Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan

  • Mundu mailako hurrengo krisi ekonomiko handia herrialdeetan metatzen ari den zor erraldoiaren magalean jaioko dela entzuten da gero eta ozenago. Krisia krisiaren gainean. Adituen esanetan,  zorpetzea bultzatzea izan da krisiari aurre egiteko erabili den errezeta nagusia, dirua merke jarriz herritarren eta gobernuen eskuetan. Eta askoz ere merkeago oraindik bankuen eskuetan.

     

Parlamentu Sozialak 191 milioi zor bidegabetzat jotzen du eta Nafarroako Gobernuari ez dezala ordaindu eskatzen dio.
Parlamentu Sozialak 191 milioi zor bidegabetzat jotzen du eta Nafarroako Gobernuari ez dezala ordaindu eskatzen dio.

Orain zorraren burbuila da apurka eratzen ari dena: mundu mailako zor publiko eta pribatua 164 bilioi dolarrekoa omen da, munduko BPGaren %225. Ez da samurra zer kopuru mailaz ari garen irudikatzea ere. Datuak gainera, jaulki dituen erakundearen arabera, aldakorrak dira. Kopuruak kopuru, galdera berez dator: zer gertatuko da halako zor itzelarekin diruaren interesak igotzen hasten badira?

AEBetako Erreserba Federala hasi da dolarraren interes tasak igotzen eta Europako Banku Zentralak ere euroaren interes tasak igoko ei ditu 2019ko erdialderako. Nola eragingo die honek herritarrei eta gobernuei? Dagoeneko, Italia, Turkia eta Argentina moduko herrialdeak krisi gogorrak ari dira bizitzen. Munduko herrialde asko erne dira.

Eta Euskal Herrian zer? Denborak erranen du, baina azken hamarkadako musikari jarraituz, beti ere “Espainian baino hobeto”. Nola hala, gure gobernuek urteetan pilatutako zorra kitatzen jarraitzen dute. Urriaren amaieran, esate batera, Nafarroako Gobernuak aurten zor publikoaren ondorioz ordaindu beharreko 332 milioi euroetatik azken 60 milioiak paratuko ditu. Zor horrez gain, beste 93 milioi euro itzalpeko bide sarietan ordaindu behar ditu; beraz, aurten 426 milioi euro ordainduko dira zor gisa har daitezkeen kontzeptuetan.  

2008ko krisia hasi zenean gobernuak zorpetzen hasi ziren hainbat arrazoirengatik: batetik, zergetatik  jasotakoa asko murriztu zelako eta euren aurrekontuak finantzatu behar zituztelako; eta bestetik, bankuak diru publikoz erreskatatu zirelako. Edo besteak beste, arrisku primen haginkadak mihizkatzeko.

Zorra boskoiztu zen

Nafarroan korralitoa-ren testuinguruan gizendu da zorra azken hamarkadan: 2008tik 2015eraino UPNko gobernuek zor publikoa boskoiztu zuten, 660 milioi eurotik 3.300 milioira. Mailegu horiekin ordaindu ziren irail amaieran ateak zabaldu zituen Nafarroa Arena kirol eraikuntza ospetsua, Los Arcoseko zirkuitua, itzalpeko autobideak eta beste hainbat proiektu. Denak UPNk bideratuta, PSN eskutik hartuta.

Horren guztiaren ondorioz, gaur egun nafar bakoitzak 5.150 euro zor ditu. Egiazko datua izan arren, ez dirudi herritarra gehiegi asaldatzen denik. Inor ez zaio bere kontu korrontera joango dirutza hori ateratzera. Ez, zartakoa zeharkakoa da eta Nafarroako Gobernuak bere urteko aurrekontuetatik zati handi bat zor publikoa kitatzera bideratuko du. Jakina, beste nonbait sumatuko da kolpea: hezkuntza, osasuna, kultura, euskara, inbertsioak edo beste hainbat alorretako gastuen murrizketetan izan ohi da. Adibide zehatzago gisa balio du honek: Nafarroako Kontuen Ganberak 2016an langile publikoez egindako azterketa batean zioenez, 22.681 plazetatik 5.487 plaza bete gabe ziren oraindik. 2018an Nafarroako Gobernuaren aurrekontua 4.156,6 milioi eurotakoa da. ELAk salatu duenez, “1,2 milioi euro ordaindu beharko dira eguneko”.

