Jose Ramon Calparsoro: Tolosar bat Condor Legioan


2006ko uztailaren 30an

Jose Ramon Calparsoro Perot 1908ko Eguberri bigarrenean jaio zen Tolosan, San Frantzisko kaleko hamalaugarrenean. Ama frantsesa zuen eta «aurreneko oroitzapena gerra handia lehertu zenekoa» du, udak Frantzian pasatzen zituelako aiton-amonekin.

Euskara Urkizuko (Tolosako auzoa) añak irakatsi zion. «Nik euskara pixka bat, gaztelera eta frantsesa batera ikasi nituen; hirurak oso gaizki». Egia da euskara herdoilduta duela baina gazteleraz, frantsesez eta alemaneraz bikain hitz egiten du eta ingelesez ere badaki zerbait.

«Niretzat Tolosa el no va más zen, baina ume-kozkorretan Urduñara eraman ninduten, jesuiten eskolara interno. Han sartu ninduten egunean banandu ziren nire gurasoak. Bukatu zen familia. Kolegioan trantzea suabeagoa izango zela uste zuten. Amarekin hartu-emanik ez nuen batere izan handik aurrera, Donostiako komentu batera sartu zen».

Urduñako eskola zorrotzean pasatako sei urteek «zaildu, eta sailetik aparteko izaera» eman zioten. Ikaskide izan zituen, besteak beste, Jose Antonio Agirre, aurreneko lehendakaria, eta Manuel Valdés, Falangeko fundatzaile, bilbotarra bera. Biak izan zituen lagun. Orduan ez ei zitzaien «asko antz ematen nondik joko zuten». Horiek baino lehenago Sabino Arana ere egon zen han apopilo.

Oporretan bizikleta hartu eta Tolosatik Elduara joaten zen, aitaren paper fabrikara. «Gozatu egiten nuen eta han pasatzen nituen egunak». Horregatik batxilerra burututa Weimar-ko (Alemania) ingeniari-papergile eskolara jo zuen. «Zuzendariak esan zidan: ‘Zuk langileei agindu nahiko diezu? Langileei agindu aurretik zerorrek langile izatea zer den ikasi beharra daukazu’. Behargin arrunten moduan lan egin izana frogatu beharra zeukaten han ikasi nahi zutenek». Horrek eraman zuen Calparsoro Zelstoff Waldof lantegira. 1929an burtsako crackak ekonomia nonahi errekaratu zuen arren Zelstoff-en 1.500 langile ziren. «547.a izan nintzen urtebetez, sosik kobratzen ez nuen arren. Han ikasi nuen alemana». Muturreko mugimendu sozial eta politikoak egosten ari ziren garai hartan. «Horixe zeudela langileak antolatuta... Han egin nintzen ni komunista», esan digu txantxetan.


Enpresa-gizon eta hegazkin pilotu

Ski Club Tolosano-ko bi trofeo txiki dauzka beheko suaren apalean. Batak Superbagnères du grabatuta, Candanchú besteak. Ikasketak amaitzean, aitonak Tolosan irekitako Perot tailerreko ardura eman zioten. Orduan hasi zen Ski Clubak antolatutako txangoetara joaten eta horietako batean «neskatxa frantses eder bat» ezagutu zuen. Pilotu izateko ikasten ari zela Miarritzen eta animatzeko esan zion hark. 1936ko maiatzean eman zuen izena Calparsorok.

1936ko ekainean Peroteko 150 beharginek ekintza zuzena aldarrikatu eta greba hasi zuten «euren soldata eta lan baldintzak inguruko tailerretakoak baino askoz hobeak ziren arren. Behin, Artola gobernadorearekin nengoela, langile talde batek mehatxu egin zidan: 'Pollo, su vida no está tan segura como cree!'. Artolari begiratu eta berak zera esan zidan: 'Hombre, no se tome Vd. esto al pie de la letra...'. Ezin nuen sinestu ere egin». Oraindik ere ernegatu egiten du orduan agintarien babesik jaso ez izanak. «Hogeita zazpi urte besterik ez nituen eta egoera jasangaitza zen. Tolosatik Donostiara joan nintzen ezkutuan bizitzera». Eta ez du ahaztu orduko prentsak zioena: «Euskadi Rojan 'perro hitleriano' esaten zidaten. Uztailaren 16an prentsan ohar bat agertu zen esanaz Peroteko langileek tailerra hartu egingo zutela hilaren 20an, astelehenarekin».


Uztailak 18

Uztailaren 18an prentsa oharra salatzera joan zen Calparsoro Donostiara, Gobernu Zibilera. «Han zer topatuko eta, 'vasco' denak bilduta: Leizaola, Artola...». Jose Maria Lasarte eta Manuel Irujo, EAJko diputatuak Madrilen, izan ziren Artolarekin bildu zirenak, orduan Gipuzkoa Buru Batzarreko kide zen Elias Etxeberriak azaldu duenez (Espainiako gerra zibila Euskal Herrian, Josu Chueca eta Luis Fernandez). «Orduan izan nuen Marokoko altxamenduaren berri. Banekien haiek gobernuaren alde jarriko zirena eta, bat batean, dena argi ikusi nuen».

«Bazkalostean, Tolosako lagun bat, Joaquin Labayen arkitektua -Ramon Labayenen osaba- jaso eta Miarritzera abiatu ginen pilotu eskolara. Behobian, karabineroak esan zigun ez zuela uste puska batean bueltan pasatzerik izango genuenik baina aurrera egin genuen». Biharamunean kanoikadak entzun eta hura «kontu serioa» zela jabetu ziren. «Etxera itzuli ezin ginenez, Alemaniara joan ginen tailerrerako eginda neuzkan eskariak bidali ez zitzaten».


Gerra

«Hilabete neraman etxekoen berririk gabe eta abuztuaren 17an, Donibane Lohitzunen, aitaren mezua jaso nuen itzul nintekeela esanaz. Abuztuaren 17an goizeko hamarretan muga pasa, eta ordubaterako errekete talde batean nengoen. Irun artean gorrien menpe zegoenez, Dantxarineatik barna heldu nintzen Tolosara. Iritsi eta aurreneko gauza: lantegira joatea. Nire bulegoa hankaz gora zegoen. Makinak-eta ez zituzten txikitu baina lur jota nengoen. Atarira irten eta errekete batailoia ari zen pasatzen orduantxe. Etxarri Aranazkoak ziren, Barandallak -karlista porrokatua zen Barandalla hori- gidatuta, eta egundoko gogoz zetozen, hango kantua eta hango ibilera bulartsua, oooh! Barrena hunkitu zidaten. Beraiei segika komandantzia militarreraino joan nintzen, Don Pablo Erbiti ofizialaren aurrean jarri eta esan nion: ‘Halako lantegiko gerentea naiz eta ez daukat ez langilerik ez ezer, emadazu fusila frontera joan behar dut eta’. Horrelaxe hasi zen nire gerra.

Bat-batean bihotzetik hartutako erabakia izan zen. Guztia kanpotik bizi izan nuen ordura arte, baina sentimendu hura erraietatik atera zitzaidan. Hil nahi nindutenei ez nien berehala utziko zakurra bezala hil nintzaten. Ez nuen beste erremediorik. Neure burua babesteko egin nuen nik gerra. Gaur berdin jokatuko nukeen. Ni garbitu nahi ninduen jendaila horrek berdin-berdin garbituko ninduke gaur, ahalko balu. Orduan sozialista edo komunista ez ginenontzako zuten gorroto bera digute gaur». Elkarrizketa guztian ez bezala sutu da gizona.

Buruntza mendiko lubakietan ohitu zen bolboraren usainarekin. Geroxeago, Lasarten, hipodromoan inprobisatutako aerodromoan bere burua eskaini zuen pilotu titulua zuela esanaz, nahiz eta egiaz zortzi orduko eskarmentua baino ez izan. Sevillara bidali zuten. Akordatzerako utzi zion hasiberria izateari. Sarri aireratu zen Calparsoro, 400 eta gehiago aldiz, orotara 1.177 hegaldi ordu. 36ko Gerran ez zen beste bonbardero piloturik izan hainbeste ordu egin zituenik, aurreneko soldata ere han jaso zuen. Badajozen hildakoekin txondor erraldoia egin zuen Yagüe jeneralaren eskutik.


Condor Legioa

Gerrako bigarren negua Teruelen, Calamochan, pasa zuen. Hotz beldurgarritik ihesi guran berari egokitutako etxea utzi eta pilotu alemaniarrengana aldatzeko baimena lortu zuen: «Geltokian, bazter-trenbide batean zeuden haiek, bagoi batean. Alde ederrean nengoen hango berogailu bikainarekin». Zoragarri konpondu zen haiekin, batik bat alemanez zekielako. 1938ko otsailean Condor Legioan sartzeko agindua hartu zuen. Alemaniarra izan gabe Condorrean sartu zen aurrenekoa izan zen Calparsoro. «Condorrekoak gu bezalakoak ziren. Beraiek ere bazituzten idealak. Espainiari laguntzera etorri ziren, komunistak sartu ez zitezen. Nik brometan esaten nien: ‘Zuek ez diguzue lagundu nahi, benetan lagunduko bazenigute derrepente bukatuko genukeen’».

Luftwaffeko kide egin zuten eta hegaldi taldean aitzindariaren ezkerrean joan ohi zen, «beti izan naiz ezkertiarra» dio barrez, begiak txitxilduz. Gerran batetik bestera ibili arren, Zaragozako Sanjurjo basea zuten egoitza gehienetan. «Alemaniarrek festa egiten zuten asteazkenero eskolapioen eskolan. Errioxako ardo ona edaten zuten erruz. Behin Condor Legioko burua, Hellmuth Volkmann, ikusi nuen mahai gainera igo, dena kuzkurtu eta oin batez bere buruari hazka eginez. Gainontzekoen algara eta txalo artean».

Oroitzapen garratzak ere baditu Calparsorok: «Neure begiekin ikusi nuen nola hiltzen ziren geure hamaika lagun, istripuz. Orduan bai odola izerditu... gaur pastillak hartu gabe ez nau loak hartuko». Isilik geratu da tarte luze batean eta Gerraz hausnartzen jarraitu du. «Gerran dena egin nuen gustura. Dena. Bonbak bota beharrak mina ematen zidan ordea. Egin kontu zenbat eta zenbat tona bonba jaurti ditudan nik. Batzuetan 2.000 kilo bonba hartuta aireratzen nintzen. Eta mina ematen zidan, politikak politika, nire herria zelako hura, eta jende asko hil nezakeelako, akaso ezagunak ere bai. Hala ere goitik, 4.000 metrotatik, ezinezkoa da behean gertatzen dena jakitea».

1939an Berlinen parada militar arranditsua antolatu zuen III. Reichak Espainiako «garaipena» ospatzeko. Han ziren Hitler, Goering eta mariskalak. Baita irabazleen ordezkaritza txikia ere: Orleansko Alfonso infantea, Yagüe, Kindelan, ... goi mailako militarra izan gabe naziek gonbidatu zuten bakarra izan zen Calparsoro tenientea.

Momentu egokia dela iritzita galdera egin diogu: Sekula ez al zenuen bidezkoa iruditu ez zitzaizun agindurik bete behar izan? «Jakina. Askotan egin behar izan nuen. Frontea marra bat besterik ez zen eta inguruko herriak ez ziren frontea baina... aginduak betetzen genituen guk; geu eraitsi ez gintzaten. Biziraupen kontua. Soldaduon artean ez zegoen eztabaidarik, denok geunden ados eta denok desiratzen zerbitzuak egiteko». Eta Gernika? «Ni ez nintzen han izan eta ez nuen horri buruz alemaniarrekin hitz egin. Momentuan zerbait izan zela jakin genuen; zehatz-mehatz zer pasatu zen ordea ez. Gaur ere ez dakit. Pedroak, nireak, Heinkel 111 bonbarderoak, han izan zirela badakit».

Nekatua dagoela esan digu, «zukutu egin nauzue eta mezarako abiatu beharra daukat garaiz iristeko». Amaitu aurretik harrotasunez erakutsi digu argazki bat, ez oso aspaldikoa. Espainiako erregearekin agertzen da berriketan. Abertzalea da Calparsoro, abertzale espainola. Euskal Herrira oso noizbehinka etortzen da, Gerra osteko udatan Mirakontxan egoten zen arren. «Aita hil zenetik ez naiz joaten Tolosara. Hilerrira baino ez naiz itzuli anaia eta amaren hiletetara. Ni Tolosatik bota egin ninduten».

Berliner Olympiastadion

Grünewald basoaren ertzean dago. Grisa, astuna, zurruna, ikaragarria. Nazismoaren ikur arkitektonikoa berritu egin dute, itxura aldatu gabe.
Kareharrizko eraikin horren barruko zelaira begira jarri zen mundu guztia pasa den Munduko Kopako finalean. «Berlingo estadio olinpikoa historia bihurtu ziren gertakari askoren eszenatoki izan da, baina uztailaren 9ko ikuskizunak aurreko dena eklipsatuko du». Nahi bai. Ez dira lastoa FIFAko webgunean Berlingo estadio olinpikoaren gainean jarrita dauzkatenak. Baina Calparsororentzat Italia eta Frantziaren arteko zeingehiagokak ez du berdindu duela 70 urte han bizitakoa. «Hogeita bost metrora genuen Hitler. Oso sarrera onak eman zizkiguten-eta». 1936ko abuztuaren aurrenekoan ordura arteko joko olinpiko onenak ireki zituen Adolf Hitlerrek. Deutschland Über Allesen abaroan sartu zen estadiora eta besoa altxatuz ‘Heil Hitler!’ agurtu zuten 110.000 ikusle suharrek.
Berlinen ikusmin itzela zegoen Alabamako kotoi zelaietan sortu eta zaildutako atleta beltz bat ikusteko. James Cleveland Owensek hogeita bi urte baino ez zituen arren ordurako ondo merezitako sona zuen. Nazien arraza dotrina eta aldartea, biak, zartatu zituen urrezko lau domina irabazita. Calparsorok gogoan iltzatuta ditu Owensen erakustaldiak, «nire Leikarekin egin nion erretratua ere hor nonbait daukat gordeta. Estadio osoko jendea zutitu eta txaloka hasi gintzaizkion eta horrek ez zion batere graziarik egin Don Adolfori». Gaur egun estadiora iristen den kaleetako bati Ebanozko Antilopearen izena jarri diote.

EAJko jarraitzaile zintzoa
«Gure aitari Tolosan El Duque esaten zioten. Gizon eskuzabala zen eta lagun asko zituen». Ildefonso Calparsoro abertzalea zen, EAJko afiliatua, eta Jose Ramon semea ere ez zebilen alderditik urruti: «Hamaika aldiz esan zidaten afiliatzeko, eta nik nahiago nuela alderdikide eskasa baino jarraitzaile zintzoa izan esaten nien». 1935ean Azpeitian izan zen EAJkoek eskatuta eta han desengainatu zen jeltzaleekin. «Alderdi eguna edo horrelakoren bat zen eta gonbidatuta etorri ziren austriar batzuentzat itzultzaile lanak egiteko eskatu zidaten. Etxera bueltan aitak ez zidan aurpegi alaia ikusi eta galdetu zidan ‘Zer moduz?’ Nik esan nion ‘herriak horiek denak (EAJkoengatik) botako ditu azkenerako’. Halaxe izan zen, han joan behar izan zuten gero ihesean mugaz bestaldera».

Zorriak

Calparsorok Heinkel 111arekin erasotzen zituen lubakietan, Alcubierren eta Huescan, arrastaka ibili zirenek, denek, sufritu zituzten zorriak. Baita George Orwellek ere Homage to Catalonian dioenez: «Verdunen, Waterloon, Flandesen, Senlacen edo Termopiletan borrokatu ziren gizonek, horiek denek zorriak zituzten barrabiletatik arrastaka. Gai honetan eskarmentu handia dut eta esan dezaket zomorro nazkagarri hori ezagutzen den beste ezer baino ankerragoa dela. Uste dut bake zaleentzat ona litzatekeela beraien idatziak handitutako zorrien irudiekin ilustratzea. Gerran guztiok genituen zorriak». Umore fin ingelesez idatzitako lerrook ez dira zuzen-zuzenak, Calparsorok argitu digunez: «Egunero hil nazaketen, egia da. Baina ondo hilotz garbia topatuko zuketen, ni egunero dutxatzen nintzen eta; ez lubakietan arrastaka zorriz eta lokatzez beteta zebiltzan gizagaixo horiek bezala». Izan ere, hegazkin pilotuak aparteko kasta izan ziren Gerra hartan ere. «Piloturen bat hiltzen bazuten han agertuko zen egunkarietan heroien pare; lubakietan hiltzen denaz ez da inortxo ere akordatzen. Denak berdinak ginela Gerran, gezurra galanta! Ezta hurrik eman ere!».


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude