Idazle ezkutatua

Irudia: Antton Olariaga
Irudia: Antton Olariaga

Durangoko Azoka iragan berri, luma eskuan eta irribarrea ahoan sinadurak ezker-eskuin banatzen ikusi ahal izan ditugu euskal idazleak argitaletxeen standetan, bai eta entzun ere liburu berriei barruko arropak nola eranzten zizkieten elkarrizketetan. Gutxi barru, urtarrilean beteko dira hiru urte J. D. Salinger zendu zela. Kontrarioak erakarri egiten omen dira eta hala dirudi, azokako mugimenduak oroimenera ekarri baitit hedabide zein promozioetatik at bizi izan zen idazle estatubatuarra. J. D. Salinger bere bizitza pribatuaren zaindari zorrotza izan zen. Argazkirik apenas atera zioten, bere ahotsa ez zen grabatua izan nahiz kazetariak gogotik saiatu, eta noski, liburuen inguruko azalpenik ez zuen eman ohi. Ezaguna da, batez ere, The Catcher in the Rye (1951) eleberriaren ospeagatik, zeinak bere bakartze boluntarioa areagotu zuen. Enrique Vila-Matas-ek Bartleby y compañía (Anagrama, 2000) lanean “ezaren idazleen” artean kokatu zuen, hau da, idazteari betiko uko egindakoen artean, hain justu, Salingerrek ez zuelako deus publikatu 1963. urtetik hil zen arte. Nik nahiago dut pentsatu ez zela ukazioan jauzi. Hil ostean etxea miatu omen zioten eskuizkribu bila. Nahi nuke liburu berri bat edo mordoxka bat agertuko balira laster eta jakingo balitz uko bakarra publikotasunari egindakoa izan zela. “Atsegin dut idaztea. Maite dut idaztea. Baina nire buruarentzat eta nire gogara”. Horiek eskaini elkarrizketa bakanetako batean esan zituenak. Hitz horietara lotzen dut esperantza, beste ideia bat lagun: narrazioak berez mintzo dira, idazlearen beharrik gabe.  

Egun idazlea ezkutatzeak ez dio mesederik egiten ez liburuaren promozioari ez gonbito mediatikoaren menuari, baina ezta ere bere lana jendaurrean aurkeztu nahi duen sortzaileari. Azokak eta Ahotseneak azken honetarako eskaintzen duten espazioa onuragarri da, hortaz. Alde erantzira, ordea, euskal letren mundutxoan zail da ezkutaketara jostatzea, idazle gazteontzat, bederen. Gure izenak erraz hedatzen dira hedabideetan eta lasterka abiatu den zakurraren hedearen sigi-sagaz barreiatzen. Liburu bat kaleratu eta berehala elkarrizketatzen zaituzte bi egunkarik, hiru-lau aldizkarik eta beste hainbeste irratik, testua irakurria izan ala ez izan. Haatik, Salinger izatera heldu gabe, ezkutaketa zaleak baditugu gurean. Elkarrizketatzeko deitzen dituztenean, dela gaixorik dela etxetik urruti daudelako, eta horregatik erantzuteko ezindurik, bularrean triunfo sentipen gozo asaldagarria ernatzen zaie, partida batean tantoa bereganatu balute bezala, nahiz oso garbi ez izan jokoa noren aurka den (prentsaren, argitaletxearen, beren buruen aurka?). Ezizenez plazaratzea da aukera bat gordean irauteko, beti ere hil artean benetako nortasuna deklaratzen ez bada, eta agerpen publikoak urliaren edo sendiaren esku uzten badira. Durangoko aztoramenaren erdian gutizia horixe izan nuen. Borondatez ezkutatzen den euskal idazle bat desiratu nuen, izen anbiguo bat beste ezaugarririk izango ez zuena, ez mutil ez neska, ez iparraldeko ez hegoaldeko, ez zahar ez gazte. Bere afixarik ezingo litzateke itsatsi hormetan, ezta berari buruzko biografiarik zanpa-zanpa irakurri. Ezezaguna izaki, askeago epaituko genituzke bere izkribuetako tolesak eta gailurrak, maiteko genuke bere prosa edo batere ez genuke maiteko. Eta standek aurkituko lukete modua idazlea bertan egon gabe kondairaz baliatu eta jendea erakartzeko. Fokuak piztean orrialdeak leudeke argituak, eta berarekin, literaturaren misterioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Oskolak malgutzeko liburua

Soinean daramate etxea barraskiloek, bizkar-zorro kiribildua bailitzan, bizitzeko beharrezko dituztenak hara eta hona garraiatuta. Etxeak, ordea, kraskatu eta bitan bana daitezke. Bikoiztu ere egiten dira tarteka, behin-behinekoz bada ere gotorleku izatetik zama izatera igarota... [+]


2024-05-27 | ARGIA
Euskal letren asteburua egin du Literaturiak Zarautzen

Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.


2024-05-23 | Cira Crespo
Presbiziaren kontrako kronika

Maiatzaren 22an, Edu Zelaietak eszenaratze berezia eman dio Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela, 2024) bere azken poema liburuaren aurkezpenari. Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan izan da, Arabako hiriburuko Poetak Maiatzan poesia-jaialdiaren baitan.


2024-05-22 | Edu Zelaieta Anta
Kontzertu estelarrean (fikzio espekulatibo bat)

Aurtengo jazzaldiaren kontzertu estelarrean zaude, zuk gehien maite duzun pertsona (multzo) batekin. Pradales dagoeneko lehendakaria da eta, beraz, Osakidetzaren arazo larria onbideratzen ari dira. Espiritu autonomikoa nagusi da jendearen aldartean; hori dela medio, berdin egon... [+]


Cristina Rivera Garza. Hildakoekin idaztea
"Zerbait gertatzen da munduan kolektiboki esaten dugunean norbait falta zaigula"

Bilbora etorri zen apirilean, idazketa sendatzaileei buruzko hitzaldi bat ematera, EHUko Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan masterrak gonbidatuta. Bazuen zer esanik: soziologia eta historia ikasitakoa, artxiboa baliatzen du idazteko, eta bere ahizparen bizitza eta... [+]


Eguneraketa berriak daude