6.000 milioi euroko zor publikoa

Aipatutakoa dira Nafarroako Parlamentu Soziala plataforma edo ELAk Nafarroako Gobernuaren 2018ko aurrekontuen balorazioan erabiltzen dituzten zenbakietako batzuk. Baina 2017ko ekainean Joan Josep Bochek –Parlamentu Soziala– Nafarroako Legebiltzarrean emandako datuen arabera, Nafarroako zor publikoa 6.000 milioi euro ingurukoa litzateke. Horrela azaldu zuen egoera 2015 amaierako datuak erabilita.

Batetik, ohikoan azaleratzen diren datuak daude: 2015aren amaieran gobernuak 3.322 milioi euroko zorra zuen, hau da, urteko bere aurrekontua baino pixka bat gutxiago. Horietatik 1.786 milioi zor publikoaren jaulkipenak dira eta 1.076 milioi banku maileguak. Hala ere, Boschek azpimarratu zuenez, zorra “prentsan azaltzen den hori baino handiagoa da”: Gobernuak baditu 149 milioi euro enpresei egindako abaletan eta Sodenak –abalak eskaintzen dituen enpresa publikoak– beste 340 milioi. Horrez gain, jubilatutako funtzionarioei beste 2.100 milioi euro zor zaie pentsiotan. Hau da, bere esanetan Nafarroako Gobernuak gaur egun ia 6.000 milioi euroko zorra du.

Boschek azaldu zuen 2000tik 2015era Nafarroako Gobernuak 900 milioi euro ordaindu dituela interesetan, batez ere arrisku prima oso altuengatik. Gogor salatu zuen Europako Banku Zentralak (EBZ) nola mantentzen duen banku pribatuen sistema: “EBZk maileguak gobernuei zuzenean egin beharrean, bankuei egiten dizkie eta gero hauek gobernuei”. Urte luzez, EBZk %1eko interesa kobratu die bankuei –gaur egun %0– eta gero hauek %5 edo %8 gobernuei, arrisku primaren arabera. Nafarroako Gobernua aurten egiten ari den amortizazioetan %5,8 ordaintzen ari da. Galdera berez dator orain ere: orduan, gobernuek zergatik ez diote dirua zuzenean eskatzen EBZri? Debekatua dutelako. Euroa sortu aurretik, gobernuek eskatzen zieten dirua beren banku zentralei, baina gaur egun ezin dute.

Kasu zehatzagoak ere azaldu ziren agerraldian. Alvaro Miranda kontseilariak (UPN) eta Enrique Goñik (CAN) swap formatuan sinatutako 4,9 milioi euroko mailegua gogor kritikatu zuen Boschek. Kasu hauetako batzuk zigortu ditu jada justiziak Espainiako Estatuan, argudiatuz bankuen botere abusua egon zela, bezeroak ez zituelako kontrolatzen oso gaitzak diren mailegu molde hauek. “Baina hori ez zen Nafarroako Gobernuaren kasua –dio Boschek–, beraz zer nahi zuen Mirandak, Gobernua kaltetzea CANen mesedetan?”.

Aldaketaren gobernua definitu zuenarekin haserre zegoela ere aipatu zuen Boschek bere agerraldian, honek ez duelako inongo zaratarik ateratzen zor ilegitimoaren gaiarekin. Swap-en aferarekin zehatzagoa izan zen: “Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi ditut bi peritu txosten epaitegietara eramateko eta ez du ezer egin”; bere ustez kasua ia irabazita legoke.

Zor bidegabea: 191 milioi euro

Aldaketaren alderdiek zor publikoa ikertzeko batzordea abiarazi zuten Legebiltzarrean 2016ko hasieran, eta honek Nafarroako Gobernuaren finantzei buruzko datu ugari jarri zituen Parlamentu Sozialaren esku. “Gehiegi guretzat –diote erakundeko kideek–, datuak hor egon arren, ez baitugu gaitasunik hainbeste ikertzeko”.  Iazko Legebiltzarreko agerraldian Bosch oso kexu zen eta foru parlamentariei kargu hartu zien zorraren ikerketa ez zuelako Parlamentu Sozialak egin behar Nafarroakoak baino, “halako zerbait egiteko baliabideak berak dituelako eta ez guk”.

Parlamentu Sozialak egindako kalkuluen arabera, legealdi honetan Nafarroako Gobernuak itzuli beharreko zorraren 191 milioi euro bidegabeak dira. Zergatik? Bankuek interes handiegia kobratu dutelako, zorra herritarrek behar ez dituzten azpiegitura garestietara bideratu delako, swap-ak erabili direlako, edo korralitoa-ren inperioari eusteko inbertsio okerretara bideratu zelako, besteak beste.

Parlamentu Soziala Nafarroako 30en bat elkartek osatutako elkargunea da eta bere helburua diru publikoaren finantzak kontrolatzea. Behin zor bidegabea kalkulatuta, Nafarroako Gobernuari haren ordainketari uko egitea eskatu dio behin eta berriz, edo gutxienez negoziatu eta kopuru garrantzitsu bat kitatzea. Nafarroako Gobernuak ez du uste hala joka dezakeenik, zor bidegabea aldarrikapen politiko gisa erabili daitekeelako, baina legezko oinarririk ez duelako. Edozein modutan, eta beste hainbat gaitan ere katramilatuta, aldaketaren alderdiek ez dute inongo bultzada publikorik egin foru gobernuari zor bidegabeaz presionatzeko. Eta dagoeneko ez da denborarik, besteak beste alderdi denak direlako maiatzeko hauteskundeei begira.

“Ez bizi zure mailatik gora”

Bitxia da, kapitalismo klasikoak ez du ongi ikusi izan zorpetzearen kontua: “Ez gastatu duzuna baino gehiago”, zabaldu ohi du lau haizetara. Eskandaluzkoa da nola leporatu zaien klase apalenei “beren mailatik gora bizi izana”. Baina 2008ko krisian ere, bankuek AEBetan arin bideratutako subprime maileguetan errun zuten krisia. Eta Espainiako Estatuan ere, higiezinen burbuila hipoteka “merkeek”  puztu zuten.

Zorrarekiko mutur luzea itxurakeria besterik ez da, ordea, bazter guztietatik egiten baitu kuku maileguak, batzuetan krisien konponbiderako eta beste askotan krisien akuilu, baina beti kapitalismoaren bihotzean, beti biharko kontsumoa orainaldira ekartzeko prest. Aditu neoliberalek gustuko dutenez esatea, 2008ko krisiaren konponbidearen oinarrian egon da zorra, baina zeruertzean ageri den hurrengo krisiaren oinarri ere bada. Hazkundea moteltzen hasi dela, interesak gora egingo duela, Nazio Diru Funtsaren deiadarra gerrikoak estutzeko… Ez gara krisi batetik atera eta beste baten oihartzunak dardara barreiatu du han-hemenka.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zor bidegabea
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


66.577 milioi euro: Espainiako bankuei emandako diru publikoa "erreskaterako"

Espainiako Estatuko Kontuen Auzitegiak 66.577 milioi eurotan kalkulatu du bankuak erreskatatzeko kostea. Hau da, bankuei emandako diru publikoa eta oraindik, haren zatirik handiena, bankuek itzuli ez dutena.


2018-07-19 | ARGIA
AHT-ren xahubidea
Bergarako lotuneko beste zati bat esleitu du Adifek: kilometroko 35 milioi euro

Espainiako Sustapen ministerioak Euskal Y-aren bigarren zati bat esleitu du Bergarako lotunean, trenbide azkarraren sareak bat egiten duen tokian.


Eguneraketa berriak daude