erruz herrialdeak hondoa joko duela, eta Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 baino ez da”

Haatik, harrituta dago Rodriguez Lejarza: “Kanabera emateko, arraina lapurtu behar al diozu? Proiektu autonomoak garatzeko, aurretik ez al da komeni jan ahal izatea? Gizarteratzeko, lehenik duin bizitzea bermatu behar da, eta guk geuk EH-Bildutik diru-laguntzarekin osagarriak liratekeen gizarteratze neurriak proposatu ditugu. Guztiz faltsua da laguntza eta gizarteratzea aurkari gisa planteatzea: bide paraleloak dira, kasuen arabera ez dutenak zertan batera joan, pobrezia egoeran dauden guztiek ez dutelako bazterkeria jasaten, bazterketak ez baitu zerikusia soilik diru-sarrerarekin, multidimentsionala da eta gizartean duzun parte-hartzearekin, lan merkaturako gaitasunekin… ere badu lotura”.

Sorospena bermatzea eta politika prebentiboak indartzea, hori da binomio egokia, Joseba Zalakain gizarte zientzietako adituaren hitzetan: “Politika birbanatzaileetan bakarrik ez, politika aurre-banatzaileetan ere indarra jarri beharko genuke: hezkuntza, lan merkatua eta etxebizitza arloa egokitzea premiazkoa da, pobrezia gutxiago sortzeko”.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, eztabaidaren erdi-erdian

Lehenik, berriz ere, datuak. DBE 65.657 biztanlek jasotzen dute EAEn; jasotzen dutenen hirutik bik Espainiako Estatuko herritartasuna dute eta erdia baino gehiago emakumeak dira. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 inguru bideratzen da errenta honetara eta herritar horiei gutxieneko diru-sarrera bermatzeaz gain, kalkulatzen da 26.000 lanpostu inguru mantentzeko ere balio duela. Aurrerago aztertuko dugun bezala, datuek erakusten dute baita ere enplegua izateak ez duela bermatzen txirotasun egoeratik ateratzea: iaztik jaitsi egin da langabezia EAEn, eta errenta behar dutenen kopurua igo.

Egun, batzorde tekniko bat DBE aztertzen ari da eta haren inguruko eztabaida mahai gainean dago. Politikari bakan batzuen ildo demagogikotik urrun –Javier Marotok abiatu zuen sokari tiraka DBE jasotzeko baldintzak gogortu nahian jarraitzen du PPk, gutxienez bost urteko erroldatzea eskatuz eta egoera irregularrean dauden migratzaileak kanpoan utzi behar direla aldarrikatuz–, hiru puntu nagusi hobetzeko beharra ikusten dute eragile sozialek: DBE gutxien-gutxienez lehengo baldintzetara bueltatzea, gizarteratzean eta gizarte zerbitzuen rolean indarra jartzea, eta oinarrizko errenta egungo lan merkatuaren logikatik ateratzea.

Lehenengo puntuari lotuta, errolda eskaera berriro urtebetera jaitsi eta diru-kopurua berriro %7 igotzeaz gain, bestelako aldaketen beharra ere aipatu digu Alfonso Lopez pobreziaren aurkako ekintzaileak: hala nola, seme-alaben araberako diru kopurua berrikustea –orain, bigarren seme-alabatik aurrera, berdin dio hiru, lau edo bost ume izan, diru kopurua berdina da– eta tramitazioa erraztea, prestazioa eskatzeko prozedura oso konplexua dela baitio. Gaur egun, errenta horretarako eskubidea duten herritarren %30 inguruk ez du jasotzen, eta arrazoi nagusiak dira desinformazioa eta prozedurak batzuengan sortzen duen estigma eta umiliazioa. “Kalean eskean ikusten dugu jendea, baina zergatik daude eskatzen? Galdetu al diezu noizbait? Nik bai, eta erantzun didate administrazioan horma bat aurkitzen dutela, erraztasunak eman ordez aurrera egiteko oztopoak jartzen dizkietela. Eta jende horrek ez luke kanpoan eskean egon behar, lanean edo ikastaroren batean baizik, edo gizarteratzeko beste bide bat egiten… Gizarte laguntzaileak esku hartu beharko luke hor”, diote Gipuzkoako afrikarren elkartetik.

Ander Rodriguez Lejarza:
“Oinarrizko errenta unibertsalerantz egingo duen gizartea da bidea. Erresistentzia kutxa bat izatea bezalakoa litzateke, edozein enplegu edozein baldintzatan ez hartzeko baliabideak emango lituzkeena”

Bigarren puntura garamatza horrek: EAEn bi eskubide aitortzen zaizkio herritarrari, diru-sarrera duinak izateko eta gizarteratzeko eskubideak, eta bigarren arlo hori ez da modu egokian betetzen. Urrats garrantzitsu bat litzateke gestio guztia Lanbiden kontzentratu ordez –eta kudeaketa administratibo hutsa izan ordez–, garai batean egiten zen moduan profil jakin bat duten kasuak, bazterkeria arriskuan daudenak esaterako, gizarte zerbitzuetara bueltatzea. “Azken finean, oinarrizko sorospena emateaz gain herritarren garapen komunitarioa ere bideratu behar da (inguruarekin eta ingurukoekin duen harremana, sozialki duen rola, bere komunitatean duen zeregina…) –azaldu digu Lopezek–. Herritarrak inguruan integratzeko laguntza dira gizarte zerbitzuak, baina zerbitzu publikoetako ezezagun handiak dira. Ezagutarazi eta balioa eman beharko genieke”.

Eta enplegu bat izatea ezeren berme ez denean?

Hirugarren kezka bat azaleratu dute elkarrizketatuek: prestazio sozialak oso lotuta daude kontratupeko enpleguari; edo prestazioa jaso, edo kalitate gutxiko enplegu prekarioa da sarri alternatiba. Edozein lan mota edozein baldintzatan exijitu ahal zaio jendeari? Gero eta prekarizatuago dagoen lan merkatuan, egungo eskemak pobreziatik ateratzeko balio ez duten enpleguak hartzera behartzen ditu herritarrak, diru-laguntzen menpeko ezin dutela izan argudiatuta. Gipuzkoan soldata %6 prekarizatu da 1.100 euro edo gutxiago irabazten dutenen artean; EAEn, pobrezia mailatik beherako soldata dute langileen %18k.

Imanol Zubero EHUko soziologoaren ustez, soldatapeko enplegutik bereizi behar da DBE: “Lan merkatu gero eta araugabe, ezegonkor eta prekarioagoak objektiboki ezinezko egiten du lotura hori. Porrotera kondenatzen du”. Beste modu batera esanda, bizitza osorako lan prekarioetara kondenatzen ditu batzuk. Gainera, lan merkatua antolatuta dagoen moduan, ez da gauza herritar guztiak barne hartzeko.

“Dirua egon badago –nabarmendu du Lopezek–, dirua sortu sortzen da, baina aberastasun hori banatzeko genuen moduak ez du funtzionatzen eta gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen da. Fiskalitate juxtuago eta progresiboago bat beharko genuke, aberastasuna birbanatzeko era orekatuagoa. Europa iparraldean adibidez, sistema ekonomiko ona daukate, babes sozial sistema on bati lotuta: garapen ekonomikorik ez baitago garapen sozialik gabe, hori frogatuta dago”. Aldiz, fortuna handien gaineko zerga erreformatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aberatsek gutxiago ordain dezaten.

Prestazio sozialak enplegutik bereizi eta herritar guztiek oinarrizko errenta bat izateko eskubidea eztabaidagai dute, besteak beste, Finlandia, Herbehereak, Alemania edota Suitzan. Norabidea hori dela uste du Rodriguez Lejarzak: “Soldatapeko enpleguaren zentralitatea gainditu eta oinarrizko errenta unibertsalerantz egingo duen gizartea da bidea. Zure bizi-proiektua garatzeko gutxieneko errenta bat bermatua izatea; eta zure bizi-proiektua izan daiteke denboraren zati bat soldatapeko enpleguari eskaintzea (bide batez, lanorduak gutxituz jende gehiagori aukera emateko), beste ordu batzuk (edo bizitzaren epe jakin bat) zaintzari, boluntariotzari… Erresistentzia kutxa bat izatea bezalakoa litzateke, ELA sindikatuak duen moduan, edozein enplegu edozein baldintzatan ez hartzeko baliabideak emango lituzkeena”. Lan merkatua berrikusteak ere lagunduko luke: 35 orduko lan-asteak eta 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu ditu LABek. Behin-behineko kontratuak, halaber, eguneroko ogia dira.

Diskurtsoa lokaztea, elitearen garaipena

Krisiaz geroztik, interes jakinei erantzuten dieten mezuak ugaritu dira laguntza sozialen inguruan: gehiegi hazten ari direla –eskubidea duen orok jasoko duen arren prestazioa, eskubide subjektiboa baita–, iruzur asko dagoela –nahiz eta iruzurra %0,3koa den, Ogasunean egiten dena baino askoz txikiagoa–, etorkinak diru-laguntzetatik bizitzera datozela –bai migrazio datuek bai egiten duten ekarpen ekonomikoaren datuek gezurtatzen duten arren–. Eztabaida guztiz lokaztuta dagoela dio Lopezek: “Hasteko, ez du zentzurik hainbat politikari eta hedabidek sortutako kezka mailak; badirudi DBEren erruz herrialdeak hondoa joko duela, eta Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 baino ez da”. Zergatik jartzen da fokua diru-laguntzetan, eta ez aberatsak hain aberats mantentzen dituen zerga sisteman? Ustelkerian galdutako milioika euroetan? Komisio ilegaletan? Azpiegitura handietan?...

Prestazio sozialak lotuta daude kontratupeko enpleguari; edo prestazioa jaso, edo kalitate gutxiko lan prekarioa da sarri alternatiba. EAEn, pobrezia mailatik beherako soldata dute langileen %18k

“Pobreen arteko borroka nahi dute –gaineratu du Rodriguezek–, pobreak elkarren artean lehian jartzea. Zure arazoa da ondoan daukazuna eta zu baino pobreagoa dena; jendeari hori pentsaraztea da krisi garaian sistemak izan duen lorpenik handiena. Ez begiratu gora, arazoa ez dago goian, behera begiratu, hor duzu etsaia”.

Lopezek gogoratu duen moduan, ordea, pobrezia eta bazterketa ez dira horiek sufritzen dituzten pertsonen ezaugarriak, egiturazko arazoa baizik, hori guztia eragiten duten gizarteak eraikitzen ditugulako. “Halako egoerak pairatzen dituztenak ezin ditugu euren egoeraren errudun eta erantzule bihurtu”. Aporofobia edo pobreenganako beldur eta fobia zabaltzen ari den garaiotan, gomendioa egin digute Gipuzkoako afrikarren elkartetik: “Jaitsi eskaileratik eta begiratu ingurura, nola bizi den jendea, eta ez soilik etorkinak, goian bizi den jende askok ez dakielako behean zer dagoen ere. Ahaztu jana, edaria, aterpea… duzula, irudikatu hori, jarri bestearen azalean”.

"Zure arazoa da ondoan duzuna, zu baino pobreagoa dena; ez begiratu gora, behera baizik, hor duzu etsaia. Jendeari hori pentsaraztea da krisi garaian sistemak izan duen lorpenik handiena", salatu du Rodriguez Lejarzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude