Irene Aldasoro, itzultzailea

"Emakumezko idazleak dagokien lekua hartzen ari dira Literatura Unibertsala bilduman"

  • Durangoko Azokaren aurreko argitalpen-lasterketan hots handirik egin gabe pasa da beharbada notizia: Emily Brontëren Gailur ekaiztsuak nobela euskaraz irakur daiteke jada. XIX. mendeko klasikoa itzuli duen Irene Aldasororekin hitz egin dugu liburuaz, idazleaz, itzulpenaz eta oraindik euskarara itzultzeko dagoenaz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2017ko azaroaren 23a
Irene Aldasoro itzultzailea.

Dante Gabriel Rossetti poeta eta margolariak “munstro ikaragarri” gisa deskribatu zuen Gailur ekaiztsuak. Piztia bezatzea bezalakoa izan da itzulpen lana?

Nahikoa borrokatu behar izan dut, egia esan (baina noiz ez da borroka itzulpen-lana?). Azkenean, behintzat, lortu dut munstroa orrialde batzuetan entzerratuta uztea, eta denboralditxo batean hor egongo dela espero dut, atzera leihoren batetik salto egin, eta beste norbaiti agertzen ez zaion bitartean.

XIX. mendeko klasiko bat da nobela. Euskarak aspalditik zeukan zor bat kitatu du argitalpen honekin?

Jakina, hau bezalako obra klasiko ezagun-ezagun hauekin hori gertatzen da. Kanpotik begiratuta, esan daiteke: Baina, nola! Oraindik itzuli gabe dago hori? Oraindik klasiko ezagun asko geratzen dira itzultzeko. EIZIEk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin aurrera daraman Literatura Unibertsala bildumak, esate baterako, egiteko hori du, eta horretan ari da, baina dituen baliabideen erritmoan.

"Oraindik klasiko ezagun asko geratzen dira itzultzeko. Literatura Unibertsala bildumak egiteko hori du eta ari da, baina dituen baliabideen erritmoan"

Oso gazte idatzi zuen Brontëk liburu hau, bera ere gazte hil baitzen, 30 urterekin. Izan zuen bigarren edizio bat, Emilyren ahizpa Charlottek orraztua. Zein erabili duzue itzulpenerako?

Itxura denez, lehenengo edizioa narras samarra irten zitzaien, Charlottek argitaratzaileari salatzen dionez: inprenta-probak zuzendu gabe daudela egozten dio, beteak beste. Baina, bigarren ediziorako, inprenta-probak ez ezik, bere moldaketa propioak ere egin bide zituen Charlottek. Guk lehenengo edizioan oinarrituriko bertsio bat erabili dugu, liburua bi zatitan aurkeztuz, eta paragrafoak bere horretan mantenduz.

Xabier Olarrak hitzaurrean aipatzen du Brontë ahizpen obrari buruzko eztabaida, ea zeinek duen pisu handiagoa literaturaren historian. Horrelako eztabaidak gorabehera, Charlotte Brontëren Jane Eyre, adibidez, ez daukagu euskaraz oraingoz. Literatura Unibertsala bilduman leku bat behar lukeela uste duzu?

Obra hauek hain dira ezagunak, ezinbestekoa dirudi euskaraz ere eskuragarri izatea. Zoragarria litzateke nornahik bilatu ahal izatea edozein liburutegitan, fisiko zein birtual, naturaltasun osoz eta aurkituko duen ziurtasun osoz, Jane Eyre edo Montekristoko kondea, edo beste edozein, euskaraz. Hori bai normalizazioa!

Nobela hau konparatu izan da Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzkuak-ekin, segur aski bi nobeletako maitaleak banatzen dituzten harresi-sozialak direla-eta. Zer iruditzen zaizu konparazio hori?

Ba, ez dakit zer esan. Gailur Ekaiztsuetan harresi-sozialak hor daude, nola ez, tinko asko; harrotasuna ere badago eta aurrejuzkuak ere bai, eta baita xenofobia ere, nahi baduzu, baina ez dakit zenbateraino diren konparagarriak alde horretatik bi nobelak. Gailur Ekaiztsuetako Heathcliff pertsonaia gizarte maila guztien harresietatik kanpo utzitako bat da: haur abandonatu bat, izenik ere ez duena, gizon batek Liverpooleko kaleetatik jasoa. Jane Austenen nobelan, nik uste, maila apalekoen eta goi mailakoen arteko “entente” bat lortzen da pertsonaien “arte onak” (adimena, heziketa, eskuzabaltasuna…) bitarteko. Emily Brontërenean, berriz, “arte gaiztoak” erabilita (dirua, engainua, bortizkeria…) lortzen du Heathcliffek auzotar aberatsak suntsitzea.

Ibilbide luzeko itzultzailea zara, euskarara ekarriak dituzu James Joyce, Henry James, DH Lawrence… Zer itzultzen gozatu duzu gehien? Eta nor itzultzea gustatuko litzaizuke?

Ez nuke esango batekin besteekin baino gehiago gozatu dudanik. Denekin gozatu dut asko. Nor itzuli? Alde horretatik ez dut maniarik. Edozein libururekin gertatzen zait, oso gustura irakurtzen ari banaiz, mentalki itzultzen aritzea, esaldia edo dena delakoa euskaraz nola jarriko nukeen pentsatzen. Brontëtarrekin ari garenez, horixe gertatu zitzaidan aspaldi ez dela Charlotteren Villette-kin. Istorioa bera, beharbada, ez da munduko interesgarriena, baina hain dago zoragarri idatzita, denbora guztian pentsatzen nuen: Nola jarriko nuke hau euskaraz, nola jarriko nuke hau euskaraz.

Euskarara ekarri diren atzerriko idazleen zerrenda begiratu eta badago deskonpentsazio handi samarra gizonezko idazleen mesedetan. Uste duzu azken urteetan ari dela joera hori aldatzen?

Esango nuke baietz. Deskonpentsazioa handia da, baina irudipena dut Literatura Unibertsala bilduman bertan ere gehiago direla emakumezkoak bigarren partean hasierako urteetan baino. Ezin da bestela izan. Beste arlo guztietan bezala, poliki-poliki, baina, espero dezagun, seguru, emakumezko idazleak ere dagokien lekua hartzen ari dira.

Kanal hauetan artxibatua: Nazioarteko literatura  |  Itzulpengintza

Nazioarteko literatura kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-26 | Aritz Galarraga
Rafael Chirbesi bizian egin gabeko bisita

Aspaldiko zor bat kitatuta, Rafael Chirbes zenaren etxean egon gara, Beniarbeigen, Alacanten. Aukera baliatu dugu, ez bakarrik idazlearen izena daraman fundazioaren zeregina ezagutzeko, baita idazlea jaio eta hiltzen ikusi zuen geografia, haren liburuetan hainbestetan agertzen dena, zapaltzeko ere.


Literaturako Nobel sariaren sekretua: etxeko lanak emaztearen esku uztea

Lau astez idaztera jarria: ez telefono deirik, ez e-postarik, ez otordu prestatzerik, ez inolako etxeko lanik. Kazuo Ishiguro Literatura Nobel sariak 2014an kontatu zuen bere sekretua. Etxearen ardura emazteak hartu zuen.


2017-10-05 | ARGIA
Kazuo Ishigurok irabazi du Literaturako Nobel saria

Kazuo Ishiguro japoniar jatorriko idazle britainiarrak irabazi du Literaturako Nobel saria.


2017-09-10 | Mikel Asurmendi
"Irakurleak esan dezake liburua txarra dela, baina hori ez da zure kulpa"

Literatura Unibertsala sailarekin batera sortu zen Igela argitaletxea, 1989an. Hiru tolosar ziren, bi irakasle –Joseba Urteaga eta Xabier Olarra– eta grafista bat. Ikasleei literaturan zaletzeko eman behar zizkieten testuak ekarri nahi zituzten. Irakurketa arineko liburu eskerga –nobela beltza, besteak beste– eta klasiko andana itzuli dituzte harrezkero. James Joyce idazlearen Ulises nobelaren inguruan jardun dugu Olarrarekin, nobelaz eta itzulpengintzaz. Bera dugu... [+]


2017-09-10 | Irati Elorrieta
Atsedenen ondorioez

Auzokoekin harreman ona dugunez, etxeko giltza uzten diegu oporretan goazenean. Horrela, beren udako bisitek gurean ostatu har dezakete. Oporretatik bueltan, hozkailuan gutxieneko jakiak eta, sukaldeko mahai gainean, kanpoan izan garen bitartean etxera heldu zaizkigun astekariak aurkitzen ditugu txukun-txukun pilaturik. Paper-sorta mardul hori gainbegiratu behar izaten dut eguneroko martxa hartu baino lehen. Erritu bihurtutako ohitura zentzugabe bat da. Ez naiz gai etxera heldu eta hurrengo... [+]


"King Kong teoria" liburua: Virginie Despentes punka euskaraz dator

Idazle eta feminista frantziarrak King Kong Théorie saiakera autobiografikoan gizarte heteropatriarkala astintzen du, baita feminismoaz gogoeta interesgarriak egin ere.


Galizia underground

1959an publikatu zen literatura galiziarra astindu zuen nobela hau, baina duela gutxi arte ez dugu euskaraz irakurtzerik izan, Ramon Etxezarretaren itzulpena 2015ean argitaratu baitu Igelak.


John Berger bizikide hildakoen ekonomian

Nola gogoratu John Berger bezalako egile marxista bat? Nola oroitu bere ekarpen material eta kulturala, hil ondoren? Ikuskizunaren gizartean egile baten heriotza egunetik egunera agertu eta desagertu egiten da. Indarkeria kapitalista isilak lanak eta gorputzak ahaztarazten ditu, salgai ez den oro baztertuz. Sarritan ez gara basakeria honetaz ohartzen.


Zer afalduko dugu?

Londres, 1851. What shall we have for dinner? (Zer afalduko dugu?) izenburuko liburua argitaratu zen. Lady Maria Cuttlerbuck-ek sinatutako lanak afaltzeko 42 menu jasotzen zituen, askotarikoak, bi lagunentzako afari xumeetatik hasi eta hamazortzi afaltiarrentzako oturuntza oparoetaraino. Londres viktoriarrean gastronomiarekiko interesa gora ari zen, atzerriko sukaldaritza lantzen zuten jatetxe kopurua bezala. Errezeta bilduma hura best seller bihurtu zen berehala. Liburuaren jatorrizko... [+]


2016-07-17 | Mikel Asurmendi
"Argitaletxeak dirurik ez ematea ez da ona, ez niretzat ez euskal kulturarentzat"

1979. Vilagarcía de Arousa (Pontevedra). 1999 urte aldean Bilbora etorri zen zuzenbide ikasketak egitera. Abokatutzan bi urteko praktikak egin zituen, baina ez zitzaion laketu. Donostian finkatu zen urte bat geroago bertako bikote-lagunarekin. Decathlon kirol enpresako langilea da egun erdiz. Beste erdian, bi haurren ardura izateaz gain, liburuak ditu pasio eta bizibide.
Ez ogibide, haatik.  Pasazaite argitaletxea zabaldu zuen 2012an. Urtea amaitu orduko beste bi liburu kaleratuko... [+]


Eguneraketa berriak daude