Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, 'elefante zuri' berria

  • Aginte publikoek sustaturik altxatako eraikin oso handi, ospetsu eta garestia, aldi berean bere ustiapen edo mantenuan zama ekonomiko bihurtzen dena, horra zer den ingelesez White elephant eta frantsesez Eléphant blanc izendatzen dutena. Hondakinetatik negozio egiten duten korporazioek Kopenhageko Amager Bakke erraustegi berria saltzen dute munduko aurreratuena delakoan. Aldiz, martxan jarri aurretik bihurtuta dago herritarrentzako buruhauste galanta.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko azaroaren 19a
Amager Bakke erraustegia tximinia nagusitik eta bizkarrean daraman beste txikiago batetik kea dariola. Bjarke Ingels Group –berena da argazkia– arkitektura eta eraikuntza konpainia multinazionalak diseinatua, zortzi hilabeteko atzerapenez estreinatu dute.
Amager Bakke erraustegia tximinia nagusitik eta bizkarrean daraman beste txikiago batetik kea dariola. Bjarke Ingels Group –berena da argazkia– arkitektura eta eraikuntza konpainia multinazionalak diseinatua, zortzi hilabeteko atzerapenez estreinatu dute. Oraindik falta ditu gailurretik beheraino luzatuko omen diren eski pistak, kafeteria eta eskaladarako harresia. Interneten aurkitzen diren promozioko beste irudi askotan osagai guzti horiekin estetika futurista ematen du erraustegiak, tximiniatik lurruna uztai borobiletan isuriz.

2016ko urrian Londrestik The Guardianek aurkeztu zion munduari Danimarkako mirari berria: “Ikuspegi bikainak dauzkan erraustegia: Kopenhageko hondakin plantak eski pista eta picnic eremua edukiko ditu”. Ordenadorez egindako muntaian ikus daiteke aintzira eta zelaiz inguratutako paraje baten erdian sutegi futurista, kasualitatez tximiniarik ageri ez duena. Geroztik, Googleri Amager Bakker erraustegiaren irudiak eskatuz gero, aurkitzen dituen lehenak antzeko simulazioak dira, eraikin txundigarria elurpean, teilatu gainean eskiatzaileak, tximiniatik kea ez baina lurrunezko uztai artistikoak isurtzen...

Arrasateko LKSko ordezkariak Perun saiatu direnean Gipuzkoakoa bezalako erraustegi bat saltzen hango agintariei, oso posible da Amager Bakker berri-berria aipatu izana. Modan jarri dute. Izan ere, zerk eduki lezake berme hoberik herrialde nordikoetan maite omen duten labe batek baino? Danimarkan bertan, ordea, kezkatuta dauzka.  

Abuztuan Finans egunkari ekonomikoak argitaratu zuen: “Kaosa  milioiak kostatako erakin berrian: Amager Bakke hondakinak tonaka pilatzera behartuta”. Ekainean labeak estreinakoz piztu bezain laster hondatu zitzaizkion. Hiru sutegietatik bat konpondu arren beste biek aste batzuetarako lanak zeuzkatela eta gobernuak baimena eman zion konpainiari hondakinak usinan metatzeko. Arazo konplikatua, milaka tona haien ia erdia sukaldeko organiko ustelkorrez osatuta zegoelako.

Udako matxura hau ez da izan lehenbiziko arazo teknikoa munduko erraustegi ekologikoena [environmentally-friendly] izateaz gain teilatuan eski pistak edukitzea harro aldarrikatu duen proiektu faraonikoarentzako. Joan den azaroan jakin zen bere hornitzaile nagusi B&W Vølund-ek akats tekniko larriak egin zituela, enpresari 100 milioi euroko galerak eraginez.

Murmur hedabide daniarrak 2016ko azaroan argitaratu zuen Kopenhageko elefante zuri zikina, hiriburuko agintarien proiektu izarraren buru hausteak kontatuz. “Esaten zuten mugarri bat ezarriko zuela konbinatuz arkitektura garaikidea, aisialdiko instalazioak eta hondakinentzako tratamendu aurreratua. Baina zientoka milioi kosta behar duen Amager Bakkeko errauste planta bihur daiteke zama bat zergak ordaintzen dituzten herritarrentzako eta mantsotu ditzake hondakinentzako beste estrategia ekologikoak”.

Bere 85 metroko altuerarekin, Kopenhageko bigarren eraikin handiena da eta zaborrak erretzeko instalazioez gain osoki amaitutakoan eduki behar ditu eskiatzeko hiru pista, eskalatzeko harresia eta kafetegia. Hala ere, eraikina bukatu aurretik Murmurrek abisatzen zuen elefante zuriak eduki behar zuen arazo handiena: “Erraustegiak urtean 500.000 tona erretzeko ahalmena dauka, baina bere jabe diren bost udalerrien artean ez dute hainbeste zabor sortzen”. Aldizkariaren kalkuluetan, horrek eragin lezake 2020 artean 255 milioi euroko defizita, azkenean herritarrek beren zergekin pagatu beharko lituzketenak.

Arriskuaz jabetuta, agintariek erraustegiari eman diote labeetara atzerritik zaborra ekartzeko baimena, urtean 115.000 tona arte, erreko duenaren bostetik bat. Erabaki honek urratzen du Danimarkan 2012an hondakinen planak eztabaidatzean ezarritako hondakinak inportatzeko debekua; baina gastu handienak egin ostean, zorra ordaindu beharrak hartu die gaina klimaren aldaketaren inguruko argudioei.

Ingalaterrako zaborren gose

Amager Bakke erraustegia da, 500 milioi euroko kostuarekin –bidean azaldutako arazo tekniko eta atzerapenen ondorioz–, Europan eraiki direnetan garestiena. Baina zenbait aditu daniarren iritzian, baliteke zaborren inportazioa ez gertatzea aski adabaki bere finantza ahulentzat. Munduko erraustegi fashionenak dauzkan arazoak direla eta, Ingenioren aldizkariak berrikitan titulatu du: “Kiebra jo dezake erraustegi batek? Bai, Svendborgekoak erakutsi digu nola”.

Danimarka hegoaldean, Svendborg hiriak bere aldiriekin biltzen ditu ia 60.000 biztanle. Udalak 1999an estreinatutako errauste plantak oraindik arrastaka daramatza 12 milioi euroko zorrak. Herritarren zergekin egiten die aurre: inguruko udalek erretzera bidalitako tona bakoitzeko 54 euro pagatzen duen bitartean, Svendborg beharturik dago tonako 143 ordaintzera.

Svendborgeko erraustegiak konkurrentzia latza dauka agintariek liberalizatu berri duten zaborren merkatuan. 50.000 tona erretzeko labea eraiki zuten, baina hiriak ez du 18.000 tona baizik sortzen urtean, labeak ase eta kontuak borobiltzeko zaborrak nonbaitetik ekarri behar.

Danimarkak bere osotasunean errauste ahalmen handiegia dauka. Atzerritik zabor pila itzelak inportatzen dituzte, 2015ean Britainia Handitik bakarrik 728.135 tona, daniar bakoitzeko 128 kg. Amager Bakkeren kasuan, 2012an planifikatzen ari zirenetako batzuek ohartarazi zuten zetorren egoeraz, proposatuz lehengo erraustegia zaharberritzea. Baina Murmurren kronikan azaldu zutenez, erraustegiaren sustatzaileek lobby lan bortitza egin zuten, hasieran uzkur agertzen ziren agintari lokal eta nazionalak planta berri iraultzaile eta ikoniko baten alde jarri arte.

“Europar Batasunak Ekonomia Zirkularraz hartu dituen erabakiak –idatzi du Christopher Nicastro Zero Waste Europeren azaroko buletinean– amesgaizto bat bezala dira Danimarkako erraustegientzako. Erretzeko gero eta gutxiago aurreikusita, Kopenhageko labe berri eta distiratsuek iraungitze askoz laburragoa eduki dezakete, galerak handitu eta herritarrei etorkizunean zama ekonomikoak eraginez”.

Danimarka da gaur Europan errausketan txapeldun, etxeetan sortu zaborren erdia kiskali eta, ordainetan, birziklatze tasak oztopatuz. Organikoaren bereizketari dagokionez, Kopenhage da herrialdean okerrena dabiltzan 20 udaletako bat. Aurten hasiko da organikoaren bilketa bereziarekin. Horrekin eta oro har Danimarkak birziklatzea handitzeko hartu dituen erabakiekin, are bazka urriagoa geratuko zaio Amager Bakkeko labeari.

Irakurlea ohartuko zenez, ez dugu hitz bat aipatu Amager Bakke erraustegiak airera isuriko dituen toxikoez, ez hark sortuko dituen 100.000 tonatik gora eskoriez. Badirudi teknologia nordikoaren bermeaz fidatzen direla, nahiz eta eraikitzean ikusitako matxura eskandalagarriek ohar bat baino gehiago bidali Babcock & Wilcox konpainia sonatuaren fidagarritasunaz. Volkswagenek bere autoen isuriak urte luzeetan nola faltsutu zituen ikusi arren, oraindik ez dugu ikasi. VW kasuan legez, isuriak independentziaz neurtuko dituzten ikerlarien zain dago errauste industria.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-15 | Zero Zabor
Eskandalua Paris-Ivryko erraustegian: baimena eman duen ministrordea erraustegien patronalekoa da

La France Insoumise mugimendukoa Mathilde Panot diputatuak salatu du: Paris metropoliaren XIII. eremuan Ivryn dagoen erraustegia –Europako handiena– zaharberritzeko baimena eman duen ministroa Veolia errausketa eta hondakinen kudeaketako konpainia erraldoiaren zuzendaritzan egon da Emmanuel Macronek Trantsisio Ekologikoko estatu idazkari izendatu artean.


2018-10-12 | Usurbilgo Noaua
EHBilduk zoriondu ditu Errazkin eta Intxaurrandieta: "Arazoa berbideratzeko eta soluzioak bilatzeko garaiz gaude"

Txalo artean hartu dituzte EHBilduko Gipuzkoako ordezkari politikoek Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin koalizioaren Donostiako egoitzan, Espainiako Kontu Auzitegiak ezagutzera emandako epaiaren biharamun honetan. Gogoan izan, 2013ko azaroan Zubietan garai hartan eraikitzea aurreikusten zen proiektua bertan behera uztea erabaki zuten orduko EHBilduko agintariek. Erraustegia geratu izanagatik, egungo GHK-ko agintariek auzitara eraman zituzten Intxaurrandieta eta Errazkin... [+]


2018-10-11 | Zero Zabor
Coca-Cola, Pepsi, Nestlé, Danone... marka handienak dira plastikoz mundua gehien kutsatzen dutenak

Mundua plastikozko ontzi eta azalez itotzear jarri duten kutsatzaile nagusiak marka komertzialik indartsuenak berak dira, Break Free From Plastic gobernuz kanpoko erakundeak dossier batean erakutsi duenez. Zehazki Coca-Cola, PepsiCo, Nestlé, Danone, Mondelez International, Procter & Gamble, Unilever, Perfetti van Melle, Mars Incorporated eta Colgate-Palmolive salatzen ditu kutsatzaile nagusitzat. Indartsuetan hiru boteretsuenen artean bakarrik (Coca-Cola, PepsiCo eta Nestlé)... [+]


2018-10-10 | ARGIA
Imarkoainen hondakinak tratatzeko planta handia eraiki nahi dute "modu ilun batez"

Iruñerriko Mankomunitateak Elortzibarreko kontzeju horretan hondakinak tratatzeko planta eraikitzeko akordioa ez duela behar bezala iragarri dio Sustrai Erakuntzak, “ez delako inongo agiri publikotan agertzen”, eta herritarrek erabakiak hartzeko gaitasuna trabatu egin dela salatu du.


2018-10-10 | Zero Zabor
Bi istripu larri Italiako erraustegietan: hildako bat eta zauritu bat

Aste honetan, ordu gutxiren tartearekin, bi istripu larri gertatu dira Italiako bi erraustegitan, Reggio Emilia ondoko Sesson eta Comon.


2018-10-09 | Zero Zabor
Espainiako estatuko Errausketaren aurkako mugimenduek biltzarra egingo dute Ponferradan asteburuan

Datorren asteburuan, urriaren 12tik 14a artean, Bierzo Aire Limpio elkarteak antolatuta, Leongo Ponferrada hirian beren zortzigarren biltzarra burutuko dute Espainiako estatuan hondakinen errausketaren aurka borrokatzen diren elkarteek. Tartean Euskal Herriko ordezkaritza ere izanen da. Amantes de las Basuras elkarteak ere hor ospatuko du bere 24. bilera nagusia.


2018-10-05 | Arabako Alea
Arabako hondakinen kudeaketa, Europako irizpideetatik oso urrun

Murriztu, birziklatu eta berrerabili. Hiru printzipio horietan oinarritu du Europako Batzordeak etorkizunerako hondakinen politika. Mahai-gainean dagoen Arabako Hiri-Hondakinen Planak erronka zaila du aurretik.


2018-09-28 | Nahia Ibarzabal
Hondakinen produkzioa %70 haziko da hogeita hamar urtetan

Munduko Bankuaren informe batek jakinarazi duenez “neurririk hartu ezean, 3.400 milioi hondakin tona pilatu daitezke hogeita hamar urte baino lehenago”. Hondakin guztietatik %12a plastikoa da, berau da arazo gehien sortzen duena, batez ere, ekosisteman.


2018-09-26 | ARGIA
Erraustegien aurka 900 elkarte biltzen dituen mundu mailako GAIA aliantzak Ertzaintzaren bortizkeria salatu du

Erraustegien aurka mundu osoko 92 herrialdetako 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak igandean Ertzaintzak Zubietan erabilitako bortizkeria salatu du.


2018-09-25 | Zero Zabor
Zubietako martxaren biharamunean, errausketaren aldeko jardunaldia antolatu du GHK

Kontraprogramazioa oraingoan egun batetik besterako tartearekin egin dute GHKko estrategek. Igandean izan bazen Zubietako erraustegirako martxa –hain irudi esanguratsuak utzi dituena–, biharamunerako zeukaten prestatua ‘Waste to Energy: Hondakinen kudeaketa Europan‘ jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude