Mikel eta Bego libre, mundu aske batean

  • Errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzen saiatzeagatik Grezian atxilotu dituzten Mikel Zuluaga eta Begoña Huarteri gutuna idatzi diete Lurralde Askea komunitate desobedienteko hainbat kidek.


2016ko abenduaren 30an - 20:26
Mikelon, bandido! Esaten genuen ba, azkenaldian ez zenuela e-mailik erantzuten... earra sutea piztu duzuena! Errefuxiatuen gaia bolo-bolo dabil egunotan zuei esker: Mobilizazioak, komunikabideetako goiburuak, taberna eta okindegietako elkarrizketak, zuen herrietako herritarren eta udalen babesa...
 
Badira urte batzuk ametsak, minak, borrokak, galderak eta konspirazioak konpartitzen ditugula, gutuntxo hau idazten dizuegunok eta beste askok ere, hain kuttuna zaigun Lurralde Askea deritzon saiakera herrikoi honetan. Horregatik, albistea zabaldu bezain laster, dardarka hasi ziren gure arteko saretxo honen hariak. “Zer edo zer idatzi beharko diegu delinkuente maitagarri horiei, ezta?”. Horiei, bai. Bego ez zaitugu hainbeste ezagutzen, baina hurrengo hitzak zuretzat ere badira, gustuko badituzu. 
 
Atxiloketaren berriak era askotako sentimenduak sortu dizkio gutako bakoitzari. Baina harridura ez dago horien artean. Bagenekien errefuxiatuak laguntzeko taldean ari zinela lanean, sumindu zaituela gaiak eta Europako gobernuen utzikeriak. Ezagutzen dugu zure pentsamenduarekiko ahalik eta modu koherenteenean jokatzeko duzun joera heldugabea, bidezkoak ez diren legeak desobeditzeari diozun bizio sendagaitza. Ez zaizu gustatuko horrela esatea, gutun ireki batean, baina, txikito, ez zara desobeditzen dakien bakarra. Urte batzuk espetxean egoteko mehatxuak ez zaitu geldiarazi, justizia goseak zure bihotz sentibera mugiarazten duen seinale. Malurekin eta “el chaval”-ekin batera bizileku duzuen ipuinezko ingurune magikoa bihurtu duzue munduko injustiziak borrokatzeko lubaki eta amets iraultzaileentzako kabi (besarkadarik goxoena etxekoei!). Zure dohain horiek guztiak ezagutzen ditugu -lasai ez ditugu ahaztu zure keriak, baina horiei buruz beste batean berba egingo dugu-, beraz, berriz diogu, nola harrituko gaitu notiziak?
 
Harridurarik ez, azken urteotako gure elkarrizketen ardatz izaten ari diren ideietako asko islatuta ikusi ditugu zuen hitzetan eta ekintzan: Mugarik ezagutzen ez duen begirada internazionalista, konpromiso pertsonal eta kolektiboa uztartzea, sufrimenduarekiko eta injustiziarekiko hurbiltasuna eta sentiberatasuna, eredu xumearen bidezko pedagogia politikoa... Bidezkoari obedituz, injustuari desobeditzea; izan norberaren kontsumo ohiturak eraldatzeko, izan Europako migrazio lege kriminalei eraso egiteko. 
 
Zure irribarre bihurria jantzita irudikatu zaitugu ziegan. Eta epaitegian fiskalak “immigrazio ilegala  lagundu izana” leporatzen dizuela entzutean irribarrea are zabalago marrazten irudikatu zaitugu.
 
Hainbeste itzuli eta buelta (horretan bai txapeldunak!) eman diogun testu horietako baten pasarte honetaz gogoratzen? 
 
Garai bat bukatuko da eta komunitate berritu bat jaioko da haren errautsetatik. Bilakaera horretan, zaharra apurtzen dugun bitartean berria eraikitzen joanen gara, desobedientzia edo erresistentzia txikiak eginez eta apurka-apurka areagotuz. Ekintza horien bidez etxe komun bat eraikitzen hasiko gara, eta etxe horretan bizi garenok, pentsatzen dugun bezala jokatuko dugu (...)
Esanen digute hori guztia mito bat dela, beti egon direla aberatsak eta pobreak, eskuzabaltasuna txoriburuen munduari dagokiola edo zoriontasuna filosofo txepel batzuen ameskeria hutsa dela. Gure ustez, ordea, honetan datza edozein jendarteren edertasunik handiena: zoriontsuak izan naturarekiko harremanetan, inor esplotatu gabe. Pertsona askeen herrialde bat sortzera goaz, non denok ondo bizitzeaz gain egoki jokatuko dugun geure buru eta inguruarekiko. Zoriontasun kolektiboa ala basakeria!!
 
Mikelon, Bego, bizimodu onaren euskal errepublikari aletxo berria gehitu diozue. Eta nolakoa, gainera! Amesten dugun euskal errepublika horri, non errefuxiatuak ongi etorriak izango diren, non egungo gobernuak eta gobernatzeko moduak historia museoetan soilik ezagutuko ditugun, non  mugazainak berez desagertu diren langabezian geratzeagatik. Eguneroko jarrera xumeenekin ere eraikitzen edo deseraikitzen dugun etorkizuneko herri horretan gogoratuko ditugu Mikelonekin, Begorekin eta beste hainbat lagunekin iraganeko ekintza eredugarrien pasarteak. Sutondoan, lagunarte alaian eta basoerdia eskuan. Ordurako ezinbestekoak izango ez diren egungo ekintza ederrak.
 
Mikelon, Bego eta errefuxiatuak gurekin nahi ditugu mundu aske batean, Siria, Irak, Kurdistan edota Euskal Herri askean, Lurralde Askean. Mikelon eta Bego bezalakoak ezinbesteko bidelagun  ditugu pertsona eta herri askeak lortzeko borrokan. 
 
Mikelon, erdu etxera! Hurrengo bilerarako hitzordua finkatu behar dugu eta, tirofinko. Musu festa biei, eta ongi etorria guztiei.
 

Sinatzaileak: 
Lurralde Askeko zenbait bidelagun
Zigor Oleaga Olabarria, Axier Lopez, Joseba Alvarez Forcada, Aratz Zearreta, Haizea Isasa Mendez, Haizea Ziluaga Larreategi, Gorka Silvan eta Irati Tobar

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude