Hizkuntza aniztasuna bermatzeko protokoloa landuko du Kontseiluak Donostia 2016n

  • Hizkuntzen arteko berdintasuna nazioartean bermatzeko protokolo bat ezarri nahi du Kontseiluak eta Donostia 2016k sustatuko duten Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilerak.


2015eko martxoaren 30an - 12:55
Martxoaren 18an bildu zen Donostia 2016ren patronatua Kontseiluak antolatuko duen goi bileraren edukia ezagutzeko (argazkia: Dani Blanco).

Asteartean aurkeztuko dute datorren urteko abenduan egingo den goi bilera eta Donostiara etorriko dira talde antolatzailean parte hartuko duten nazioarteko eragileetako kideak.

Proiektuak helburu gisa hartu du hizkuntza aniztasuna bermatzea, elkarbizitzarako funtsezko oinarri gisa –hain zuzen elkarbizitza da Kultur Hiriburuaren proiektuak hasieratik sustatu nahi izan duen balore nagusietako bat–. Helburu hori lortzeko bidean, desabantailan dauden hizkuntzen garapenerako tresna eraginkorra izan nahi du goi bileran onartuko den protokoloak.

Antolatzaileek garrantzi handia eman diote Euskal Herrian azken hamarkadetan euskara garatzeko egiten ari den ahalegin kolektiboari eta goi bilera berezko errealitate horretatik abiatuko dela aurreratu dute.

Gizarteak jarriko duen mugarria

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik abiatzen da egitasmoa: hizkuntza gizakiaren oinarrizko eskubide gisa aitortzen duen neurrian, hizkuntza aniztasuna pertsonen eskubide guztien defentsarako ekarpen gisa ulertu behar litzateke antolatzaileen ustez.

Hori dela-eta, 2016ko goi bilerak mugarria ezarri nahi du, erakundeei hizkuntza aniztasunaren garapenerako neurri zehatzak proposatuz. Gizarteak hartuko du protagonismoa egitasmoan, erakunde publikoetatik harago dagoen gune batean sortuko baita hizkuntza aniztasuna sustatzeko tresna.

Bartzelonako Deklarazio Unibertsalaren garapena

Datorren urtean 20 urte beteko dira Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aurkeztu zenetik. Gizarte zibilaren ahalduntzearen ondorio historikoa izan zen adierazpen hura: herritarren ekimenari esker hizkuntza eskubideen garrantzia mahai gainean jartzea lortu zuten.

Adierazpen hark jasotako printzipioak hartu eta garatuko dituzte 2016an Donostian, eguneroko praktikarako tresna bihurtuz. Kultur Hiriburuaren nazioarteko oihartzuna baliatu nahi dute egitasmoa ikusgarri egiteko. Goi bileraren ondoren Donostiako Protokoloa mota guztietako erakundeek hizkuntzekin hartzen duten konpromisoaren erregulatzaile izango da.

Proiektuaren garapena

2016ko goi bilera abiapuntutzat jo dute Kultur Hiriburuko bulegoak eta Kontseiluak. Datorren urtea amaitzen denean, Donostiako Protokoloak jarraipen batzordea izango du dokumentua nazioartean berretsia izan dadin, baita hizkuntzekiko praktiken gainean funtzio arautzailea bete dezaketen guneetara hel dadin ere.

Informazio gehiago:

Zein da zein Donostia 2016ko hizkuntza aniztasunaren goi bileran? Ezagutu talde antolatzaileko sei nazioarteko erakundeak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Eguneraketa berriak daude