Injustiziaren aurkako diseinu grafikoa

  • Khader Adnanen askatasuna 66 eguneko baraualdi batek ekarri zuen, Palestinako preso politiko batek inoiz egin duen gose grebarik luzeenak. 2012ko otsaileko egun haietan epe luzeko gose greben ondorio fisikoei buruzko infografia bat bolo-bolo mugitu zen sare sozialetan. Istorio grafikoak sortzen dituen Visualizing Palestine (Palestina Ikusarazten) proiektuaren lehen agerpena izan zen hura. Harez gero, estatistikak eta diseinu grafikoa lotuz, dozenaka lan sareratu dituzte, Israelen okupazioak palestinarren egunerokotasunean sortzen dituen bortizkeria eta diskriminazio egoerak azaltzeko asmoz.

Estatistikak erakusteko ohiko infografien eta kaleko kartelen arteko hibrido ikusgarriak sortzen ditu Visualizing Palestine (VP) kolektiboak. Mundu mailako onarpena duten zenbait erakunderen datuak erabiltzen ditu horretarako: Palestinako, Israelgo zein nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeak, instituzio akademikoak eta bestelako iturri ofizialak. Facebook, Twitter, Tumblr eta visualizingpalestine.org webgunearen bitartez zabaltzen dituzte lanak.

Visualizing Impact (VI) kolektiboaren lehen proiektua da VP. Beirut, Amman, Montreal eta Ramallah artean banatuta dauden hamar lagunek osatzen dute lantaldea. Horien artean, ikerleak, diseinatzaile grafikoak, garatzaileak eta informazioaren zabalkundean aditu direnak daude.

VIko ikerketa eta ekoizpen arloetan lan egiten du Ahmad Barclay arkitektoak. VPren ideia aurki Ekialde Hurbileko beste zenbait herritara ere zabaltzeko asmoa dutela azaldu digu.

Zerk bultzatu zintuzten Visualizing Palestine proiektua abiatzera?

Palestinari buruzko albiste eta erreportaje asko dago. Gehiegi akaso. Mendebaldeko herrietan bereziki, gehiengoak jasotzen duen informazioa zehaztugabea da nagusiki. Palestinarrei egindako lapurreta, marjinazio eta okupazioari buruzko kontakizunak izan beharrean, de-facto Israelen menpe dagoen lurralde hartatik datozkigun istorioek bi indar parekatuen arteko gatazka batez hitz egiten dute maizegi. Are gehiago, palestinarren biolentzia testuinguru edo motibaziorik gabe aurkezteko joera dago, eta aldiz, Israelek erabiltzen duen bortizkeriaren justifikazio ofizialak normalean ez dira ezbaian jartzen.

Informazio gaindosi horrekin lotuta, oso zabalduta dago “gatazka ulertzea zaila da” dioen ideia. Gezurra den aurreiritzi horri egin nahi diogu aurre. Jendearengan kritikotasuna landu nahi dugu arrazoi eta argudio anitzak emanez.

Zergatik aukeratu dituzue grafikoak eta estatistikak?

Narratiba ofiziala zuzentzeko asmoz, beste multimedia proiektu batzuek bide tradizionalak edo kazetaritza herritarra erabili dituzte. VPren lantaldean ondorioztatu genuen gatazkaren jatorria azaltzeko infografiak –eta animazio grafikoa eta web interaktiboen moduko eduki bisualak– tresna egokienak direla. Nazio Batuen Erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeek eta beste iturriek ezinbesteko datuak argitaratzen dituzte, baina oso era akademikoan. Adibidez, zeinek irakurriko du 200 orriko txostena Israelek atxilo dituen adingabeen inguruan? Informazio horrek gatazkaren egiazko dinamikak azaltzen ditu, baina zabaltzen duten eran nekez helduko da gizartearen gehiengoarengana. Infografiak, egoki erabiliz gero, datu gordinak era ulerterrazean aurkezteko gaitasuna du, eta gisa horretan gainera, kazetaritza artikuluen edo iritzi artikuluen edukiak gezurtatzea baino askoz zailagoa da.

Nolakoa da infografiak sortzeko prozesua?

Zirkularra: gaiak identifikatu, ikertu, narrazioa sortu eta datuak aurkeztu, diseinatu, hedatu eta eraginaren ebaluatu. Gero eta maizago kolaboratzaileekin lanean ari gara gai bakoitzaren inguruan eduki mota anitzak sortzeko, eta sarean zein saretik kanpo, horien zabalpena handitzeko.

Apurka-apurka munduko leku askotara heltzen ari da zuen lana.

Gaur arte lanak ingelesez eta arabieraz sortu eta hedatzean jarri ditugu gure indarrak. Halere, guregana jo duten taldeen eta norbanakoen lan boluntarioari esker, gaur egun gure grafikoak hamabi hizkuntzetan daude eskuragarri eta hala, dozena bat estatutan antolatu dituzte erakusketa publikoak.

Egia, aukeratutako informazio iturrien arabera eraikitzen dela diote batzuek.

Erabat objektiboa den informaziorik ez dago. Kasurik okerrenean, gertakariak desitxuratu eta desinformatzeko lanean diharduten antolakundeak daude. Eta kasurik onenean, zer gai jorratu jabeek ezarritako mugek eta testuinguruak baldintzatuta aukeratzen duten antolakundeak daude. Palestina eta Israelen kasuan, antolakunde asko Gaza eta Zisjordaniari (batzuetan Jerusalem ekialdea barne) begira baino ez dute lan egiten, errefuxiatu palestinarren eta Israelen bizi diren palestinarren egoera albo batera utziz, loturarik ez balute bezala.

Erakunde independentea garenez, aipatutako mugek ez gaituzte hainbeste baldintzatzen. Puntuak elkarlotzen saiatzen gara, errespetatuenak diren iturrietatik informazioa lortuz, holistikoagoa den irudia sortzeko. Halere, gure narrazioak ez dira egoerari buruzko egia bakarrak. Horregatik, informazio iturri askorekin lagunduta zabaltzen ditugu infografiak, gaiaz gehiago jakin nahi duenari sakontzeko aukera emanez.

Palestinarekiko jarrera politikorik hartu al duzue talde gisa?

Talde independentea gara eta beraz ez dugu afiliazio edo jarrera politikorik. Egiten dugun lan motari begira kaltegarria eta kontraesankorra izango litzatekeela uste dugu. Hau esanda, herritarren ikuspegitik eta berdintasuna, askatasuna eta ordaina jasotzeko eskubideetan oinarrituta ulertzen dugu gatazka. Goitik beherako konponbide politikoei ez diegu arreta berezirik eskaintzen. Jorratzen ditugun gaietan eta grafikoetan hori guztia islatzen delakoan gaude.

Elikadura, osasuna edo segurtasuna izateko moduko eskubideei Israelen okupazioak nola eragiten dien kontatzen dute zuen infografiek. Zer diozue Palestinako Agintearen ardurari buruz?

Justizia sozialaren prisma unibertsaletik begira egiten dugu lan, eta hori, ongi diozun bezala, ez dagokio soilik Israelen jazarpenari. Hain zuzen ere, Palestinako Agintearen (PA) rolari buruzko lan bat prestatzen ari gara. Infografia horretan azalduko dugu PAren segurtasun aparatuak gizarte zibilaren ekimenaren aurka duen jarrera gogorra, Israelen okupazioaren aurkako erresistentzia ahultzeko xedez.

Nola ulertzen duzue sare sozialen rola justizia sozialaren bidean?

Sare sozialak tresnak baino ez dira, eta aurrerantzean beste tresna batzuek haien lekua hartuko dute. Mezu ofiziala desafiatzen duen informazioa zabaldu eta sustatzeko, baztertutako gaiak gogora ekartzeko eta ekimen eta ekintza eraldatzaileen gainean arreta jartzeko, gaur gaurkoz, ireki eta aske samarrak dira. Hala ere, gero eta herrialde gehiagotan sare sozialen “irekitasuna” baliatzen da ahots disidenteen kontrako neurri gogorrak hartzeko. Bitartean, sare sozialetako aktore garrantzitsuenek gero eta indar gehiago daukate eztabaida onargarriaren mugak zaintzeko.

Gai horrekin lotuta, Electronic Frontier Foundation taldearekin batera OnlineCensorship.org proiektuan lan egin dugu. Sare sozial ezagunenetan gertatu diren zentsura kasuen berri emateko proiektua da.

Zeintzuk izango dira zuen hurrengo urratsak?

Kolektibo gisa, gure kolaboratzaileekin batera zenbait proiektu paralelotan lanean ari gara infografia eta istorio grafikoen bidez zokoratutako gaiak nabarmentzeko. Egiptoko hedabideetako zentsura edo gazteen bazterketa mundu arabiarrean, esaterako.

Gure asmoa da proiektuak kolaboratzaileek beraiek gidatzea. Visualizing Impact taldearen orain arteko filosofia eta lan moldeari jarraiki, TEDx proiektuaren eredu deszentralizatuaren antzera, “Visualizing X” bilakatu nahiko genuke Palestinarekin egin dugun moduko proiektu gehiagoren marka.

Visualizing Palestineri dagokionez, 2015ean beste talde batzuekin elkarlana sustatu nahi dugu estrategia partekatua sortzeko eta justizia sozialaren aldeko mugimendu palestinarra bere osotasunean indartzeko. Halaber, une kritiko batera heltzen ari garela jabetu gara. Gainerako gatazka historikoetan gertatu den bezala, Palestinako aldarrikapena denen ahotan egongo da, eta guk prozesu hori sustatzeko eta azkartzeko konpromisoa daukagu.

>>> Euskaratutako infografia guztiak, Axier Lopezen 'Begizta' blogean.

Argia eta Visualizing Palestine elkarlanean

Bi proiektuok Creative Commons lizentzia librea erabiltzen dugula baliatuz, Euskal Herriko testuingurura egoki moldatzen diren bederatzi infografia euskaratu ditugu Argia eta VPren arteko elkarlanari esker. Grafikoak Argiako begizta.net blogean deskargatzeko eta inprimatzeko moduan sareratu ditugu, doan eta nahieran erabiltzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-04-21 | Mati Iturralde
Existitzen ez den herria

“Ez den herrian sortu ginen, eta geu ere, esan gabe, konprenitzen da ez garena garela”, Joseba Sarrionandia.

Askotan, nire buruari galdetzen diot zer gertatu ote zen Alemaniako jendarteak nazismoaren ondorioak ezagutu zituenean, hau da, horrelako komunitate... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agur Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Palestina NBEko kide izateari betoa jarri diote AEBek

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Eguneraketa berriak daude