Markina-Xemeingo eskolak bertako jantokia jarri du berriz martxan aste honetan

  • Fruta ez beste guztia km 0 filosofiaz eta ahal dena ekologikoan erosten dute. Halal menu musulmana eskaintzen ere lehenak dira. Gurasoek menuko 4,6 euro ordaintzen dute, EAEn catering jantokien prezio berbera.


2016ko apirilaren 06an - 11:08
Oizpe Guraso Elkarteak 2015ean aurkeztu zien jantokiko proiektua gurasoei. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.

280 haurri emango dio jaten egunero Markina-Xemeingo Bekobenta ikastetxeko jantokiak. Aurrerantzean Oizpe Guraso Elkarteak kudeatuko du jantokia, eta bertako produktuak erostea hartu dute oinarri. Eusko Jaurlaritzak 4 ikastetxe publikoetan jarritako proiektu pilotuetan lehena izan da Bekobenta, apirilaren 4an martxan jarrita.

Irizpideak: sasoikoa, bertakoa, ekologikoa

Barazkien %75 Lea-Artibaiko 5 baserritarrek hornitzen diete, dena ekologikoan. Lekariak Arabatik ekartzen dituzte, agroekologikoak. Olioa Nafarroakoa erabiltzen dute. Haragiak eta arrautza Euskolabelduna. Azkenburukoak bertan egiten dituzte, jogurtak, esaterako, bertako baserritar batek produkzio integralean egindako esnea eta lacto-bifidusa erabiliz.

Lea-Artibaiko Laneko baserritar kooperatibak, enbotadurak egitea eskaini die; hartara, bertako tomatea erabili ahalko dute urte osoan, eta argindarrak huts egin edo edozein ezbeharri aurre egiteko B Plana izango dute, esaterako, berotzea baizik falta ez duten pure poteak edukiz. 

"Fruta kenduta, dena 0 kilometroan egiten dugu. Lea-Artibain denetik dugu, badugu lurra, baditugu baserriak, portu garrantzitsuenetako bat ere bai..." eginahalak merezi duelako harro eta pozik mintzo da Zuriñe Egia, Jantoki Batzordeko koordinatzailea, eta eskolako irakasle eta guraso dena.

Ez da garestiagoa

Otorduko 4,6 euro ordainduko dute gurasoek bertako produktu ekologikoak zerbitzatzen dituen jantokia. EAEko gainerako ikastetxeetan, catering sistemaren bidez jaten denaren kopuru berbera. Egiak adierazi du inguruko ekoizle denak prezioetan ere laguntzeko prest agertu zaizkiela, erosketa kopuru handiak izaten baitira.

Halal menua

Hamar haurrek menu musulmana jaten dute bertan. Orain arte haragirik eta esne-arrautzarik gabeko menua eskatzen zuten, euren etxeko ohiturara gehien egokitzen zena izanik. Produktuak erosteko eskumena izatea baliatu dute musulmanen ohiturei jarraitzen dien haragia erosi eta Halal menua eskaintzeko. Herrian komunitate handia dela eta beharrezkoa zela adierazi du Egiak.

Jantoki Batzordea, anitza eta sendoa

Batzordea jakintza eremu ezberdineko kideek osatzen dutela kontatu digu Egia koordinatzaileak: berarekin bat sukaldariak, asesore ekonomikoak, herriko merkatariak, euskara teknikariak... Bi urtez aritu dira lanean, eta Eusko Jaurlaritzak tokiko jantokien proiektu piloturako aukera ireki zuela jakin zutenean, bertan sartzeko eskaera egin zuten. Bide horretan hainbat erakunderen laguntza handia jaso dutela azpimarratu du: EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea), Lea-Artibaiko Landa-Garapenerako Elkartea (baserritar agroekologikoekin harremanetan jartzen, prezioak finkatzen...) eta Mugarik Gabeko Albaitariak (ikasleekin elikadurari buruzko hainbat kanpaina ere landu dituzte, esaterako, egunean 25 gramo azukre dela neurria).

Beti eduki du sukaldea Bekobentak

Beti egon da sukaldea bertan, eta sorreran Markinan bertan erosten zuten generoa. Eusko Jaurlaritzak 1997ko legearekin jantokien kudeaketa guraso elkarteetatik Jaurlaritzara bideratu zuen, eta derrigor catering bidez egitera behartu. Bi kudeaketa eredu egiten ziren catering bidez: EAEn zabalduena (Jaurlaritzak sukalde berririk ez egitea erabaki zuenez) cateringek bazkaria prestatuta ekarri eta jantokietan berotzea izan da. Bekobentan, bertan sukaldea egonik, catering enpresek eurek ekartzen zuten generoa eta bertako sukaldean prestatu.

(EAEko jantokiei buruzko erreportaje honetan duzu bilakaeraz eta legeez informazio gehiago).

Langileak eta inbertsioak

Proiektu pilotu honetan Eusko Jaurlaritzak beregain hartu du sukaldarien soldata, eta hori laguntza handia dela adierazi digu Egiak. Begiraleak eta garbitzaileak kontratatzea, aldiz, guraso elkartearen esku dago, eta aurreko catering enpresari azpikontratatu dizkiete bi zerbitzu hauek: "guretzat oso zaila zen zuzenean kudeatzea, eta erabaki hori hartu dugu" azaldu du Egiak.

Garaiko produktuak prestatzeak bestelako sukaldaritza eta sukaldea eskatzen du: lehen dena izoztutako jeneroa erabiltzen bazen, orain barazkiak bertan garbitu behar dituzte, eta arraska handiagoak jarri beharko dituzte. Kontraesana badirudi ere, izozkailua ere erosi behar izan dute, orain arte hornitzaileak izoztutako produktuak erostearen truk uzten ziena kendu baitie. Gainera, aipatutako Halal menua duten 10 umerentzako haragia gordetzeko ere beharrezko zaie. Egiak harrotasunez kontatu du euren helburua inbertsio hauei euren kabuz buelta ematea dela.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak

Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.


Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen

Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen... [+]


2023-11-23 | ARGIA
Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]


Eguneraketa berriak daude