Kirmen Uribe

"Poesiak narrazioaren bidea argitzen lagundu dit"

  • Nobela berria dakar Kirmen Uribek udazken-negu honetan. Mussche (Susa, 2012) du izenburu eta, azalean, Bigarren Mundu Gerran Belgikan, Flandesen, erresistentziarekin bat eginik jardun zuen Robert Musscheren historia da. “Heroi baten historia”, azalean. Alabaina, mamian, bizitzaz, heriotzaz, munduaz eta, oro har –eta, batik bat–,  adiskidantzaz ari da gure idazlea.

Miel Anjel Elustondo
2012ko azaroak 25
"Konfiantza handia daukat egiten ari naizen bidean"Dani Blanco

Zubi Zaharrean egiteko asmoa genuen elkarrizketa Dani Blanco argazkilariak eta biok. Zuk, puska denak bildu arazi dizkiguzu, Saturrarango hondartzara ekarri gaituzu. Ba omen duzu horretarako arrazoirik. Ez gaituzu alferretan ekarri…

Ez. Hiru arrazoi ere baditut zuek –eta Argiaren irakurleak–, Saturraranera etor zaitezten, Mutrikutik hona bitarte dauden zazpi hondartzak –zazpi esan ohi dugu, baina hainbat dira bertan hondartzak–, leku eder hau zuei erakusteko ez beste. Lehenik, gure aita zenaren itsasontzia hemendixe igarotzen zen portura sartzera zihoanetan. Txikitan, jolasean ibiltzen ginen hondartza honetan, eta ni hemen jolasean eta norberaren aita barkuan bazetorrela ikustean, halako sentipen arraro batek hartzen ninduen barruan, hutsune bat nuen… Bigarren arrazoia da hemen, Saturraranen, emakume kartzela izan zela garai batean, eta hainbat emakume, eta ume, hil zirela bertan. Nobela berriak, Mussche-k, badu aski lotura oroimenarekin, badu lotura historiarekin eta, beraz, “hauxe da lekua”. Hirugarrenik, Aitzol Aramaio adiskidearen errautsak ere hemen zabaldu genituen. Hauxe da lekua!

Aitzol Aramaio aipatu duzularik, bera ageri da liburuaren amaieran, eta diozu, dio idazleak: “Elkarrekin egon ginen azken aldietako batean hauxe esan zidan Aitzolek: ‘Heroi baten istorioa kontatu behar duk’”. Robert Mussche da heroi hori…

Bai, bera da heroi hori… Dena dela, Mussche idatzirik, gauza askotara itzuli nahi izan dut. Batetik, itzuli, neure jendearengana. Bestetik, neure baitara, neure burua ikusten saiatu naiz nobela hau idazten ari nintzen bitartean… Irakurlearentzat gozamen literario izan dadin nahiko nuke liburu hau, eta, aldi berean, pentsa dezan Musschek sentitu zuena, garai hartan irakurri zuena. Nahiko nuke irakurleak gerra hartan gertatu zenaz gogoeta egitea, errealitate hartaz jabetzea, bizi garen garai zail honetan ere. Jendearengana hurreratu nahiko nuke… Zail zait adieraztea.

“Jendearengana hurreratu” diozu. Beti ikusi izan zaitugu jendearekiko, jendearengandik hur...

Kinka larrian bizi den jendearengana hurreratu nahi izan dut. Askok lana galdu du, gorriak bizi ditu. Horregatik aukeratu dut pertsona hori [Robert Mussche], konprometitua, engaiatua delako, gizartea hobetu nahi duelako, jendeari laguntzeko prest egon zelako. Horixe nahi nuen. Fikzioa idaztean bada arriskua mundutik urruntzeko, sasoi batean izan zinen pertsonarengandik urruntzeko. Horregatik nahi izan dut neure barrura itzuli. Carmen Musschek egin zuen moduan egin dut, barrura begira jarri eta bila hasi, iragana den kutxa handi horretan bila. Eta, benetan, uste dut iragan horretan neure burua aurkitu dudala. Nobela honek min batzuk gainditzen lagundu dit, zauri batzuk ixten, eta berriz idazten hasteko balio izan dit, garai batean ez nuen-eta idazten. Nik esan beharko banu, esango nuke Musschek berak lagundu didala liburua idazten.

Zein duzu Mussche? Robert Mussche dugu, batetik, Bigarren Mundu Gerran Holandan erresistentziarekin konprometitu zen hura. Bestetik, haren alaba dugu, Carmen, aitaren oroimena berreskuratu zuena…

Biak dira izenburuko Mussche, aita, eta alaba. Eta Vic da Mussche, eta Roberten lagun Herman. Liburuaren hasieran bertan esaten dut nork bere burua ez ezik, besteek ere egin egiten gaituztela, bizitzan batean eta bestean aurkitzen ditugun pertsonek egin egiten gaituztela. Esaterako, Robert bera bizirik dago haren emazte Vicek hainbat eta hainbat urtean egin zuen oroimen lanarengatik, batetik, eta bestetik, berriz, Carmenek, alabak, oroimen hura berreskuratzeko egin zuen ahaleginarengatik. Carmenek, finean, kutxetan sartuta zeuden liburu, eskutitz eta argazkiak berreskuratu zituen eta, aita hil ondoan ere, Robert “egin” zuen. Gauza ederragorik! Mussche da Robert, da Carmen, naiz ni neu.

“Mussche naiz neu”…

Bai. Ez nuke esango Robert Mussche besterik naizela, edo Herman Thiery baizik… Bietatik naiz. Adiskidetasunari buruz idazteko balio izan dit lan honek, maitasunaz, aitatasunaz, aitatasun ez biologikoaz, heriotzaz, literaturaz, literaturaren inguruan sortzen diren haserre eta inbidiari buruz… Aukera handiak izan ditut. Batez ere Robert, Herman eta Vicen historiak kontatzen ari naiz liburuan, baina azken urteotan neuri gertatu zaidana ari naiz kontatzen Mussche-n. Nobelako pertsonaien atzean ezkutatuta daude Aitzol, Nerea eta beste. Idazle baten biografian oinarritu naiz, fikzioa eginez eta neure buruaz jarduteko. Oso baliabide emankorra begitantzen zait, benetan.

Arestian esan duzu alabak berreskuratu zuela aitaren irudia, haren bizia, zu bitartekari zaituztela…

Ez da gezurra. Carmenek esan zidan zikloa, honenbestez, itxi egin dela. Robert Musschek Euskal Herriko ume bat, gerrako haurra, hartu zuen Belgikan: Karmentxu. Etxean hartu zuten. Orain, aldiz, Euskal Herriko idazle batek Robert Mussche hartu du bere literaturan, bere bizitzan, bere bihotzean txertatzeko. “Zikloa itxi egin da!”, ziostan Carmen Musschek, euskal idazle batek kontatu behar zuela historia.

Bilbao-New York-Bilbao ondoren dator Mussche. Hark kondizionaturik ote dator hau, haren itzalpean, menturaz?

Hori nire bizitzatik eta lanetik kanpo dago, errespetu osoz esanda. Ni neure bidea egiten ari naiz, gaztetatik jakin dut zer etorriko zen, idaztea. Liburuak bata bestearen ondotik etorri dira, presarik gabe, neure bidean. Konfiantza handia daukat egiten ari naizen bidean, liburuak egin lezakeen zaratak ukitzen nau, baina ez larregi, lasai idazten ohi dut, jakinik bide luzea egin behar dudala, jakinik hobetuz joango naizela. Baliteke inozo izatea konfiantza hori, baina horretan nago, konfiantza handia daukat neure ibilbidean. Harrerari dagokionez, Bilbao-New York…-ek harrera handia izan zuen, dela irakurleen aldetik, sarien aldetik, itzulpenen aldetik… ezin zaio hari gehiago eskatu. Oso liburu intimoa zen, pertsonala. Lehenengo nobela nuen, on eta gaitz guztiekin. Ezin diot gehiago eskatu Bilbao-New York…-i. Zenbaiti ez zitzaion gustatu. Ondo da. Izan ziren zenbait erreakzio lekuz kanpokoak. Ulertzen ditut horiek ere, edo ulertzen saiatzen naiz, testuinguruan jartzen, nahiz eta ados ez egon. Asko ikasi dut handik hona, Bilbao-New York…-ek izan zuen harreratik, onetik nahiz txarretik, bietatik.

Lehen nobelak mundua ibiltzen jarri zintuen, idazteko tailerretik aparte zinen beti edo gehienean, baina ibili behar horrek ekarri zuen hil biko egonaldia aurten Kaliforniako Sausaliton. Hantxe ondu duzu oraingo lana.

Emankorra izan zen Sausalitokoa, bai horixe. Hantxe egin nuen Mussche-ren lehenengo idatzaldia, hantxe hasi eta bukatu nuen liburua, halako sukar batek hartuta! Kontatzeko gogoa nuen! Harrezkero, hona itzuli eta berridatzi besterik ez nuen egin! Uste dut nobela bat idazketa askoren ondorio dela, idazketa eta berridazketa nahitaezko direla. Sausaliton nintzela, berriz, bakarrik nengoela, eta kanpoan, zauriak sendatzen asmatu nuen. Bakarrik eta kanpoan. Egia esan, gero eta gehiago gustatzen zait neure buruarekin bakarrik egotea. Ez dakit arazoa den ere! Kar, kar, kar… Sausaliton, han zen idazle batek esan zidan: “Idatzi lehenengo pertsonan, idatzi labur, idatzi azkar”. Kasu egin nion. Kalifornian, izan ere, neure gogoko idazle eta literatur munduarekin egin nuen topo, AEBetako XX. mendeko literaturarekin bat egin nuen, baita gaur egun idazten denarekin ere. Hor da, esaterako, Dave Eggers idazlea, kaliforniarra, eta haren lana, What is What? (Zer da zer?), adibidez. Afrikatik joandako immigrante baten bizitza kontatzen du, lehenengo pertsonan. Lehenengo pertsonan. Biografian oinarritzen da, literatura egiteko. Joera narratibo horrek eragina izan du nigan, eta konfiantza ere eman dit Bar Puertotik hona egiten ari naizen bidean –biografia, fikzioa, errealitatea...–; Kalifornian ere oso gauza estimatua dela ikusi nuen-eta.

Mussche-n, itzulpen lanetan ari da Robert aldi batean. Dio narratzaileak Roberten gainean: “Gustuko du erbesteko hizkuntza horietan esaten dena bere hizkuntzan berresatea, inork zanpatu gabeko lurralde batean sartzea bezalakoa da berarentzat. Itzulpengintzak paisaia ezezagunetara zabaltzen dizkio leihoak edo, gauza bera dena, egundo idatzi gabeko esaldietara”. Zer diozu zeure lanen itzulpenez?

Utzidazu esaten, lehenengo, Robertek nederlanderaz idazten zuela, oso egoera txarrean egon zen hizkuntza. Ispilu bat izan dut hori, euskal idazle batek Robertek antzeko senti lezakeelako. Hark, ikasteko, itzuli egiten zuen, literatura unibertsaletik. Etxean egina dut saiakera, ikasteko. Itzulpenez, berriz, esango dizut oso zaila dela inoren lanak beste hizkuntza batera itzultzea, eta lortzen denean, pozik egon behar dugula. Benetan da zaila, benetan da aberasgarria euskarazko lanak beste hizkuntza batera itzultzea. Uste dut Mussche itzuliko dela, eta kanpoko irakurleak bere burua ikusiko duela nobelan. Baita Bilbao-New York…-en ere. Japondik etorri berria naiz, eta han oso gertuko dute nobela hori: arrantzaleen bizimodua, gerrari buruzko gogoeta. Japonen ez da hitz egiten Bigarren Mundu Gerrari buruz. Nami Kaneko itzultzaileak esan zidan beraren amonak sekula ez duela hitz egin gerraz, ezer kontatu gabe hilko dela! Itzulpengintza ezinbestekoa da, eta nik neuk euskarara itzulitako –oso ondo itzulitako–, hainbat liburu erabili ditut Mussche idazteko.

Zer diozu gaztelaniazko irakurleaz? Harengana hurbiltzen saiatu zara, hainbat keinu eginak dituzu…

Aspaldi gabiltza Euskal Herrian bizi den ez-euskaldun horrengana iritsi nahian, hurreratzen. Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi... saiatu dira. Horrek, dena den, interferentziak sortzen ditu. Aurreko lanaren karietara Campos Eliseos antzokian egin genuen aurkezpena, Seix Barral etxearen eskutik. Jende asko bildu zen bertara, erdalduna. Gaztelaniazko egunkarietan ere hainbat agerpen egin ditut, jende horrengana hurreratu nahian, euskal literatura ikusgarri egin nahian. Horrek, ordea, atzealdea babesik gabe uztera eraman nau, nire betiko jendea nahastuta ikusi dut, eta ez dut horrelakorik nahi, nire betiko jendea zaindu nahi dut. Sakon-sakonetik naiz euskalduna, horixe naiz batez ere, horixe zaindu nahi dut, nire hizkuntza, nire kultura, nire jatorria… Durangoko Azoka batean, Edorta Jimenezekin berriketan Palentziako Etxean eta Bilbao-New York…-en zarataren erdian. Batek eta besteko kritikak, blogetan esan zirenak liburuaz, eta niri buruz! Eta horretan, Durango hartan, Edortak esan zidan: “Euskal literaturan nahi zaitugu”. Isilik geratu nintzen. Orain, eskerrak ematen dizkiot Edortari.

“Euskal literaturan nahi zaitugu”. Bogotan, Ganten, Bartzelonan, Japonen… ibil zintezke, euskarazko literaturan zaitugulako.

Horixe. Baten batek pentsatuko du literatur industria handiaren eraginez nabilela hemen eta munduan, hizkuntza batean eta bestean nire lanak itzulita, baina ez da horrelakorik. Agentzia-lan gutxi, diru-laguntzak bakan… Horren atzean ez dago literatura maite duen jende askoren gogoa besterik. Dela Bitartean heldu eskutik, dela Bilbao-New York… horrela itzuli izan dira. Horrek ikaragarri estutu du literaturarekiko dudan lotura. Gainerakoan, ez dut uste euskal literaturan aberastu den idazlerik dagoenik. Ez dut uste. Esker txarrekoak ere izan garela esango nuke.

Esker txarrekoak, euskal idazleekin, esan nahi duzu?

Bai. Gogoan dut Xabier Leteri Sautrelan egin genion elkarrizketa. [Hasier] Etxeberria zen galdezka. “Damu bat?”, Etxeberriak, eta Leteren erantzuna: “Gabriel Aresti oso gaizki tratatu genuen”. Uste dut horretan segitzen dugula, euskal idazleak gaizki tratatzen. Aresti, Mirande, Atxaga… gaizki tratatu ditugu, maltzur jokatu dugu askotan eta askotan.

Poesiarekin loratu zinen euskal literaturara, narrazioaren bidean zabiltza aspaldi. Eta Kirmen Uriberen poesia?

Poemak idazten ditut, tarteka. Poesiaren denbora beste bat da, hala ere. Kristalaren denbora da. Poliki sortzen dira poema onak. Errespetu handia diot poesiari, horregatik ari naiz mantso idazten. Bitartean, poesiak narrazioaren bidea argitzen lagundu dit, zer kontatu, nola kontatu, zer utzi irakurleari esan gabe –berak irudika dezan–, isiluneak antolatzen, analogiak sortzen… Esango nuke nobela onak poesiaren distira behar duela. Poesia eta nobela ez dira elkar joka ari. Nobelagile onak poeta ona ere badu bere barruan.

Amaitzera gatoz, eta esan dezadan, orain dozena bat urteko zure liburu-asmo bat gogoan: Mussche da Dos amigos? Bukaera da? Kitatu duzu zorra?

Bai, Mussche hau harako Dos amigos hura da. Adiskidetasuna. Aitzol [Aramaio], oso presente… Zauria ixten lagundu dit. Gazte nintzenean ez nuen sinesten literatura terapeutikoa izan zitekeenik, baina orain jakin dut sendabide ere izan litekeela. Nobela honek lan hori egin du nigan, behintzat. Hor da Aitzolen galera, eta hor da nire sentipen hura: paradisutik bota izan banindute bezala sentitu nintzen garai batean, euskal literaturaren barruan sortu ziren interferentziak eta beste. Bota nindutela sentitu nuen. Mussche-k bi zauriok sendatzen, arintzen, ulertzen lagundu dit… Ulertzen.


 

Gerrako haurrak I

“Gerrako haurren gaia inguruan ibili zait beti, txikitandik. Amak kontatuta dakit orduan gertatutakoa. Ondarroan bertan, Mikel Etxaburu lagunaren izeba bera ere Belgikan da, gerrako haur joanda. Gaia ez zitzaidan arrotza, beraz. Behin, Bogotan nintzela, Paulino izeneko gerrako haur batek esan zidan: ‘Gerrako haurrei buruz idatzi behar duzu nobela’. Niri kezka ematen zidan, beldurra, gaiaz idaztea, konplikatua iruditzen zitzaidan, arriskutsua literaturan. Carmen Mussche ezagutu nuelarik aienatu zitzaizkidan zalantza, kezka eta beldur guztiak. Argi ikusi nuen: ‘Hauxe da idatzi behar dudana, hauxe da kontatu nahi dudana Bilbao-New York-Bilbao haren ostean”.

Gerrako haurrak II

(Musche, pasartea)

“—Zergatik kontatu nahi duzu Robert Musscheren historia? –artez galdetu zidan Marcek, afaldu ostean egongelan biok bakarrik geratu ginenean–. Badakit Medellingo festibalean Julio Flor kazetariak Karmentxu Cundini buruz hitz egin zizula, eta baita Roberti buruz ere. (…) Baina, kontatu egidazu, zein da zure nobela idazteko sakoneko arrazoia?
    Ezustean harrapatu ninduen Marcen galderak, bidaiez edo politikaz nahiko azaletik eta umorez berbetan jardun ondoren etorri baitzen.
    —Hilabeteak neramatzan ezer idatzi gabe –esan nion–, eta hurrengo liburua nolakoa izango zen ere ez nekien. Nire lagun min baten heriotzak erabat galduta utzi ninduen. Hura galdu eta alabatxo bat etxean, dena aldi berean. Noraezean sentitzen nintzen, alde batetik pozik, bestetik triste. Ezagutzen nituen gerrako umeen kontuak, betidanik piztu zidaten arreta euren bizipenek, baina oso zaila egiten zitzaidan behar bezala kontatzea”.

Kanal hauetan artxibatua: Literatura  |  Literatura  |  Kirmen Uribe  |  Durangoko Azoka

Literatura kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-26 | ARGIA
Errefuxiatuen dramari buruzko tirak nagusi World Press Cartoon sari banaketan

Alireza Pakdel marrazkilariaren 'Etorkinak' lanak irabazi du World Press Cartoon sari banaketa, Irango Etemad egunkarian 2016ko abuztuan argitaratutako irudiagatik.


2017-06-25 | Igor Estankona
Armei buelta

Ameriketako progressivea, feminista borrokalaria, Adrienne Richek gizonari jarraitu zion unibertsitate-karreran, ekarri zituen, zaindu zituen hiru haur, deuseztatu zen ezkontza, suizidatu zen bere senar izandakoa, idatzi zuen 1976an Twenty-One Love Poems (Hogeita bat poema amodiozko). Emakume isilarazia eta Twenty-One Love Poems horrekin ofizialki lesbiana, erdi judua, izatearen bilaketa izan da bere bizitza, identitateaz idatzi zuen teorikoek hitz hori asmatu baino lehenago. Kartsuki politikoa... [+]


Sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


2017-06-18 | Aritz Galarraga
Ikastaldi baten kontaketa

Oso maite duzun idazle batek esaten du benetan idaztea gustatuko litzaiokeen liburu bat dela ixa, eta zer egingo diozu, bada, ez bada ixa liburu hori irakurri berehala, are ixa liburu hori literatura unibertsalaren klasikoetarik bada –eta puntu honetara iritsita, lotsaemangarria ere gerta daiteke literatura unibertsalaren klasiko hori orain artean irakurri ez izana publikoki aitortzea–. Lagun artean gaude, ordea, eta lotsarako tarterik ez da –bide batez, ze gutxi hitz egiten... [+]


Marijane Minaberri, sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


2017-06-13 | Kanaldude.tv
Marijane Minaberri: lekukoak oroitzen
MULTIMEDIA - erreportajea

Igande huntan, Baigorriko ibarreko Adur elkarteak eta hego aldean literatura sailean ari den Sareinak omenaldi bat antolatu dute Marijane Minaberri Bankan sortu idazleari. Aldudeko zinegela berrituan, kantu eta lekukotasun batzuen artean hedatua izan da Kanaldudek egin bideoa "Marijane Minaberri: lekukoak oroitzen" titulupean, Itxaro Borda, Xipri Arbelbide eta Luzien Etxezaharreta idazleek baita Aines Dufau Ikas euskal pedagogia zentroko zuzendariak beren lekukotasunak ekarri dituzte... [+]


2017-06-12 | Uriola.eus
Erredakzioa: "Kontzeptu berri bat asmatu dugu, erreportaje bakarreko aldizkari ilustratuarena"

Solokoetxeko La Taller espaziotik sortu dute Tania Arriaga-Azkaratek eta Maite Martinez de Arenazak Erredakzioa izeneko gune berria. Grabatuaren eta kazetaritzaren mundutik abiatuta esparru desberdinak uztartu eta proiektu berriak martxan jartzeko xedez. Besteak beste, Minerva aldizkari ilustratua sortzeko. 


Mila urteko zerrenda japoniarrak

Japonia, 966. urte inguruan. Sei Shonagon idazle, poeta eta gortesaua jaio zen. Fujiwara no Teishi (Sadako izenez ere ezaguna) Heian aroko enperatrizaren zerbitzura jardun zuen. Ezer gutxi dakigu emakume horren bizitzari buruz, bere idatziez gain. Burkoaren liburua bilduma idazteagatik da bereziki ezaguna. Lan horretan egileak enperatrizaren eta gortearen berri jaso zuen. Hainbat poema ere bildu zituen, baina, bereziki, zerrendak nabarmentzen dira liburuan; batzuk bitxiak dira oso eta beste... [+]


Adiskidetasunaz

Euskal irakurlearentzat ezaguna da egile hau. Aurretik, Pamiela etxean plazaratuak, baditu dozena erdi bat lan (Urdin txiki eta Hori txiki, Frederick, Igeritz, Matiasen ametsa, Nadarin, Munduko etxerik handiena) eta hauetara hurbildu denak jakingo du tematika aldetik ezberdinak izanik, guztietan nabarmentzen dela egilearen estilo propioa. Artearen mundutik etorritako baten estiloa, esango genuke; ez baitugu ahaztu behar Leo Lionnik irudigintza eta eskultura ere landu zituela, margolanetan... [+]


"King Kong teoria" liburua: Virginie Despentes punka euskaraz dator

Idazle eta feminista frantziarrak King Kong Théorie saiakera autobiografikoan gizarte heteropatriarkala astintzen du, baita feminismoaz gogoeta interesgarriak egin ere.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude