Zorraren auditoretza

Kontrol publikoa eta herritarren ahalduntzea Madrilen

  • Urtebete da Madrilen zorraren eta politika publikoen inguruko auditoretzak egiten hasi zirela. Bi bide independente dituzte: Madrilgo Udalak adituen batzorde bat jarri du martxan, azken hamarkadako kudeaketa ikuskatzeko. Eta herritarren lantaldeak sortu dira hiri barrutietan, PACD Zorraren Herri Auditoretzarako Plataformak sustatuta.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara
2016ko abenduaren 25a
Usera eta Arganzuela auzo madrildar umiletan herritarrak euren kabuz hasi dira PPren udalak utzitako zorra auditatzen. (Argazkia: Guillermo Lillo)
Usera eta Arganzuela auzo madrildar umiletan herritarrak euren kabuz hasi dira PPren udalak utzitako zorra auditatzen. (Argazkia: Guillermo Lillo)

2015eko maiatzean Ahora Madrid herri hautagaitza Madrilgo Udal gobernura iritsi zen PSOEren babesarekin, han 24 urte zeramatzan PPren agintaldiari amaiera emanez. Hauteskunde kanpainan programa parte-hartzailea jarri zuen abian Manuela Carmenaren taldeak eta herri auditoretza izan zen babes gehien jaso zuen proposamenetako bat. Zorraren eta Politika Publikoen Auditoretzaren Zuzendariordetza Nagusia sortu zuen Udalera iritsi zenean. 2016ko maiatzean, Zorraren eta Politika Publikoen Herri Auditoretzaren Aholkularitza Batzordea osatu zen.

Bederatzi adituk osatzen dute batzordea eta Complutense unibertsitatean Ekonomia Aplikatuko irakasle den Bibiana Medialdea da koordinatzailea: “Giroan dago herri auditoretzaren aldarrikapena. Udal gobernuak herritarren eskaerari jarraituz sortu ditu auditoretzarako organoak, nahiz eta gu egiten ari garenaren antzeko adibide gutxi dauden, baita nazioartean ere”. Medialdea Udaleko Ekonomia sailak kontratatu du, epe-mugarik gabe, baina batzordeko gainontzeko kideen lana borondatezkoa da.

Udalaren osoko bilkuran onartu zen auditoretza egitea, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin. “Zorraren eta politika publikoen herri udal auditoretza deitzen diogu, nahiz eta kontraesankorra dirudien: udal auditoretza da, Udala delako egiten ari dena. Are gehiago, herritarrek parte-hartu nahi ez balute, auditoretza egiteko ardura izaten jarraituko luke Udalak. Baina ez zaigu zorra bakarrik interesatzen, herritarrengan eragin nabarmena izan duten udal interbentzioak ere aztertzen ari gara”.

2003tik 2015era bitartean Madrilgo udal gobernuen kudeaketa nolakoa izan den azaleratzeko beharrezkoak diren txostenak nori eta zertarako eskatuko zaizkien erabakitzen du Aholkularitza Batzordeak: “Auditoretza herritarrek duten bokazio demokratiko, sakon eta erradikal batekin loturik doa, gertatzen ari denaren berri izateko nahiarekin. Kontzeptu zabaltzat dugu guk: herritarrengan eragin negatiboa izan duten zantzuak dituzten udal politika eta esku-hartzeak aztertzen ari gara, den-denak, zorra ez ezik, enpleguan eta zerga bilketan eragina izan duten politikak ikuskatzen ari gara, baita gizarte-bazterketan, genero desberdintasunean eta ingurumenean eragina izan dutenak ere”.

Ondorioak argitaratzeko asko falta da eta zuhur azaldu da Medialdea ikerketak azaleratu dezakeen zorraren legitimotasunaren inguruan: “Zorra legitimoa den ala ez esatea zerbait morala eta politikoa da. Hori herritarrek egin behar dute, euren eskubidea da. Adituen batzorde batek ezin du ondorioztatu zorra legez kanpokoa dela, ezta Udalak ere”.

Alfredo Sánchez (PACD):
“Guk ez dugu nahi auditoretza herritarra izatea erreferenduma egon delako, prozesuan herritarrak ahaldundu direlako baizik”

Madrilgo Udalak duen zorra handia da –5.000 milioi eurokoa 2016ko maiatzean; 871 milioi amortizatu dira dagoeneko udal gobernu berriarekin– baina ez da izan auditoretza egiteko arrazoi nagusia. Medialdeak garbi utzi du Udala ez dagoela zorraren krisi batean murgildurik, ordainketei aurre egiteko gai delako. “Hala ere, Udalak baliabideak nola kudeatu dituen aztertuko bagenu, ikusiko genuke ez direla errespetatu irizpide etiko eta politikoak, ezta giza eskubideak ere”.

