Lizarrako kirol hiria: inoiz egin gabeko proiektuak 14 milioi euroko zuloa utzi dezake

  • Lizarran duela urte batzuk kirol instalazio bat eraikitzeko operazio urbanistikoak kiebrara eraman dezake udalerria, egungo alkate Koldo Leozen (EH Bildu) arabera. Nafarroako Kontuen Ganberak kaleratu berri duen txostenak susmo horiek baieztatu baizik ez ditu egin.

Lizarra

2018ko otsailaren 13an - 18:47

Proiektua 2004an onartu zen, Lizarrako Udalean PSN zegoela, Oncineda inguruko 90.000 metro koadroko lur eremuetan "presentziarik gabeko arkitekturaren" bidez kirol hiri handi bat eraikitzeko helburuz; horretarako birkalifikatze eta desjabetze ugari egin zituzten hitzarmenen bidez. 

PSNren garaian, bai UPNrenean ere –2007an hartu zuen alkatetza azken honek–, hitzarmenei klausula kaltegarriak erantsi zizkieten, eta ondorioz, lurjabeei ordaindu beharreko diru kopurua izugarri handitu zen.

2004ko proiektu irabazlearen maketa. Ingurunearen "bereizgarriak indartzea" zuen helburu.

Nafarroako Kontuen Ganberak fiskalizazio txostena egin du Nafarroako Parlamentuarentzat –EH Bilduren eskariz–. Bertan azaltzen denez, agintaldi horietako arduradun politikoen kudeaketa txarraren eraginez Lizarrako Udalak “14 milioi euroko kalte ordainari aurre egin beharko lioke”.

Gobernu batzordearen baimenik gabeko sinadurak

Klausula osagarri horiek PSNko alkate Maria José Fernandez Aguirrek sinatu zituen eta hurrengo alkateak, UPNko Begoña Ganuza Bernaolak –egun kargu publikoa du Nafarroako parlamentari bezala– luzatu egin zituen. Txostenaren esanetan, sinadura horiek udal gobernu batzordetik pasa gabe egin ziren eta Kontuen Ganberaren ustez beharrezkoak ziren batzorde horren eta osoko bilkuraren baimenak. Alkateek ez zuten eskumenik, alegia.

Kontuen Ganberaren txostenak “oso kontuan hartzeko” klausula batean jarri du azpimarra: udalak lurjaberen batekin prezio altuagoa hitzartuz geroz, besteek ere diru hori jasotzeko eskubidea izango zutela. Hala egin zen, lur sail bati besteei baino %245 prezio garestiagoa onartu zitzaion: guztira ordaindu beharrekoa, 4,13 milioi euro izatetik 10,15 milioira igaro zen kolpe bakarrean.

Zerga erakundeak ez du aurkitu hitzarmenak justifikatzeko txosten teknikorik eta “aipatzekoa da, bestalde, hitzarmenen inguruko aholkulari, kontrol eta jarraipen lanak kanpoko enpresen esku utzi zituela Udalak”.

EH Bilduk, Geroa Baik eta Ahora-Orain taldeek sostengaturiko Lizarrako egungo udal gobernuak 2017ko urrian salatu zuen 'Oncineda kasuak' kiebrara eraman zezakeela udalerria.Argazki oina

Begoña Ganuzak txostenari jarritako alegazioetan dio teknikariek esan ziotela beharrezkoa zela “nire sinadurapean jartzen diren dokumentu batzuk sinatzea”. Baina Kontuen Ganberaren konklusioa oso garbia da: “Hirigintza hitzarmenek ez zuten arautegia behar bezala bete”.

Urtebeteko udal aurrekontua adina zor

Lizarrako Udalaren 2018ko aurrekontua 11,8 milioi eurokoa da. Datu hori eskuan uler liteke Koldo Leoz alkatearen hitzen larritasuna. Nafarroako Kontseiluak hitzarmenak baliogabe utz ditzake, baina orduan lurjabeek indemnizazioak eska ditzakete. Udalak diru-kutxan dituen soberakin guztiak erreserbatu ditu etorkizuneko gastuei aurre egiteko –lau milioi euro– eta horrek inbertsiorako ezer gabe utzi du aurten Merindade hartako hiriburua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zor bidegabea
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren “normaltasunera”

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


66.577 milioi euro: Espainiako bankuei emandako diru publikoa “erreskaterako”

Espainiako Estatuko Kontuen Auzitegiak 66.577 milioi eurotan kalkulatu du bankuak erreskatatzeko kostea. Hau da, bankuei emandako diru publikoa eta oraindik, haren zatirik handiena, bankuek itzuli ez dutena.


Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan

Mundu mailako hurrengo krisi ekonomiko handia herrialdeetan metatzen ari den zor erraldoiaren magalean jaioko dela entzuten da gero eta ozenago. Krisia krisiaren gainean. Adituen esanetan,  zorpetzea bultzatzea izan da krisiari aurre egiteko erabili den errezeta nagusia,... [+]


Eguneraketa berriak daude