Pasio koktela

  • Cavalleria rusticana (Pietro Mascagni) eta Pagliacci (Leoncavallo). Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Alessandro Vitiello. Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Kantika Korala. Zuzendaria: Basilio Astúlez. Bakarlariak: Caniela Barcellona (mezzoa), Gregory Kunde (tenorea), Inva Mula (sopranoa), Luca Grassi (baritonoa). Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: maiatzaren 1a.

     

A zer saio pasionala eskaini zigun OLBEk denboraldi honetako azken aurreko ekitaldian! Bi opera atsegin, publikoaren gustukoak, giza sentimendu unibertsalak azaltzen dituztenak gehigarri handirik gabe; apustu segurua zirudien, eta arrakastatsua suertatu zen esperimentua. Eta esperimentua deitzen diot, bi obrak, nahiz eta garai eta leku desberdinetan kokatuak izan, uztarturik aurkeztu zirelako, egokitzapen eszenikoari esker. Cavalleria rusticanaren akzioa Siziliako herri batean gertatzen da, eta Pagliacciren istorioa, aldiz, Calabrian. Aldi honetan, bi opera kokatzen ziren Italiako hegoaldeko herri indefinitu batean, XX. mendeko berrogeiko hamarkadan (neo-errealismo italiarraren estetika begi bistan zegoen).

Bi istorioetan jelosia eta heriotza protagonistak dira, eta interpreteekin egindako joko baten bidez, Pagliacci Cavalleria rusticanaren jarraipena dela dirudi, edo, jarraipena baino gehiago, lehenengoaren ondorio morala erakusten du bigarrenak. Hau da: Gregory Kunde tenore handiak Cavallerian senar desleialaren rola egiten du, eta hurrengo operan, ordea, Kundek sufritzen du emaztearen infideltasuna, Canio-ren pertsonaia eginez. Bi operetan mantentzen zen dekoratua, jarraipenaren ilusioa handiagotuz. Horrez gain, Pietro Mascagni eta Ruggero Leoncavallo-ren partitura potenteak primeran uztartzen dira, emaitza orokorra biribiltzeko.

Pisuzko interpreteak izan genituen saio honetan. Cavalleriarekin hasiko gara: Daniela Barcellona mezzosopranoak, kualitate bokalak erakusteaz gain, injenuitate eta babesgabetasun punttuak eman zizkion bere pertsonaiari, Santuzza gaixo ahaztezina eginez; eta lehen aipatutako Gregory Kunde tenorea eraginkortasunez aritu zen Turiddu-ren rolean, baina benetan distiratsu agertu zen Pagliacciren Canio pertsonaian, askoz interpretazio sentituagoa egin baitzuen. Opera honekin jarraituz, azpimarratu beharko genuke Inva Mula sopranoaren interpretazioa, Nedda zoragarria egin baitzuen, pertsonaia honen alderdi kontrajarriak ondo irudikatuz: lotsagabea baina aldi berean gupidagarria, askatasunez bizi nahi izateagatik heriotza aurkitu zuelako.

Bilboko Operaren Abesbatzak lan dezente izan zuen taldeko eszenak garrantzitsuak diren Cavalleria rusticanan. Oso ondo aritu ziren Boris Dujin-en zuzendaritzapean. Kantika Korala umeen abesbatza ere fin ibili ziren, Basilio Astúlezen batutapean. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, berriz, emozio gehiegirik gabe, pobre samar. Eta, musikatik aparte, lehen aipatu bezala, Gabriele Moreschi-ren eszenografia sinple eta errealistaren efektu artistikoa azpimarratuko genuke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Puccini: gogokoen artean gogokoena

Maiatzaren erdialdean OLBEk bere opera ederrenetako bat, La Bohème, eskainiko digula aprobetxatuta, eta aurten bere heriotzaren mendeurrena betetzen dela kontuan izanda, Giacomo Pucciniren azalpen biografiko/artistiko bat ezinbestekoa dela uste dut.
Jakina, opera maite... [+]


Distira musikan, zakarkeria ekoizpenean

Zer: OLBEk antolatutako Verdiren 'Rigoletto' opera.
Nork: Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Otsailaren 23an.

------------------------------------------------

Spoiler: Euskaldunan entzun genuen... [+]


Gorabeheratsua

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Mozarten Serralloko bahiketa (Die Entführung aus dem Serail) opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urtarrilaren 20an.

[+]


Fantasia bat haurrei, musika klasikoaren ardatzean

Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... haurrentzat ere izan daitezke, zergatik ez? Publiko espezifikoa izan ohi du musika klasikoak, baina ate gehiago ireki ditzake antzezlan edo ikuskizun berezi bihurtuta. Euskadiko Orkestraren Musika Gela egitasmoa Pantomima ikuskizuna eskaintzen... [+]


Eguneraketa berriak daude