Zein da zein Donostia 2016ko hizkuntza aniztasunaren goi bileran

  • Donostiako Miramar jauregian aurkeztu dute 2016ko abenduan egitekoa den hizkuntza aniztasunaren goi bilera. Donostia 2016 eta Kontseilua dira sustatzaileak, baina haiekin batera, nazioarteko hainbat erakundek parte hartuko dute talde antolatzailean.


2015eko martxoaren 31n - 10:39
Asteartean aurkeztu dute Miramar jauregian Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera, bertan parte hartuko duten nazioarteko eragileekin.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Giza eskubideen , hizkuntza eskubideen, hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen sustapenean diharduten gizarte erakundeen nazioarteko sareek  edo gobernuz kanpoko erakundeek osatuko dute goi bilera antolatzeko zeregina izango duen taldea. Bakoitzaren deskribapen laburra eskaintzen dizuegu.

UNPO: Herri indigenetako, gutxiengoetako eta lurralde aitortzarik ez duten edota lurraldea okupatuta duten taldeetako kideek osatzen dute nazioarteko erakunde hau. Talde heterogeneoa da eta bertako kide diren helburuak ugariak, baina denak batzen dituen ezaugarri amankomuna dute: nazioartean ez daude ondo ordezkatuta. Hori dela-eta, UNPOk nazioarteko foro bat sustatzea du xede, bere kideen errepresentazioa bermatzeko. Bruselan du egoitza nagusia eta Europako parlamentuan lan handia egiten du.

Linguapax International: Gobernuz Kanpoko Erakundea da, hizkuntza aniztasuna balioztatzeko eta babesteko lan egiten duena. UNESCOk sortu zuen 1987an, baina erakunde independentea da orain. Bere ikuspuntuaren arabera, hizkuntzak babesteak ekarpena egiten dio bakeari eta nazioarteko elkar ulertzeari. Mota horretako ekarpenak nabarmendu nahian, urtero sari bat banatzen du gizarte eragileetako ordezkari eta linguisten artean, hezkuntza eleaniztunaren alde egindako lanarengatik.

Pen International: Mundu osoko idazleak biltzen ditu elkarte honek eta hain zuzen, haien arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea du xede. Helburu horrekin bat egiten duenez, hizkuntza gutxituetan egindako literatura beste hizkuntzetara itzultzeko baliabideak eskaintzen ditu, baita hizkuntza txikien arteko itzulpenak ere. 1996an Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sustatu zuen Bartzelonan, baita Hizkuntza Eskubideen Gironako Manifestua ere.

ELEN: Europako gobernuz kanpoko gizarte eragileen bilgune honek 21 estatutako 42 hizkuntza komunitate ordezkatzen ditu. Bere lan eremuak hizkuntza gutxiagotuen eta hizkuntza eskubideen sustapena dira, horien babesa eta biziberritzea. EBLUL zena ordezkatu zuen. Nazio Batuen Erakundean erakunde aholku emailea da.

CIEMEN: Kataluniako gizarte zibilaren erakundea, CIEMEN izan zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren idazkaritza teknikoaz arduratu zen instituzioa. Hizkuntza eskubideen defentsan eta hizkuntzaren erabilera sozialaren alde lan egiten du, ezagutza promozionatuz, nazio eta gutxiengo etnikoen eskubideen aitortzaren alde eginez eta elkartasuna sustatuz.

ECMI: Gutxiengoen aferentzako zentro europarrak (European Centre for Minority Issues) aholkuak ematen dizkie Europako gobernuei  eta gobernu arteko erakundeei. Alor akademikoarekin eta hedabideekin lan egiten du 1996an sortu zenetik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!