Seme-alaben esanetara

  • Heziketa zurrun eta zorrotza jasan zuten guraso ugarik kontrako bideari heldu dio gaur egun: seme-alabak ez dezan minik hartu, ez dezan negarrik egin, ezerk ez dezan nahigabetu... gehiegi babesten dute, haren menpe geratzeraino. Haurtzaroan ezetzik jaso ez duen gaztea nerabezarora iristen denean, eztanda egin ohi du egoerak.

Gurasoengandik ezezkorik jasotzen ez duen haurrak, gainerakoengandik ere ez du ezetzik onartuko. Umeren batek ez badu berarekin jolastu nahi, ez du ulertuko, eta agresibo jarri daiteke, jo egingo du beharbada, edo kasketa harrapatuko du...Marrazkia: Garbine Ubeda

“Lasai, nik lotuko dizkizut oinetakoak, oraindik ez dakizu-eta, eta nik bainatuko zaitut, nik jantziko, hortzak garbituko eta eskolara eramango; eta gauero bezala nire ohean egingo duzu lo, amesgaiztorik ez izateko”. 8-10 urteko seme-alabari horrela mintzatzea ez da hain kasu apartekoa. Eskolara haurraren bila joan eta gustuko duen askaria baino ez dio eramango gainera, bestela haserretu egin daitekeelako, eta parkera joan nahi badu, euria ari duen arren, umearen nahia beteko du gurasoak.

Umetan denok erori gara noizbait bizikletatik, eta belaunean hartxintxarrek eragindako zauria dugula ikusi ostean, altxatu eta bizikletan jarraitu dugu. Gaur egun, guraso ugari larrituta gerturatuko dira erori berri den seme-alabarengana, eta neurrigabeko garrantzia emango diote zauriari. Garaiak aldatu direlako. Guraso asko jarrera autoritarioen beldur dira, sarri beraien gurasoengandik eredu horixe jaso zutelako eta hurrengo belaunaldiarekin hori konpentsatu nahi dute, afektu eskerga eskainiz, baina gaizki ulertutako afektua. Hala azaldu du Iñigo Ochoa de Aldak, psikologo, irakasle eta aita arabarrak. Arazoak dituzten adin txikikoen terapeuta ere bada Ochoa de Alda.

Seme-alaben sufrimendurik txikiena onartu ezin duten gurasoez hitz egin digu. Sasoi bateko “utziozu negar egiten, ona da-eta” gisako esaldien kontrara, haurraren samina gaizki daramate, umeak angustiarekin bizi duela ulertzen dutelako, eta ez ikasketa prozesu moduan, “baina haurrari ez badiozu uzten sufritzen eta frustrazioa sentitzen, ez diozu uzten bere kabuz ikas dezan egoera ezkorrei aurre egiten”. Adimen emozionalaren, liburuen eta informazio burrunbaren aroan, psikologo eta hezitzaileak hein batean erantzule izan daitezkeela aitortu du Ochoa de Aldak. Amak eta aitak bizi duten presioa handia da, gainontzekoek pentsatuko dutenarekiko eta guraso txar izatearekiko izua, orain badirudielako mundu guztiak dakiela edo jakin beharko lukeela heziketaz eta psikologiaz: “Gurasook etengabe jartzen dugu zalantzan nahikoa ote den egiten duguna, lehen lasaiago hartzen zituzten gauzak, baina gaur egun gure buruari asko exijitzen diogu eta horrek batzuetan ez digu uzten ikusten umeari den-dena ematea ez dela guraso ona izatea. Une jakin batean haurra bizikletatik erori eta korrika joaten bagara bila, larrituta, ez da ezer gertatzen, ez du esan nahi gehiegi babesten dugunik, arazoa da jokaera horiek finko bihurtzen direnean, eredu”.

Gaizki moldatzen diren bikoteetan, bikotekideari eskaintzen ez dioten arreta umearengana zuzentzen omen dute hainbatetan, edo lana dela-eta seme-alabari denbora gutxi eskaintzen zaiola orekatzeko, gehiegi babesten dituzte. “Jateko ohituretan sarri ikusten da hori: gutxi egoten naiz umearekin, nagoen denbora hori ez dut pasa nahi ondo jan dezan borrokan, pizza afalduko dugu eta kito, eta bere logela ere nik neuk jasoko dut, ez liskartzearren”. Umeak aprobetxatu egingo du egoera, ohartzen delako haserretzen denean aita eta ama urduri jartzen direla, edo triste, eta modu horretan jokatuz gurasoak “tiranizatu” ditzakeela.

Umea mimatzea vs. gehiegi babestea

Merezi ez arren, haurrari nahi duena eta gehiago ematen diogunean, mimatzen ari gara, Olentzerotan opari mordoa jasotzen duenean esaterako, baina prozesu kontzientea da. Gehiegi babestea arazo sakonagoa da, gurasoak jokatzen baitu seme-alaba bere parte bailitzan, ez da bereizteko gai, eta umeak sufritzen badu, gurasoak sufritzen du. Hala, ez dio utziko gauza berriak probatzen, sufritu badezake, eta bizikletan ez du jarriko erori daitekeelako, igerilekuan ez du sartuko ura irentsi dezakeelako, elurretara ez du eramango katarroa harrapatu dezakeelako… “Lotura afektibo arriskutsua sortzen da, umeari inkontzienteki zera adierazten diozulako: zuri min egiten dizunak niri ematen dit min, ni ondo egongo naiz zu ondo bazaude. Konturatu gabe, aitak edo amak seme-alaba erabiltzen du akaso gurasoari falta zaion ongizatea umeari emateko”, argitu du psikologoak.

Non dago muga, ordea? Noiz eta zenbat utzi behar diogu seme-alabari sufritzen? Ochoa de Aldaren hitzetan, sen ona eta erdibidea dira giltza. Alegia, garai batean zabalduagoa zegoen eredu autoritarioaren funtsean kontrol asko eta afektu gutxi daude, eta gehiegi babesteak kontrol asko eta afektu asko ditu oinarri, bada, kontrola eta afektua neurrian bideratzea litzateke egokiena, seme-alabari jarraibideak ematea, afektuarekin. Umea bizikletatik erortzen denean, laguntzera joan daiteke gurasoa, baina lasai gerturatuz eta gertaerari duen garrantzia emanez, hartara haurrak jakingo duelako, negar egin arren, gertatu zaiona ez dela larria. Eta negarrez ari bada, ordu erdiz negar batean bakarrik uztea ere ez da soluzioa. Psikologoaren hitzetan, “kontua da denok ikusten dugula eredu autoritarioegia okerra dela, baina gehiegi babestearen gaitza ez da hain argi ikusten, badirudielako gehiegi maitatzea ez dela txarra. Eta ondoren, haurrak nerabezaroan eztanda egiten duenean, gurasoak harrituta geratzen dira, ‘baina nola kexatu zaitezke, eman dizudan guztiarekin, zuregatik egin dudan guztiarekin?’”. Bai, behar eta eskatutako guztia eman dio haurrari gurasoak, baina autonomia ohiturak har ditzan galarazi dio.

Ikasleen artean egunero ikusten duen errealitatea dela azaldu digu Iñaki Garijo irakasleak. 25 urtetik gora daramatza Garijok irakasten eta Donostiako Axular ikastolan egiten du lan, 11-12 urteko haurrekin. Babestuegiak daudela nabari den ikasleen artean, bi mota bereizi ditu. Batetik, nahi dutena egin dezaketela uste dutenak daude, badakitelako gurasoen sostengua izango dutela haien ekintzek, handiuste jokatzen dute ikasle eta irakasleekin. “Adibidez, duela gutxi bi ikaslek gatazka izan zuten elkarren artean, horietako batek oso jarrera harroa erakutsi zuen bildu genituenean, bada, ondoren, haur horren aita beste ikaslearengana joan, lepotik hartu eta mehatxatu egin zuen. Halakorik ezin da onartu, eta gainera, konturatu ez arren, bere buruari harrika ari da aita hori, semea beti duelako liskarren batean sartuta eta normala da, aitak babesten duela ikusten du-eta”.

Beste haur batzuk berriz, kikilduta ikusten ditu Garijok, ohituta daudelako gurasoak dena egin diezaieten, oso markatuta dute bidea eta autonomia falta zaie. “Beldurrarekin-edo jokatzen dute harremanetan, aparte bezala geratzen dira, isilik, bigarren maila batean, eta talde lanetan ez dute parte hartzen edo etxean egiteko uzten dituzte ariketak, han gurasoek lagunduko dietelako. Ez dute jarrera agresiboa, baina haien gurasoekin hitz egiterakoan jabetzen gara etxean beste aurpegi bat erakusten dutela, eskolan baino tiranoagoak direla”.

Irakaslearena da errua

Iñaki Garijok argi du, gurasoa inplikaturik ez badago, gutxi egin dezakeela eskolak berak bakarrik haurren heziketan. “Normalean istiluren baten harira elkartzen gara gurasoekin, esaten diegu umeak errespetu falta duela, edo borrokaren batean hartu duela parte… eta batzuek ulertzen dute, neurriak jartzen dituzte, baina beste batzuek ez dituzte arazoak ikusi nahi eta esaten dizute hori ez dela horrela, ez dela egia. Itsututa ikusten ditut eta gurasoek ez badute ikusi nahi… Eskolak bere neurriak hartzen ditu, adimen emozionalaren ildotik autoestimua eta halakoak lantzen ditugu, baina eskolaren eta gurasoen arteko koordinazioa da onena”.

Hain zuzen, Iñigo Ochoa de Aldaren hitzetan, ohikoa da seme-alabak babestuegi dituzten gurasoek irakasleari egoztea errua haurrari zerbait gertatzen zaionean, ez dute uste seme-alaba aldendu daitekeenik berarengandik espero dituzten jarreretatik. “Sarri, irakasleek bete behar izaten dituzte etxean bete ez diren rolak: umeari ezetz esatea, nahi duen guztia eta nahi duen unean ez ematea… eta hainbat gurasok ez du ulertzen, iruditzen zaio irakaslea ez dela bidezkoa, gogorregia dela, haurrari mania diola, eta 4-5 urteko haurrez ari naiz!”. Horrelako gurasoak oso kritikoak izan ohi dira beste pertsonekin, haurra babestu egin nahi dutelako sufriarazten duen harengandik. Baina nahasgarria da umearentzat, ez baitaki helduengandik jasotzen dituen jarreretan zein den ona, eta horrek ume txikien portaerak bultzatzen ditu, kasketak, haserrealdiak…

Nerabezaroa, beranduegi arazoa bideratzeko?

Orain arte azaldutako jokabideen ondorio izan daitezke haurrak ez bereiztea zer dagoen ondo eta zer gaizki, egoera ezkorrei aurre egiten ez ikastea, harreman sozialetarako baliabiderik ez garatzea, ezezko bat jasotzen ez jakitea eta frustraziorako gaitasunik ez izatea, heldutasunaren eta autonomiaren bidea ez jorratzea, sormena eta iniziatiba ez bultzatzea, joera beldurti, lotsati, ahul eta zalantzatiak sortzea… “Bi jarrera mota eragin ohi ditu babestuegi egoteak: ondoko haurrak ez dienean harekin jolasten uzten, batzuk agresibo jarriko dira eta jo egingo dute, ez dutelako inoiz ezezkorik jaso. Beste batzuek pentsatuko dute beraien arazoa dela, ingurura ez direla ondo egokitzen, eta beren baitan itxiko dira, harremanik finkatu gabe. Horrek eraman ditzake drogak kontsumitzera, ez sufritzeko eta horretan ez pentsatzeko, edo gehienbat nesken artean, elikadurarekin desorekaren bat izatera”. Psikologoak gaineratu duenez, haurren pertsonalitatean garatzen doazen jarrera horiek nerabezaroan lehertu ohi dira, modu arriskutsuagoan.

Nerabe guztiek dute gurasoengandik bereizteko beharra, eta nerabe oro kexatuko zaie gurasoei, haserretuko dira haiekin, baina gurasoak tinko mantentzen badira eta aldi berean malguak izaten eta negoziatzen baldin badakite, frustrazioa onartzen duen gaztea errazago egokituko da. Aldiz, eskubide guztiak eta inongo ardurarik ez izatera ohituta dagoenak xantaia egiten eta exijitzen jarraituko du: “Etxean mahaia inoiz jartzen ez duten 17 urteko gazteak daude, ez dutenak ohea egiten, logela jasotzen edo zakarrik jaisten, gaizki portatu arren paga astero jasotzen dutenak, eta nahi duen guztia egiten uzteak demokrazia faltsua eragiten du: nerabeak uste du denerako eskubidea duela, librea dela, baina gaizki interpretatzen du askatasunaren ideia. Mugarik jarri ez eta beti eskatutako guztia izan duen 17 urteko gazteari nola jarri ordutegi bat, arau batzuk? Babestuegi izatearen ondorioz, ez du baliabiderik garatu negoziatzeko, modu egokian komunikatzeko eta kexatzeko, eta agresibitatea da erantzuteko duen era. Umetan kasketa zena, nerabezaroan iraina da, eta umearen kasketa ez baduzu eusten jakin, nola jakingo duzu nerabearen erasoa gelditzen?”, dio psikologoak.

Deustuko Unibertsitateko talde batek otsailean aurkeztu berri duen ikerketaren arabera, EAEko 14 eta 18 urteko ehun gaztetik zazpik aitortu dute gurasoak jo dituztela noizbait, eta %2,5ek diote azken urtean hiru eta bost aldiz artean jo dituztela aita edo ama. Ikerlariek arrazoitutakoaren arabera, nerabe horien atzean azken urteotan gehien hazi den profila da mugarik eta ezetzik izan ez duen gaztearena.
Beste ikerketa bat hartu du hizpide Ochoa de Aldak, 2007an Gipuzkoan beste hainbat psikoterapeutarekin batera argitaratu zuena. 12 eta 18 urte arteko gazteek gurasoekin zuten harremana aztertuta, honakoa errepikatzen omen zuten gehien gurasoenganako jarrera oldarkorra zutenek: “Nazka ematen didate, lotsa”. Izan ere, gehiegi babesten duten gurasoak bikainak dira haurtzaroan, baina lotsagarri bilakatzen dira nerabezaroan, beharrak beste batzuk direnean, eta seme-alabarentzat autoritaterik ez duen gurasoaren mehatxua, ertzainei deituko diela adibidez, barregarria da.

Atzera bueltarik gabeko arazo bilakatzen al da uneren batean? Psikologoak kontatu digu kasu oso gogorrak izan dituela aurrean, eta gurasoak terapian inplikatzen diren heinean, egoera konpontzeko aukera handiagoak daudela. Bitartekari lana egitea egokitzen zaio neurri batean, elkarbizitza berreskuratzeko, batetik gaztea independente eta autonomo sentitu dadin, baina autonomo eta independente dela frogatzen duten gauzak egin ditzan, eta bestetik gurasoek ulertu dezaten seme-alabak autonomo izateko gaitasuna duela eta berreskuratu dezaten galdutako autoritatea. Biolentzia, zentro bereziak, droga kontsumoa, elikadurarekin desorekak… tartean daudenean, ordea, Ochoa de Aldak dio bigarren mailan gelditzen direla atzeko arrazoiak, lehentasuneko arazoei heltzeko. “Seme-alaba nerabearen portaera ikusten dutenean bai, orduan konturatzen dira gurasoak, eta esaten didate, ‘Iñigo, izan ere denetik eman diogu umea zenean’, baina ordura arte ez ziren ohartzen, haurra denean ume mimatua delako, edo infantilegia, edo arraroa… Aitzakiak jartzen dira”.

Arazoaren garrantzia eta tamaina

Ikuspegi ezkorra eta baikorra, biak eman dizkigu psikologoak. Seme-alaba zentroren batera bidali eta buruhaustea gainetik kendu nahi duten gurasoak kezkatzen ditu gehien: “Nerabezaroan proba modukoa egiten dugu denek gurasoekin, frogatzeko zein puntutaraino naizen jaun eta jabe, eta gobernatzen nautenean, ikasten dut errespetatzen nautela baina arau batzuen menpe nagoela. Gurasoek segituan amore ematen badute, helarazten didaten mezua da baietz, jaun eta jabe naizela; nire gainetik dauden gurasoek ezin banaute gobernatu, zeinek ahalko du?”.

Aldiz, errealitate orokorra ona dela nabarmendu du, egin zuten ikerketan jasotako datuen arabera neska-mutilen ia %60k baikor baloratzen zutelako gurasoenganako harremana; alegia, adierazi zuten kontrola eta afektua modu orekatuan jasotzen zutela, “eta gazte batek sentitzen duenean maite duzula, baina aldi berean pixka bat izorratzen diozula, ondo egiten ari zara guraso bezala”. Bigarren kopuru handiena babestuegi sentitzen diren gazteena zen (%28) eta eredu autoritarioak eta kontrolik eta afekturik gabeko harremanak zituzten portzentaje txikienak.

Iñaki Garijok, bere esperientziatik, lehiakortasuna ikusten du gaitz nagusi. Irakaslearen hitzetan, gizartetik eta gurasoengandik hori jasotzen dute haurrek, emaitzei garrantzi handia ematen zaie, beste balio batzuei arreta eskaini beharrean. “Lehen gauzak beste patxada batekin egiten zirela esango nuke, orain oso programatuta daude umeak eta batzuetan, seme-alabak aparkatuta izateko modua da”. Hori, ordea, beste erreportaje baterako gaia da.

Diziplina eta espontaneotasuna, bi teoria kontrajarri

Duérmete niño liburuaren jarraitzailea ala Dormir sin lágrimas izenburudunarena. Guraso berriek teoria polarizatuekin egiten dute topo, ikasi egin nahi dutelako, baina bonbardatu egiten dituzte, formula itxiak baleude bezala. “Eta ez dago halakorik, umeak ez direlako hezten produkzio-kate moduko fabriketan”, gogoratu du Iñigo Ochoa de Aldak.

Psikoterapeutaren ustez, garrantzitsua da umeen jarduna nolabait egituratzea, egiturak laguntzen dielako datorrena aurreikusten, baina ez da eredu zurrun bat, ezin da obsesio bihurtu. Guraso batzuek pentsatzen dute egiturarekin haustea txarra dela eta zehatz-mehatz betetzearekin itsutzen dira, baina ez da ezer gertatzen jolas-denbora luzatzen bada egunen batean edo aitona-amonek umeari txokolatea ematen badiote jatorduetatik kanpo. “Lehiakortasunaren presioa dago atzean, nor izango den lehena ibiltzen eta lo bakarrik egiten, pixoihalak erabiltzen ez dituen haurra eskolako errege-erregina bailitzan; zer axola du ordea, lehenago edo beranduago denek egingo badute? Gehiegizko ardura hartzeak, gehiegi babesteak, ez dio umeari utziko baliabideak bere kabuz garatzen”. Kontrakoa, haurraren heziketa espontaneotasunaren esku uztea, arriskutsua dela gaineratu du Ochoa de Aldak. “Garrantzitsua da naturaltasuna, haurrak eskatzen duenean ematea bularra adibidez, baina muturrera eramanda, eskaera horren esklabo bihurtzen da ama, eta esnea emateko gaitasuna galdu lezake, haurrak gutxiegitan eskatzen badu”.

Malgutasunik gabeko diziplina eta jarraibiderik gabeko lotura emozional hutsa, bata zein bestea herren geratzen direla iritzi dio psikoterapeutak. Umearen arabera bi ildoak uztartzen asmatzea aholkatzen du, egitura eta lotura emozionala. Azken finean, sen onaren aldeko apustua egiten du, mendez mende iraun duen herriaren jakinduria baliatzea, ezagutza berriekin bat eginez.


ASTEKARIA
2012ko martxoaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Eguneraketa berriak daude