“Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, eta dagokion lekua behar du gure memorian”

  • Idatzi duen eleberriko pertsonaia mirestera heldu da Juan Luis Larraza Lakuntza (Etxarri Aranatz, 1950), eta, beharbada, mitifikatu ere egin du. Han eta hemen, eta, oroz gain, Nafarroako Artxibategiko agirietan Luis L(e)izarraga kapitainari buruzko datu bakanak bildu, Pello Monteano historialariaren laguntzaz, eta ondu du nobela historikoa: Luis Lizarraga kapitaina, 1473 - 1521. Ezustean, gure iraganaren atal gorde bat ekarri digu argira.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA
Zaldi ero / ARGIA CC BY SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Askotan bezala, kasu honetan ere ez genuen gure historiako pertsonaia horren berririk. Ezezaguna zitzaigun Luis Lizarraga eta, aldiz, zure liburuaren titulutik bertatik Nafarroako pertsonaia historikoa dugula adierazten zaigu. 
Luis Lizarraga kapitaina Arañaz ibarreko jauntxoa izan zen. 1473tik 1521era bitartean, hau da, Gaztelak Nafarroa bereganatzeko ahaleginak egin zituen garaian, Lizarragak Nafarroaren askatasunaren alde borrokatu zuen. Garai hartako berri gutxi dugu, edo ia batere ez. Azken aldi honetan, berriz, Gaztelaren erasoei aurre egin zien kapitain honen bizitza ezagutu dugu, neurri batean behintzat, eta inportantea iruditu zitzaidan jendeak Lizarraga zein izan zen jakitea. Horretarako eleberri bat osatzea otu zitzaidan, Lizarraga ezagutarazteko modurik egokiena dela pentsatuta.

Eta, jakin baliteke, zerk jarri zintuen Lizarragako jaunaz idaztera? Zer gogo ibili zenuen buruan?
Nafarroako historia liburuetan behin eta berriz agertzen da Luis Lizarraga,  garai bereko beste zenbait kapitainekin batera. Hortxe ditugu, adibidez, Jaime Belaz de Medrano, Migel de Jaso, Juan Remirez de Bakedano, eta beste hamaika. Zerrenda luze bateko multzoan agertzen da beti Lizarraga, behin eta berriz. Kontuan izan behar da kapitain horiek denak galtzaileen multzokoak direla, eta, historia, aldiz, irabazleek idazten dutela. Beraz, haiei buruzko aipamenak bakanak dira. Hiltzera kondenatu zituztela, ondasun guztiak kendu zizkietela, eta horrelakoak dira heldu zaizkigun berri bakarrak. Nik, berriz, aspaldi nuen begiz jota Lizarragaren izena. 25 urte ere joan dira harrezkero. Orduan dena zen zalantza, baina Nafarroako Artxibategi Nagusian bila ibilita, gauza bat, behintzat, jakin dugu: Lizarragabengoa eta Etxarri Aranazko jauna izan zela Luis Lizarraga. Datu horrek gure eskualdeaz [Sakana] historikoki geneukan hutsunea betetzen lagundu digu.

Datu historiko gutxi dira, nonbait, Luis Lizarragaz. Hasteko, haren izenak bi aldaera ere baditu. Batean da Lizarraga, bestean Leizarraga.
Izenari dagokionez, toponimian oinarritutako izena erabiltzea erabaki dut. Halaxe proposatzen du gure herriko historialari Rafael Karasatorrek. Izena, inondik ere, Lizarragabengoan zegoen leizetik datorkio izena Luis Lizarragari; ez, alegia, lizar-etik.

Datu historiko gutxi ditugula esan duzu, eta halaxe da. [Nafarroako] Artxibategi Nagusian jaso dugun informazioa oso eskasa da. Hala ere, zoria lagun izan genuen, zeren, gutxien espero genuenean, bere testamentua aurkitu genuen. Delako testamentua 1511ko abuztuaren 15ean idatzita dago. Datuak izugarri poztu gintuen, albiste iturri ezin hobea izan zen, ordu arte ez baikenuen ezer.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA

Zer jakin duzu testamentua irakurtzetik, adibidez?
Esate baterako, agiri hori irakurtzetik dakigu Ameskoabarrenako Bakedanoko Paskualarekin ezkondua zela, eta bi alaba eta seme bat izan zituztela. Jakina, ez digu esaten nola ezagutu zuten batak bestea eta, beraz, nik nire liburuan haren haurtzaroaz idatzi ditudanak neuk asmatuak dira. Eta, berdin, gazte denborako pasadizoak. Hala ere, kontutan hartu ditut garai hartan Nafarroak bizi zuen egoera, eta ondoko Gipuzkoarekin zukeen harremana.

Bestalde, Lizarragaren emazte Paskualaren anaia, Bakedanoko Juan Remirez, Ameskoako San Martingo gazteluko merinoa zen eta, ondorioz, Sakanako zaintzaren ardura zuen. Lizarran bertan, berez Iguzkitzako Medranoko Jaime Belaz kapitaina zena, Lizarrako Gaztelu Nagusiko merio nagusia zen. Alegia, hiru horiek harremana izatea da logikoena. 

"Albako dukeak gidatutako 10.000 soldaduek aski oztopo izan zuten eskualde hau eta Oskiako pasabidea igarotzeko"

Baina ezin jakin harremanik izan zuten edo ez.
Ezin ziurtatu, baina kontuan hartuz hiru kapitainek ere hiru eskualdeen zaintzaren ardura zutela, zentzuzkoa da horixe pentsatzea. Zenbait gauza neuk asmatu baditut ere, eleberri historikoa idatzi dut, eta 1512az gero Gaztelaren erasoen aurkako ahalegin guztiak historia liburuetan agertzen diren bezala jaso ditut. Borroketan parte hartu zutela ziurtatu ezinik ez dago, baina, hala ere, datu historikoari hainbat osagai erantsi dizkiot, eleberria egiteraino.

1473-1521 aldiaz ari zara zeure eleberrian. Amaiurko gaztelua erori eta Nafarroa galdu zen garaia dugu. Ez da nolanahikoa, Nafarroaren konkistaz ari gara.
Ez da, ez horixe. Horrexegatik du izugarrizko garrantzia. Orain badakigu Burundatik eta Arañaz Arakiletik barrena Nafarroara sartu ziren Albako dukeak gidatutako 10.000 soldaduek aski oztopo izan zutela Sakana eta Oskiako pasabidea igarotzeko. Baina erasotzaileek beamondarrak ere aldeko zituzten inguru honetan eta, beraz, garai hori ez zen erosoa izango Luis Lizarragarentzat, ez bere familia eta aldekoentzat ere. Kontuan hartu behar da Nafarroan sei aldiz egin zirela askatasuna lortzeko ahaleginak, guk horren berri izan ez badugu ere, Nafarroako historiarik ez dugulako inoiz ikasi.    

"Gure sustraiak non diren jakitea harro egoteko modua da"

Diote lan bat sortzen ari den garaian krisialdia izaten duela idazleak. Izan duzu halakorik, lana bertan behera uzteko gogoa, edo aurrera ezin eginean gertatu zara?
Urteak neramatzan Lizarragaren atzetik eta, behin testamentua aurkitu genuenez gero, ez nuen aurrera jotzeko inongo zalantzarik izan; alderantziz baizik. Horrelaxe izan da. Zenbat eta argibide gehiago jaso, orduan eta idazteko aukera eta erraztasun handiagoa nituela sentitzen nuen. Iruditzen zitzaidan Lizarragak bizian izan ez zuen ohorea eta lekua merezi zituela. Idazten ari nintzela ahalegin guztia egin beharra zegoela pentsatu izan dut, Lizarragaren izena, eta bere borroka, ahal zen gehiena ezagutu dadin, hala Etxarri Aranatzen eta Sakanan, nola Nafarroan eta Euskal Herri osoan.

Bernoa (autoedizioa, 2024) kaleratu zenuen iaz. Eleberria hura ere. Hura idazteak bidea erraztu dizun ez dakit, oraingo Lizarragarena idatzi ahal izateko...
Bidea erraztu didan... Egia da hura idazteak baduela zerikusirik oraingo liburuko gizartearen bizimodua agertzeko, eta Sakana kokalekutzat erabiltzeko garaian. Lizarragaren familiaren jatorria Bernoa nobelarekin lotzen da, baina, han ez bezala, hemen askoz garrantzi handiagoa dute Luis Lizarragak eta bere familiak. Ingurukoek ere presentzia handia dute, baina Lizarragak eta familiak handiagoa. Horri dagokionez, nik bi zati bereiziko nituzke liburuan.

Bi zati?
Batetik, lehen aldia: haurtzaro-gaztaroak kontatzen diren zatia, neuk guztiz asmatua. Bestetik, berriz, bigarren aldia: 1512tik 1521erako tartea, Lizarragak gerra ekintzetan izandako esku hartzeetan oinarritutakoa. Bernoa-n bezala, hemen ere Gipuzkoarekin mugakide ziren herrien laguntza jasotzen du Lizarragak. Goierriko herrietatik zetozkion familia harremanak, hizkuntza bera zuten, eta gerlarien jatorria ere bera zen. Ezin ahaztu, bestalde, Lazkaoko jaunak garai hartan gaztelarren alde jokatzen zuela.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA

Zer zekiten zure herrian, Etxarri Aranatzen, pertsonaia historiko honetaz?
Susmoa besterik ez zuten, gauza jakinik ez. Inoiz ez dugu ezer argi eta garbi jakin ahal izan. Nire ustez benetako aurkikuntza izan da, eta uste dut, oraindik ere, jendea sinetsi ezinik-edo dabilela. Izan ere, tamaina honetako herrikide bat historiako orrialdeetan aurkitzea ez da nolanahiko kontua.

Eta hortaz, zer espero duzu irakurle eta herritarrarengandik, Lizarragako jaunari buruzko nobela idatzirik?
Zalantzarik gabe, bai batzuengana eta bai besteengana heltzea. Niretzat banaezinak dira. Idazteari ekin nionean ez neukan dudarik, banekien gaztelaniaz idatziz gero hartzaile gehiago izango zituzkeela nire lanak. Eta, egia esan, horretan ari zaizkit, temati, orain eleberria gaztelaniaz publikatzeko. Baina Luis Lizarragak euskaraz defendatu zuen herria, eta bai haren memoriak eta bai haren jarraitzaileenak ere argi eta garbi agintzen zidaten lan hau euskaraz egin behar nuela. Euskararen aldeko apustua egin dugu, eta irakurle askori ere ahalegintxo bat egin dezaten eskatzen diogu: erraz ulertzeko moduko euskara erabili dugu, irakurleak eleberriaz gozatu dezan eta gure askatzaile honen ibilerak ezagutu ditzagun denok. Nafarroak bere askatasunaren alde egindako ahaleginak ugariak dira, eta bada garaia behingoz ezagutu ditzagun. Lizarraga bertakoa dugu, hemengoa izan genuen, partaide izan gaitezke haren bizitzaren bidean.

Nafarroak bere askatasunaren alde egindako ahaleginak ezagutzeko garaia dela diozu. Nola liteke guk, euskaldunok, hain gutxi jakitea gure historiaz? Zer iruditzen zaizu gaur egun, oraindik, ezjakin bizitzea?
Egungo gizartea doan eran, ez dut uste gauza hauetan gehiegi murgilduko denik. Niretzat sekulako aurkikuntza izan da, agian historia gogoko dudalako, baina, nire ustez, gero eta gehiago arduratu beharko genuke geure historiaz. Euskaldunonaz, alegia. Gure sustraiak non diren jakitea harro egoteko modukoa da. Hala ere, egungo gizartean, historian zehar gure aurrekoek beren balioen alde egin zuten borroka gero eta baztertuago dago. Nafarroa, askatasuna, hizkuntza, ohitura... balio horiek baztertu egin ditu gizarteak.

"Nafarroa, askatasuna, hizkuntza, ohitura... balio horiek baztertu egin ditu gure gizarteak"

Eta, orduan? Zer gabiltza, kale itsuan? Hormari kontra kolpeka?
Ez dakit. Nire ustez, gaurko gure errealitate honetatik begiratuta, Luis Lizarragaren eta gainerako kideen bizitza gero eta miresgarriago egiten zait. Haiek dena eman zuten Nafarroaren askatasunaren alde: bizitza, familia, ondasunak. Eta, ordainetan, berriz, ahanztura jaso dute, baita beren herrian bertan ere!

Esan duzu gorago ere, historia irabazleek idazten dutela.
Bai, halaxe esaten da. Guk, berriz, gure arbasoen historiari dagokion jakingarririk aurkitzen dugunean ezin dugu ezikusiarena egin, ezin dugu bestaldera begiratu. Geure benetako historiari ekin behar diogu, eta ez irabazleek kontatu digutena bere horretan onartu. Konbentzituta nago gero ere, aurrerago, azalduko direla gure historiari buruzko aurkikuntza gehiago. Oraingoan Lizarraga izan da, eta merezi du Euskal Herri osoak haren izena ezagutu dezan, ez Etxarri Aranazko eta Lizarrabengoako euskaldunek bakarrik. Luis Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, dagokion lekua behar du gure memorian, gure miresmena jaso beharko luke. Luis Lizarraga ere gure memoria lekua da. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Aberria eta hil

Eresia. Hil-kanta aitari
Goiatz Labandibar
Elkar, 2025

------------------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarrek azken urteotan Amez (2022), Bekatua (2023) eta Zoo (2024) idatzi ondoren, Eresia. Hil-kanta aitari (2025) argitaratu berri du... [+]


Ezberdinak eta antzekoak

Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025

---------------------------------------------------------------------

Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant... [+]


Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatur bekari, CAF diru-emaile delako

"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak... [+]


Irati Zubia. Jakintzari begirunez
"Laguntasuna iruditzen zait sekulako potentzialitatea daukan harreman mota, Akaso horizontalagoa delako"

Amonarena zen etxean bizi da Irati Zubia duela urte batzuk, lagunekin. Donostiako atari zaharren usaina dauka atariak. Zaintza existitzen ez den mundu batean izan nahiko luke zaintzaile eta eskarmenturik ez zaio falta: irribarre zabalaz hartu nau etxean Aste Nagusi betean, sofa... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


Liburu ktitikak
Bizitzaz eta beste

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Balea Zuria, 2025

------------------------------------------------------------------

Lierni Azkargortak Anatomia Bertikalak liburuaren aurkezpen saioan esan eta Berria egunkariak jaso moduan irakurri ditut poema gehienak: ozen, ahoz... [+]


2025-09-03 | June Fernández
Aixa de la cruz
"Jainkorik gabeko belaunaldia gara, eta bi aukera eman dizkigute: kontsumoa eta lana"

2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Cambiar de idea (Ideiaz aldatu) autofikzio feministarekin. Emakume idazleek literatura kanon patriarkalera egokitu beharra kritikatu zuen liburu horretan. Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere seigarren... [+]


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Miren Agur Meabe
"Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera"

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Gu, jende berria, jende zaharra

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022

-----------------------------------------------------

Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


2025-07-26 | Basilika
Formaedukia #06: Ukitzen gaituen pleibak
MULTIMEDIA - Basilika

Analisirako tresnak, saio honetan, analisirako erabiliko ditugu. Bi hilabeteko geldialdi oharkabekoaren ostean, bueltan gara formaedukian, eta zeharkatzen gaituzten liburuez aritu gara. ukitzen gaituen pleibakaz.

Danele Sarriugarte eta Ibai Atutxak Basilika podcastaren baitan... [+]


Eguneraketa berriak daude