Herritarrek egindako auditoretza

“Madrilgo udal gobernuko hainbat sailetan beldurra dutela dirudi, auditoretzak herritarren parte-hartze handia izango duen ikusteke dagoelako. Zorraren zati batek legitimotasunik ez duela onartzen bada, zor hori ez ordaintzeko aukera dago. Udala egiten ari denari ez nioke herri auditoretza deituko, herritarrek ez baitute parte hartu, orain arte behintzat. Guk ez dugu nahi auditoretza herritarra izatea erreferenduma egon delako, prozesuan herritarrak ahaldundu direlako baizik”. Alfredo Sánchez PACD Zorraren Herri Auditoretzarako Plataformako kidea da. Ahora Madrid Udalera iritsi eta hilabetera aurkeztu zioten auditoretzarako proposamena Ekonomia Sailari, eta hainbat puntu aintzat hartu dituzten arren –adituen batzordea sortzea eta finantza kontuak soilik kontuan ez izatea– herritarren parte-hartzea alde batera utzi eta Udalak alor teknikoa soilik landuko duela uste dute. Horregatik, Madrilgo hiri barrutietan auditoretzak sustatzen ari dira.

Udalari aurkeztutako metodologia berrantolatu dute eta Useran eta Arganzuelan sortu diren auditoretzarako lantaldeei babesa eskaintzen die PACDek –helburua auditoretza prozesua Madrilgo beste hemeretzi hiri barrutietara zabaltzea da–. Lantaldeetako kide gehienak bertako bizilagunak dira eta autonomia osoz aritzen dira; plataformak luzaturiko lan metodologia nola erabili euren kabuz erabakitzen dute.

“Saiatu gara prozesua sinplifikatzen, ahalik eta jende gehienak parte-hartu dezan. Egia da komenigarria dela kontabilitateaz edo aurrekontuez zerbait dakien norbait izatea, baina bizilagunek dute garrantzi gehien, dirua zertan gastatzen den ikusten dutelako. Useran, kultur etxeen kudeaketa auditatzen hasi dira eta begiratzen dute zein ikastaro eskaintzen den, zeini egiten dion mesede… Hori jendeak ikusi egiten du, ez da aditua izan behar”. Garbiketa zerbitzuaren kontratuak ere hasi dira auditatzen.

“Hitzaldi txiki batez bizilagunei auditoretza zer den azaltzen diegu, jakin dezaten ez dela soilik zati ekonomikoa ikuskatzea. Ondoren, fitxa batzuk eskaintzen dizkiegu, esan dezaten auzoan egindako zein inbertsiok biltzen dituen ez-legitimo izateko zantzuak. Adibidez, Useran, Caja Mágica auditatzen hasi dira. Madrilen antolatu nahi zituzten Olinpiar Jokoetarako eraiki zen, eta orain hutsik dago, Madrilgo Open Tenisa soilik antolatzen da bertan, urtean bi astez. Azken urtean enpresa pribatu bat azpikontratatu da eta ordaindu egin behar da zerbitzuarengatik. Bestalde, Arganzuelan fruta eta barazkien azokaren kudeaketa auditatzen hasi dira. Eraikina hutsik dago eta 200.000 eurotik gorako gastua izan du 2007tik hona”.

Asanbladan erabakitzen dute bizilagunek zein kasu auditatuko duten, ezin baitute dena landu –Userako lantaldea hamar kidek osatzen dute, gutxi gorabehera; antzeko zerbait Arganzuelan–. Hurrengo pausoa Udalari informazioa eskatzea da, Gardentasun Atariaren bidez. Hain justu, zerbitzu horren eraginkortasun falta da aurrera egiteko oztopo nagusia, bizilagunek datuak eskuratzeko asko itxaron behar baitute eta askotan informazioa ez baita egokia izaten.

Behin informazioa lortuta, aztertutakoa legitimoa den ala ez erabakitzen dute herritarrek. PACDek hainbat irizpide ezarri ditu: aurreikusitako gastu kopurua ehuneko handi batean gainditzen duten proiektuak ilegitimotzat jo daitezke haien esanetan, baita garraio publikoa beharrean autoaren erabilera sustatzen duten proiektuak edo enpresa batek emakume eta gizonen arteko desberdintasunak areagotzen dituenean. ere Edonola, lantaldeek badituzte haiek ezarritako irizpideak.

Auditaturiko gai bakoitzaren ondorioak aterata –Madrid Audita Madrid webgunean dago bildutako informazioa–, hiri barrutiaren txosten orokorra osatu nahi dute lantaldeek. Halaber, egindako lana Udalak egindakoarekin elkartu nahi dute, haiek ere emaitzak argitaratzeko. Emaitzen gaineko erreferenduma baino, helburua gaiaren inguruan kontzientziatzea dela dio Sánchezek, “herritarrek jakin dezaten aurrekontua guztion erantzukizuna dela eta ez gutxi batzuek kudeatzen dituzten kontuak”.

Egiaren Batzorde bat zorrarentzat

Bi bide dituzte estatuek zorpetzeko. Ohikoa da aurrekontuetan aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak bat ez etortzea, estatu batek zerga eta tasa bidez bildutako dirua gastu kopurua baino txikiagoa izan delako.

Defizit hori finantziatzeak zorpetzea dakar. Beste alde batetik, estatu batek dirua eskatu diezaioke eragile bati –Europar Batasunari, esaterako–, zuzenean beste agente bati mailegatzeko edota zorra jaulki dezake, esate baterako, bankuak erreskatatzeko. Ezohikoa da estatuek zorra zertarako jaulki duten adieraztea, eta hor dago auziaren gakoa.

Hainbatek uste du ezin dela zorra ez-legitimotzat jo, estatu demokratiko deritzotenetan herritarrek aukeratzen dituztelako agintariak. Beste askok garbi dute hori ordea, eta estatuen zorraren legitimotasunik eza aldarrikatzen dute –legeaz harago, beste irizpide batzuk dituzte legitimoa zer den zehazteko–. Eric Toussaint zor publiko bidegabeak ez ordaintzearen aldeko mugimenduko buruak, esaterako. Behar egoeran dauden herrialdeek zorra ordaintzeari uko egin diezaioketela defendatzen du Toussaintek, baita zorra ez zilegia denean edota zorra gorrotagarria denean.

Ekuadorren egindakoa nazioartean estatu batek bultzaturiko auditoretzaren adibidea izan daiteke: zor publikoak diktadura finantzatu zuen eta 2007-2008an egindako auditoretzaren ondotik zorraren %70ari uko egitea erabaki zuten. Greziako Gobernuak Zorrari buruzko Egiaren Batzordea jarri zuen martxan 2015eko martxoan  –Toussaint bera izan da batzordeko koordinatzailea– eta hiru hilabete ondoren zorraren zein zatiri uko egin daitekeen azaldu zuten.

Eusko Jaurlaritzak hamar milioi euroko zorra zuen 2014 urtearen amaieran, eta badira zor hori auditatu eta ez ordaintzearen aldeko mugimenduak: Zorraren Auditoretza Herritarraren plataforma, esaterako. Nafarroan, CAN aurrezki kutxaren desagerpenaren inguruko ikerketa batzordea martxan jartzea onartu zuten apirilean, osoko bilkuran.

Kanal hauetan artxibatua: Zor bidegabea  |  Madril

Zor bidegabea kanaletik interesatuko zaizu...
Harrisburg eta Detroit, bi udalerri erraustegiak kiebrara eramanak

AEBetako hiri handietako alkateek erabaki dute zaborrak erraustetik lortutako energia ez dela berriztagarria. Erraustegiak aspalditik ezagutzen baitituzte AEBetan, udal agintariak ohartuak dira labe erraldoiok zaborrekin batera herritarren zergak ere kiskaltzen dituztela urte luzeetarako, ondorengoei utziz kutsadura eta eskoriekin batera diru zor itzelak, Harrisburg eta Detroiteko jendeek ondo dakiten moduan.


2017-07-09 | Juan Mari Arregi
AHT: lotsak eta erantzukizunak

Eusko Jaurlaritzak, bost hilabete lehenago gonbidatu bazuten ere, ez zuen AHTri buruzko mahai-inguru batean egon nahi izan. Deseroso eta lotsatuta ote dago halako diru xahutzearen aurrean?


Urbaserrek 191 milioiko finantziazioa lotu du erraustegia eraikitzeko

Gipuzkoako erraustegia eraikiko duen Ekondakin konpainiak (Urbaser + Meridiam + Altuna y Uria+ Moyua + Murias + LKS/Mondragon) 191 milioi euroko finantziazioa lotu du, Cuatrecasas bulegoaren aholkularitzarekin. Bestalde, lehiaketan galtzaile ateratako FCCk auzitara eramango du kontratua.


Zor publiko bidegabeak Europako udalak eta jendeak ere itotzen ditu

Bruselan zortzi orduko eztabaida-maratoia burutu dute argitzeko nola estatuek beren gain hartutako zor ez-legitimoek murriztarazten dituzten zerbitzu sozialak eta herritarrak menpekoago egiten. Hirugarren Munduaren zorpetzea ikertzeko sortutako CADTM elkarteak salatu du orain korporazio handiek goi mailako politikariekin elkar hartuta finantza bonba bera darabiltela lehen munduko gizarteetan.


Gehiago pagatuko dute... gehien birziklatzen dutenek

Gipuzkoako agintariek Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeko konpainia pribatuei eskaini dieten kontratuak lurralde hau kondenatzen du, errausketaren kalteak gutxienez 2051 arte nozitzeaz gain, azken zortzi urteotan lortutako aurrerabide osoa desegitera. Gehien murriztu, konpostatu eta birziklatzen duten udalerriak zigortzen ditu, kutsatzailenak saritzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude