Idazle ezkutatua

Irudia: Antton Olariaga
Irudia: Antton Olariaga

Durangoko Azoka iragan berri, luma eskuan eta irribarrea ahoan sinadurak ezker-eskuin banatzen ikusi ahal izan ditugu euskal idazleak argitaletxeen standetan, bai eta entzun ere liburu berriei barruko arropak nola eranzten zizkieten elkarrizketetan. Gutxi barru, urtarrilean beteko dira hiru urte J. D. Salinger zendu zela. Kontrarioak erakarri egiten omen dira eta hala dirudi, azokako mugimenduak oroimenera ekarri baitit hedabide zein promozioetatik at bizi izan zen idazle estatubatuarra. J. D. Salinger bere bizitza pribatuaren zaindari zorrotza izan zen. Argazkirik apenas atera zioten, bere ahotsa ez zen grabatua izan nahiz kazetariak gogotik saiatu, eta noski, liburuen inguruko azalpenik ez zuen eman ohi. Ezaguna da, batez ere, The Catcher in the Rye (1951) eleberriaren ospeagatik, zeinak bere bakartze boluntarioa areagotu zuen. Enrique Vila-Matas-ek Bartleby y compañía (Anagrama, 2000) lanean “ezaren idazleen” artean kokatu zuen, hau da, idazteari betiko uko egindakoen artean, hain justu, Salingerrek ez zuelako deus publikatu 1963. urtetik hil zen arte. Nik nahiago dut pentsatu ez zela ukazioan jauzi. Hil ostean etxea miatu omen zioten eskuizkribu bila. Nahi nuke liburu berri bat edo mordoxka bat agertuko balira laster eta jakingo balitz uko bakarra publikotasunari egindakoa izan zela. “Atsegin dut idaztea. Maite dut idaztea. Baina nire buruarentzat eta nire gogara”. Horiek eskaini elkarrizketa bakanetako batean esan zituenak. Hitz horietara lotzen dut esperantza, beste ideia bat lagun: narrazioak berez mintzo dira, idazlearen beharrik gabe.  

Egun idazlea ezkutatzeak ez dio mesederik egiten ez liburuaren promozioari ez gonbito mediatikoaren menuari, baina ezta ere bere lana jendaurrean aurkeztu nahi duen sortzaileari. Azokak eta Ahotseneak azken honetarako eskaintzen duten espazioa onuragarri da, hortaz. Alde erantzira, ordea, euskal letren mundutxoan zail da ezkutaketara jostatzea, idazle gazteontzat, bederen. Gure izenak erraz hedatzen dira hedabideetan eta lasterka abiatu den zakurraren hedearen sigi-sagaz barreiatzen. Liburu bat kaleratu eta berehala elkarrizketatzen zaituzte bi egunkarik, hiru-lau aldizkarik eta beste hainbeste irratik, testua irakurria izan ala ez izan. Haatik, Salinger izatera heldu gabe, ezkutaketa zaleak baditugu gurean. Elkarrizketatzeko deitzen dituztenean, dela gaixorik dela etxetik urruti daudelako, eta horregatik erantzuteko ezindurik, bularrean triunfo sentipen gozo asaldagarria ernatzen zaie, partida batean tantoa bereganatu balute bezala, nahiz oso garbi ez izan jokoa noren aurka den (prentsaren, argitaletxearen, beren buruen aurka?). Ezizenez plazaratzea da aukera bat gordean irauteko, beti ere hil artean benetako nortasuna deklaratzen ez bada, eta agerpen publikoak urliaren edo sendiaren esku uzten badira. Durangoko aztoramenaren erdian gutizia horixe izan nuen. Borondatez ezkutatzen den euskal idazle bat desiratu nuen, izen anbiguo bat beste ezaugarririk izango ez zuena, ez mutil ez neska, ez iparraldeko ez hegoaldeko, ez zahar ez gazte. Bere afixarik ezingo litzateke itsatsi hormetan, ezta berari buruzko biografiarik zanpa-zanpa irakurri. Ezezaguna izaki, askeago epaituko genituzke bere izkribuetako tolesak eta gailurrak, maiteko genuke bere prosa edo batere ez genuke maiteko. Eta standek aurkituko lukete modua idazlea bertan egon gabe kondairaz baliatu eta jendea erakartzeko. Fokuak piztean orrialdeak leudeke argituak, eta berarekin, literaturaren misterioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


Eguneraketa berriak daude